Prentsa Oharren banner

Datorren astelehenetik aurrera erreserbatu ahalko dira sarrerak Gasteizko aire zabaleko kultur programaziorako

  • Bertako 34 talde eta konpainiak doako 54 ikuskizun eskainiko dituzte orotara

 Uztailaren 13tik (astelehena) aurrera erreserbatu ahalko dira sarrerak Gasteizko udako aire zabaleko kultur programaziorako. Ikuskizuna egitekoa den astean eskatu ahalko dira gonbit-txartelak, lekuak bete arte.

Doako 54 ikuskizun antolatu ditugu uztailetik irailera bitartean, tokiko 34 talde eta konpainiaren eskutik: arte eszenikoen 18 konpainia (antzerkia, dantza eta magia), 13 musika-talde eta hiru bakarlari. 18 saio euskaraz izango dira“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Ikuskizunetara joan nahi dutenek online erreserbatu ahalko dituzte sarrerak, http://www.vitoria-gasteiz.org/kultura web-orrian (eta Entradium plataforman), edo telefonoz (945 16 16 18), 09:00etatik 15:00etara. Gehienez bi leku erreserbatu ahalko dira.

Lehen astean, talde hauek arituko dira:

Uztailak 14, asteartea

  • 19:30. ASIER KIDAM ‘Aroak eta mirariak’. Hegoalde gizarte etxearen kanpoaldea. Euskaraz.
  • 20:00. HUTSUN + ORTZI ‘Urbasa’. Arriagako parkea.

Uztailak 15, asteazkena

  • EL MONO HABITADO. ‘Gizaunka/Señor Canino’. Elurtegia-Frai Zacarias. Hiru emanaldi: 19:00 (euskaraz), 20:00 (gaztelaniaz), 21:00 (euskaraz).
  • 20:00. MICEren kontzertua. Salburuko Gabriela Mistral kirol-gunea. Euskaraz.

Uztailak 16, osteguna

  • 20:00. ZANGUANGO ‘Al otro lado’. Apaizgaitegia.
  • 20:30. KIKE LOIOLA ‘Humor en serio’. Aranbizkarreko parkea.

Uztailak 17, ostirala

  • 19:30. D’ALBENIZ MAGOA “Boom clap, magia gara!” Zulueta jauregiko lorategiak. Euskaraz.
  • 20:00. OUTGRAVITYren kontzertua. Zabalganeko gizarte etxearen kanpoaldea.

 

Jarduera seguruak

Kultura Zerbitzuak ahalegin berezia egin du ekitaldietan parte hartzen dutenen segurtasuna bermatzeko.

Ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira sarbideak. Sartzeko eta irteteko ibilbideak adieraziko dira, pertsonen arteko gurutzaketak saihesteko. Antolatzaileek pertsona bakoitzari zein eserleku dagokion adieraziko diote, iritsiera-ordenaren arabera.

6 urtetik aurrera, maskara erabili behar da esparrura sartzeko eta bertatik irteteko. Eseri ondoren bakarrik egon ahalko da maskararik gabe. Ikusle bakoitzak bere maskara eraman beharko du.

Ikuskizun osoan eserlekuetan egon beharko da. Antzezpena egiten den bitartean esparrutik irten behar izanez gero, ezin izango da berriro bertara sartu. Haurrak ezingo dira zutik egon, ezta esparruan mugitu ere.

Familia edo tutoreak arduratuko dira adingabeek segurtasun-arau guztiak betetzeaz. Bete ezean, esparrutik alde egin beharko dute. Hustea mailaka egingo da, antolakuntzaren argibideei jarraituz.

 

Programazioa kontsultatu

 

 

Share