Prentsa Oharren banner

Udalak zurrumurruei kasurik ez egiteko dei egiten du “Zurrumurruen kontrako maiatza” egitarauaren bidez

 

Maiatzaren 21ean, Kultura Aniztasunaren Mundu Eguna izango da, eta, hori dela eta, Zurrumurruen kontrako Estrategiak zenbait jarduera antolatu ditu maiatzerako.

 

Maiatzaren 21ean, Kultura Aniztasunaren Mundu Eguna izango da; Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2002ko abenduan izendatu zuen eguna, 2001ean Kultura Aniztasunari buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala onetsi ondoren.

Egun hori dela eta, Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategiak jarduera-egitarau oso bat antolatu du maiatzean zehar egiteko:

Lehenik, maiatzaren 17tik 23ra bitartean, Poetak Maiatzean Nazioarteko IX. Poesia Jaialdiaren barruan, ekintza bat egingo da Gasteizko gizarte-etxeetako beirateetan: zurrumurruen kontrako poesia-bertsoak ilustratuko dituzte haietan. QR kode bana jarriko da ilustrazioen ondoan, eta, hala, “audio-ibilbidea” egin ahal izango da gizarte-etxez gizarte-etxe. Horretaz gain, “Gente de aquí, gente de allí” liburua eta “zurrumurruen kontrako kit” bat zozketatuko dira Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategiaren sare sozialetan.

Bestalde, maiatzaren 19rako, online lantegi bat antolatu da: “Reconstrucción antirracista para personas blancas”, Madrileko SOS Racismoko kide Sarah Gottlieben eskutik.

Maiatzaren 21ean, Kultura Aniztasunaren Mundu Egunean, Zurrumurruen kontrako Giza Liburutegi bat egingo da, Afrikaren Astearen barruan. Lakuako Parkour Parken egingo da, eta 5 gaztek euren testigantzak partekatuko dituzte: bizipenak, ametsak eta abar. Helburua da topaketarako eta elkarrekintza positiborako gune bat sortzea, eta, horretaz gain, aurreiritziei eta estereotipoei buruzko debatea sortzea.

Azkenik, maiatzaren 31rako, zurrumurruen kontrako zineforuma antolatu da, “Descendents” dokumentalaren bidez, Aldabeko gizarte-etxean. Dokumentala jarri baino lehenago, aldez aurreko joko bat egingo da, “Nor da nor” jokoan oinarritua, eta dokumentala ikusi ostean, solasaldia egingo da haren zuzendariarekin, zeina bideo-deiaren bidez jardungo baitu.

Jardueretan parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, antirumores@vitoria-gasteiz.org helbidera mezu elektronikoa bidaliz. Argibide gehiago nahi izanez gero, posta elektronikoz galde dezakezue edo Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategiaren sare sozialei jarraitu (Facebook:  @Antirumoresvg, eta Instagram: antirumores_vg), haietan informazio gehiago jarriko baita.

 

 

 

 

Share