Prentsa Oharren banner

Iradier Arenak hartuko du kultur programazioa 2022ko urtarrilera arte

Kultur Bizia ekimenak espazio seguru hori kudeatzen jarraituko du, Udaleko eta Foru Aldundiko Kultura sailen laguntza eta koordinazioarekin

 

Gasteizko Udalak, proiektuan laguntzaile diharduen Arabako Foru Aldundiarekin koordinaturik, aldatu egin du Kultura Bizia elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Iradier Arenan kultura-jarduerak antolatzen jarraitzerik izan dezan, 2022ko urtarrilaren 10era arte.

“Hasiera batean, urrian bukatzekoa zen Kultura Bizia programa, baina pandemiaren bilakaera dela eta, beharrezkotzat jo dugu hiriko kulturaren sektoreari laguntzen jarraitzea, bere jarduna espazio seguruetan gauzatzen jarraitzerik izan dezan, herritarrengan ahalik eta oihartzun sozialik handiena sortuz. Iradier Arenan ekitaldiak sustatzeko formula arrakastatsua izan da, eta urtarrilera arte jarraitzearen aldeko apustua egin dugu”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Hain zuzen ere, elkarte horri 50.000 euroko dirulaguntza ematea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur egindako bilkuran, Iradier Arenaren akustika hobetzeko eta espazioak egokitzeko, Kultura Bizia programaren esparruan sustatutako ekitaldiak bertan egin daitezen.

Kultura eta Kiroleko foru-diputatu Ana del Valek, berriz, honela adierazi du: “Bistakoa da espazio hori funtzionatzen ari dela; asmatu genuen horren aldeko apustu egin genuelarik, eta komeni da beste hilabete batzuez jarraitzea, Iradier Arenak eskaintzen dituen aukerak behar dituzten agenteen jarduera publikoa nahiz pribatua programatzen jarrai dezan. Ildo horretatik, Foru Aldunditik, Udalarekin koordinatuta, Kultura Bizia bideragarri egiteko elkarlanean jarraituko dugu urtarrilera arte, eta kultur eragile lokalei babesa ematen”.

Gogoratu beharra dago “Espacio Kultura Bizia Gunea” joan den apirilaren 12an aurkeztu zela eta maiatzaren 1etik aurrera hartu izan dituela jarduerak, eta lurraldeko kultur eragileek, Kultura Bizia elkartean antolaturik, era guztietako kultura-ekitaldiak programatu ahal izan dituztela bertan, Gasteizko Udalaren, Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, besteak beste, une bakoitzean beharrezko izan diren neurri sanitarioak hartzen zirelarik.

 

Share

Iradier Arena Kultura Bizi Gunea bihurtuko da, lurraldeko kulturarentzako eta herritarrentzako espazio bat

Erakundeek eta kultur eragileek 600 pertsonentzako ikuskizunak programatu dituzte, segurtasun neurri guztiekin, maiatzetik irailera bitartean

 

Gaur Ignacio Aldecoa Kultura Etxean “Kultura Bizia Gunea” aurkeztu da. Leku horretan, lurraldeko hainbat kultura eragilek, Kultura Bizia elkartearen pean antolaturik, mota guztietako kultura ekitaldiak antolatu ahal izango dituzte 600 pertsonarentzat, apiril honetatik irailaren bukaera arte, erakundeen eta Laboral Kutxaren babesarekin, besteak beste, une bakoitzean behar diren osasun neurri guztiak eta gizarte distantzia gordez.

Hauek parte hartu dute aurkezpenean: Ana del Val, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua; Paco Galve, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zurendaria; Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Daniel Solana, Basquetour-en zuzendaria; Kepa Koldo Ortiz de Urbina, Laboral Kutxako komunikazio arduraduna, eta Javier Sagastume, Kultura Biziaren presidentea.

Gasteizko Udalaren izenean, Paco Galvek adierazi du Iradier Arena oraingoz ez dela “denok nahiko genukeen erabilera anitzeko eraikina, baina etorkizunean hala izango da”. Onartzen du ekipamendu horrek hainbat gabezia dituela, eta gabezia horiek konpondu egin behar direla erabilera anitzeko izaera hori har dezan eta Principal antzokiaren alternatiba izan dadin eraberritze-lanek irauten duten bitartean.

Gune hori erakundeen arteko lankidetzari eta erakundeen eta kultura eragileen arteko entzute aktiboari esker sortu da, beharrezkoa zelarik segurtasun eta entzule kopuruaren aldetik lehendik zeuden beste areto batzuek testuinguru jakin horretan ahalbideratzen ez zituzten baldintzetan programatzeko modua ematen zuen eremu bat izatea.

Horrela, erakundeek azpiegitura eta azpiegiturarako laguntza jartzen dituzte, eta eragileek programatu eta ikuskizunak eskainiko dizkiete herritarrei.

Ekitaldi baieztatuak

San Prudentzioren eta Estibalizko Andra Mariaren omenez apirilaren 27rako eta maiatzaren 1erako erakundeek antolatu eta joan zen astean jada jakinarazitako ekitaldiei, eguna baieztaturik daukaten kontzertu hauek gehituko zaizkie, oraingoz:

  • maiatzaren 15a: La Excavadora + Crim
  • maiatzaren 22a: Talco + The Potes
  • maiatzaren 29a: Gatibu

Kultura Bizia Guneak programazio iraunkorra izango du. Izan ere, itunduta daude, nahiz eta oraindik eguna zehaztea falta izan, The Baboom Show, Mambo Jambo eta Lágrimas de Sangre taldeak, besteak beste, eta haren web orrian eta haren komunikazio zerbitzuaren bitartez, gainerako ekitaldien berri emango da.

Hemen eros daitezke sarrerak: www.kulturabizia.eus

 

 

 

 

 

 

Share