Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 uztaila 2019 11:18

Gaur hasiko da izena emateko epea jarduera gehienetarako, irailaren 4ra arte; irailaren 5ean egingo da zozketa

Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek datorren ikasturtean gizarte etxeetan garatuko den jarduera-programa aurkeztu dute gaur. Orotara 349 jarduera dira, eta lehen hiruhilekorako 35.440 leku eskainiko dira.

Cantok azaldu duenez, programazioa “adin orotako pertsonengana iristeko diseinatu da: hiri osoan banatua, ordutegi zabalarekin, eta gustu orotarako, sarearen filosofiaren ildotik: zuregandik hurbil“.

Gizarte etxeetako jarduera programa_

Livia Lópezek, berriz, azpimarratu du “Gasteizko Udalak denak asebetetzeko egin duen ahalegina. Umeentzako jarduerak ditugu, baita gazte, heldu eta adinekoentzat ere”. Kirol eta Osasun zinegotziak eskaintzako bi berritasun iragarri ditu: goma-paleta eta eskalada eta abentura familian.

Udalaren kirol eskaintza da nabarmengarriena: 24.186 leku eta 86 jarduera  ezberdin. Iazkoaren antzekoa da, eta aipatutako berritasunez gain, doikuntzak egin dira, jarduerak orokorragoak izan daitezen —eta ez modalitate zehatzetan espezializatuak— eta antzemandako beharrei erantzun diezaieten.

Esate baterako, lehen “aerobik” eta “step” izendatutakoen ordez “musikal aerobikoa eta tonifikazioa” sortu da; “batuka-mix” jardueraren ordez, “gaurko erritmoak”; “hasiberrientzako aerobika” jardueraren ordez, “musikaren oinarrira egokitzea”, eta “esferobaloien” ordez, “baloi erraldoiak”.

Kultur ikastaroei dagokienez, hauxe da eskaintza:

Jarduera artistikorako hastapen ikastaroak: 320 ikastaro, 126 espezialitatetan, eta 5.278 leku hiruhileko bakoitzeko. Horien artean bada berritasunik: kaxoi flamenkoa, zirkua, pastel-pintura edo umeentzako ukelelea. Horietaz gain, sendotutako askotariko ikastaroak ditugu: antzerkia, magia, akuarela, photoshop hastapenak, komikia, jazz dantza, Afrikako dantzak, balleta, bertsolaritza, zur-lanketa, gitarra, robotika hezitzailea, zientzia dibertigarria eta abar.

Kultur ikastaroak, teorikoagoak, espezialistek emandakoak, herritarrek hainbat alorretako ezagutzak era didaktikoan eskura ditzaten. 20 ikastaro eta 725 leku eskainiko dira. Batzuk errepikatu egingo dira, eskaera handia baita: astronomia, ardo dastatzea, kriminologia, mikologia eta psikologia soziala. Horietaz gain, hainbat arlotako eskaintza berritzaile eta askotarikoa prestatu da: historia, artearen historia, musika eta zinema, besteak beste.

Gela irekiak. Arte zaletasun bat nork bere kabuz eta monitorerik gabe praktikatzeko espazioak dira. Ez da izena eman behar, erabiltzaile txartela erosi baizik, irailetik aurrera. 27 gela ireki izango dira.

Irakurle klubak. Liburu eta testuei buruzko ideiak partekatzeko taldeak dira, hainbat gairen inguruan antolatuak. Ez dira zozketan sartzen; izena emateko epea irailaren 5ean hasiko da. Orotara bederatzi klub antolatu dira, horietako hiru Udaleko Berdintasun Zerbitzuarekin batera.

Kultur eskaintzaz gain beste jarduera ugari antolatu dira hainbat alorretan:

2019-2020 kanpainan gizarte sustapenerako 112 jarduera eskainiko dira, hiruhileko bakoitzeko 1.800 leku inguru. Haur eta familiei zuzendutako jarduerak dira, baita heldu eta adinekoei ere, ongizate pertsonala hobetu eta sustatzeko. Horiei adinekoentzako zentro soziokulturalek 2019-2020 kanpainarako prestatu duten eskaintza zabala gehitu behar zaie, zeina aurrerago aurkeztuko baita.

Orobat, ludoteka eta ludoklubetan 146 txanda eta 3.248 leku eskainiko dira, 0 eta 11 urte bitarteko haurrentzat.

Euskara sustatzeko, berriz, 1.495 leku eskainiko dira.

Azkenik, hiri-baratzeak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutako jarduerak sartzen dira eskaintzan (120 leku); Xtraclubeko jarduerak, 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutilentzat, eta elikadura eta osasunari buruzko 30 ikastaro, Osasun Publikoaren Atalak antolatuak (450 leku).

Izen-ematea eta zozketa

Jarduera gehienetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, eta lekuak esleitzeko zozketara arte itxaron.

Izena emateko epea uztailaren 18an (osteguna) hasi eta irailaren 4a arte iraungo du. Bide hauek erabil daitezke: udalaren web-orrian; telefonoz, 010 telefono zenbakian; edo zuzenean, udalaren kirol instalazioetan, gizarte etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Irailaren 5ean izango da zozketa, 11:00etan.

Ikastaro batzuetan —Euskara eta Berdintasun zerbitzuek eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutakoak eta kirol eta kultur jarduera zenbait eta gizarte sustapeneko jarduera batzuk— izen-ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dira lekuak.

Iaz bezala, udal instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute gizarte etxeetako jarduera guztietan. Orobat izango dute % 15eko deskontua langabezian daudenek, ordenantza fiskaletan jasotzen denaren ildotik.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 uztaila 2019 17:05

Kultura eragileak eta sortzaileak trebatzeko Arabako programan 14 ikaslek parte hartu dute hilabete eta erdian

Kultura eragileak eta sortzaileak trebatzeko Arabako ‘Trans_Foko’ programa, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak antolatua, gaur amaitu da, parte-hartzaileek egindako lanen azken aurkezpenarekin. Azken hilabete eta erdian, guztira 14 lagunek parte hartu dute ikastaro batean, zeinaren helburua izan baita beren lanbide garapena bultzatzea, beren proiektuak taxutzeko eta kudeatzeko tresna eta baliabidez hornituz.

Jardunaldi bat egin da, zeinean parte hartu baitute Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Estibaliz Canto Gasteizko Udaleko Kultura eta Gizarte Etxeetako zinegotziak, eta hartan, ikasleek egindako lanak aurkeztu dituzte, askotariko gaiei buruz —besteak beste, identitatea eta esparru estrategikoa; kultura marketina, eskaintza eta negozio eredua; komunikazioa; eta finantziazioa— jaso duten prestakuntza oinarritzat hartuta egin dituztenak.

‘Trans_Foko’ programan izen handiko hizlariak izan dira, hala nola Carmelo Rodríguez (Enorme Studio, Madril), Inés Enciso (Primera Toma konpainiaren sortzaile eta zuzendarietako bat eta Campeones laneko castingaren arduraduna eta coach-a), Eduardo Hermida (Ferroleko Las Meninas de Canido kultura elkartearen lehendakaria) eta Fundación Goteo (crowdfunding-a sustatzeko erakundea).

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 uztaila 2019 11:56

Multitarea zerbitzua proposaturik, Arrakala Koop. Elkarte Txikiarekiko hitzarmena ere onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, Baratza Aretoa proiektua –arte eszenikoetarako areto independentea– burutzeko; 10.000 euroa emango dira horretarako.

Gure txosnak-Txosnen Batzordea elkartearekiko hitzarmena ere onetsi du, Andre Maria Zuriaren jaietan kultur arloko jarduerak burutzeko; 56.000 euro emango dira horretarako.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 uztaila 2019 13:24

Laster izango da Gasteizen Antzoki Sarearen udako denboraldian ikusmin handiena piztu duen lanetako bat. Madrilen erabateko arrakasta izan duen Broadwayko  “Addams familia” komedia musikalaz ari gara. Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan  Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok, Morticiaren papera egiten duen Carmen Conesak eta obraren koordinatzaile Itxaso Barriosek.

6 antzezpen egingo dituzte uztailaren 25etik 28ra bitartean. Charles Addams ilustratzaileak sortutako pertsonaiak antzerkira eramaten dituen ikuskizun hau Esteve Ferrerek zuzendu du eta LETSGO enpresak ekoiztu. Enpresa hau musikal handiren ekoizlea da –Dirty Dancing, The Hole, The Hole 2 eta The Hole Zero– eta ohiko dituen efektu bereziak erabili ditu.

Brickmann eta Eliceren libretoan oinarritutako komediak Andrew Lipparen musika du. Komediak Chicagok hasi zuen ibilbidea, 2009an, eta ondoren Broadwayn antzezten jarraitu zen, 2010ean, arrakasta handia lortuz.

Addams familia 70eko hamarkadan telebistarako egindako egokitzapena tarteko egin zen ezagun, eta 1991n pantaila handira egin zuen salto. Harez gero ugariak izan dira familia bitxi honen inguruan egindako zinemarako egokitzapenak. Espainian, urriaren 5etik eskaintzen da Madrileko Calderon Antzokian. Artista nazional ezagunek hartzen dute parte eta eszenaratze ederra du, familia arrakastatsu honek ederki merezitakoa. Herrialdeko antzoki gehienetan zeharreko bira egiten ari dira.

Produkzio handia da: 40 pertsonatik gora, zuzeneko musika, Carmen Conesa aktorea Morticia protagonistaren paperean, Xavi Mira Gómezen paperean eta Esteve Ferrer zuzendari –-Madrileko zein nazioko antzerki kartelerako lan arrakastatsuen zuzendaria: Toc Toc; The Hole Zero; Atraco a las tres; Aquí no paga nadie–, besteak beste.

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 uztaila 2019 16:31

Hezkuntza eta Kultura Saileko zuzendari Palo Galvek eman dio hasiera Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen baitako “Eskola Segregazioa eta Hiri Hezitzailea” gaiaren inguruko sarearen laugarren eta azken saioari. 25 hirik hartzen dute parte, eta Gasteizek koordinatzen du, sarea Europa jauregian eratu zeneko lehen urteurrenean.

Informazio

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:05

Kulturaren festa izango da Artium barruko plazan uztailaren 11tik 13ra bitartean, eta Sex Museum, Anaut, A Contra Blues, The Brontës, Daddy´s Funclub eta Dead Sequoia musika-taldeek joko dute

 

 

 

Ostegunean —uztailak 11— hasiko da Korterraza Gasteizen 10. edizioa, Artium barruko plazan. Larunbatera arte —uztailak 13—, hiru egunez eskainiko ditu proiekzioak aire zabaleko film laburren jaialdiak, baita Korterraza Txikiren bi emanaldi eta sei kontzertu ere; guztia, beti bezala, edonorentzat zabalik eta doan.

Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Cantok eta jaialdiaren antolatzaile Xabi Vitoriak aurkeztu dute, gaur, prentsaurrekoan.

“Edizio berezia da guretzat, eta espero dugu jendeak aurtengo film labur ugari bezain onekin gozatzea, baita prestatu ditugun kontzertu handiekin ere”, azaldu du jaialdiaren antolatzaile Xabi Vitoriak.

Kultura Kalean! elkarteak antolatzen du Korterraza jaialdia, eta Gasteizko Udalaren, Artium zentro-museoaren, Laboral Kutxaren, El Correoren, Kelerren eta Grupo Eleycoren babesa jasotzen du, baita Mercedes Benz Ondo, Vinoteca Alpaher, Irenaz eta Zuloa Irudiaren laguntza ere.

38 film labur proiektatuko dira Korterraza Gasteizen 10. edizioan. Horietatik, 19k lehiaketaren atal ofizialean parte hartuko dute. Ostegunean, uztailak 11, eta ostiralean, uztailak 12, 22:00etan hasita dira proiekzioak, eta larunbatean, uztailak 13, 23:00etan. Horrekin batera, beren espazioa izango dute haurrek eta familiek Korterraza Txikin, ostiralean, hilak 12, bi emanaldi izango baitira, 19:30ean eta 20:45ean, Artiumeko auditorioan.

Beti bezala, aukeratutako film laburrak maila handikoak dira. Komedia dibertigarriak aurkituko dituzte bertaratzen direnek —hala nola ‘Trivial’ edo ‘Ser o no ser’, baita dramak —‘Cerdita’ eta ‘La noria’— eta suspentse-lanak ere —A plena luz del día’, ‘La octava dimensión’ eta ‘La guarida’—. Gainera, aurten atal ofizialeko bi film labur euskaraz izango dira: ‘Hotzean garbitu’, Euskara Sariaren irabazlea, eta ‘Azken otsoa’. Eta, horrekin batera, Kortezarra Txiki atala ere nabarmendu nahi dugu, haurrentzako film labur oso onak eta interesgarriak eskainiko baititu”, azaldu du Vitoriak.

Film labur arabarraren eguna

Proiekzioen artean, nabarmentzekoa da film labur arabarren eguna, osteguna, hilak 11. Zinemagile arabarren sei lanek osatuko dute atal hori: “Khuruf”, Kepa Sojorena; “Pizza”, Aitor de Kintana eta Iñaki Rikarterena; “Moda”, Imanol Ortizena; “Annie & Carola, mi mejor amiga”, Myriam Ballesterosena; “Amargo era el postre”, Diego H. Katarniukena, eta “Beber”, David P. Sañudorena. Azken film labur hori, Jon Plazaola protagonista duena, Korterraza Gasteizen estreinatuko da.

Oso pozik gaude, aurten film labur arabar asko eta oso onak iritsi baitzaizkigu. Nahiko genukeen denak ekarri gurera, baina aukeratu egin behar izan dugu, eta gure lurraldeko zinemagileek azken urtean egin dituzten gauza interesgarrien lagin txiki bat dugu hau”, adierazi du Korterrazaren antolatzaileak.

Epaimahaia eta sariak

Parte hartzen duten film laburrak jaialdian emango diren sarietarako lehiatuko dira. Horietako hiru —lehen saria, Álex Angulo Saria; bigarren saria, Korterraza Keler Saria, eta komediarik onenaren saria, Grupo Eleyco Saria, epaimahai berezi batek emango ditu. Korterrazaren 10. edizioa dela eta, aurreko bederatzi edizioetako epaimahaietan parte hartu zuten pertsonei egin zaie gonbita.

Beren laguntzagatik eskerrak emateko modu polita iruditu zitzaigun. Batzuek ezin izan dute parte hartu, nahikoa denbora hartzen duen zeregina baita, baina epaimahaikoen talde aski handia dugu”, nabarmendu du Vitoriak.

Aipatutako hiru sariez gain, beste bi ere emango dira: Korterraza Txiki-El Correo Saria eta Ikusleen Laboral Kutxa-Gasteiz Saria. Guztira, 8.000 eurotik gora banatuko ditu Korterrazak saritan, sistema aitzindari bat baliatuz; izan ere, epaimahaiak eta ikusleek emango dituzten sariez gain, badira beste sari batzuk ere, hautatuak izanagatik eta ikusle-kopuruaren araberakoak. Hortaz, jaialdiko film guztiek jasoko dute nolabaiteko konpentsazioa.

Kontzertuak

Musikaren alorrean, sei kontzertu handi eskainiko ditu Korterraza Gasteizek, Artium barruko plazako agertokian. Aurreko edizioetan bezala, Estatuko talde ezagunak eta bertako bandak nahasten dira kartelean.

Daddy´s Funclub gasteiztarrek irekiko dute jaialdia, ostegunean, hilak 11, 19:00etan, eta beren bigarren lana, “You better run”, eskainiko. 20:15etik aurrera, A Contra Blues taldeak Estatuko talde ezagunenetako bat bihurtu duen rock eta blues errepertorioa eskainiko du.

Ostiralean, hilak 12, The Brontës taldeak disko berria aurkeztuko du, “Out of the ground into the ground”. 1995ean sortutako Gasteizko talde horren zortzigarren lana da. 20:30ean, Anautek hartuko du erreleboa Artiumeko agertokian. Gasteizen maiz izan den talde madrildarrak bere alderik rockzaleena eskainiko du.

Eta larunbatean, Dead Sequoia gasteiztarrek aurkeztuko dute beren disko berria, 19:15ean hasita. 21:00etatik aurrera, berriz, Sex Museumen kontzertu handia. Estatuko rockaren erreferente handietako bat dugu banda madrildarra, ibilbide sendoa egina duena, bi hamarkadatan, agertokietan barrena. Diskografia bikain bezain trinkoa du, eta, zuzenean, ezbairik gabe ikuskizun ederra eskainiko du, Artium barruko plazan.

Kontzertuetara etortzen den jendeak oso ondo pasatuko du. Erritmoa eta emanaldi bikainak ekarriko dituzte sei taldeek. Gainera, aurten, jaialdiaren hamargarren urteurrena ospatzeko, ahalegin bat egin dugu Sex Museum taldea ekartzeko, Estatuko rock talde nagusietako bat, hirian jarraitzaile ugari dituena”, adierazi du Xabi Vitoriak.

Erronka Garbia

Ingurumenarekiko konpromisoa dela eta, Erronka Garbia marka erabili ahal izatea lortu du Korterraza Gasteizek, iraunkortasunaren adierazgarri. IHOBE Ingurumen Jardueretarako Sozietate Publikoak ontzat eman du jaialdiak aurkeztutako iraunkortasun-plana, zeinek helburutzat markatzen baitu albait eta hondakin gutxien sortzea —edalontzi berrerabilgarriak erabiliz—, sortutako hondakinak birziklatzea —Gasteizko Udalaren laguntzarekin—, kontzertuen ordutegiak aldatzea —auzokoei sortzen zaizkien eragozpenak murrizteko— eta garraio publikoa eta bizikleta sustatzea —Artiumera joateko modu gisa—, besteak beste. Gasteizen, Erronka Garbia marka erabil dezakeen bigarren kultur ekitaldia da, Kaldearteren ondoren.

“Erronka Garbia ziurtagiria inportantea da Korterrazarentzat eta Kultura Kalean! elkartearentzat”, azpimarratu du Vitoriak; “izan ere, kaleko kultura bultzatzea da gure helburu nagusia, baina beti ere ingurumena aintzat harturik, eta, hasiera-hasieratik, ingurunea errespetatuko duen jaialdi bat egiten ahalegindu izan gara.

Kanpainak

Atal sozialean, hainbat ekimen bultzatzen jarraituko du Korterraza Gasteizek edizio honetan, gizarte hobea lortzen laguntzeko. Bigarren urtez, jarraian, ‘erRESPETAtuz’ kanpaina egingo du: hiru spot, Humberto Gutiérrez aktore eta komikoa protagonista dela, zeinetan, modu dibertigarrian, beste pertsona batzuei min egin diezaieketen eguneko hainbat egoera jorratuko baitira.

Era berean, sexismorik, homofobiarik, transfobiarik eta beste inongo jokabide zapaltzailerik gabeko espazioa da jaialdia, eta protokolo bat du, Mendialdea Music Festivalekin batera garatua, gertakariak prebenitu eta suertatuz gero nola jokatu jakiteko.

Benetako genero-berdintasuna bultzatzen duten ekintzen aldeko apustuari ere eusten dio Korterraza Gasteizek. Alde horretatik, emakumezkoek zuzendutako zortzi film laburrek parte hartuko dute 2019ko edizioan, eta lan-talde mistoek egindako beste seik. Sei musika-taldeetatik, hirutan izango dira emakumezkoak.

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:16

 

 

 

 

 

 

 

Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Cantok eta EHUko Arabako Campuseko Euskararen, Eleaniztasunaren eta Ikasleen zuzendariak inauguratu dute Euskal Herriko Unibertsitatearen “Hiri Hezitzailea: udalak eta esku-hartzeko ereduak, eskola segregazioaren aurrean” udako ikastaroa. Ikastaroa gaur eta bihar egingo da Europa jauregian eta bertan bilduko dira unibertsitateko irakasleak, udal teknikariak eta segregazioaren aurkako borrokan adituak; 100 pertsonatik gora.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 uztaila 2019 12:44

Jai programazioaren aurrekontuak ia 60.000 euro egin du gora eta, berrikuntzen artean, jaien aurretik Foru plazan egingo den DJ kontzertua da nabarmentzekoa.

 

Gorka Urtaran alkateak eta Gizarte-etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok 2019ko Andre Maria Zuriaren jaien programa aurkeztu dute gaur: edizio plurala, begirunetsua eta guztiontzat, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituzten jaiak, eta aurreko edizioetakoak hobetzeko bultzadatxo nabarmena dutenak.

Gasteizko alkateak azpimarratu egin du “Andre Maria Zuriaren jaiak jairik onenetakoak direla hainbat alderdirengatik: giroa, tradizioa eta dibertsioaren arteko nahasketa, jarduera eskaintza anitza eta gasteiztarrok ematen diegun kolorea. Hiriaz harro agertu ohi garen egunak dira; tradizioez eta kulturaz harro. Dibertitzeko sasoia da, berriz elkartzekoa”. 

Gorka Urtaranek azpimarratu egin ditu jaien aurrekontuko igoera eta gustu oro asebetetzeko programa osatzen duten hirurehunetik gora jarduerak. Pertsona guztiak errespetatuz ondo pasatzeko programa. Emakumeek, bereziki, baina LGTBI biztanleriak ere, jaiak indarkeria matxistarik gabeko gune libretan gozatzea nahi dugu. Eta hori herritar guztiak eta jaietako eragile eta zerbitzu nagusiak inplikatuta lortu ahalko dugu. Orobat gogoratu du udalak ahalegin handiagoa egiten duela jaiak espazio garbiak eta Gasteiz bezalako hiri moderno batekin bat datozen espazioak izan ditzan jaietan. Hori dela eta, laguntzeko eta ez zikintzeko deia egin du.

Bestalde, Canto zinegotziak hauxe nabarmendu du; beti gustatzen zaigu berrikuntzaren bat sartzea. Udalerrietako jaiak aldatzen diren sinboloak dira, urtez urte tradizioa eta osagai berritzaileak uztartzen dituztenak; hori dela eta, urtez urte osagai tradizional batzuk desagertuz doaz berrikuntzen mesedetan, betiere hiriak, asistentziaren bidez, eskatzen edo adierazten digunaren arabera;  Gasteizen guztiontzako jai biziak izateko programatzen saiatzen gara.

Aurtengo berrikuntza nagusia jai atarikoei emandako bultzada handia izan da. Larunbata izanik, abuztuaren 3rako “Los 40 sessions – La Blanca” kontzertua programatu da, JL García eta Ramses DJen eskutik, Foru plazan, 23:00etan.

Iazko berrikuntza nagusia ere –Edurne eta Zeledon Txiki jaisteko leku aldaketa– mantendu egin da, eta Andre Maria Zuriaren plazan izango da berriz ere. Haurrentzako programazioan ere berrikuntzak sartu dira.

Iazko pregoiak berdintasuna eta kirola izan zituen ardatz; aurtengoa, berriz, pregoi zinematografikoa izango da. Kepa Sojok emango du pregoia abuztuaren 2an, 21:30an. Kepa zine-zuzendari, zine-historialari, irakasle eta Cortada jaialdiko zuzendari dugu. “Bere aldeko apustua egin dugu alderdi bikoitza duelako: kulturala edo sormenezkoa eta hezkuntza eta akademikoa” nabarmendu du Cantok.

Pregoiaren ondoren, soul, gospel eta rhytm&blueseko kontzertu handia emango du Ele interpretari madrildarrak bere banda eta abeslarien laguntzaz.

Jaietan 350 ekitaldi inguru antolatu dira, eta dagoneko identitate-ikur diren hauek barne: tokiko talde ugari izango dira jai eremu guztietan, euskarak presentzia handia edukiko du, eta irisgarritasunaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua egingo da.

Programazioari dagokionez, honakoak dira nabarmentzekoak: Foru plazako ohiko kontzertuak (Huntza, La M.O.D.A., Fangoria, Gatillazo eta Mago de Oz) edo Aihotz plazako euskarazko eskaintza (Joseba Tapia, Modus Operandi, Nogen eta Anje Duhalde)

Ganbera-musikaren kontzertuak Musika Eskolako entzunaretoan izango dira berriz ere. Etxeko taldeei Falerina lorategian utziko zaie espazioa berriz ere.

Jarduera horietaz gain, beste hauek ere izango dira: Udal Musika Bandaren kontzertuak Floridako kioskoan, dantzaldiak Florida parkean, jotak Peñafloridako Kondearen plazan, orkestra handiak gauero Plaza Berrian, gau-jaiak Arka plazan, euskal folklorea Aihotz plazan, eta fanfarre eta txarangen animazioa.

Umore Txokoa Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategian izango da aurten ere (Nerea Garmendia, Miguel Lago, Comandante Lara, Alex O’Dogherty eta Aitziber Garmendia) eta askotariko ikuskizunak izango dira Probintzia plazan (horien artean Serrat eta Sabinaren omenezko “Dos Pájaros y un trío” eta klaké eta swing ikuskizuna).

Txikienak gogoan, eguerdiro haurrentzako zirkua, txotxongiloak, dantza eta antzerkia izango dira, ohi bezala, Peñafloridako Kondearen plazan. Arratsaldetan haurrentzako dantzak izango dira toki berean. Horretaz gain, Prado parkeko Abentura gunea handitu egingo da Birjolastu proiektuarekin. Horretaz gain, gargantua, erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsa, barrakak eta zezen suzkoak izango dira. Berrikuntzarik ere izango da: haurrentzako entzierroa zezen puzgarriekin,Andre Maria Zuriaren plazan jaietako azken egunean, eta ondoren, haurrentzako programazioari amaiera emateko jaia.

Juan Aiala plazan azoka arabiarra izango da berriz ere, Foru plazan dastatzea Eusko Labelen eskutik (bildutako dirua Araba Dantzarien Biltzarraentzat izango da) eta Loma Jeneralaren plazan artisautza azoka eta gastronomia herrikoia. Eskulangintza Azoka Santa Barbara plaza berritura itzuliko da.

Gauero piroteknia ikuskizunen nazioarteko XVII. erakustaldia izango da. Beste urte batzuetan bezala, herritarren botoek erabakiko dute zein piroteknia etxek irabazten duen. Udalaren web-orrian eta 010 telefonoan eman ahalko da botoa, abuztuaren 5eko 23:30etik abuztuaren 9ko 18:00ak arte. Boto emaileen artean liburuak erosteko txartel bat zozketatuko da. Irabazten duen pirotekniak datorren urteko erakustaldian hartuko du parte.

Iradier Arenan, berriz, bigantxak izango dira goizero; Arratsaldetan, berriz, uztailaren 25ean, Super Grand Prix-a eta abuztuaren 5ean, haurrentzako bigantxak. Sarrerak salgai daude gaurtik, emakidadunaren web orrian.

Horiei erlijio ekitaldi tradizionalak —bezperak, Farolen prozesioa eta Egunsentiko Arrosarioa— gehitu behar zaizkie, bai eta Nesken eta Blusen Federazioak, Txosnek eta Principal antzokiak antolatutako egitaraua ere (azken hau aurkeztuta dago).

Uztailaren 19an, 50 gonbit-txartel bikoitz zozketatuko dira San Migeleko balkoira joateko. Zozketan parte hartu ahal izateko adinduna izan behar da, eta herritarren udal txartela eduki (HUT). Web bidez, edo 010 nahiz 945161100 telefonoen bidez aman ahalko da izena, gaurtik uztailaren 16ra bitartean. Emaitzak uztailaren 19an bertan ezagutuko dira, eta gonbit-txartelak uztailaren 26tik 29ra bitartean jaso ahalko dira turismo-bulegoan.

Azkenik, azpimarratzekoa da aurtengo aurrekontua 57.000 euro igo dela, eta 790.000 eurokoa da (iaz 733.000 eurokoa izan zen).

Amaitzeko, Estíbaliz Cantok guztientzako jaiak izatea opatu du, eta ez programazioari dagokionez bakarrik. Jaiek eraso matxista eta homofoborik gabeko eta abesti iraingarririk gabeko espazio libreak izan behar dute Gasteizko txoko guztietan.

 

Share