Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 azaroa 2018 11:17

 

Kulturan, plan estrategikoa ezartzeko ia partida guztiak handituko dira, eta Principal eraberritzeko partida bat sortuko da.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok gaur aurkeztu duen aurrekontuak % 14,11ko hazkundea dakar iazkoaren aldean, eta hark zuzentzen dituen hiru zerbitzuetan aurreko ekitaldiko goranzko joerari eusten dio. Zehazki, 17,8 milioitik 20,3 milioira igaroko da.

Cantok adierazi duenez, “aurrekontua aurreko ekitaldietakoa baino hobea da objektiboki, ia partida guztiak handitzeaz gain, kualitatiboki ere hobea delako, hezkuntza komunitatearekin, kirol federazioekin eta kultur eragileekin egindako lanari esker”.

Gainera —erantsi du—, kulturari dagokionez aurreko garaietako maila pixkanaka berreskuratzeko eragileekin hartutako konpromiso politikoa du aurrekontuak, Gasteiz kirolaren hiria bihurtzeko konpromisoa, eta hiri hezitzaile gisa erreferentea izaten jarraitzekoa”.

 

Kultura

Kulturarako aurrekontuaren filosofia da “ia partida guztiak handitzea edo aurreko aurrekontuetan handitutakoak mantentzea, plan estrategikoa ezarri eta abiarazteko lanaren ondorioz, zerbitzu osoari eragiten baitio”.

Zinegotziak lau zatitan banatu du:

 

  • Kultura Plan Estrategikoaren partida orokorrak 40.000 euro gehiago izango du, 90.000 euro guztira.
  • Egitura eta kudeaketa programak: Montehermoso kulturuneak 50.000 euro gehiago izango du; Musika Eskolak, 60.000 gehiago; Dantza Kontserbatorioak, 15.000 gehiago; Musika Bandak, 9.000 gehiago, eta liburutegiek, 27.000 euro gehiago. Aurreko urteetan handitutako partidak mantendu egingo dira.
  • Kultur eragileek antolatutako jarduerak finantzatu eta laguntzea: zertxobait handituko dira zenbait partida, hala nola Valentin de Foronda Fundazioarena, World Presss Photorena, Argazkilarien Elkartearekiko hitzarmenarena, Teatro Paraísorena, Baratza Aretoarena, Fernando Buesa Fundazioarena, eta Inauterietako konpartsentzako deialdiarena (6.000 euro handituko da hirugarrenez). Bost alderdi nabarmendu behar  dira bereziki:
    • 25.000 euroko hazkundea blusa eta nesken elkarteekiko hitzarmenerako.
    • 14.000 euro gehiago liburu-saltzaileekiko hitzarmenerako, Gasteizek merezi duen mailako liburu-azoka egiteko.
    • 25.000 euroko hitzarmena sortzea Lumagorrirekin, Gasteizek merezi duen mailako Harrotasunaren Eguna egiteko.
    • 10.000 euro gehiago lurralde etxeekiko hitzarmenerako.
    • Lau hitzarmen sortzea sendotuta dauden jaialdiekin: Poetak maiatzean, Big Band, Korterraza eta inTacto, eta horien partida 15.000 euro handitzea. Hartara, diru-laguntzen deialdia, zeina 0 eurotik 175.000 eurora igaro baitzen hiru urtetan, aurten ez da handituko, baina 45.000 gehiago izango ditu aurkezten diren proiektuen artean banatzeko.
  • Principal antzokia eraberritzeko partida bat sortuko da, laster aurkeztekoa den  azterlana ezagutu eta aldeek finantzatzeko era erabaki arte. “Gobernu honen borondate politikoa eraberritzea da, jakina”, adierazi du Cantok. Bestetik, Antzoki Sarearen aurrekontua 40.000 euro haziko da.

 

Kirola

Kirol Zerbitzuari dagokionez, zinegotziak hiru bloke nabarmendu ditu.

Lehenengo eta behin, kirol-instalazioak hobetzeko bi milioi euro baino gehiago erabiliko dira, hainbat sailetan banatuta eta Kirol Zerbitzuak koordinaturik.

Saskibaloiko Erreginaren Koparako 60.000 euroko partida erreserbatuko da, eta inbertsioek Mendizorrotzeko estadioan izango dute eragina. Horrekin lotuta dago emakumeen kirolaren aldeko apustua, besteak beste, Araskirekiko hitzarmena 20.000 euroan handitzeko.

Azkenik, beste hitzarmen batzuk pixkanaka handitzen ari dira (Zuzenak, Apdema, Autismo Araba, Araberri eta Bola Jokoaren Federazioa), baita kontratu eta programa batzuenak ere: kirol-instalazioak, udako kirol esparruak, kirol entitateekiko lankidetza, kirol ekintzen gastuak, kirol jardueren programa, txirrindularitza itzulia, “Kirol bidean” gazteentzako programa eta kirol materialak.

 

Hezkuntza

Hiri Hezitzailearekin lotutako programak handitzeaz eta politika hori garatzeko filosofia sustatzeaz gain, 90.000 euroko partida sortuko da segregazioaren kontra borrokatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 urria 2018 08:47

Kontratua bi multzotan banatu da, eta interesa duten enpresek azaroaren 12ra arte aurkeztu ahalko dituzte eskaintzak

Joan den ostiralean, Tokiko Gobernu Batzarrak kontratazio-dosier berria onetsi zuen Udalaren rokodromoetako jarduerak eta zerbitzua gauzatzeko, 2019ko urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra arte. Halaxe jakinarazi du gaur Kultura, Hezkuntza eta Kiroleko zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Interesa duten enpresek azaroaren 12ko 13:00etara arte aurkeztu ahalko dituzte eskaintzak. Hona hemen baldintza-agiriaren xehetasunak:

 

  • Salburuko gizarte etxeko rokodromoa sartu da.
  • Kontratuak urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra arte iraungo du, irailaren 1etik abenduaren 31ra arte luzatzeko aukerarekin —abuztua ez da sartzen, baliogabea baita—.
  • Bi multzotan banatu da, entitate gehiago erakartzearren edo entitate bakarrak kontratu osora aurkezterik izan dezan, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen ildotik.
    • multzoa: instalazioa irekitzea erabilera librerako, eta horri dagozkion mantentze-lanak.
    • multzoa: hiru motarako udal ikastaroak: eskola kirola, topaketak eta hastapenak. Ikastaro gehiago izango dira, Salburuko rokodromoan hastapenetako berariazko ikastaroak eta topaketak eskainiko baitira.
  • Hiru instalazioak irekitzeko orduak zehaztu dira; lehiatzaileek, berriz, ezagutza teknikoak eskaini eta irekitzeko ordutegia osatu beharko dute, ordu kopuru jakin bat bete arte.
    • multzoa: 4.842,30 ordu.
    • multzoa: 456 ordu.
  • Orobat, orduko prezioa ezarri da administrazioek eskatutako kirol jardueretako; hartara, entitateei segurtasuna ematen zaie, eta berariazko informazioa ematen da beste baliabide ekonomiko batzuk lortzeari buruz.
    • Orduko prezioa 22,97 euro da, BEZik gabe. Lehen 19,85 euro ziren.
  • Entitate adjudikaziodunak oinarrizko mantentze-lanak egin beharko ditu, eta berrikuntza nahiz inbertsio premiak identifikatzeko txostenak landu, Udalak horien egokitasuna balioetsi eta gastua bere gain har dezan, aurrekontu erabilgarririk bada.
  • Kirol materiala erosteko diru-kopurua kontratuaren tipologia eta iraupenari egokitu zaio.
  • Udalaren kirol eskaintza definitu da, eta gauzatzeari dagokion zenbatespen
  • Era berean, beste baliabide ekonomiko batzuk lortzeko aukera aipatzen da, Udalak gainbegiratu eta baimenduta, udal eskaintzaren osagarri diren kirol jardueren bidez.
  • Lehiatzaileei segurtasun ekonomikoa ematen zaie, gastua eta sarrerak identifikatuz.

 

Ixteko arrazoiak

Baldintza-agiria aurkezteaz gain, Kirol Zerbitzuko zinegotziak zerbitzua bertan behera uzteko zituzten arrazoiak azaldu nahi izan ditu: “esan denaren kontra, aurkeztu zen enpresa bakarrak eragotzi egin zuen juridikoki kontratua hari ematea, eskatutako orduak gainditu zituztelako”.

Horren haritik, hau erantsi du Cantok “kontuan izan behar da Udalak ezin dituela baldintza-agiriak enpresekin negoziatu, eta 2.000 ordu gehiago fakturatu nahi izatea zilegi den arren, ezin  da exijitu, bezeroa Udala baita. Guk  orduak handitu ditugu, eta are garrantzitsuago, langileengan eragin zuzena izango baitu, fakturatutako ordua 2 euroan igo dugu”, azpimarratu du.

Bestetik —erantsi du—, zerbitzua pixkanaka pribatizatzea leporatu digute, eta hori ez da egia, kontratu eredu honek 15 urte baitarama indarrean. Nolanahi ere, etorkizunean emakida bat egitea da gure asmoa, kudeaketa hobea izango baita, jende gehiagorengana iristearren”.

Bukatzeko, irmo agertu da: “gobernu honek eskaladaren aldeko apustua egiten du, eta horren froga dira hirugarren rokodromoa eraiki izana, baita kirol horri ikusgarritasun handiagoa emateko eta jende gehiago erakartzeko egiten ari garen ahalegina ere. Udalarentzat ez da atsegina izan zerbitzua itxita edukitzea, baina baldintza-agiri honekin berriro segurtasunaren alde egiten dugu berez inguruetako rokodromo seguruenetan, orduak era planifikatuan handitzearen alde, eta orduko prezioa handitzearen alde, eta zerbitzua berriro irekiko da urtarrilaren batean”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urria 2018 13:57

Ogasun Batzordeak ontzat eman du EAJ-PNV, PSE-EE eta EH-Bildu taldeek lortutako akordioa, Adurtza, Abetxuku eta Astronomoetako futbol-zelaiak zein Beti Jai pilotalekuak eraberritzeko. 2019ko aurrekontuan 2.500.000 euro sartzea ahalbidetuko duen zuzenketa adostu bat bozkatu dute, lan horiek konpromiso-kredituaren bidez gauzatu ahal izateko. Datorren urteko lehen hiruhilekoan idatziko dira lanak kontratatu ahal izateko proiektuak; kirol taldeek berek erabakiko dute horien garapena eta lehentasuna, horretarako sortu den jarraipen-batzordean, lehiaketei albait gutxien eragiteko moduan.

“Hiriak aurrera egin dezan akordioak lortzeko gauza garela erakutsi da berriro. Duela egun gutxi, zerga-ituna lotu genuen borondate horri esker, eta gaur beste akordio bat onetsi dugu, zeinak bultzada handia emango baitio kirol-instalazioetan egiten ari garen inbertsio-ahaleginari. Agintaldi honetan dagoeneko hiru milioi eurotik gora erabili dugu xede horretarako, aurreko gobernuak baino gehiago. Akordio honen bidez, abiadura handiagoa hartuko  dute Gasteizen ezaugarri behinenetakoa den ekipamendu-sarea eguneratzeko lanek”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok ere positibotzat jo du gaur Ogasun Batzordean emandako pausoa. “Gobernu honek akordioak lotzen ditu, eta lan egiten du halaber; izan ere, bultzada ekonomikoa ahalbidetzen duen itun hau bi urteko geldialdiaren ondoren instalazioetan egiten ari ginen inbertsioari gehitzen zaio, beraz, poztu besterik ez dugu. Lehen urratsa da kirol politikan urratu nahi dugun bidean, Gasteiz kirolaren hiriburua bihurtzeko”, azpimarratu du.

Udalak AMVISA udal sozietatearen bitartez handituko ditu hiru futbol-zelai eta Beti Jai pilotalekua eraberritzeko plana abian jarri ahal izateko behar diren diru-sarrerak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 urria 2018 11:51

Liburutegien Egunaren harira egingo da ekitaldia, eta bost liburu trukatu ahalko dira pertsona bakoitzeko

 

Urriaren 20an eta 21ean egingo da Liburuak Trukatzeko X. Azoka, Iradier Arenan. Gaur aurkeztu du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok urriaren 24an ospatzen den Liburutegien Egunaren harira egitekoa den azoka.

Cantoren ustean, “Azokak irakurtzearen plazera sustatu nahi du liburu-trukearen bitartez, baita liburutegi-sarearen zerbitzuak sustatu eta ezagutzera eman ere. Horrez gain, modu egokia da etxean ditugun liburutegiak eguneratzeko”.

Aurtengoan, eutsi egingo zaie 2016ko bi berrikuntza nagusiei: batetik, bost liburu trukatu ahalko ditu pertsona bakoitzak, eta bestetik, helduentzako literaturaren alorrean, hiru kategoria egongo dira: 2011ren ondorengo argitalpenak, 2000tik 2010era arteko argitalpenak, eta 1999aren aurreko argitalpenak.

Horrez gain, bi sail handi egongo dira: helduentzako eta haurrentzako liburuak. Ez da era hauetako materialik onartuko: aldizkariak; entziklopediak; bideoak; DVD eta CDak; testuliburuak; unibertsitate-liburuak; informatikari buruzko liburuak edo teknikoak; liburu azpimarratu, hautsi edo egoera txarrean daudenak; ale solteak; bidaia-gida;, geografia-liburuak, etab.

Zenbait jarduera antolatu dira trukea sustatu eta animatzeko.

  • 5.000 liburu baino gehiago eramango dira, trukerako.
  • Zuzeneko musika ere izango da, Clave Duo taldearen eskutik. Deborah Crivellare abeslariak (Brasil) eta Gaetan de Backer gitarra klasikoaren jotzaileak (Belgika) osatzen dute, eta Brasilgo klasikoak, bossak eta baladak joko dituzte. Larunbatean (urriak 20), 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:00etara.
  • Irakurketarekin lotutako haurrentzako lantegiak eta ipuin kontalariak izango dira.
    • “Zure aurpegia liburu bat da”, Iñaki Carreteroren eskutik (urriak 20, larunbata, 11:15etik 13:45era). Ele bietan.
    • “Istorioak gordetzeko tresna: liburuak”, Iñaki Carreteroren eskutik (urriak 20, larunbata, 17:45etik 20:15era). Ele bietan.
    • Cola de Perro : Marta C. Dehesaren eta haren taldearen eskutik, adin-tarte ezberdinetarako bi lantegi (urriak 21, igandea, 11:00etatik 12:30era):
      • Gazte eta helduentzat: “Ilustramatoia: erretratu makinatxoa”.
      • 5 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzat: “Gasteiz HIRI TXIKIA”. Gogoan izan 5 urte beherako umeek heldu batek lagunduta egon behar dutela lantegian parte hartzeko.
    • “Ipuinen lapikoa”, Izaskun Mujikaren eskutik. Ipuin kontaketa euskaraz (urriak 21, igandea, 12:45etik 13:45era).

 

Azokaren ordutegia:

Trukearen ordutegia:

  • Urriak 20, larunbata, 11:00etatik 13:45era eta 17:30etik 20:15era.
  • Urriak 22, igandea, 11:00etatik 13:45ean.

Jardueren ordutegia:

  • Larunbatean, hilak 21: 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.
  • Igandean, hilak 22: 11:00etatik 14:00etara.

2017ko datuak

2017an, 2.885 pertsonak hartu zuten parte, eta 7.639 liburu trukatu ziren (aurreko urtean baino 820 gehiago). Atalen arabera, 4.275 liburu helduen literaturakoak izan ziren; 790, helduentzako gaiei buruzkoak, eta 2.574, haur eta gazteentzako literaturakoak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 iraila 2018 12:52

2018ko proiektu artistikoen deialdian hautatutakoetatik jendaurrean jartzen den lehen lana da

2018ko proiektu artistikoen arteko lehena, Ainhoa Akutainen “lúcu_lúcu (ikusi, begiratu)”, iralaren 28tik azaroaren 18ra arte egongo da ikusgai Montehermosoko lehen solairuan.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta egileak berak aurkeztu dute gaur prentsaren aurrean.

Cantok nabarmendu duenez, programaren xedea da “tokiko artisten proiektuak landu, erakutsi eta zabaltzea, horien bitartez jardun artistiko garaikidearen alorrean lantzen ari diren lengoaia eta diskurtso berriak ezagutarazi eta horietaz hausnartzearren”.

“Lúcu_lúcu (ikusi_begiratu) lanak espazio bizituaren eta espazio eraikiaren arteko zirrikituetan miatu nahi du, abiapuntu hartuta eskulturaren berezitasunekiko konpromisoa, betiere eskultura ulertzen dugularik zentzu zabalean, eta ulertzen dugularik, baita, sormen-prozesu gisa, zeinaren praxi diferentziala osotasun baten zatien arteko prozesu dinamikoak eta eraldaketa-aukerak errekonozitzeko ahalmenaren berdefinizio etengabetik eratortzen den.

Artistak leku bakoitzean aurkitzen dituen baliabideek elikatzen dute proiektua, eskultura, argazkia, bideoa eta idatzizko lanak zein grafikoak txertatuz, eta hizkuntzaren, zeinuaren eta gizarte errepresentazioen artean tartekatzen den distantziari erreparatuz.

Ibilbide horretan, pidginaren bitartez sakonduko da deskribatutako tentsioa. Pidgina hizkuntza ez-perfektua da eta, hala ere, pragmatismoaren paradigma. Pidginak lekua izan zuen euskal arrantza-tradizioan, eta baita, beste leku batzuen artean, Kuban ere, han bozal izenpean; bozala “adierazpen-gaitasunik gabeko beltzen alterazio linguistikotzat” jotzen zen. Alabaina, bozalak hautsi egiten zituen eredu genealogiko indoeuropar tradizionalak: beste horietan ez bezala, egitura zein moldeen sistematikotasun eza nabaritzen da bozalean, mestizaia linguistikoak berezko duen transmisio-prozesua eten izanaren ondorioz.

Azken batean, pentsamendu nagusi eta menderatzaileari molde alternatibo bat esleitzen dion (de)formazio bat da, haren interrogazioa, alegia.

Azalpenekiko bisitak ere egin ahalko dira: irailaren 28an, 20:00etan, egileak berak emango ditu azalpenak; urriaren 6an eta 11n eta azaroaren 3an eta 9an, Montehermosoko hezitzaile taldeak.

Ainhoa Akutain,

Eskulturako doktorea da, EHUtik. Artean aritzeaz gain, artearen irakasle eta ikerlaria ere bada. Zenbait beka eta sari nazional zein nazioarteko jaso ditu; beken artean nabarmentzekoak dira Eusko Jaurlaritzaren bi (ikerlarien prestaketa sustatzekoa, eta sormenaren aldekoa), Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Etxepare Euskal Institutuarena. Sarien artean, berriz, aipatzea merezi dute Grand Prix de la Découverte, EAC Uruguay, Arte Laguna Prize, The Story of The Creative, Stockholm Fringe Festival eta IPA International.

Akutainek banakako erakusketak egin ditu, eta kolektiboetan parte hartu izan du, arte-zentro nazional eta nazioartekoetan, esaterako hauetan: Veneziako Arsenale, Montevideoko Espacio de Arte Contemporáneo, New Yorkeko Angel Oresanz Foundation, Bartzelonako Disseny Hub, Londresko Asia House eta PIAF – Peckham International Art Fair, Miamiko ArtBasel, Stockholmeko Kulturhuset, besteak beste.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 iraila 2018 11:57

Jarduera horietako 37 euskaraz izango dira, 38 gaztelaniaz eta bi ingelesez;  Paul Urkijorekiko solasaldia nabarmentzen da, Errementari sortzeko prozesuaren berri emango baitu.

 

Gazte eta helduentazko jarduerak-1

Haur eta familientzako jarduerak-2

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok  Udalaren Liburutegi Sareak  irakurtzeko zaletasuna lantzeko urritik abendura bitartean eskainiko  duen programa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan; orotara 77 jarduera barne hartzen ditu: 37 euskaraz, 38 gaztelaniaz eta bi ingelesez

Cantok azaldu duenez, “programaren helburua da herritarrak Udalaren Liburutegi Sareak dituen espazio eta zerbitzuetara hurbilaraztea eta irakurtzeko ohitura hartu eta sendotzen laguntzeko tresna dinamizatzailea izatea“.

2018ko urrian, azaroan eta abenduan garatuko da programa, gizarte etxeetako liburutegietan, eta haur, familia, gazte eta helduentzako jarduerak biltzen ditu.

Batetik haur eta familientzako jarduerak ditugu, euskaraz eta gaztelaniaz (ipuin-kontalariak, lantegiak, antzerkia, pailazoak, txotxongiloak, musika); bestetik, gazte eta helduentzako jarduerak.

Umeekin eta familiekin batera hainbat alderdi landuko dira: adiskidetasuna, dibertsitatea, desberdinarekiko sentiberatasuna, tolerantzia, artea, jolasa, musika, zientzia, poesia, genero berdintasuna, jakin-mina eta irudimena.

Gazte eta helduentzako jardueren artean idazleekiko topaketak izango ditugu, irakurketa-klubak, hitzaldiak, lantegiak, antzerkia, ipuin kontalariak, musika, bakarrizketak eta errezitaldiak.

Karmele Jaiok koordinatzen duen “Idazleekin solasean” programan Miren Gorrotxategik eta Xabier Etxeberriak hartuko  dute parte. Susana Rodríguez Lezaun, Charo Poletinos eta Laura de la Sernak ere emango dituzte hitzaldiak, gaztelaniaz. Nabarmentzekoa da Paul Urkijorekiko solasaldia, Errementari sortzeko prozesuaren berri emango baitu; Miren Amurizak, Oihana Bartrak eta Urtxintxak berdintasunaz eta emakumeak letren munduan ikustarazteaz hitz egingo dute, eta Indie letra kolektiboa autoedizioaz mintzatuko da.

Horretaz gain, emanaldiak, irakurketa-klubak eta irakurketa errazeko kluba  izango dira; Álvaro Arbinak gidatzen duen literatura garaikideari buruzko kluba ere itzuliko da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 iraila 2018 11:26

 

 

 

 

 

 

 

Emankizuna irailaren 19an izango da, asteazkenean, Principal antzokian, eta bertan Julio Roca ospetsua sarituko da.

Esku-programa

Datorren asteazkenean, hilaren 19an, Urrezko Zeledonen saria emateko ekitaldia izango da Principal antzokian. Aurtengoan Julio Rocari emango zaio saria, eta, berriro ere, Udal musika Bandaren emanaldia izango da tartean.

Prentsaurreko eman dute gaur goizean Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Udal Bandaren zuzendari Hilario Extramianak eta Urrezko Zeledonak elkartearen lehendakari, Josemari Vélez de Mendizábalek.

Udal Bandak emango duen kontzertuak José Mardones abeslari arabarra (baxua) omenduko du. Gasteizko Adopziozko Seme izendatu eta 1932an zendu zen abeslaria munduko baxu liriko onentzat zuten bere garaian.

Horrez gain, kontzertuaren amaierak beste omenaldi bat ekarriko du, oraingoan Zeledon kalejirari; abuztuaren 2an jaiotzaren mendeurrena bete zen Mariano San Miguel Urzelay izan zen haren egile.

Kontzertu bitartean, Urrezko Zeledona emango zaio Julio Rocari. Epaimahaiak ebatzi du saria merezi duela, batetik, egin duen ekarpen zabal eta joriagatik, garrantzizko kultur, kirol eta gizarte ekimen guztietan izaten baita, argazki kamera beti alboan, eta bestetik, kirolaren bitartez gizarte-integrazio eta -normalizazio lanean diharduen Zuzenak Fundazioaren zuzendari gisa aritzeagatik.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 iraila 2018 09:43

 

Ingurumeneko zinegotzi eta IGIko presidente Iñaki Prusillak eta Kiroletako zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu dute lehen Gaueko Bizikleta Martxa, zeinak Gasteizko Alde Zaharra eta parke esanguratsuenetako batzuk lotuaz, udari agurra eta udazkenari ongi etorria emateko balioko duen. Ekimena familia osoari irekia da, eta irailaren 21ean egingo da, 20:00etatik aurrera, Mugikortasunaren Astearen testuinguruan. Haren bitartez aldarrikatu egin nahi da bizikleta hiri barruko joan-etorrietarako garraiobide osasuntsu gisa, eta baita gogoratu ere –are gehiago goizago iluntzen hasi duen honetan– bizikletan argiekin eta elementu islatzaileekin ibiltzearen garrantzia.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Kirol Zerbitzuak eta Udaltzaingoak lagunduko dute bizikletaz ibiltzeko ohitura duen ororentzako pentsatutako martxa horretan, eta bereziki, familiak, sei urtetik gorako umeekin. Lehen edizio honetarako partaide-kopurua mugatu egin da, gehienez ere, 400 pertsonatara. Lehia asmorik gabeko jarduera izango da, trafikoa etenda egingo da, eta partaideak tropelean bilduta joango dira.

“Martxaren helburu bikoitza azpimarratu nahi dugu: batetik, beste behin ere bizikleta natura errespetatzen duen garraiobide osasungarri gisa aldarrikatzea, eta bestetik, argiak eta elementu islatzaileak erabili beharraz sentsibilizatzea. Oso garrantzitsua da bizikletan goazela gure burua ikusaraztea gainerako erabiltzaileei, eta bereziki argi-orduen kopurua murrizten hasi den honetan”, gogoratu du Iñaki Prusillak.

Bestalde, Estíbaliz Cantok esan du martxak “berebiziko zentzua hartzen duela Gasteiz kirol-hiria delako: horrela erakusten dute kirol-instalazioetan 90.000 abonatutik gora izateak, biztanle bakoitzeko instalazio-ratioak, gizarte-etxeetako jardueretan izena eman duten erabiltzaileen kopuruak edo leku hiriak praktika osasungarrietarako erabiltzeak. Hori dela eta, ez dago ikasturtea hasteko modu hoberik famili-martxa batekin baino, ez duena lehia asmorik, eta bai, aldiz, ondo pasatzea eta bizilagunekin ohitura on horren inguruan kontzientziatuko gaituen gau dibertigarri bat konpartitzea”.

jardueran parte hartzearen prezioa euro batekoa izango da, eta izena herritarrei laguntzeko bulegoetan eman daiteke, baita Internet bidez ere. Horren truke, parte-hartzaileek hirian zirkulatzeko segurtasun-elementuekin lotutako oparitxo bat jasoko dute. 6 eta 14 urte bitarteko adingabeek heldu batek lagunduta joan beharko dute; 14 eta 18 urte bitartekoek, berriz, gurasoen edo tutorearen baimena beharko dute, eta irteera-kontrolean aurkeztu. Argi eta elementu islatzaileaz gain, partaideek kaskoa eraman beharko dute.

Ibilbidea 6,8 kilometrokoa izango da, kale hauetan barrena: Florida parkea – Senda ibilbidea – Frai Francisco ibilbidea – Elvira Zulueta – Frai Francisco ibilbidea – Batan ibilbidea – Nieves Cano – Justo Velez de Elorriaga – Unibertsitateko ibilbidea -San Antonio- Manuel Iradier- Pio XII.a – Herrandarren kalea – Arana – San Ildefontso kantoia –  Bueno Monreal- Antepara kalea – Arriagako atea – Errementari kalea – Andre Maria Zuriaren plaza – Mateo Moraza – Olagibel kalea – Judimendi hiribidea – Tornay Medikuaren kalea. Martxa ondo joango dela bermatzeko, lau leku jakinetan etena egingo da, tropela berriro biltzeko.

Lehen gaueko bizikleta martxa honetan zenbait ikastetxek eta guraso elkarteren, bai eta Goiena klubarena ere, zeinek boluntarioak jarriko dituzten, udaltzainekin batera partaideei laguntzeko. Amaiera inguruan, Tornay medikuaren kalean, musika emanaldi bat izango da.

Informazio gehiago: Gaueko bizikleta martxa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 iraila 2018 12:28

 

 

“Gasteiz, hiri hezitzailea” programak 27 proposamen berri izango ditu, eta irailaren 6tik aurrera eman ahalko da izena.

Vitoria-Gasteiz Ciudad Educadora 2018-2019 eusk

Hiri hezitzailea bihurtzeko ahaleginean, Gasteizko Udalak 221 hezkuntza jarduera eta programa eskainiko dizkie herritarrei; irailaren 6an hasiko da izena emateko epea.

Izan ere, Gasteiz RECE-Hiri Hezitzaileen Estatuko Sareko eta AICE-Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko kide da. Horren bidez, eta Hezkuntza Zerbitzuak koordinatzen duen “Gasteiz, hiri hezitzailea” programaren bidez, Udalak Gasteizko biztanle guztien prestakuntza, promozio eta garapenarekin duen konpromisoa indartzen du, eremu formalean ez ezik, baita ez formalean nahiz informalean ere.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok esan duenez, “geletan gertatzen denera mugatzen ez den hezkuntza, bizitza osoan garatzen dena, Gasteizko biztanle orok garapen pertsonal, sozial eta profesionalerako ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzan, eta konpromiso hori dela medio antolatzen dute programa hau udaleko sail eta zerbitzu ezberdinek”.

2018-2019 ikasturteko programak 221 hezkuntza jarduera eta programa eskaintzen ditu. Nabarmentzekoa da, halaber, eskaintzen diren 221 hezkuntza jarduera horietatik 27 berriak direla.

Jardueren bitartez hainbat talderen premiak bete nahi dira, bereziki hezkuntza etapa ezberdinetako ikasle-irakasleenak, baina beste talde batzuek ere parte hartu ahal dute zenbait jardueratan (guraso elkarteak, gurasoen eskolak, elkarteak, euskaltegietako ikasleak, okupazio-zentroak, herri kulturako zentroak…), baita banakoek ere.

Proposatzen diren jarduera eta programek 1990eko Hiri Hezitzaileen Gutunean definitutako balioak sustatzea dute xede; Gasteizko Udalak hori idazten lagundu zuen. Herritarrek, eta bereziki eskolak, Udalaren sail eta zerbitzuek sustatutako hezkuntza esku-hartzeen atzean dauden balioak bereganatu eta horien arabera joka dezaten lortu nahi da. Esate baterako, bizi-kalitatea, gizalegezko jokamoldea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, prestakuntza, identitatea, genero-berdintasuna, inklusioa, berrikuntza, parte-hartzea, erantzukizuna, elkartasuna eta iraunkortasuna.

2018-2019 ikasturtean antolatutako 221 hezkuntza jarduera edo programak 12 gairen arabera sailkatu dira:

 

  • Ingurumena: 17
  • Hiria ezagutzea: 22
  • Euskararen erabilera sustatzea: 9.
  • Artearen eta ikus-entzunezkoen alorreko hezkuntza: 55
  • Gorputz hezkuntza eta kirola: 8
  • Berdintasunerako hezkuntza: 2
  • Osasunerako hezkuntza: 34
  • Herritarren parte-hartzea sustatzea: 7
  • Gaitasun pertsonaletan heztea: 33
  • Bizikidetza eta aniztasuna: 15
  • Garapenean laguntzea eta nazioarteko elkartasuna: 7
  • Babesa eta segurtasuna: 13

 

Jarduera eta programek askotariko formatuak dituzte: bisitak eta ibilbideak, errezitaldiak eta kontzertuak, zinema eta antzerki saioak, kirol praktika, lantegiak, jokoak, prestakuntza-saioak, elkarrizketa-taldeak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, kanpainak, diru-laguntzak eta laguntza teknikoa, espazio eta materialen lagapena, etab.

Jarduera eta programei buruzko informazio zehatza www.vitoria-gasteiz.org/hezkuntza orrian eskura daiteke. Irailaren 6an hasiko da izena emateko epea, eta web-orri horren bidez egin beharko da.

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 abuztua 2018 13:46

 

 

 

 

 

 

 

“Kazetaritza, bertatik bertara” jardunaldien VI. edizioaren inaugurazioan izan da gaur Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto. Orobat izan da Gasteiz hiribidean jarri den Anna Suriyach prentsa-argazkilari kataluniarraren “Baita emakumeak ere (#theytoo)” argazki-erakusketara egindako bisita gidatuan. Mediterraneoko krisian ezkutuan geratzen diren emakume izengabeak ikusarazi eta izendatzea da erakusketaren xedea.

 

Gaur hasi eta irailaren 1.era arte iraungo dute jardunaldiek, hizpide harturik errefuxiatuak, emakumeak gatazketan eta Brexitaren Europa. Berritasun gisa, “Munduari munduak gehituz” diziplina anitzeko errezitaldia egingo da, bihar, 20:15ean.

 

Share

Aurrekoak »