Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 iraila 2019 11:40

 

Kulturuneak eta EHUk proiektu artistikoak zabaltzeko egiten duten deialdian hautatutako lehen lana aurkeztu da.

 

 

 

 

 

Gaur arratsaldean, 19:00etan inauguratuko da Maria Valverderen “Blanco y Fucsia” erakusketa Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan. Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Cantok, artistak berak, programaren komisario Cristina Arrázola Oñatek eta EHUko ordezkari Edurne González Ibáñezek.

Marta Valverde (Nigrán, 1994) Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua da, Vigoko Unibertsitatean. Haren ikus-entzunezko lanak Curtocircuito nazioarteko zinema jaialdian (2018), Pontevedrako Novos Cinemas nazioarteko zinema jaialdian (2016 eta 2017) eta Centro Galego das Artes da Imaxe (CGAI) zentroan (2018) ikusi ahal izan dira. Egonaldiak egin ditu Voadora antzerki konpainiarekin, Surge Madrid jaialdiaren barruan (2018), eta Histeria Kolektiboa espazioan (2019). Orain Gasteizera iritsi da.

Proiektua

Marta Valverdek zinema-irudia hartzen du abiapuntutzat inguratzen duenaz mintzatzeko: “Hogeitaka urte izatea, zure bizitzarekin zer gertatuko den ez jakitea, iraganbideak, distantziak, ibilbideak, gurasoen etxea behin eta berriro, ikasle-pisu kutreak, deserrotze etengabea, aldatzeko beldurra eta aspertzeko beldurra neurri berean, lan prekaritatea eta ihes egiteko gogoa, aldaketa etengabea/asperdura/erabili eta botatzea/ deserrotzea- emigrazioa – etxea – iraganbideak – ikasle-pisuak / belaunaldi artekoa”. Bizi den lekuen memoria eta pertsonekin zein objektuekin dituen harremanak interesatzen zaizkio. Hori dela eta, bere lanaren izaera intimoa da gehien bat, material autobiografikoa oinarritzat hartuz loturez eta pertenentziaz hausnartzen baitu.

“Aldi berean, eta alderdi teknikoari dagokionez, bideoaren aurkezpen tradizionala zalantzan jarri nahi dut, nire kontakizunari ondoen moldatzen zaion euskarria aurkitzearren. Hainbat neurritako hamasei plasmek osatutako erakusketa da.”

Erakusketetan ikus-entzunezkoen formatua hedatzeak proposamen artistikoa erakusteko eta jasotzeko egoera berriak plazaratu ditu. Ikus-entzunezko hedatuak, batetik, zentzua eta esperientzia sortzeko espazio berriak iradokitzen ditu; bestetik, narratiba berriak sortzen, zeinetan erabakiak eta eraginak ebazten diren, eta subjektibotasunaren ezagutza zehatz eta gorpuztuak garatu ahal diren.

Marta Valverdek aurkezten duen ikus-entzunezko hedatuan (Blanco y Fucsia) dokumentala eta fikzioa kontakizun beraren orrialdeak bailiran tolesten dira. Bertan, haren adiskideak eta lagunak agertzen dira, nork bere bizitzaren agintea hartzeko erronkaren aurrean, prekaritate —hori ere hedatu— testuinguru batean.

Martaren proposamenak zalantzan jartzen du kontakizuna menderatzen duen subjektu orojakilearen presentzia eta, era berean, uko egiten die ikus-entzunezko kategoria eta formatu konbentzionalei, bizipen subjektibo bat eta munduaren esperientzia lokalizatu bat —belaunaldi baten gorputzean haragiztatua— transmititze aldera.

 

Proiektu artistikoak

Erakusketa-sorta hau Montehermoso kulturunearen eta EHUko Arte Ederren Fakultatearen arteko lankidetzaren emaitza da. Duela sei urte, erakunde biek harreman emankor bati ekin genion, Leioako Fakultatean ikasitako artista hasi berrien lana ekoiztera bideratuta.

Harreman horri esker, eta orain artekoan, lehen urratsak eman ahal izan dituzte 35 artista gaztek, beren lanak jendaurrean erakusteko bide nekezean.

Proiektua kontu handiz zaindu izanak, proiektuan hobekuntza txikiak pixkanaka txertatzeak, eta, batez ere, formula denboran zehar finkatzeak, faktore horien eraginez, ekimena aukera preziatua bihurtu da hasten ari diren artisten lana erakutsi eta balioesteko, eta baita arte-mintegi eder bat ere gure testuinguru kulturalean.

Joan den urtean, azken bost urteetan ohikoa izan zen erakusketa kolektiboaren ordez banakako lau erakusketa egin ziren. Horrek lan hautatuak ardura handiagoz jorratzea eta antolaketa- eta produkzio-lan handiagoa eskatzen du, helburu bakarra delarik artista partaideei beren ahalmenak neurtzeko aukera emankorra eskaintzea.

Aurrerapauso horri esker, ikasturte honetan ere lau artista gaztek beren lana eta obra erakutsi ahal izango dute Montehermoso kulturunean, irailean hasi eta maiatza bitarteko ekimen batean, zeinaren bitartez egungo ikerkuntza artistikoaren ikuspegi interesgarri bezain anitza eskainiko den, bai eta erakusketa moldeen eta egungo gizartearekin planteatzen dituzten harremanena ere.

Urtarrilean eta otsailean Irene Carmonaren lana, otsailetik martxora Susana Viñolorena eta apiriletik maiatzera Javier Ozcoidirena izango dira ikusgai.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 iraila 2019 15:02

Principal Antzokia berritzea da kultura arloaren erronka nagusia, baina dena den, Plan Estrategikoa sustatzen jarraituko du bere politikak sustengatzen dituen ardatz gisa.

Hezkuntza eta Kultura arloetarako Gobernua prestatzen ari den lan-ildo nagusiak aurreratu dituzte gaur Felipe García eta Estíbaliz Canto zinegotziek batzordean.

Lehenik eta behin, alkateorde eta Hezkuntza Zerbitzuko arduradun Felipe Garcíak zehaztasunez azaldu ditu 12 neurriak

Lehenengoak iragartzen duenez, Gasteizko Udalak bere hautagaitza aurkeztuko du 2020-2022 epealdian Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (RECE) buru izango den hiri izenda dezaten. “Gasteizko hiria estatu mailan erreferentzia bat da Hiri Hezitzaile gisa, urteak daramatza berdintasun ezak konpentsatzearekin edo eskola-segregazioarekin loturiko gai batzuetan aitzindari izaten, eta bada garaia urrats bat gehiago emateko eta sarearen buru izateko”.

Bigarren iragarpen garrantzitsua, hain zuzen, hezkidetzari eta indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko hezkuntza-programa berri bat abian jartzea da. Garcíaren esanetan, “gobernu hau buru-belarri lanean ari da bere politiketan eta bere zerbitzuetan genero-ikuspegia txertatzeko. Horrela, Berdintasun Zerbitzuaren laguntzarekin, hezkidetzari eta indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko programa bat abian jartzea sustatuko dugu hezkuntza formalaren nahiz ez-formalaren esparruan”.

Hirugarren iragarpenaren arabera, berriz, 2013an egiteari utzi eta 400 lagun biltzen zituzten hezkuntza-jardunaldiak berreskuratu nahi dituzte legegintzaldi honetan. Une bakoitzean interesgarri izan daitezkeen hezkuntza-alderdietan zentratutako jardunaldiak izango dira.

Gainerako iragarpenak honako hauek izan dira: zerbitzuaren plan estrategikoa prestatzea eta ebaluatzea, haur-eskolen kudeaketa hobetzea, haur-hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan matrikulazio-prozesua hobetzea, hezkuntza-programa berriak ezartzea, genero-indarkeriaren aurka arestian iragarritakoaz gain, bizikidetza eta hezkuntza-parekotasunaren alorrean hitzarmen markoa garatzea eta hitzarmen bereziak egitea, EHUrekin hitzarmen marko berri bat eta hitzarmen bereziak egitea, unibertsitate berarekin udako ikastaroa egiten jarraitzea, hezkuntzan parte hartzeko egiturak indartzea, eta udalerriko beste irakaskuntza batzuei babesa ematea, bereziki UNEDi, Arte eta Ofizioen Eskolari eta LHko Partzuergoari.

 “Azken batean, bultzada garrantzitsua eman nahi zaio Gasteiz hiriari Hiri Hezitzaile gisa, generoaren ikuspegitik, lidergorako bokazioarekin eta bere programa guztiak ezarriz eta hobetuz, eta beraz, epealdi honetan egiten ahaleginduko garen guztiaren laburpen egokia izan liteke hori” esanez amaitu du alkateordeak.

Kultura “darion” Gasteiz bat

Beste alde batetik, Kultura Zerbitzuko zinegotzi arduradun Estíbaliz Cantok ziurtatu duenez, legegintzaldi honetan gogor lan egingo dute “kultura-politika integralago, tokian tokikoago, iraunkorrago, egonkorrago eta demokratikoago bat bultzatu nahirik, estrategikoki koordinatua eta planifikatua, kulturarako sarbide unibertsala erdietsiko duena, eskaintza orekatu eta askotarikoa eginez, nortasunez eta tradizioz, baina baita ere, berrikuntzaren eta garapen iraunkorraren aldeko apustua eginez”.

Cantok bost multzotan bildu ditu egin beharreko jarduera guztiak. Lehenengoa, “kulturaren elementu eta erreminta garrantzitsuenak bultzatzea”. Horretarako, aurrekontua pixkana-pixkana handitzen ahaleginduko dira, Plan Estrategikoan aurreikusitako programak beteko dira (kultura KM 0, VG Parte-hartzea, Ekipamendu Kulturalen Plana, Herritarren Prestakuntza eta Heziketa, Garate Gasteiz Izan Gasteiz), beste entitate batzuekin lankidetza-sareak sortuko dira, kulturaren eta artearen esparruko eragileekin zuzenean lan egingo dute haien premiei hobeto erantzuteko, partaidetza-prozesu bereziak sustatuko dituzte.

Bigarrena, “ekipamendu kulturalak zentzuz eta hiri-estrategia batez bultzatzea”. Apusturik garrantzitsuena Principal antzokia berritzea izango da, baita Iradier Arena ere ekipamendu osagarri gisa, eta horrekin batera, gobernu-akordioan konprometitutako auditorioaren etorkizuneko eraikuntzari helduko diote. Antzokien sarea eta Montehermoso kulturunea indartuko dira, “eta garai bateko Ignacio Aldecoa Herri Ikastetxean diziplina anitzeko zentro bat edo lankidetza-zentro bat sortzearen aldeko apustua egingo dugu”.

Hirugarrena, “unitate eta proiektu kulturalak sendotzea”. Bertan, arduradunak departamentuko unitate garrantzitsuenen errepaso bat egin du (udal artxibategia, udal banda, folklore akademia eta abar), eta programa horiek sustatzeko helburua duten zenbait aldaketa zehaztu ditu. Horien artean “programazio nagusia indartuko dugu hainbat programen bidez: Kaldearte, Haur Ikuskizunen Erakusketa, kaleko kazetaritza, txotxongiloak, dantza-saioak eta, orain arte egin den moduan, Andre Maria Zuriaren jaiak modernizatzea”.

Laugarrena, “beste jarduera batzuk sustatzea”, hala nola kulturaren ikuspegia irakaskuntzan barneratzea edo herri-kontzientzia suspertzen duten kanpainak garatzea, edo egonaldiak, jardunaldiak, heziketak, mikromezenasgoak eta abar sustatzea.

Eta azkenik, Luís Aramburu Ikastetxeko nahiz José Uruñuela Kontserbatorioko Lehendakari gisa, orain arte bezala jarraitzearen alde azaldu da Canto, “joan den legegintzaldian egin genuen bezala, bi ikastetxe horiek indartzearen alde jokatuz”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 iraila 2019 14:10

Euskadiko Orkestrak, Kukai Dantza Taldeak eta Euskal Herriko abesbatza talde ezberdinetako 450 ahotsek parte hartuko dute sinfonia kooperatibo honetan, Fernando Velázquez Getxoko musika-egilearen zuzendaritzapean. Guztira, mila lagun inguru izango dira taula gainean

 

 

Kontzertu bat baino askoz gehiago da, ekitaldi bat, jardunaldi kooperatibo eta kulturala, sentsazioen eztanda bat.Humanity at Music gaur aurkeztu dute Gasteizko José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan.

Proiektu hori, hain zuzen ere, parte hartuko duten bi artista handik aurkeztu dute: batetik, Fernando Velázquez musika-egile eta zuzendariak, Un monstruo viene a verme filmeko soinu-bandaren Goya Saridunak, eta bestetik, Kukai Dantza Taldeko zuzendari Jon Mayak, 2017ko Dantza Sari Nazionalaren irabazleak.

Proiektuaren aurkezpenean izan dira, halaber, Kontserbatorioko Lehendakari eta Gasteizko Udaleko Kultura Zinegotzi Estibaliz Canto, Arabako Diputatu Nagusi Ramiro González, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu Bingen Zupiria eta MONDRAGON Kooperatibako lehendakari Iñigo Ucin.

Lurrikara kulturala eta kooperatiboa

Nazioarteko ikuskizunik onenen pare dagoen taularatze original eta bikain batekin, ekitaldi nagusia 18:00etan hasiko da datorren irailaren 14an. Kontzertu paregabe eta errepikaezina izango da; artistak, eszenografia, 3D proiekzioak, soinu eta argi-diseinuak uztartuko dituen nahasketa bikaina.

“Enpresa eta giza abenturetan oinarritutako film bat”, Fernando Velázquez zuzendariak proiektu hau definitu duen bezala. Ikuskizunak Fernando Velázquezek konposaturiko eta Jon Sarasuak idatzitako Sinfonia Kooperatiboa izango du ardatz, eta zortzi piezez osaturiko lurrikara kooperatibo-kultural honek Buesa Arena osoa dardararaziko du.

Taula gainean egongo dira Euskadiko Orkestra, Kukai Dantza Taldea, Euskal Herriko bertsolari aipagarrienak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta askoz gehiago; horiez gain, hainbat abesbatza eta dantza-eskola nahiz elkartetako 500 lagun, baina baita Gasteizko José Uruñuela Udal Kontserbatorioa ere.

Irailaren 14a familia osoari zuzendutako eguna izango da. Buesa Arenaren kanpoaldean tailerrak, jarduerak eta erakusketak izango ditugu 12:00etatik aurrera. Kanpoko jarduera horiek doakoak izango dira eta, gainera, Food Truckak egongo dira edari eta janari artisauarekin egun osoan, baita amaierako festa bat ere ikuskizun nagusiaren ondoren.

Sarrerak dagoeneko salgai daude proiektuaren webgunean (www.humanityatmusic.com), prezio eta modalitate desberdinekin. Gainera, www.tellevamos.eus webgunean autobusak antolatu dira herri desberdinetatik, bertara joan nahi dutenentzat. http://www.tellevamos.eus/

Humanityatmusic-pressdossier-eus

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 iraila 2019 11:50

Egungo gaiei buruzko informazio eta eztabaidarako guneak 2.069 lagun erakarri ditu Europa jauregiko hitzaldietara, eta 820 lagun zinema-ziklora.

 

 

 

Puri-purian dauden gaiak aztertu dira jardunaldietan – hala nola, Txina, populismoak, Ekialde Ertaineko egungo egoera–, eta horiekin batera beste hainbat ere: haurren ezkontzak, ura izateko eskubidea, Kurdistan, edo kazetaritza digitala toki mailan. Edizio honetan profesional bikainek hartu dute parte, esaterako Mónica García Prieto, Jesús Núñez Villaverde, Sandrine Morel, Pedro Armestre edo Karlos Zurutuzak. Horretaz gain, jardunaldiek kanpoko erakusketa bat, zinema zikloa eta musika ikuskizuna ere ekarri dituzte Gasteizera.

Edizio honetako hitzaldi eta solasaldietan aurreko 6etan baino asistentzia handiagoa izan da. Europa jauregiko zortzi ekitaldiek 2.069 lagun batu zituzten (batez beste, 208 lagun ekitaldietako bakoitzean) Programa honek publiko anitza fidelizatzea lortu du. Amaitu berri den edizio honetako arduradunek adierazi dutenez,  asistentzia-kopuruak ez ezik, hitzaldien ondorengo solasaldien kalitateak eta egindako galderek ere ari uzten dute herritarren interesa.

Horrenbestez, bete egin dira jardunaldien helburuak. Kazetaritza bertatik bertara jardunaldiek argi utzi dute, berriz ere, herritarrek benetako informazioa bilatzeko, pentsamendu kritikoa garatzeko eta kazetari eta analista ospetsuekin foru irekietan ideiak eztabaidatzeko duten interesa. Adierazgarria da hitzaldietara eta zinema-ziklora ia 2.900 pertsona joan izana. Hirian jende kritiko eta informatu ugari dagoela erakusten du horrek”  adierazi du Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok.

  • Asistentzia handia hitzaldi eta solasaldietan: 2.069 parte hartzaile. Hauek izan dira ekitaldi jendetsuenak: “Oriente medio entre dos fuegos” hitzaldia (495 lagun, auditoriuma beteta eta beste gela baten zati bat), eta “populismoak” mahai-ingurua (365 pertsona). Zazpi edizioak kontuan hartuta, lehen eta hirugarren ekitaldi jendetsuenak izan dira. Halaber, azpimarratzekoa da Karlos Zurutuzak Kurdistani buruz euskaraz emandako hitzaldira bertaratuen kopurua:  100 pertsona inguru.
  • Zinema-zikloa: 820 ikusle, guztira (bost proiekzioak batuta). Ikusle gehien izan dituzten filmak: “Of fathers and sons” (199 ikusle) eta “Últimos días Shibati” (195 ikusle). Bietan leku guztiak beteta.
  • Haurren ezkontzak” erakusketan ere asistentzia handia izan da, 4.000 pertsona. Erakusketa 21 egunez izan da ikusgai Gasteiz hiribidean. Bisita gidatuek ere arrakasta handia izan dute (60 pertsonatik gora egileak gidatutako bisitan).

Asistentzia datuak

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 abuztua 2019 14:37

 

Lehen alkateorde Maider Etxebarria eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto Haurren ezkontzak erakusketaren inaugurazioan izan dira gaur, ‘Kazetaritza, bertatik bertara’ jardunaldien VII. Edizioaren barruan. Duela bi aste paratu zuten erakusketa Gasteiz hiribidean, baina gaurko ekitaldian Pedro Armestre prentsa-argazkilari izan da, eta bisita gidatua egin du, eta bere lanaren zenbait gako azaldu ditu. Paneletan Sierra Leonan nahitaezko ezkontzei buruzko argazkiak erakusten dira.

Maider Etxebarriak txalotu egin du prentsa-argazkilariaren lana, zeinen irudiek islatzen duten “zeinen zaila eta nekeza den kamera aurrean irribarre egitea, haurtzaroa lapurtu dizutenean”. Erakusketaren esperientziak barruak ukitzen dituen arren, alkateordeak azpimarratu du erakusketa hau dela “beharrezkoa bezain latza”. Estíbaliz Cantok zerbait gehitu du: “Sierra Leonan neska asko esklaboen pare bizi dira. Gizonezkei emanak, gizonezko horiek mendean hartuak, baldintza zinez gogorretan erditu beharra… Bakarrik sentitzen dira, benetako amesgaizto baten erdian”.

‘Derecho Humano al Agua’ (“Ura eskura izateko giza eskubidea”) Izeneko hitzaldia eskainiko du gar arratsaldean pedro Armestrek Europa jauregian, horixe ere jardunaldien baitan. Hitzaldian, Armestrek hausnar egingo du Erdialdeko Amerikaren kasuario buruz, non eskubide hori kolokan baitago, kudeaketa txarraren eta multinazionalen interesen ondorioz.

Erakusketa Gasteiz hiribidean egongo da, Europa jauregiaren aurrean, irailaren 1era arte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 uztaila 2019 11:50

 

 

 

 

 

 

 

Edurnek eta Zeledon Txikik badute hezur-haragizko kiderik. Paula Rubiok —Zintzarri taldekoa— eta Gonzalo Araneguik —Bereziak taldekoa— irudikatuko dituzte pertsonaia ospetsuak Andre Maria Zuriaren jaietan, bereziki abuztuaren 7an, umeei eskainitako eguna baita; bigarren urtez jarraian, San Migeleko dorretik jaitsiko dira pertsonaiak Andre Maria Zuriaren plazara.

Alkate Gorka Urtaranek eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok gaur goizean agurtu dituzte Edurne eta Celedón Txiki udaletxeko harrera aretoan.

Paula Rubiok (10 urte) eta Gonzalo Areneguik (12 urte) abuztuaren 7an erabiliko dituzten euritakoak jaso dituzte. Biak ilusioz eta pozez gainezka agertu dira Gasteizko jaietan umeak ordezkatu ahal izateagatik “hain egun berezian“.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:46

 

Abuztuaren 12tik irailaren 1era arte Pedro Armestre prentsa-argazkilari galiziarraren “Haurren ezkontzak” erakusketa ikusi ahalko da Gasteiz hiribidean.

 

 

 

 

Beste uda batez, Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiak egingo dira Arabako hiriburuan. Abuztuaren 26tik 30era arte, kazetariek, prentsa-argazkilariek eta berriemaileek gaurkotasun informatiboa aztertuko dute, “herritar guztiei irekitako eztabaida eta gogoeta espazioak sortzeko asmoz, informazioaz sakonago eta lasaiago hausnartzearren, urteko beste garai batzuetako presarik gabe”, azaldu du Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok jardunaldien aurkezpenean; Icono Cultural enpresako kide Félix Barrón izan du ondoan.

Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiek zazpigarren edizioa beteko dute, azken hilabeteetan nazioartearen arreta erakarri duten gaiei begira: uraren krisia, Ekialde Ertaineko gatazka, populismoak edo ‘fake news’ direlakoak, besteak beste.

Jarduera gehienak Europa jauregian egingo dira. Funtsean hitzaldi eta mahai-inguruek osatzen dute programa, zeinetan leku gatazkatsuetan lan egiten duten berriemaileak, ordezkari bereziak, prentsa-argazkilariak edo beste profesional batzuk arituko baitira.

Hitzaldi eta solasaldiak 12:00etan eta 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, lekuak bete arte. Gauez, programan landutako edukiekin lotura duten filmen ziklo bat antolatu da. Florida zinema-aretoetan izango dira proiekzioak, 3 euroan.

Kalean bertan Pedro Armestre prentsa-argazkilari galiziarraren argazki-erakusketa jarriko da, “Haurren ezkontzak” izenburuarekin. Sierra Leonako hegoaldeko neska eta emakumeen egoera ikusarazi nahi du erakusketak. Gasteiz hiribidean ikusi ahalko da, Europa biltzar jauregiaren ondoan, abuztuaren 12tik irailaren 1era arte.

Ospe handiko kazetariak eta prentsa-argazkilariak etorriko dira hirira, informazio mota horretan esperientzia luzea dutenak: Pedro Armestrez gain, Mónica García Prieto, Jesús Nuñez Villaverde, Sandrine Morel eta Karlos Zurutuza.

Aurtengo berritasuna abuztuaren 30ean iritsiko da, 19:00etan ANTÍLOPEZ taldearen musika ikuskizunak emango baitio amaiera programari. Bikote huelvarrak ibilbide luzea egin du, musika eklektikoa eta umore adimentsua nahastuz, eta haien hitz garratzak eta estilo berdinezina gaurko errealitatearen kronika dira.

Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiak

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 uztaila 2019 12:24

 

Aurrekontua % 18 handitu da, urriaren 4tik abenduaren 1era arte 33 ikuskizun eskaintzeko

 

 

 

 

Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia aurkeztu du gaur; urriaren 4tik abenduaren 1era arte iraungo du aurten jaialdiak. Harekin batera Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti izan da, erakunde horrek ere laguntzen baitio aurten 44. ediziora iritsi den kultur ekitaldiari.

Antzezte arteekiko topaketak 33 ikuskizun —horietako 9 estreinaldiak— eskainiko ditu, “eta horiekin gure ohiko ezaugarriei eutsiko diegu: abangoardiaren eta nazioarteko sorkuntzaren aldeko apustua, eta bertako sorkuntzari eta hizkuntza eszeniko berriei sostengu irmoa ematea”, azaldu du Estíbaliz Cantok. Haren hitzetan, aurtengo edizioa “ausarta eta arrisku handikoa” da.

Abenduaren 1era arte, nazioarteko 11 proposamen hartuko ditu jaialdiak (Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Kanada, Italia, etab.) eta bertako taldeek ere leku garrantzitsua izango dute, 13 lan aurkeztuko baitituzte.

Hauek dira aurtengo programazioaren alderdi nabarmengarrienak:

  • Nazioarteko sorkuntzaren ikuspegia. Nazioarteko 11 proposamen etorriko dira: antzerki zentro garrantzitsuak, hala nola Royal Shakespeare Company eta Théâtre des Bouffes du Nord (Peter Brook zuzendari duena); konpainia ospetsuak, esaterako, Need Company (Jan Lauwers zuzendari duena) eta Rimini Protokoll (lehen aldiz Euskadin). Beste sortzaile gailen batzuk ere etorriko dira: Marie Chouinard, Chapitô konpainia portugesa, Ballets Jazz Montréal, Claudio Tolcachir, etab.
  • Tokiko antzezte sorkuntzaren zabalkundea. Proyecto Larrua, Colectivo Monstrenko, Sleep Wak Collective, Mono habitado, Zurrunka, Tanttaka eta Kukunka euskal konpainien proposamenak ikusi ahalko dira; azkenak urriaren 3an estreinatuko du lan berria, jaialdiaren 44. edizioa inauguratzeko.
  • Hizkuntza berrien aldeko apustua. Dantzan, nazioarteko lanetan zein JIM Aktual zikloan, non Best of Birmingham Festival-eko lanak eskainiko baitira berriro. Francisco Ruiz de Infante artista gasteiztarrak Hors Champs konpainia frantziarrarekin landutako Carmen // Shakespeare proiektua helduko da hirira, baita ezohiko espazioetarako proposamenak ere, Enred@dos eta Off Lokal ekimenen bitartez.
  • Beste kultur eragile batzuekiko lankidetza. Oraingoan, hauekin aritu da lankidetzan: Gironako Temporada Alta jaialdia, Best of Birmingham Festival, Théâtre des Bouffes du Nord, Princesa de Asturias fundazioa eta Centro Dramático Nacional —harekin batera koordinatu da Peter Brook-en bira—.
  • Familientzako proposamenak. Antzezte arteen geroko audientziak sortzen joateko estrategiaren baitan familia antzerkirako abonamendua nabarmentzen da, zeinak hainbat formatu barne hartzen baititu (dantza, lirika, ikus-entzunezkoak edo txotxongiloak), konpainia handien eskutik, hala nola Gorakada eta Aracaladanza. Haurtxoak proiektuaren beste edizio bat ere egingo da, 1 eta 3 urte bitarteko haurrentzako lau ikuskizunez osatua.
  • Ikusle aktiboaren eskaera. Antzerkia Zabaltzen atalean publikoarekiko hiru topaketa antolatu dira, antzerki dokumentalari buruzko lantegia eta Carlos Pérez Uralde irrati-antzerkiaren V. lehiaketa.
  • Ospetsuen presentzia. Josep María Pou, Viejo amigo Cicerón lanarekin etorriko dena, edo Luis Bermejo, Mariachis ekarriko duena.

Abonamenduen salmenta irailaren 19an hasiko da; aurtengo edizioak 420.000 euroko aurrekontua du, 2018an baino % 18 gehiago.

Nazioarteko Antzerki Jaialdia

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 uztaila 2019 11:44

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak —Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen du —2019-20 ikasturtean gizarte etxeetan emango diren kultur ikastaroak aurkeztu ditu berariaz. Eskaintza zabala eta askotarikoa da, eta helburua du herritarrei kulturaren hainbat arlotako ezagutzak era didaktiko eta atseginean eskaintzea, betiere jorratuko diren gaietan adituak diren irakasleen eskutik.

Ikastaro teorikoak dira gehienbat, eta kasu batzuetan jarduera praktiko osagarriak ere tartean izaten dira. Herritarrek zer aukeratu izango dute, haien gustuen eta interesen arabera, hainbat arlo jorratuko baitira ikastarootan.

Izan ere, denetariko gaiak aurki daitezke programazioan: artearen historia, zinema, musika, historia, psikologia, kriminologia, etab. Irakasleei dagokienez, zorroztasun zientifikoa bermatzen duten adituak arituko dira ikastaro guztietan. Haien artean, Sabin Salaberri musikaria, Santiago Arcediano historialari eta arte kritikaria, Felix Mugurutza etnografoa, Jorge Moneo zinegilea, Juan Ibarrondo idazle eta kaze-taria edo Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat irakasle, besteak beste.

2019-20 ikasturteko eskaintza 20 ikastarok osatzen dute, eta horietako 3 euskaraz izango dira. 7 eta 15 saio bitarteko ikastaroak dira guztiak, eta astean behin edo bitan emango dira Gasteizko gizarte etxe gehienetan. Guztira, 725 leku. Izena emateko aurretiko epea zabalik da dagoeneko, eta hala jarraituko du abuztu osoan eta irailaren 4ra bitartean. Zozketa egingo da gero, irailaren 5ean, eta, edonola ere, bigarren epealdi bat zabalduko da berriro irailaren 17an, geratu diren leku libreak bete ahal izateko.

Ikastaro guztien informazio zehatza edozein gizarte etxetan nahiz www.vitoria-gasteiz.org/kultura web orrian dago eskuragarri. Hemen, batzuk baino ez ditugu aipatuko: 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren memoria emakumeengandik eraikia, basoetako arkeologia, mundu arabiar-islamikoa, sexu- eta genero-dibertsitatea eta haren kultur adierazpenak historian zehar, Errenazimentuaren maisua den Rafael handiaren pintura (izan ere, 2020an haren heriotza-ren 500. urteurrena ospatuko da), etab.

Hiru ikastaro euskaraz izango dira: ardoa dastatzeari buruzkoa bata, euskal kulturaren ohiturei, sinesmenei eta mitoei buruzkoa bestea, eta Gasteizko martxoaren 3ko gertaerei buruzkoa hiru-garrena.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 uztaila 2019 12:24

Alkate Gorka Urtaranek eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok Andre Maria Zuriaren Kofradiaren ordezkari batzuk —Ricardo Sáez de Heredia abadea buru zutela— hartu dituzte gaur goizean udaletxean.

Urtero bezala, alkatea eta Kultura arduradunak Gasteizko jaien aurreko bilera egin dute kofradiako kideekin. Izan ere, talde horrek Andre Maria Zuriaren ohorezko hainbat ekintzatan parte hartzen du, eta horietako batzuek jendetza handia biltzen dute, hala nola Farolen Prozesioa eta Egunsentiko Arrosarioa .

Abadeak kofradiak argitaratzen duen “La hornacina” aldizkariaren ale bat eman die Gorka Urtaran eta Estibaliz Cantori; alkatearen agurraz gain, Txema Blasco aktore gasteiztarraren deskribapena, 5. Misterio Pozgarriaren garraiolariei buruzko erreportajea, Andre Maria Zuriaren koroei buruzko informazio osoa eta abar barne hartzen ditu aurtengo aldizkariak.

Share

Aurrekoak »