Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 abendua 2018 14:25

Zabalganeko osasun-zentroan martxan jarri den proiektuak 65.000 pertsonari eskainiko die zerbitzua, kirol-jardueren udal-programarekin koordinaturik

Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko —kasu honetan  osasuna— tresna bikaina dela Osakidetzaren eta Udalaren arteko lankidetza, nabarmendu du alkateak

 

Jon Darpon Osasun Sailburuak Araba Erakunde Sanitario Integratuan martxan jarri den lehen mailako arretaren esparruko fisioterapia-proiektu pilotua aurkeztu du gaur goizean. Lepoko, bizkarreko eta sorbaldako minak jotako pazienteak osasun-zentroetatik bertatik tratatzea da proiektuaren helburua.

Hezur-giltzaduretan mina duten herritarrentzako artapena hobetzeko estrategia berria da, eta berari esker, osasunaren sustatzaile gisa bultzatuko da lehen mailako arreta. Estrategiak, halaber, pazienteak ahaldundu nahi ditu norberaren zainketaren ikuspuntutik, beren baliabide propioak eta udalerrikoak baliatu ditzaten.

Jon Darponek adierazi bezala, “programa honek pazientearen susperketa erraztu, berriz ere gaixotzeko aukerak murriztu, eta errehabilitazio eta fisioterapiako arreta-zirkuituak ordenatu nahi ditu, atzerapenak murrizteko eta paziente guztien irisgarritasuna hobetzeko”.

Familiako medikua izango da lehen miaketaren ondoren eta paziente bakoitzaren historialaren arabera diagnostikoa egingo duena. Aurrez definitutako protokoloari jarraituta, beharrezko tratamendu farmakologikoaren ostean beti ere, eta behin baztertuta ospitale-arretaren beharraren seinaleak, paziente bakoitza osasun-zentroko fisioterapiako profesionalengana desbideratuko da, Errehabilitazio Zerbitzuak gainbegiratutako tratamendua ezar dakion.

Pazienteak 8-10 laguneko taldeetan antolatuko dira bakoitzaren patologiaren arabera, eta 60-90 minutuko 10 saiotan, beren minari egokitutako jarrera-higienearen eta ariketen inguruko ezaguerak bereganatuko dituzte.101 m2ko gimnasio bat izango dute gainera, beharrezko diren baliabide materialekin.

Gasteizko Udalaren kirol-ekintzen programarekin lankidetzan prestatu da proiektua, zirkuitu bat sortzeko lehen mailako arretaren esparruko fisioterapiatik udal-jarduera fisiko eta kirol-ekintzetara, orientazio- eta jarraipen-zerbitzu bat dela medio.

Pilotaje fasea azaroan abiatu zen Zabalganako osasun-zentroan, eta Sansomendiko eta San Martineko osasun-zentroei dagokien biztanleria ere hartzen zuen barne, 65.000 pertsona guztira. Aurreikuspenen arabera, urtero 500 paziente inguru artatuko dira Zabalganan.

Sailburuak eskertu egin dio lankidetza Gasteizko alkate Gorka Urtarani, eta bizi-kalitatea hobetzea xede duten gisa horretako programak martxan jartzeko emandako laguntza. Alkateak, bere aldetik, azpimarratu du proiektu berritzaile hori Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko lankidetzari esker gauzatu dela. “Hauxe da agintaldi osoan jorratu dugun bidea: erakundeen ahaleginak batzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko; kasu honetan, osasuna. Horregatik, proiektu horretarako eta zerbitzua hobetzeko antzeko proiektuetarako behar duen lankidetza eskaintzen diogu Osakidetzari”, adierazi du.

 

Share