Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 apirila 2019 10:46

 

 

 

 

 

 

Berrehun pertsonatik gora hurreratu dira Goiuri jauregira Gasteizko lehen Udalbatza demokratikoak egindako lana aitortzera, hura eratu zenetik 40 urte igaro direnean. Ekitaldian 1979an hautatu zituzten hamabi udalkidek hartu dute parte, bai eta zendutakoen senideek ere. Gainerako legealdietan zinegotzi lanetan aritu direnetako batzuk ere hurbildu dira, egungo Udalbatzako kide gehienekin batera.

Omenaldiari hasiera emateko Luis Aranburu Musika Eskolako eta Jesus Guridi kontserbatorioko Ariadna hari-laukoteak Sebastian Iradierren “La Paloma” konposizioa jo dute; gero, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hitz batzuk esan ditu lehen udalbatza demokratikoak egindako lana eskertzeko eta historiako berrogei urte hauetan erdietsi diren lorpen handienen gainbegiratua egiteko.

“Aitzindariak izan zineten euskal udalgintza berrian. Gure hirian gizarte, ekonomia eta ingurumen arloko garapena gauzatzeko oinarriak ezarri zenituzten. Errealitatetik hurbileko politikan, pertsonekin harreman zuzena duen horretan, lehen urratsak eman zenituzten. Zuei eskerrak egun Gasteiz hiri modernoa da”, azpimarratu du Urtaranek. Izan ere, alkatearen ustetan, etengabeko aldaketa sakonez jositako testuinguru sozial eta politiko zail hartan egindako lanari esker daukagu gaur egun dugun superhiria, tokiko politika askotan aitzindari eta erreferente dena.

Lehen udalbatza hura osatu zuten 34 pertsonen izenak irakurri bezain laster ohorezko aurreskua dantzatu diete, eta horren ondoren, lehen Udal hura osatu zuten lau alderdi politikoetako ordezkari banak hitz egin die bertaratutakoei: Severino Rodríguez de Yurre, Luis Alberto Aguiriano eta Alfredo Marco Tabar zinegotzi ohiak mintzatu dira lehenik, eta amaitzeko, José Ángel Cuerda, lehen alkate demokratikoaren txanda izan da.

Cuerdak “besarkada hunkitua” helarazi die lehen udalbatza hura osatu zuten guztiei, eta jada gure artean ez daudenekin oroitu da bereziki. 1979ko apirilaren 3aren inguruko gertakari historikoei gainbegiratua eman eta gero –orduan izan baitziren lehen udal hauteskundeak–, hiriak demokraziaren barruan duen funtsezko balioa nabarmendu du, eta, azpimarratu, udalak oinarrizko komunitate politikoak direla ongizatea eta pertsonen arteko berdintasuna bermatzeko. Alkate-zereginetan hogei urtez aritutakoak politikagintzaren hiru ardatz nagusi azpimarratu ditu: solidaritatea, hezkuntza eta partaidetza. “Printzipio horiek zuenganatu eta, norberak bere ikuspuntutik, noski, guztion ongizatea bermatuko duen hiri bat lortzeko bidean urratsak ematen jarrai dezazuen animatzen zaituztet”.

Gaur egin den aitorpen ekitaldiaz gain, zeina Jesús Guridiren musikaz amaitu den, Goiuri jauregiak Udalbatza demokratikoaren 40. urteurrena ospatzeko argazki-erakusketa bat ere hartuko du egunotan.

Hona hemen lehen Udalbatza demokratikoa osatu zuten eta gaurko ekitaldira hurreratu direnen izenak: José Ángel Cuerda, Mª Lourdes Aburto Ascolizaga, Patxi Ormazabal Zamacona, Pablo López De Heredia, Benedicto Barrios, Alfredo Marco Tabar, Miguel Angel Echevarria, Jose Vidal Sucunza, Luis Alberto Aguiriano, Augusto Borderas, Severino Rodriguez De Yurre, Guillermo Perea

Zendutako udalkide hauen senitartekoak ere bertan izan dira: Mª Jesús Agirre, Luis Aldaiturriaga, Mercedes Villacian, Enrique Villar, Primitivo Prieto, José Pérez Valderrama, Jesús Ignacio Ibáñez de Matauco, José Ramón Molinuevo

 

 

 

Share