Prentsa Oharren banner

Gasteizek lehiaketara atera du bolumen handiko hondakin-bilketa, lehen aldiz modu esklusiboan kudeatuko da

Urtaranen gobernuak hondakin mota horren kudeaketa hobetu eta, haiek berrerabiliz, ekonomia zirkularra sustatu nahi du

 

Hondakinen bilketa eta garbiketako zerbitzu orokorra hobetzeaz batera, Urtaranen gobernuak etxeko eta merkataritzako bolumen handiko hondakinak biltzeko, sailkatzeko eta kudeatzeko zerbitzua lehiaketara ateratzea onartu du gaur. Ekonomia zirkularraren ikuspegiarekin egin du eta, lehen aldiz, garbiketako kontratu orokorrarekiko modu independentean.

Ekonomia zirkularra lortzeko trantsizio-estrategia horren testuinguruan, Gasteizko herritarrek eta merkataritzako nahiz ostalaritzako sektoreek sortutako bolumen handiko hondakin guztiak biltzeko sistema eraginkorrak ezarri beharko ditu zerbitzu berriak, hala, haien erabilera erraztu eta ondoren errazago kudeatzeko. Horrez gain, bide publikoan kontrolik gabe utzitako bolumen handiko hondakinak azkar jasotzeari lehentasuna eman nahi zaio, kalean haien presentzia ahalik eta gehien murrizteko.

Kudeaketan aldaketa hori eginda, Udalak berrerabiltzea sustatu nahi du birziklatzearen gainetik, eta bigarren aukera gisa, birziklatzea eta balorizazioa, deuseztearen gainetik. Modu paraleloan, ondasun berrerabilgarrien, konpondutakoen edo berriz manufakturatutakoen kontsumoa sustatuko eta zabalduko da.

Bolumen handiko hondakintzat hartzen dira honako kategoria hauen barruan dimentsio handiko hondakin guztiak: altzariak, gailu elektriko eta elektronikoak, koltxoiak, egurrak, metalezko elementuak eta etxeko edo merkataritzako jatorria duten beste edozein material, dituzten dimentsioak, pisua edo bestelako ezaugarriak direla eta kaleko edukiontzien bidez bildu ezin badira.

Kontratu berria lizitaziora 6,2 milioi euroko aurrekontuarekin aterako da, eta exekutatzeko epea 4 urtekoa izango da, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

 

Share

Urtaranen gobernuak lehiaketa deitu du Aranbizkarreko futbol-zelaiko aldagelak amaitzeko

Aranbizkarreko futbol-zelaiko aldagelak amaitzeko lanak kontratatzeko dosierra onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak, 480.000 euroko aurrekontuarekin. Amaitu gabe geratu zen proiektua burutzea ahalbidetuko du inbertsioak; izan ere, lehen kontratua esleitu zitzaion enpresak ezin izan zituen hartutako konpromisoak bete. Bukatzeke dagoen lana burutzeko hiru hilabeteko epea ezarri da.

Gehien bat instalazioekin lotutako lanak dira: klimatizazioa, ur bero sanitarioa, elektrizitatea eta argiteria. Suteen aurkako eta sarkinen kontrako segurtasun-sistemak ere jarriko dira. Bestetik, akabera-lanak egingo dira: eraikinaren barruko banaketa eta sabai faltsua jartzea. Orobat, barruko zurgintza lanak aurreikusi dira, eta komunikaziorako eta telekudeaketarako ekipamenduz hornitzea.

Ingurunea urbanizatzeko lanek atal berezia osatzen dute, horiei esker futbol-zelaia Aranbizkarreko parkearekin eta aldageletatik gertu dagoen oinezkoentzako zidorrarekin lotuko baita. Egiteke geratutako sarbideak egingo dira, soropila landatuko, eta beste osagarri batzuk gauzatuko.

Lanak bukatutakoan, Aranbizkarreko futbol-zelaiko eraikin nagusiak lau aldagela izango ditu, bakoitza zortzi dutxaz eta konketa batez hornitua. Horretaz gain, entrenatzaile eta epaileentzako bi aldagela, komunak, kontrol-aretoa, kontrol-langileen aldagela eta garbiketa-gela hartuko ditu. Bada bigarren mailako beste espazio bat, zeinean jendearentzako komunak eta instalazio-gela baitaude. Eraikuntza osoan Passivhaus estandarrei jarraitu zaie, gerora ziurtagiria lortzekotan, energia-eraginkortasuna nabarmen hobetzea ahalbidetzen baitu.

 

Share

Udalak gazteentzako #kirolerronkak lehiaketa abiarazi du

• Hamar proba desberdin planteatuko dira, eta gutxienez bost gainditu beharko dira.

 

Datozen asteetan, 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat kirol erronka handia izango da Gasteizen. Udalak, Kirol Zerbitzuaren bitartez, #kirolerronkak lehiaketa abiarazi du, eta bertan jarduera fisikoko hamar erronka planteatzen dira, parte-hartzaileen ahalegina eta gaitasuna probatzeko. Hamar erronketatik bost gainditzea da helburua, besteak beste, runninga, saskibaloia, patinajea, futbola eta mendira igotzea. Lehiaketak, sare sozialetan isla izateko bereziki pentsatua, sariak izango ditu, bai gutxienez bost erronka lortzen dituztenentzat, bai hamarrak lortzen dituztenentzat.

#kirolerronkak lehiaketa diseinatu da modu errazean egin daitezkeen kirolen ahalik eta espektro handiena biltzeko, egungo osasun-egoerak ezarritako mugak kontuan hartuta. Gainera, 14 eta 17 urte bitarteko adin-tarterako bereziki pentsatutako jarduerak dira, kirola egitera bultzatzeko asmoarekin, kontuan hartuta gazteak urte honetan kirola egiteko izaten ari diren muga handiak. Hona hemen planteatutako hamar erronkak:

  1. Eraztun Berdearen Itzulia oinez edo bizikletaz ematea.
  2. Erraketa edo palako kirol batean 150 kolpe jarraian ematea.
  3. Izotz-pistari bi bira ematea, euskarririk edo erori gabe.
  4. Gasteizko running ibilbide bat korrika egitea, gutxieneko denbora jakin batean
  5. Saskibaloiko 10 hiruko saiakeratik 5 sartzea.
  6. Konbara jauzi-sekuentzia jakin bat egitea.
  7. Eskalada zeharkaldi bat egitea Gasteizko rokodromoetako batean
  8. Gasteizko udalerriko edo inguruko mendietako batera igotzea.
  9. 3 dominada egitea edo pinua 10 segundoz egitea
  10. Futboleko edo boleiboleko baloi batekin 25, 50 edo 100 ukitu egitea lurrera erori gabe.

Erronka horietako bakoitzaren xehetasunak v-g.eus/kirolerronkak webgunean kontsulta daitezke, baita lehiaketaren oinarrien xehetasun guztiak ere. “Erronka primi” bat ere planteatzen da, aurreko hamarretako edozein ordezkatzeko balio duena; horretarako partehartzaileak kirol erronka bat proposatu behar du eta lortu beste 5 pertsonak hori gaindi dezaten.

Planteatutako 10 erronketatik 5 erronka gainditzen eta betetzen dituztela egiaztatzen duten lehenengo 150 pertsonen artean daudenek 2021eko Neguko edo 2021eko Udaberri/Udako Kirol Bidean kanpainetako jarduera baterako irteera bat izango dute sari gisa. Era berean, 10 erronkak lortu dituzten lehen 30 pertsonek saria dute: 2021eko Nautika Jardueren Kanpainako jarduera batean izena ematea doan. 5 erronka betetzen dituztenentzat, baina 150 lehenen artean izan ez direnak, ere izango da gainditze-opari bat, eta, era berean, parte- parte hartuko dute Gasteizko Udalaren 2021eko Nautika Jardueren Kanpainako jardueretarako (windsurfa, paddle-surfa, ur lasaietako piraguismoa, belaren hastapena) beste 30 izen-emateren zozketan.

Erronkak gainditu direla egiaztatzeko, argazkiak, bideoak edo bestelako material erakusgarriak erabili ahal izango dira, eta sare sozialetan argitaratu ahal izango dira, nahi izanez gero. Xehetasun guztiak lehiaketaren oinarrietan daude.

“Badakigu gazteek aukerak behar dituztela murrizketek markatutako testuinguru horretan, eta kirola izan daiteke onena. Beti saiatzen gara kirol-jarduera fisikoa ahalik eta gehien sustatzen eta errazten, eta lehiaketa honek motibazioa eta beste adibide bat izan nahi du, mugak muga, Gasteizek, bere kirol-instalazioen sareak eta naturguneen sareek gazteentzako aukera ugari eskaintzen dituztela erakusteko”, adierazi du Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotziak.

+info: #kirolerronkak lehiaketa

Share