Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 urtarrila 2019 14:34

 

 

 

 

 

 

  • Biltzarra 2019ko apirilaren 11tik 13ra egingo da, “Ondo lo egin, luzaro bizi, hobeto bizi” lelopean.
  • Programatutako jarduerak ez dira soilik Europa biltzar-jauregian eta Goiuri jauregian egingo, hiriko beste hainbat txokotara ere helduko dira.
  • Ikeak lau logela eraikiko ditu, eta Loaren Espainiako Elkarteak ezarritako oinarri zientifikoei jarraituko die koltxoia, hezetasuna, tenperatura eta argiztapena zehazteko garaian.
  • Aurreikusitako partaidetzak Europa mailan egiten diren biltzar askoren zifrak gainditzen ditu; izan ere, 4.500 pertsona baino gehiago urreratuko direla uste da.

 

Loaren Espainiako Elkarteak (LEE) Gasteizen egingo du bere Urteroko XXVII. Biltzarra, apirilaren 11tik 13ra bitartean, eta bere biziko garrantzia izango du, bere izaera irekia dela medio, biltzar zientifikoen artean mugarri bihurtuko baita. Izan ere, Gasteiz ‘loaren hiri’ bihurtuko duen ekitaldi horren xedea jarduerak hiri osora zabaltzea da (eta ez, ohi bezala, areto bakar batean geratzea), hala, ezaguera zientifikoa esperientzia partekatu bihurtzeko.

“Hiru egunez arreta handia erakarriko dugu osasun politiken barruan guztiz funtsezkoa den gai honen inguruan. Bizi-kalitatearekin lotutako hainbat alderditan Gasteiz erreferentea dela badakigunez, eta hizlari, biltzarkide eta bisitari andana etorriko dela aprobetxatuz, gure helburuetako bat pertsona horiei hiriaren ahalik eta irudirik onena helaraztea da. Beste helburu bat loaren medikuntzaren eta Gasteizentzat estrategikoak diren alorren (kirola eta iraunkortasuna, besteak beste) arteko sinergiak eratzea da, hala, areagotu egingo baita biltzar honek hiriari egingo dion ekarpen soziala”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

“Hiritarrei zuzendutako biltzarra dugu hau; ez da hiritarrei irekitako biltzar bat, baizik eta Loaren Espainiako Elkartearen bidez zientzialariak eta hiritarrak hibridatuko dituen ekimen bat, zientzialarien etorkizuna eta ezaguerak sustatuko dituena, baina baita hiritarrenak ere. Uste dugu loa ez dela medikuek eta zientzialariek soilik landu beharreko gaia, biztanleria osoari eragiten baitio”, dio Loaren Espainiako Elkarteko zuzendari den Alejandro Iranzo doktoreak.

LEEren, hiritarren eta esparru horretako enpresen arteko aliantza sortzeko asmoz sinatutako “Gasteizko Ituna”  akordioaren parte da ekimen hau.  Itun horren xedea bikoitza da: alde batetik, hiritarren artean loaren inguruko ezaguera sustatzea, eta, bestetik, loaren medikuntzan dabiltzan profesionalek egiten dituzten ahalegin zientifikoak eta laguntzakoak pazienteei soilik ez ailegatzea, hiritar guztiei baizik.

 

Hiritarrei zuzenduriko programa

Komunitate zientifikoak duen parte hartze bera izango dute herritarrek beren osasuna eta etorkizuna sustatzea eta ezagutzak handitzea asmo duten jarduera horietan. Hau da, biltzarrerako ezarritako helburu zientifikoak herritarrengana ere eramango dira”,  azaldu du biltzarraren batzorde antolatzaileko zuzendari Carlos Egeak.

Horretarako, hitzaldi eta jarduera zientifikoz jositako programa bat diseinatu da, bizitzaren hasierako, erdiko eta bukaerako etapetan dauden pertsonentzako jarduerak batzen dituena, ezagutza eta etorkizuna bizitzako aldi guztietan bultzatzea baita asmoa.  Hitzaldietan, gehienezko pertsona-kopurua 400 eta 850 bitartekoa izango da eta, esan beharra dago, interes handia pizten ari direla, kasu batzuetan, baita haien nondik norakoak iragarri baino lehen ere. Horren adibide dira DBHko eta unibertsitateko ikasleentzat programatutako saioak: urtea bukatu baino lehen, eta oraindik promozioa egin gabe zegoelarik, gutxi falta zen “txartel guztiak salduta” kartela esekitzeko. Hori ikusita, antolakuntzakoek erabaki dute saio horiek streaming bidez ematea.

Hitzaldiez gain, hiritarrentzako programa osatzeko, beste eragile batzuen parte hartzea baliatuko da, besteak beste, euskal kirol talde nagusiena. Eragile horiek loa eta kirola lotzen dituen kongresuan egingo dute beren ekarpena: Athletic Club, Real Sociedad, Deportivo Alavés, Eibar eta Baskonia taldeek eta Euskal Herriko Itzuliak bat egin dute LEErekin loaren eta kirolaren arteko dualtasuna ikertzeko eta sustatzeko. Klub horiek beren zuzendari medikoak eta lehen taldeetako kirolari batzuk jarri ditu biltzarraren esku, eta hori gutxi balitz, Joseba Beloki, Silvia Trigueros eta Luis Arconadaren mailako kirolariak ere egongo dira tartean. Gainera, ekitaldi horretan herritarrei irekita egongo den debate bat antolatu da, honako helburu honekin: ahalik eta errendimendu handiena lortzeko loa eta ariketa fisikoa nola baliatu behar diren jakitea eta identifikatzea”, adierazi du Egeak. 

 

Ikeak lotarako hobezina den gela bat eraikiko du 

Herritarrei zuzenduriko programaren azken atala Ezagutzaren Feria izenekoa da. Loaren medikuntzaren alorrean paper garrantzitsua duten enpresa eta erakundeen arteko topalekua izango da eta, bertan, lantegiak eta jarduerak antolatu eta produktuak erakutsiko dira. “Gure asmoa da enpresa-balioa gehitzea loaren ezagutzari. Oinarri zientifikoa duten produktuak bilatzen ari gara ferian sartzeko”, adierazi du Egeak.

Horrez gain, Ezagutzaren Ferian LEE-Ikea gunea ere instalatuko da.  Horretan, altzarien multinazional suediarrak bere diseinuko lau logela berreraikiko ditu eta Loaren Espainiako Elkarteak ezarritako oinarri zientifikoei jarraituko die koltxoia, hezetasuna, tenperatura eta argiztapena hautatzeko garaian. “Lehen aldia da logela bat diseinatzean loaren medikuntzan adituak direnek ezarritako irizpideei jarraitzen zaiena”. Asmoa da logela horietan lo-zikloak gehienez bi minutu irautea, hala, bisitariek in situ ikusi ahal izateko, besteak beste, nolako argia behar den lokartzean eta esnatzean”, azaldu du Batzorde antolatzaileko lehendakariak.

Azkenik, eta hiritarrek biltzarrean izango duten papera indartzeko, 1992ko Bartzelona joko olinpikoetan baliatu zenaren tankerako boluntario-programa bat jarriko da martxan, hiritarrak 4.500 bisitari baino gehiago jasoko dituen biltzarraren kudeaketan sar daitezen; izan ere, partaidetza-aurreikuspen horrek Europa mailako kongresu askoren zifrak gainditzen ditu.

 

Programa zientifikoa 

Biltzarraren aurre-programa zientifikoa nahikoa landuta dago eta iragartzen digu, loaren gaia baliatuz, osasunari lotutako mota guztietako alderdiak landuko direla: apnearen tratamendua, ordutegi-aldaketaren eragina, narkolepsiaren aldaerak, loaren kalitateari lotutako narriadura kognitiboa, hanka urdurien sindromea haurretan, loari lotutako terapia miofuntzionala, etab.

Horretarako, alor guztietako puntako profesionalek sortutako talde bat ekarriko da eta, horien artean, beren alorrean erreferente diren Eduardo Anitua eta Eduard Estivill doktoreak egongo dira.

Saioez, biltzarrez eta satelite motako sinposioez gain, bada beste atal bat programa zientifikoan: ahozko aurkezpenei dagokiena, alegia. Horien bidez, parte hartzeko interesa duten aditu eta ikertzaileei haien ekarpena egiteko aukera luzatu nahi zaie. Batzorde batek jasotako proposamenen artean hautaketa egingo du eta, bukaeran, bi sari emango zaizkie aurkezpen txukunenei.

“Talde, adin eta zientzialari bakoitzak bere neurriko jarduerak aurkitu ahalko ditu. Esan liteke biltzar pertsonalizatua izango dela etorkizuna eta ezagutza sustatzeko konpromiso sendoa duen hiri honetan egingo dena”, diote Loaren Espainiako Elkartekoek.

 

Gasteiz, hiri berezia 

Gasteiz biltzar hau egiteko hiri egokia dela iruditu zaigu, oso hiri erakargarria eta berezia delako. Ahalegin handia egiten du bizi-kalitatea hobetzeko eta, ondorioz, loarekin zerikusia duten arazoen eta horien aniztasunaren zabalkundean ere aitzindari da. Horren erakusgarri da hirian loaren medikuntzak duen tradizioa, besteak beste, Joaquín Durán eta Carlos Egea doktoreak buru dituena”, azpimarratu du Loaren Espainiako Elkarteko zuzendariak.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eskertu egin ditu laudorioak eta nabarmendu du apirilean egingo den ekimen hori mugarria izango dela hiriko biltzar-jarduerari dagokionean. Aipatzekoa da Gasteizko Udala loaren biltzarraren antolakuntzan sartuta dagoela, hiru betebehar nagusirekin: jarduerak egiteko espazioak lagatzea (jarduera zientifikoak zein publiko orokorrari irekiak izan), hiritarrentzako jardueren batzordean parte hartzea, eta partaidetza sustatzearekin, boluntarioekin eta instituzioarteko koordinazioarekin zerikusia duten kontuetan laguntzea.

Informazio gehiago: http://www.congreso-ses.com/

 

 

 

 

 

 

Share