Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 iraila 2018 12:52

2018ko proiektu artistikoen deialdian hautatutakoetatik jendaurrean jartzen den lehen lana da

2018ko proiektu artistikoen arteko lehena, Ainhoa Akutainen “lúcu_lúcu (ikusi, begiratu)”, iralaren 28tik azaroaren 18ra arte egongo da ikusgai Montehermosoko lehen solairuan.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta egileak berak aurkeztu dute gaur prentsaren aurrean.

Cantok nabarmendu duenez, programaren xedea da “tokiko artisten proiektuak landu, erakutsi eta zabaltzea, horien bitartez jardun artistiko garaikidearen alorrean lantzen ari diren lengoaia eta diskurtso berriak ezagutarazi eta horietaz hausnartzearren”.

“Lúcu_lúcu (ikusi_begiratu) lanak espazio bizituaren eta espazio eraikiaren arteko zirrikituetan miatu nahi du, abiapuntu hartuta eskulturaren berezitasunekiko konpromisoa, betiere eskultura ulertzen dugularik zentzu zabalean, eta ulertzen dugularik, baita, sormen-prozesu gisa, zeinaren praxi diferentziala osotasun baten zatien arteko prozesu dinamikoak eta eraldaketa-aukerak errekonozitzeko ahalmenaren berdefinizio etengabetik eratortzen den.

Artistak leku bakoitzean aurkitzen dituen baliabideek elikatzen dute proiektua, eskultura, argazkia, bideoa eta idatzizko lanak zein grafikoak txertatuz, eta hizkuntzaren, zeinuaren eta gizarte errepresentazioen artean tartekatzen den distantziari erreparatuz.

Ibilbide horretan, pidginaren bitartez sakonduko da deskribatutako tentsioa. Pidgina hizkuntza ez-perfektua da eta, hala ere, pragmatismoaren paradigma. Pidginak lekua izan zuen euskal arrantza-tradizioan, eta baita, beste leku batzuen artean, Kuban ere, han bozal izenpean; bozala “adierazpen-gaitasunik gabeko beltzen alterazio linguistikotzat” jotzen zen. Alabaina, bozalak hautsi egiten zituen eredu genealogiko indoeuropar tradizionalak: beste horietan ez bezala, egitura zein moldeen sistematikotasun eza nabaritzen da bozalean, mestizaia linguistikoak berezko duen transmisio-prozesua eten izanaren ondorioz.

Azken batean, pentsamendu nagusi eta menderatzaileari molde alternatibo bat esleitzen dion (de)formazio bat da, haren interrogazioa, alegia.

Azalpenekiko bisitak ere egin ahalko dira: irailaren 28an, 20:00etan, egileak berak emango ditu azalpenak; urriaren 6an eta 11n eta azaroaren 3an eta 9an, Montehermosoko hezitzaile taldeak.

Ainhoa Akutain,

Eskulturako doktorea da, EHUtik. Artean aritzeaz gain, artearen irakasle eta ikerlaria ere bada. Zenbait beka eta sari nazional zein nazioarteko jaso ditu; beken artean nabarmentzekoak dira Eusko Jaurlaritzaren bi (ikerlarien prestaketa sustatzekoa, eta sormenaren aldekoa), Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Etxepare Euskal Institutuarena. Sarien artean, berriz, aipatzea merezi dute Grand Prix de la Découverte, EAC Uruguay, Arte Laguna Prize, The Story of The Creative, Stockholm Fringe Festival eta IPA International.

Akutainek banakako erakusketak egin ditu, eta kolektiboetan parte hartu izan du, arte-zentro nazional eta nazioartekoetan, esaterako hauetan: Veneziako Arsenale, Montevideoko Espacio de Arte Contemporáneo, New Yorkeko Angel Oresanz Foundation, Bartzelonako Disseny Hub, Londresko Asia House eta PIAF – Peckham International Art Fair, Miamiko ArtBasel, Stockholmeko Kulturhuset, besteak beste.

 

 

 

 

Share