Prentsa Oharren banner

Udal Bandak Iradier Arenan joko du datorren igandean, FesTValari amaiera emateko

Kultura Biziaren webgunean eros daitezke sarrerak

 

Gasteizko Udal Musika Bandak itxiko du FesTValaren 2021eko edizioa, irailaren 5ean (igandea). Oso kontzertu berezia proposatuko dute horretarako, ‘Un concierto fuera de serie’ izenekoa, zeinean Gasteizko musikariek telebistarekin lotura handia duten piezak joko baitituzte.

12:30ean hasiko da emanaldia, Iradier Arenan, Udal Bandaren zuzendari Luis Orduñaren gidaritzapean, eta FesTValaren zuzendari Joseba Fiestrasek aurkezturik.

“Udal Bandak FesTValaren barruan jotzen duen lehen aldia da, eta lankidetza honek ilusio handia egin digu. Zinema eta telebistarako musika beti agertu ohi da gure errepertorioan, adin guztietako publikoaren gustukoa baita”, azaldu du Luis Orduñak.

Datorren igandeko egitaraua, batetik, telebistako familiei eskainiko zaie, hala nola ‘La familia Addams’, ‘Los Simpsons’ eta ‘Padre de familia’, eta bestetik, telebistako ekoizpen handiei, ‘Star Trek‘ eta ‘Juego de Tronos‘ telesailei, zehazki; askotan erabilitako melodiak ere (‘Spanish Flea’ eta ‘Peter Gunn’) joko dituzte.

Telebistarako musika landu duten bertako konpositoreak ere gogoratuko ditu Bandak, Carmelo Bernaolaren ‘Banda sonora de una generación’ bilduma eta Bingen Mendizabalek ‘La Regenta’ telesailerako konposatutako balsa eta polka joz.

Iradier Arenarako sarrerak Kultura Biziaren webgunean *(esteka jarri) eros daitezke dagoeneko: pistakoek 6 euro balio dute, eta harmailetakoek, 5 euro.

Gasteizko Telebista Jaialdia abuztuaren 31tik irailaren 5era bitartean egingo da. Kontzertuaz gain, programa zabala antolatu da: denboraldiko telesail nabarmengarrienen eta telebista-kateen programa berrien aurkezpenak, proiekzioak, omenaldiak, hedabideetako profesionalen mahai-inguruak, lan-jardunaldiak, telebista eta irrati lantegiak kalean, eta zuzeneko saioak.

Informazio gehiago

 

 

Share

Udal Bandak “Pangea, gure planetaren musika paisaia” kontzertua emango du datorren igandean, Principal Antzokian

Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta familiei zuzenduta dago

Gasteizko Udal Musika Bandak “Pangea, gure planetaren musika paisaia” kontzertua emango du datorren igandean (otsailak 7), Principal Antzokian, Luis Orduñaren zuzendaritzapean. Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta 6 urtetik gorako familiako kide guztiei zuzenduta dago.

Kontzertuan Abraham Cupeirok, zeina munduko musika tresnen bakarlari eta “Pangea” proiektuaren sustatzailea baita, eta Josune Vélez de Mendizábal aktore-narratzaileak hartuko dute parte.

“Orain dela 200 milioi urte, kontinente bakar eta erraldoi bat zegoen gure planetan: Pangea. Hura pitzatzen hasi, eta, denboraren poderioz, gaur egun ezagutzen ditugun kontinenteak sortu ziren. Kontzertuan, Lurraren parteak lotuko ditugu proposatzen dugun musika-bidaian. Pangea gure planetaren kultura-aniztasunaren aldarria da”, azaldu du Luis Orduñak, Udal Musika Bandaren zuzendariak.

Emanaldia “Familientzako musika” abonamendukoa da, eta ordu bat eta 15 minutu iraungo du.

Abraham Cupeiroren oharrak

“1910ean, Alfred Wegener meteorologo alemana, atlasa begiratzean, ohartu zen kontinenteen siluetak elkarrekin ahokatzen zirela, eta harrezkeroztik datuak biltzen hasi zen; datuak gero “Kontinenteen eta ozeanoen jatorria” bere liburuan argitaratu zituen. Berak zioenez, orain dela 300 milioi urte, mundua kontinente bakar batek osatzen zuen, Pangeak, zeinak grekoz “Lur osoa” esan nahi baitu.”

“Biologiaren ikuspegitik, teoria horrek azaltzen du ozeanoek bereizita dauden kontinenteetako espezieen arteko ahaidetasuna. Geologiaren ikuspegitik, azaltzen du zergatik dauden antzeko formatu geologikoak kontinente ezberdinetan. Lehorrean bizi gara gizakiok, baina ozeanoek ezartzen dute, agian, zer klima dagoen eta, zenbaitetan, zer orografia dagoen, eta nolako izaera duten toki bateko biztanleek.”

“Obra honekin, Lurra batu nahi dugu musikaren bidez, modu metaforikoan, funtsezkoa baita denok bat egitea geure planetaren suntsipena geldiarazteko. Bat egite hori ezinezkoa izango litzateke, hirugarren elementu batengatik izango ez balitz: airea. Izan ere, airerik gabe, musika-tresnen soinuak ezin izango luke espazioa zeharkatu eta gure belarrietara iritsi. Musika tresna horiei, apalago diren beste batzuk gehitzen zaizkie, zeinek iradokitzen baitituzte eraman nahi zaituztegun kulturak eta paisaiak.”

“Entzun dadila musika Lurraren hondo-hondotik, ozeanoen hondo-hondotik!”

Abraham Cupeiro

Share

Streaming bidez emango ditu kontzertuak udal bandak, azaroaren 25etik aurrera

Isabel Rubiok zuzenduko du, datorren asteazkenean, ‘Haizea alde’ saioan

Gasteizko Udal Musika Bandak streaming bidez emango ditu kontzertuak azaroaren 25etik aurrera, ‘Jarraitu bandari’ ekimenari esker. Hala iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

“‘Jarraitu bandari’ ekimenarekin, publiko zabalago batengana iritsi nahi dugu. Pandemiak eragindako edukiera-murrizpena dela eta, 400 gasteiztar baino ez daitezke joan bandak Principal antzokian egiten dituen kontzertuetara. Neurri horrekin, handitu egingo dugu edukiera, zeharka, denboraldi honetan programatutako hitzordu interesgarriez gozatzeko aukera jende gehiagok  izan dezan”, jakinarazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Udalaren webgunearen bitartez jarraitu ahal izango dira saioak, esteka honetan.

Gainera, emanaldiak burutzen direlarik, edozein unetan berreskuratu ahal izango dira, grabazioak Youtuben geratuko baitira. “Horrela, Gasteizko Udal bandaren lana, klik bakar batekin, munduko edozein lekutatik ikusi ahal izango da”, gaineratu du Cantok.

Era berean, kontzertuen audioa eskainiko du Radio Vitoriak, Udal bandako zuzendari Luis Urduñak proposatutako errepertorioekin gozatzeko aukera izan dezaten entzuleek.

Azaroaren 25ean, asteazkenez, Principal antzokian izango den udal bandaren bigarren abonamendu-kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan izan da Urduña, zinegotziarekin batera. Isabel Rubiori utziko dio zuzendari-makila zuzendariak —prentsaurrekoan izan da hura ere—, ‘Haizea alde’ emanaldian banda zuzendu dezan.

“Emakumeek musikan jokatzen duten papera nabarmentzeko garaia da. Hori dela eta, emakumezko orkestra-zuzendari gonbidatu bat izango dugu, lehenengo aldiz. Isabel Rubio, Vigo 430 orkestrako eta Granadako Gazte Orkestrako zuzendari laguntzailea, Estatuko eta Europako musika-zuzendari gazte nabarmenen artekoa dugu”, azaldu du Luis Urduñak.

“Curriculum ikaragarria du, eta bere dohainek guztiz egokia bihurtzen dute, kontzertu honetan gurekin aritzeko. Zailtasun handiko errepertorioa ekarri digu, interes handikoa, musikarientzat nahiz entzuleentzat”, gaineratu du.

Isabel Rubiok adierazi duenez, “artea, oro har, eta musika, bereziki, beti izan dira babesleku eta adierazpide gizakiarentzat. Emozioak areagotzen ditu musikak, paisaiak eta oroitzapenak iradokitzen; kausa komun baten ereserki izan liteke. Balia dezagun tresna zoragarri hau, Gasteizko Udal Musika Banda, baikortasunari eta alaitasunari ateak irekitzeko, garai nahasi hauetan.”

María José Belenguerren ‘Las Carboneras del Nalón’ eta Amando Blanquerren ‘Entornos’ lanak barne hartzen ditu egitarauak, Gasteizko Udal Musika Bandak lehenengo aldiz joko dituen piezak. Errepertorioa osatzeko, Alfred Reeden ‘Curtain Up!’, Mark Camphousen ‘A Movement for Rosa’ eta Johan de Meijen ‘Songs from the Catskills’.

“Udal bandaren bigarren abonamendu-kontzertuaz, ‘Haizea alde’ honetaz gozatzera animatzen ditugu gasteiztarrak, dela zuzenean, Principal antzokian, dela internet bidez”, adierazi du Estibaliz Cantok.

Isabel Rubiori buruz

Orkestra zuzendari murtziarra, gaur egun Vigo 430 orkestraren eta Granadako Gazte Orkestra Sinfonikoaren zuzendari laguntzailea. 2018/19 denboraldian Valentziako orkestrako zuzendari laguntzailea izan zen. Espainiako Gazte Orkestra Nazionala, Valentziako Erkidegoko Orkestra Federala, Sine Tempore Ganbera Orkestra eta Madril, Bilbo, Alacant, Pontevedra eta Santiagoko udal bandak zuzendu ditu.

San Pedro del Pinatar eta Santomerako banden zuzendari titularra izan zen, Murtzian, eta Lalíngo bandarena, Pontevedran.  Brussels Philarmonic Orchestrako eta Tournaiko Chapelle Musicaleko kidea izan zen, Belgikan, eta Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikokoa.

Irabazle izan zen Alacanteko Orkestra Zuzendaritzako I. Lehiaketan, Villena Hiriko Nazioarteko I. Zuzendaritza Lehiaketan eta Bilboko Orkestra Zuzendaritzako I. Topaketetan. Era berean, ohorezko aipamena eta lehen saria jaso zituen Kartagenako VI. eta X. ‘Concurso de Música Entre Cuerdas y Metales’ lehiaketetan. Atzerrian, hainbat zuzendaritza-lehiaketatan izan da hautatua: Frantzian (Besançon), Portugalen, Alemanian, Holandan eta Italian, non ‘Guido Cantelli’ Nazioarteko XI. Sarian finalerdira iritsi baitzen.

Ospe handiko jaialdietan zuzentzen du, hala nola Cuencako Erlijio Musikaren Asteko Nazioarteko Jaialdian, Valentziako Orkestraren Konposizio Topaketetan, Portugaleko Ourearte Music Festen, CullerArts Nazioarteko biolin Lehiaketan eta Malagako Nazioarteko Zinema Jaialdian.

Hurrengo konpromisoen artean, hauek ditu: Espainiako Gazte Orkestra Nazionalean Lucas Macíasen laguntzailea aritzea eta Castellóko Gazte Orkestra Sinfonikoa eta Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoa zuzentzea, gonbidatu gisa.

Informazio gehiago

 

 

Share

Asteazkenean ekingo dio udal bandak denboraldi berriari, Principal antzokian

Luis González tronpeta-jotzailea izango da bakarlari gonbidatua, inaugurazio-kontzertuan

 

‘Berriro elkartzearen poza’ izenburupean, datorren asteazkenean, irailak 30, ekingo dio Gasteizko Udal Musika Bandak denboraldi berriari, Principal antzokian, arratsaldeko zortzietan.

Inaugurazio-kontzertuan joko duten errepertorioa azaldu du Luis Orduña zuzendariak, prentsaurrekoan: “Apirilaren 22an, bertan behera utzi behar izan genuen kontzertua, Covid19ak ekarri zuen alarma sanitarioaren ondorioz. Luis González bakarlari ospetsua zen gurekin jotzekoa. Ia sei hilabete geroago, Principal antzokian izango gara, eta ahalik eta ongien egiten ahalegindu beharra daukagula uste dugu. Eta berarekin arituko gara, egitaraua beste bat izango bada ere”, azkaldu du Orduñak.

Hain zuzen ere, obra hauek hautatu dira: David Maslankaren ‘Give us this day’ (2006), Arturo Márquezen ‘Danzón nº2’ (1994), Ginés Martínez Veraren ‘Concierto para trompeta’ (2019) eta Tania Leónen ‘Alegre’.

Denboraldi osoari izena emateko aukeratu den izenburuaren arrazoia azaldu du zuzendariak. “Izenburua argia da, ‘Berriro elkartzearen poza’. Izan ere, horixe sentitzen dugu, eta gaur aurkezten ditugun obretan islatzen dela uste dut. Alaiak dira, kitzikagarriak, hunkigarriak, bizitzaz beteak; David Maslanka estatubatuarrak proposatzen duen norberaren kontzientziaren bilaketatik hasi eta Ginés Martínez Vera murtziarraren musikan sumatzen den bizipozarekin bukatu; tartean, berriz, Arturo Márquezen musikak eskaintzen duen berotasuna”, nabarmendu du.

Kontzertuan parte hartuko duten artisten eta ikusleen segurtasuna bermatzeko beharrezko diren neurriak hartuko dira.

Salgai daude dagoeneko denboraldi osoko abonamenduak, 14 euroan, eta sarrera solteak, berriz, 3 euroan —Principal antzokiaren ohiko salmenta-bideak baliatu ahal izango dira—.

Uraren ezkutuko lorategia

Bestalde, beste bi emanaldi eskainiko ditu udal bandak hurrengo egunetan, Uraren Ezkutuko Lorategian —bandaren udako programazioa hartu duen lekuan—. Urriaren 2an eta 9an izango dira, ostiralez. Internet bidez nahiz 945 16 16 18 telefonoan eskura daitezke gonbidapenak.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/banda

Share