Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 otsaila 2020 12:26

 

 

 

 

 

 

 

  • Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza hori jasoko duen hiriburu bakarra da Gasteiz, gehieneko zenbatekoa jaso ere

 

Maider Etxebarria zinegotziak gidatzen duen Ekonomia Sustapenaren arloak udal kutxetara 120.000 euro ekartzea lortu du, Tornay Medikuaren kalean merkataritza bultzatzeko. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren dirulaguntza-deialdi horren onuradun izango den hiriburu bakarra da Gasteiz. Merkataritzaren arloko teknikoen lanari esker izan da posible, eta gehieneko zenbatekoa jasoko da gainera.

Joan den irailean hasi ziren Tornay Medikuaren kalea oinezkoentzako alderdi bihurtzeko obrak, milioi bat euro inguruko inbertsioarekin, espazio hori irisgarritasun handiagoko plaza bihurtu eta itxura berritua emateko, eta, hartara, zona horretako merkataritza eta ostalaritza dinamizatzen laguntzeko.

Promociones y Pavimentaciones Balgorza SAri esleitu zitzaizkion eraberritze-lanak, eta dagoeneko azken txanpan dira, bete egingo baita jarritako epea. Hartara, Olagibel kaleak, Judimendi hiribideak, Done Jakue hiribideak eta Jose Mardones kaleak mugatutako ‘super-etxadiaren’ erdigunea sortuko da, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planari jarraituz.

Ostalari eta merkatariei laguntzeko orduan “hiriaren ikuspegiak” duen garrantzia nabarmendu du lehen alkateorde eta Ekonomia-sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi ordezkari Maider Etxebarriak. “Merkatari eta ostalarien ondoan egoteko, Gasteizko espazio publikoa itxuratzen duten agenteen eskutik joan beharra daukagu. Argi erakusten du honek zer-nolako ahalegina egiten den Udaleko arlo ekonomikotik zerbitzuen sektoreko ekintzaileen ondoan egoteko”, nabarmendu du.

“Sailen arteko lana funtsezkoa da Gasteizko Udalean, Gasteiz erreferentziazko hiria izan dadin Europan, bizi-kalitateari, lehiakortasun ekonomikoari eta iraunkortasunari dagokienez. Kasu honetan, espazio publikoan merkataritza dinamizatzeko egiten dugun esku-hartze bakoitzarekin egiten dugun ahalegina baloratu da. Auzoen Planaren zutabeetako bat da”, azaldu du, bere aldetik, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 urtarrila 2020 10:55

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Erakundeek zinema eta telebistako profesional arabarrak bilduko dituzte lehen aldiz, haien lana eskertu eta probintziaren erakargarriak zabaltzera animatzeko

  • Lurraldeak zigilu berdea, enogastronomia, ondarea eta ekitaldiak baliatuko ditu promoziorako

Gasteizek eta Arabak bertako erakargarri turistikoak zabaltzeko “enbaxadore” berriak izendatuko dituzte; hiriburuaren zigilu berdea baliatuko dute, Munduko Hiri Berdea izendatu baitute, eta kirol helmuga gisa agertuko dira. Horiek izango dira lurraldeak Fiturrera eramango dituen amuetako batzuk; alorreko estatuko feria nagusia hil honetako 22tik 26ra bitartean egingo da.

Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko Turismo arduradun nagusi Maider Etxebarria eta Cristina Gonzálezek aurkeztu dute hiriak eta lurraldeak nazioarteko azokara eramango duten eskaintza. Bi erakundeek estrategia komuna baliatzea erabaki dute, eta proposamenak elkarrekin aurkeztea, “erakundeen arteko lankidetzaren eredu” gisa.

2020ko Fiturrerako enbaxadore turistikoen figura berreskuratuko da —bi urtetan ez da horrelakorik izan—: Gasteiz eta Araba zuzenean ezagutzen dituzten eta telebistarekin lotuta dauden profesional ospetsuak dira, lurraldea maite dutenak eta bertako ondarea, natura eta gastronomia estatuan ezagutarazten dituztenak.

Aurten formatu berrituaz itzuliko da “enbaxadoreen” izendapena. Batetik, Gasteizek eta Arabak ikus-entzunezkoen alorreko pertsona ezagunen laguntza izango dute berriro, FesTVal jaialdiaren eskutik, eta horiek Jon Sistiaga, Roberto Brasero eta Sandra Golpe kazetarien lekukoa hartuko dute. Urtarrilaren 23an jakingo da nortzuk diren mandatari turistiko berriak, Euskadiren standean.

Horretaz gain, Udalak eta Foru Aldundiak ekitaldi bat antolatuko dute Madrilen bizi diren zinema eta telebistako profesional arabarrek egunero egiten duten promozio lana aitortzeko eta, bide batez, Araba ezagutarazten lagunduko duten sinergiak sortzeko.

“Urtarrilaren 22an, asteazkena, ekitaldi informal bat antolatuko dugu haien lana eta gure lurrarekiko konpromisoa aitortzeko, gure preskriptore onenak baitira. Orobat, harremanak estutu eta gerora Gasteiz eta Araba ezagutarazteko proiektuak ekar ditzaketen ideiak sustatu nahi ditu topaketak”, azaldu du Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatu Cristina Gonzálezek.

Lehen alkateordeak erantsi du Fitur aparteko foroa dela “sektorearen azken joerak ezagutzeko eta kontaktuak egiteko ahalik eta gehien aprobetxatzeko”, eta profesionalen topaketa “urrezko aukera” izango dela iritziak partekatu eta pertsona horien lana eskertzeko. “Modu sinbolikoan, Araba eta Gasteizko enbaxadore direla egiaztatzen duen txartela emango diegu”.

“Detailetxo bat izango da, beren lurraz harro agertzen eta gure harribitxiak ezagutarazten jarraitzera animatzeko, Santa Maria katedraletik hasita Gatz Haraneraino, Azkena Rock eta jazz jaialdiak, Andre Maria Zuriaren jaiak edo Arabako Errioxako ardoak barne”, gehitu du.

Eskaintza integrala

Foru Aldundiak Fiturren bozgorailua baliatuko du jarduera eta esperientziekin lotutako turismo proposamen berriak aurkezteko. Horien artean, Araba kirol helmuga gisa promozionatzeko material berria: 50 orrialdeko katalogo osoa, lurraldean praktikatu daitezkeen kirolak eta aire zabaleko jarduerak biltzen dituena.

“Arabarrok DNAn daramagu kirola, eta bisitariei agertoki ezin hobea eskaintzen diegu xendazaletasuna, txirrindularitza, eskalada, parapentea, padelsurfa, windsurfa, igeriketa eta abar praktikatzeko. Gainera, lehen mailako probak antolatzen ditugu, milaka bisitari erakartzen dutenak urtero”, azpimarratu du Cristina Gonzálezek.

Katalogoak kirol proba herrikoi nagusiak eta turismo aktiboko zentro eta enpresak biltzen dituen direktorioa dakar, baita promozio bideo bat ere.

Fiturren bertan plazaratuko dira Arabako eskaintza osatzen duten gainerako proposamen berritzaileak; horretaz gain, azken urteetan koadrilekin batera landutako produktuak (familia turismoa, Erdi Aroko ibilbideak, motorrentzako ibilbideak, galbideko ibilbideak, autokarabana turismoa, etab.), Arabako Errioxako eskaintza enoturistikoa eta natura turismoa aurkeztuko dira.

Etxebarriak, berriz, Fiturren “erakusleiho handia” Gasteiz iraunkortasunaren ikono gisa agerrarazteko baliatuko dutela azaldu du. Alkateordeak Biosphere turismo helmuga gisa aurkeztuko du Arabako hiriburua, zigilu horrek ferian duen standean. Izan ere, Gasteizek Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria du2016. urteaz geroztik, zeinak turismo helmuga iraunkorra dela egiaztatzen baitu. UNESCOk babesturik 1995ean egindako Turismo Jasangarriaren Mundu Konferentzian sortu zen estandar horrek ikusgarritasun handiagoa ematen dio Gasteizi nazioarteko turismoaren merkatuan, eta elementu bereizgarria da, gero eta kontzientziazio handiagoa duen bisitaria erakartzeko.

Arabako hiriburuak, halaber, baliabide gastronomikoak eta profesionalen topaketak eta ekitaldiak hartzeko duen gaitasuna salduko ditu, eta turismo helmuga adimentsua bihurtzeko Basquetour eta Segittur-en eskutik lantzekoak diren diagnosi-txostena eta ekintza plana iragarriko ditu; Segittur Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioaren mendeko sozietatea da, Turismoko Estatu Idazkaritzari atxikia, eta Espainiako turismoaren alorrean berrikuntza (I+G+b) sustatzeaz arduratzen da. Turismo helmuga adimentsuek informazioaren teknologien erabilera sustatzen dute, eta komunikazioa bisitari eta herritarren zerbitzura jartzen.

Aldi berean, familientzako eta maskotentzako turismoa erakartzeko lekutzat aurkeztuko da Gasteiz. “Paseatzeko hiri erosoa gara, plurala eta ñabardurez betea. Udalak lanean jarraituko du sektorea pozik egon dadin, turismoak aberastasun ekonomikoa eta kulturala baitakar. Gure helburuetako bat ekitaldiak eta biltzarrak urte osoan banatzea da, hotelen okupazioa erregularragoa izan dadin. Ez dugu ahaztu behar biltzarrekin lotutako turistek ematen dutela gau gehien hirian”, azaldu du.

Bideo Fitur

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 abendua 2019 14:33

Eguberrien magia eta esentzia transmitituko ditu Gasteizen, ikuspegi enogastronomikotik, merkatu batek. Horretarako, eta Europa erdialdeko merkatuen antzeko diseinuarekin, bai produktuak saltzeko postuak, bai dastatzeko espazioak izango ditu Santa Barbara plazako azokaren ondoan prestatu den esparruak. Elkargune bat izango da, baserritarrentzat, denda lokalentzat, produktoreentzat eta gastronomian eta elikaduran aditu diren pertsonentzat.

Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Isabel Muelak, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismo Sustapenaren foru diputatu Cristina Gonzálezek, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi eta lehen alkateorde Maider Etxebarriak eta Aenkomerreko zuzendari-kudeatzaile Edurne Parrok.

“Eguberrietako azoka honek gure hiria turismoaren arloan posizionatzeko balio digu, eta, aldi berean, Santa Barbara azoka eta bertako instalazioak sustatzeko”, nabarmendu du Etxebarriak.

Astelehenetik igandera bitartean egongo da zabalik Eguberrietako azoka lehen aldiz; karpa bat izango da bertan, eta 50 jarduera baino gehiago egingo dira, hala nola gastronomiari eta kulturari lotutako lantegiak eta dastaketak. Zehazki, proposamen hauek biltzen ditu Eguberrietako Azokari lotutako eskaintzak:

  • Dastatze komentatuak: Arabako Errioxako ardoa, txakolina eta sagardoa, eta Idiazabalgo gazta.
  • Arabako produktuak dastatzea: baserriko oilaskoa, euskal txerria, txahal-haragia eta beste.
  • Slow food edo UAGAren eskutik dastamen-laborategi batean parte hartzeko aukera.
  • Zuzeneko sukaldaritza-lantegiak, Eguberrietako zizka-mizkak prestatzeko.
  • Haurrentzako lantegiak, Eguberrietako gailetak edo mazapan-iruditxoak egiteko, besteak beste.
  • Eta, jakina, saltokiak, hainbat produktu erosi ahal izateko, eta gure ekoizleen beste hainbat proposamen, hala nola lekaleak, eztia edo hain ezagun ez diren beste batzuk, eguzkilore-likorea, esaterako, baita Eguberrietako beste hainbat produktu ere: hestebeteak, gozokiak eta abar.
  • Halaber, Olentzero eta Errege Magoak ere agertuko dira azokara, abenduaren 22an eta 23an eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, hurrenez hurren, eta gozokiak banatuko dituzte, eta haurren gutunak jasoko.
  • Beste jarduera solidario batzuk ere izango dira, hala nola Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkarteak hilaren 27an, ostiralez, horretarako prestatutako postu batean eskainiko duen errege-opilaren dastatze tradizionala.
  • Gainera, elikaduraren sektorearekin lotutako agente guztiak murgilarazi nahi dira azokan, eta, horretarako, gastronomia-elkarteei zuzendutako proposamen bat barne hartzen du, hiru kategoria izango dituen lehiaketa bat: oilasko ekologikoa, Latxa arrazako arkumea eta hegaluzea.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 abendua 2019 14:33

Madrilen egiten ari den klimaren gailurrean (25) parte hartuko du Gasteizko Ekonomia Sustapenaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak asteartean. Zehazki, biltzarren antolaketa profesionaletako enpresa elkarteen Espainiako federazioak antolatutako jardunaldi batean.

Europa biltzar-jauregia kudeatzen duen sailaren arduraduna den aldetik, Etxebarriak eraikinaren ezaugarri iraunkorrak aurkeztuko ditu, baita bertan egiten diren ekitaldien kudeaketa, zein ingurumenaren zaintzarekin bateragarria baita.

‘Castellana Verde ‘ardatzean egingo den jardunaldian, eztabaidatu egingo da MICE sektoreak (ingelesezko akronimoa, bileren turismoa -Meetings, Incentives, Conventions and Exhibitions/Events-definitzeko erabilia) eta ekitaldiek berotegi-efektuko gasak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko egindako ekarpena.

Gasteiz hiribideko biltzar -jauregian egindako “eraberritze aitzindaria” aurkeztera gonbidatu dute, “arkitektura iraunkorraren ikur” bihurtua hainbat aintzatespen lortu ondoren, hala nola Passivhaus XXL ziurtagiria (Espainiako eraikin bati ematen zaion lehena) edo Estatu Batuetako Eraikuntza Ekologikoaren Kontseiluak emandako LEED Oro ziurtagiria.

Jauregia 2015ean eraberritu zen, eta hainbat neurri hartu ziren baliabideen erabilera eraginkorragoa lortzeko eta energia kontsumoa % 60ra murrizteko (inguratzailearen isolamenduaren eta estankotasunaren arloko hobekuntza, eguzki kontrola argizuloetan, eraginkortasun handiagoko instalazioetara aldatzea, berritze-airearen berreskurapen energetikoa….). Era berean, ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izatea bilatu zen (hondakin gutxiago sortuz eta CO2 gutxiago isuriz).

Ildo horretan, Udalak bere ekitaldiak Erronka Garbiaz ziurtatzeko protokoloa sortu du. Erronka Garbia ekimena Eusko Jaurlaritzak kaleratu zuen, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarekiko lankidetzan, ekitaldien diseinu eta antolakuntzan ingurumen irizpideak txertatzen dituen enpresa, entitate, erakunde eta elkarte orori ziurtagiria emateko.

Etxeberria zinegotzia Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Saileko zinegotzi Borja Rodriguezekin joango da jardunaldira; Borja Rodriguez udal eraikinen mantenimenduaren arduraduna da, eta jauregiari buruzko mintzaldietako baten ardura izango du.

Share