Prentsa Oharren banner

Euskadiko IV. Ekoturismo Foroa hasi da Europa jauregian eta Katalunia da aurten helmuga gonbidatua

Euskadiko Ekoturismo Foroaren edizio berria hasi da gaur Gasteizen. Bihar amaituko den biltzar hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak antolatu du, Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Hitzordua Europa jauregian da eta online formatuaren aldeko apustua egin da aurten; izan ere, YouTube-ren bidez ere zuzenean igortzen ari dira. Hasierako ekitaldian lehen alkateorde eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak hartu du parte, eta, bertan, erakundeen arteko koordinazioa goraipatu du, bai eta Gasteiz “beste hiri batzuetako aglomerazioetatik urrun dagoen helmuga iraunkor, familiar, seguru, kultural eta gastronomikoa” dela aldarrikatu ere. Biltzarraren irekieran 400 pertsona baino gehiagok hartu dute parte online konexioari esker.

‘Euskadi, naturaleza vital: El ecoturismo del mañana’ izenburupean, aurten Katalunia da foroaren helmuga gonbidatua. Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak hainbat prestakuntza-lantegi eta lantegi praktiko antolatu ditu. Hitzorduan ekoturismoaren arloko lehen mailako 20 hizlari eta aditu baino gehiago egongo dira, estatukoak zein nazioartekoak. Horien artean, adibidez, nabarmentzekoa da Héctor Ceballos-Lascurain, ekoturismoko nazioarteko aholkularia, eta Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren eta Turismoaren Mundu Erakundearen aholkulari berezia; 80 herrialde baino gehiagoko ekimenetan lagundu du, eta Mexikotik hartuko du parte.

Share

Gasteizek ‘Best of the World 2021’ izendapena txertatu du marketin turistikoko estrategian

Turismo Bulegoko binilo berrian National Geographic-en zigilua nabarmentzen da, eta kanpoko seinaleztapena ere hobetu da bertan

 

Gasteizko Udalak turismo informaziorako guneen seinaleztapena hobetu du, kanpo-komunikaziorako osagai berriak erabiliz. Ekintza nagusiak Turismo Bulegoaren seinaleztapena nabarmentzera bideratu dira. Zehazki, biniloak jarri dira udaletxeko arkupeetan dagoen lokaleko ate-leihoak apaintzeko. Horietako batean ‘Travel Best Of The World 2021’ zigilua ageri da, Nacional Geographic aldizkari amerikar ospetsuak aurten bisitatzeko 25 helmuga onenen artean sartu baitu gure hiria. Ilustrazio geometrikoz osatutako diseinua dute biniloek, zeinek elementu ezaguterraz eta sinbolikoak irudikatzen baitituzte, hala nola Erdi Aroko hirigunea eta Hiriburu Berdea; ordutegiei buruzko argibideak ere txertatu dira, eta merchandising produktuen erakusleihoa berritu da.

Hartara, Gasteiz ‘Best of the World 2021’ helmuga izendatu izana hiriaren marketin turistikoko estrategian txertatu da. Turismo Bulegoan ez ezik, udalaren turismo web-orriko irudi guztietan ageri da bereizgarria; urtean zehar, hedabideetan txertatutako iragarki eta edukietan nabarmenduko da, baita hiriko informazio-euskarrietan eta Biltzar eta Turismo Zerbitzuaren buletin digitalean ere.

Udalak arlo horretan sustatutako jardueren arteko ikusgarriena Turismo Bulegoaren aurreko farolan zegoen banderolaren ordez errotulu kubiko bat jartzea izan da: lau aldetan informazio turistikoaren nazioarteko sinboloa darama kuboak, eta gauez argiztatu egiten da, hobeto ikus dadin. Udaletxeko fatxadan kanpoko seinaleztapena ere berritu da: informazioaren “i” sinboloaren errotulu gorpuzdunak jarri dira, tipografia korporatibo baliatuz, eta bulegoko atearen gainean ‘Turismoa / Turismo’ testua ipini da lehen zegoen ‘Información / Informazioa’ testuaren ordez.

Azkenik, aldatu egin dira Ogasun Sailaren egoitza izandako eraikinaren inguruko errotuluak, Dato kalearen eta Alaba Jeneralaren kalearen arteko bidegurutzean. 2017ko Saskibaloiko Errege Kopa zela eta zerrenda bat itsatsi zuten bertan, baina oso hondatuta zegoen, eta haren ordez beste bat paratu da, ‘Vive en Verde-Bizi Berdea’ kanpainaren irudi eta lemekin.

Turismoko zinegotzi Maider Etxebarriak azpimarratu du seinaleztapen berria “argia eta ikusten eta identifikatzen erraza izateagatik nabarmentzen” dela, “eta udalaren irizpide korporatiboei jarraituz diseinua homogeneizatzea lortzen duten proposamenak aukeratzeagatik”.

 

 

Share