Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 otsaila 2019 14:20

Justiziaren eta Oroimenaren aldeko Hirien Sareko beste udalerri batzuekin batera adostutako manifestuarekin bat egin du gaur Gasteizek. Sareaz gain, Kongresuko Memoriaren eta Justiziaren aldeko Taldeartekoko alderdiek eta Europako Parlamentuko zenbaitek ere hartu dute parte manifestuaren eraketan.

Bizikidetzako zinegotzi Nerea Melgosak martxoaren 3ko biktimen aitorpena eraman du gaur Diputatuen Kongresuan egin den topaketara, eta ha, gure hirian memoria zaintzeko eta Gerra Zibilean eta Diktaduran gertatu ziren gehiegikeriak eta bidegabekeriak jasan zituzten pertsonei erreparazioa emateko egindako lana azaldu du.

Hala, Nerea Melgosak gogorarazi du hirian zehar memoriaguneen sare bat sortu dela eta martxoaren 31 frankismoaren biktimak oroitzeko egun gisa ezarri dela, eta legealdiko beste hainbat neurri ere aipatu ditu.

Gainera, zinegotziak bere esku-hartzearen zati handi bat eskaini dio honakoa adierazteari: “Gasteizek badu oraindik zauri ireki bat, martxoaren 3a, hiriaren historian gertatu den eraso handienetakoa. Datozen egunetan berriz gogoratuko dugu garai hartan gertakariak argitzera behartuta zeudenek ukatu egin zutela justizia, besterik gabe, bost hildako eta ehun zauritu baino gehiago izan arren, asko suzko armez. Gogoratuko dugu Poliziak Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, José Castillo eta Bienvenido Pereda erail zituela San Frantzisko parrokian egiten ari ziren asanblada husteko prozesuan. Sinetsita gaudenez biktima guztiek merezi dutela tratu bera, egia ezagutzea, justiziaz tratatzea eta duintasuna itzultzea, Udaletik behin baino gehiagotan eskatu dugu martxoaren 3an eraildako bost pertsonei aitorpena ematea eta terrorismoaren biktimekin parekatzea. Estatuari eskatzen diot ezen, justiziak biktimen aitorpenean aurrera egiten ez duen bitartean, gutxienez berak halakotzat jotzea eta frankismoaren biktimak terrorismoaren biktimekin pareka ditzan, haien duintasuna itzultzeko, nolabait“, aldarrikatu du Nereak.

Izan ere, gertakari haietatik 43 urte igaroko direnean, ezin da ahaztu 2016ko urrian Arabako Aldundiak eta Batzar Nagusiek batetik zein Gasteizko Udalak bestetik kereila bana aurkeztu zituzten hilketengatik. “Ez dugu etsiko epaitegiak horretaz erabaki arte, baina bitartean, eman diezaiegun ordaina biktimei. Asmoa ez da errudunak bilatzea, edo mendekua, baizik eta aitortzea ez dagoela inori bizitza kentzea justifikatzen duen arrazoirik. Zalantzarik gabe, aitorpena laguntza handia litzateke gure hiriko historiaren kapitulu hori ixteko, oraindik uste baitu gertakari haiek bidegabeak izan zirela, eta pertsona haiek ez zuketela hil behar. Orobat, giza eskubideen errespetuan oinarritutako bizikidetzan aurrera egiten lagunduko luke”, amaitu du zinegotziak.

Gaur goizean sinatutako manifestuak adostu diren konpromiso nagusiak jasotzen ditu:

  • Mota horietako krimenak ikertzea eta auzipetzea ekiditeko Espainiar auzitegiek oinarritzat hartzen dituzten lege-oztopoak kentzea eta, bereziki, Amnistia Legea aldatzea edo indargabetzea eta Zigor Kodean nazioarteko legezkotasun-printzipioa sartzea.

  • Gobernua estutzea 2015eko martxoaren 13an Ministro Kontseiluan hartu zen Erabakiaren erabateko deuseztasuna adieraz dezan (erabaki horretan Argentinan justizia unibertsalaren printzipioari jarraikiz izapidetzen ari diren kereilan inputatutako pertsonak estraditatzeari uko egin zion orduko gobernuak) eta estradizio-eskabidea tramitatzeko agindu dezan edo, bestela, inputatu horiek espainiar estatuko epaitegietan auzipetu daitezen.

  • Diktadura frankistak iraun zuen artean herritarren kontra egin ziren gizateriaren aurkako krimenenengatik Espainiar Estatuko epaitegietan kereilak aurkezten jarraitzea.

  • Udalek zigorgabetasun frankistaren aurka egindako borroka bide-urratzailea finkatzea. Hiriek ordain demokratikoaren eta memoria errepublikarra berreskuratzearen alorrean egindako aurrerapausoei eustea, eta lehen auzialdiko epaitegietan kereilak aurkezteari abala emango dioten mozioak onartzen jarraitzea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 urtarrila 2018 09:33

 

 

 

 

 

 

Udalaren, Aldundiaren eta Arabako Batzar Nagusien ordezkariak —bakoitzaren zerbitzu juridikoen laguntzaz— Martxoaren 3ko Biktimen Elkartearekin bildu dira gaur, udaletxean. Erakundeek laguntza eskaini diote elkarteari, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzerik izan dezaten, bakarka edo antolakunde gisa, auzitegiak Gasteizen 1976an gertatutako krimenei buruz erabaki dezan.

Udalaren izenean, Gorka Urtaran alkateak hartu du parte bileran; Batzar Nagusien izenean, Pedro Elosegi lehendakariak, eta Aldundiaren aldetik, Diputatu Nagusiaren Kabineteko zuzendari Nekane Zeberiok. Erakundeek aholkularitza juridikoa eskaini diote Martxoak 3 elkarteari, eraildako bost pertsonentzako justizia eta ordain eskaera Estrasburgora eramaterik izan dezaten; laguntza teknikoa ere eskaini diete.

Eguerdian egindako bileran, europar auzitegiak kasua aztertu dezan zein aukera ezberdin dagoen aztertu da, eta Auzitegi Konstituzionalak berriki plazaratutako ezespenaren ondoren, iritzia eman dezan. Laster erabakiko da zein den formularik egokiena.

Share