Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 iraila 2017 08:44

 

Beste pausu bat eman da gaur goizean Santa Barbara plaza eta ingurua eraberritzeko tramitazio administratiboan, Urtaranen gobernua bultzatzen ari den Bost Enparantza proiektu zabalaren barruan.  Izan ere, eskaintzarik onuragarriena aukeratu du Tokiko Gobernu Batzarrak, lan horiek gauzatzeko. Zehazki, Ferrovial Agruman eta Onaindia enpresek eratutako aldi baterako enpresa-elkarteak aurkeztutako eskaintza aukeratu du —% 30,50 egin du behera, eta 6.713.591,27 euroko prezioa eskaini, BEZ barne—.

“Pausu handia eman dugu gaur, eraberritze-lan horiei ekiteko. Munta handiko esku-hartzea izango da, Gasteizko erdialdeko jarduera eta ekonomia berreskuratzen lagunduko baitigu. Santa Barbara plaza jendearentzako espazio berri bat izan dadila nahi dugu, gasteiztarrentzako leku bat”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gainera, gaur egun Udala espazio publikoan hogei bat ekintza bultzatzen ari dela gogorarazi du alkateak. “Dagoeneko martxan dauden edo laster martxan egongo diren obrak dira, Gasteiz aurrera doala erakusten dutenak”, adierazi du alkateak. “Udalak ez du itxi abuztuan. Lanean jarraitu dugu, hobetzeko, hiria leku erakargarriagoa bihurtzeko, eta bizi-kalitate handiagokoa”.

Zentzu horretan, Gorka Urtaranek gogorarazi du lanak hasiak direla dagoeneko San Anton plazan eta inguruan, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean —Domingo Beltran de Otazu kaletik Zerkabarren kalera bitartean— eta Europa jauregiko aparkalekuan. Esleitu diren eta laster ekingo zaien proiektuen artean honako hauek daude: Laudio plaza —iraileko hirugarren astean hastea aurreikusten da—, Zabalganeko animalientzako zona —iraileko bigarren astean—, eta El Mineral eraikinaren eraisketa —hurrengo astean—.

Bada beste kontratu-sorta bat ere, artean esleitu gabe, zeinetan Udala enpresek aurkeztutako eskaintzak aztertzen ari baita. Multzo horretan hauek sartzen dira: San Ignazio Loiolakoaren kalea nahiz Konstituzio plaza eraberritzea, Lakuako parkour proiektua, Lakuabizkarreko hiri-baratzea, Borinbizkarreko eta Elexaldeko haurrentzako jolastokiak, Araneko siloko parkinga, Lakua 03ko futbol-zelaia, Honduras kalean bizikleten trafikoa erregulatzea, eta tranbia San Kristobalera, Adurtzara eta unibertsitatera luzatzea. Bestalde, bada oraindik lehiaketa-fasean dagoen obrarik ere, hala nola Los Molinos kalea eraberritzea, AUOko aparkaleku berria, Etxanobetarren etxean irisgarritasuna hobetzeko lanak eta Zabalganeko hainbat zona zolatzea, hala nola Bastida eta Labraza kaleak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 iraila 2017 12:48

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko xedapen-aldaketaren proiektua onetsi du udal gobernuak, Erdialdeko Masterplaneko jarduera hori ahalbidetzeko

HAPOren egiturazko xedapen-aldaketaren proiektua onetsi du gaur udal gobernuak, Florida kaleko 53.ean dagoen lursaila bizitegirako kalifikatzeko, ezinbestekoa baita tramite hori duela hamar urtetik hutsik dagoen orube hori berriro erabiltzeko.

Joan den martxoan onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak jabearekin —ISGA Inmuebles enpresa— hitzarmena sinatzea, lursailaren kalifikazioaren aldakuntza tramitatzeko. Orube horretan zainpeko apartamentu batzuk egitea aurreikusi zen garai batean, baina azkenean ez ziren egin, eta orain bizitegi-erabilera eman nahi zaio, beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziarioa izateko aukerarekin.

Orubea hutsik dago, duela 10 urte bertan zegoen eraikina eraitsi zutenetik, eta orain duen kalifikazio urbanistikoak ez du erabili ahal izateko aukera handirik ematen. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Plan Orokorraren xedapen-aldaketa egin ondoren, orubearen jabeek gainbalioen % 15ean parte hartzeko eskubidea emango diote Udalari; 301.149,06 euro izango dela kalkulatu da.

Udal gobernuak proposatutako Erdialdeko Masterplanaren barruan integratuta dago jarduera hori. Gasteizko erdigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko 20 ekintzatik gora biltzen ditu Erdialdeko Masterplan horrek; izan ere, 3 B-en filosofian oinarritzen da: espazio publikoak berpiztu, erabiltzen ez diren eraikinak berrerabili eta birgaitu eta  merkataritza eta ostalaritza biziberritu. Erdi Aroko hirigunetik trenbideraino doan hiri-bilbe osoan barrena banatutako jarduera-multzo bat barne hartzen du.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 ekaina 2017 11:06

 

 

 

 

 

Gasteizko erdialdea birgaitu, biziberritu eta berpizteko Erdigunerako Masterplanean jasotako ekintzetako bat da.

 Udalak batzordean eta udalbatzan onartu beharko du eraikin horrek etxebizitza, merkataritza eta ostalaritza erabilera izateko egin beharreko hirigintza aldaketa.

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu egin du, gaur, udalaren eta Kutxabanken arteko hitzarmena, Dato kalearen eta Alaba Jeneralaren kalearen bidegurutzean dagoen eraikinari erabilera eman ahal izateko.

Hitzarmenean jasota geratzen da hiri-orubearen kalifikazioaren aldaketa, zeinek Indarrean dagoen Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean hiri-lurzoru sailkapena eta administrazio ekipamendurako sailkapena baitu. Orubea eraikita dago eta eraikinak ez du erabilerarik Udalaren Ogasun Saila 2015eko udan San Martineko bulego berrietara aldatu zenetik.

Memorian jasotzen denez, administrazio ekipamenduetarako kalifikazio hori izanik, eraikina erabilerarik gabe egotera kondenatuta dago baina leku horretan etxebizitzak sustatzea bideragarri izan liteke. Hori dela eta,  hitzarmenak zehaztu egin ditu bertan inguruko eraikinekin bat datorren egoitzetarako balioa izateko egin beharrekoak, aldez aurretik kalifikazio xehearen xedapen aldakuntza eginda.

Hirigintza-hitzarmenak eragin ekonomiko positiboa ekarriko dio udalari, % 15eko diru-sarrera, hirigintza aprobetxamenduaren igoeratik eratorritako gainbalioak komunitatearentzat berreskuratzearen kontzeptuan, eta udalaren txosten teknikoaren arabera, 976.964,56 eurokoa izango da.

 “Gure helburua hauxe da: hiriaren erdialdearen protagonismoari eustea , herritar guztien gozamenerako leku gisa, bertako biztanleen ondare ez ezik hiriko bazter guztietako bisitarien ondare ere izan dadin. Ildo horretatik, egiten den edozein proposamen ebaluatu egin behar da, hirigintzaren esparruari dagokion “hiriaren” ikuspuntutik, hutsik dauden eraikinak birgaitzeko, hiri-egiturari eta eraikinei homogeneotasuna eta jarraitutasuna emanda” nabarmendu du Hirigintza zinegotzi Itziar Gonzalok. Izan ere, erabiltzen ez den eraikin hori berreskuratzea, kalifikazioa aldatu eta egoitzetakoa jarrita,  Urtaranek Gasteizko erdigunean erabiltzen ez diren eraikinak birgaitu, hiriko espazioak berpiztu eta merkataritza- eta ostalaritza biziberritzeko den Erdigunerako Masterplanean  aurreikusitako ekintzetako bat da.

Info +: www.vitoria-gasteiz.org/masterplana

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 ekaina 2017 10:58

Udal gobernuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengilearen bidez jasoko ditu haien proposamenak, bihar gaia aztertzeko lehen bilera monografikoa egingo baita

Udal talde politikoak bihar hasiko dira Erdigunerako Masterplana aztertzen; planak 20 ekintzatik gora biltzen ditu, Gasteizko erdigunean erabiltzen ez diren eraikinak birgaitu, espazio publikoak berpiztu eta merkataritza eta gizarte bizitza biziberritzeko. Udal gobernuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengilearen bidez jasoko ditu taldeen proposamenak, eta zalantzak argituko, bihar gaia aztertzeko lehen bilera monografikoa egingo baita.

Alkateak iragarri zuenez, Erdigunerako Masterplana oraindik lantzen ari den agiria da, eta eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko aukera izango da. Ekimenaren arrakastak guztion konpromisoa behar duelakoan, Udalak hainbat bitarteko erabiliko ditu informazioa eta inplikatutako alderdien partaidetza bideratzeko.

Batetik, www.vitoria-gasteiz.org/masterplancentro web-orria, zeinean planari buruzko informazioa zabalduko baita, ekintzei buruzko argibideak emanez.

Bestetik, udal gobernuak bihar lehen bilera duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengilearen bidez jasoko ditu talde politikoen proposamenak,  herritarrei ohiko parte-hartzerako organoetan emango dizkie argibideak, eta sektorekako bilerak egingo ditu profesionalekin eta agente ekonomikoekin, guztien proposamen eta iradokizunak jasotzeko.

Erdigunerako Masterplanaren web-orria 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 ekaina 2017 11:02

 

 

 

 

 

Udal gobernuak Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengilearen bidez jasoko ditu politikarien iradokizunak, herritarren parte-hartzerako organoetan argibideak emango ditu, eta sektorekako bilerak egingo ditu profesionalekin eta agente ekonomikoekin

Udalak espazio bat sortu du web-orrian Erdigunerako Masterplanari buruz argibideak eman eta iradokizunak jasotzeko; planak 20 ekintzatik gora biltzen ditu, Gasteizko erdigunean erabiltzen ez diren eraikinak birgaitu, espazio publikoak berpiztu eta merkataritza eta gizarte bizitza biziberritzeko.

Joan den ostiralean, Gorka Urtaran alkateak Erdigunerako Masterplanean jasotako jarduera-ildo nagusiak azaldu zizkien hiriko alderdi estrategiko hori eraldatzen inplikatutako ordezkari politikoen eta gizarte, ekonomia eta merkataritza agenteen aurrean (ehun pertsonatik gora guztira).

Alkateak azaldu zuenez, proiektua oraindik lantzen ari da, eta eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko aukera izango da. Ekimenaren arrakastak guztion konpromisoa behar duelakoan, Udalak hainbat bitarteko erabiliko ditu informazioa eta inplikatutako alderdien partaidetza bideratzeko.

Batetik, www.vitoria-gasteiz.org/masterplana web-orria, zeinean planari buruzko informazioa zabalduko baita, ekintzei buruzko argibideak emanez. Gainera, espazio horretan parte-hartzeko formularioa bat txertatu da, erdigunea biziberritzeko filosofia partekatzen duten ekarpen, proiektu eta ekimen berriak azaldu ahal izateko.

Bestetik, udal gobernuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengilearen bidez jasoko ditu talde politikoen proposamenak, herritarrei ohiko parte-hartzerako organoetan emango dizkie argibideak, eta sektorekako bilerak egingo ditu profesionalekin eta agente ekonomikoekin, guztien proposamen eta iradokizunak jasotzeko.

Erdigunerako Masterplanaren web-orria (www.vitoria-gasteiz.org/masterplana)

Parte-hartzeko formularioa

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 ekaina 2017 12:29

Urtaranen gobernuak Erdigunerako Masterplana aurkeztu du hiriko alderdi estrategiko hori eraldatzen inplikatutako gizarte, ekonomia eta merkataritza agenteen aurrean

Proiektua oraindik lantzen ari da, eta eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko aukera izango da

Gorka Urtaranek denen konpromisoa eskatu du ekimenak arrakasta izango badu

 MASTERPLAN EKINTZAK                MASTERPLAN BIDEOA

Urtaranen gobernuak Erdigunerako Masterplana aurkeztu du gaur goizean, Gasteizko erdigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko 20 ekintzatik gora biltzen dituena. Erdigunerako Masterplana 3 B-en filosofian oinarritzen da: espazio publikoak berpiztea, erabiltzen ez diren eraikinak berrerabili eta birgaitzea, eta  merkataritza eta ostalaritza biziberritzea. Gorka Urtaran alkateak “guztion konpromisoa” beharrezkoa dela esan du “proiektu honek aurrera egiteko. Erdiguneko Masterplana ez da dokumentu itxi bat. Ekarpen berrietara irekita dago, beti erdigunea biziberritzeko helburua duten proiektu eta jardueretara irekia, hain zuzen ere. Izan ere, eremu estrategikoa da hiriarentzat. Guztion artean erdigunean beste garai batzuetan izan zuen indarra berreskuratzea lortuko dugu”, esan du alkateak.

 

Espazio publikoak berpizteak bizitza sozialak  —eta, horrekin batera, merkataritza eta ostalaritza jarduerak— protagonismo handiagoa hartzea du helburutzat. Gaur egun dinamismoa eragozten duten muga fisikoak dituzten lekuak dira, elkartzeko leku gisa paper garrantzitsuagoa izan dezaketenak. Erdigunerako Masterplanak espazio horiek berpiztea aurreikusten du, irisgarriagoak, ibiltzeko errazagoak eta erakargarriagoak bihurtu eta bertan jarduera berriak sor daitezen. Alegia, inguruan bizi direnentzat atseginagoak.

 

Eraikinak berrerabiliz eta birgaituz, gaur egun erabiltzen ez diren higiezin ugari berreskuratu nahi dira hiriarentzat. Jarduera ekonomikoak, etxebizitzak edo administrazioa hartu duten eraikinak dira, denborarekin hutsik geratu direnak. Udalak, jabeekin batera, eraikin horiei bizitza berria eman nahi die, hondamena geldiarazteko , eta erabiltzeko aukera berriak emanez, haien ingurua eraldatzeko motorra  bihurtu daitezen.

 

Merkataritza eta ostalaritza biziberritzeari dagokionez, sektoreko enpresekin adostutako hirigintza jarduerak eta merkataritza politikak abiatuko  dira, hirugarren sektorea funtsezkoa baita erdialderako.

Hiru B horiek —espazio publikoak berpiztea, eraikinak berrerabili eta birgaitzea, eta merkataritza eta ostalaritza biziberritzea— konbinatuz, Erdigunerako Masterplanak Erdi Aroko hirigunetik trenbideraino doan hiri-bilbe osoan banatutako ekintzak barne hartzen ditu.

 

Santa Barbara eta garai bateko Espainiako Bankua eraldatzea eta trenbidea lurperatzea

 

Hiriko alderdi estrategiko hori eraldatzen inplikatutako gizarte, ekonomia eta merkataritza agenteen aurrean, alkateak planean jasotako jarduera-ildo nagusiak azaldu ditu. Ekitaldia Vital Fundazioaren Aretoan izan da, Dendaraban. Horien artean hiru dira nabarmengarrienak: Santa Barbara plazaren berpiztea, 9,6 milioi euroko aurrekontua duena eta “Bost Enparantza” proiektuaren gunea dena, zeinaren bidez hiri eta merkataritza ardatz handia sortu nahi baita, Posta kalean barrena Andre Maria Zuriaren plaza, Plaza Berria, Foru plaza, Santa Barbara plaza eta Leizaola Lehendakariaren kalea lotuz; Espainia Bankua izandakoaren ingurua eraldatzea, inguratzen duten kaleak berrantolatuz oinezkoentzako lekua irabazteko, oztopoak kentzeko eta merkataritza eta ostalaritza jarduera sustzeko; azkenik, trenbidea lurperatzeak libre utziko duen lekua, zeinean garraio publikorako bideak sortuko baitira, hiriko ekialdea eta mendebaldea komunikatzeko bideak, eta dotaziozko eraikin berriak (ikastetxeak) eta neurri txikiagoan, bizitegiak. Horrekin lotuta, intermodala izateko asmoa duen tren geltokia egingo da, Green Capital plazatik Dato kalera doan ardatza dinamizatuko duena.

 

Santa Barbara,  garai bateko Espainiako Bankua eta trenbidea lurperatzea hiria biziberritzeko hiru proiektu handi dira, eta horiei erabiltzen ez diren eraikinak berrerabili eta birgaitzeko ekimen ugari gehitu behar zaizkie.

Jarduera multzoa

ARICHen egoitza izandakoa barrutik birgaitzea eta irisgarritasunarekin lotutako berrikuntzak egitea saltoki bihurtzeko. Higiezin hori hutsik egon zen bost urtez, eta dagoeneko merkataritza-jarduera ezarri da oinezko gehien dabilen erdialdeko leku batean.

Udal Ogasuneko bulegoak izandakoak eraldatzea, bizitegi-erabilera emateko. Gainera, beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziario berriak sortuko dira.

Dato kalearen, Araba Jeneralaren kalearen eta San Prudentzio kalearen arteko etxadia berrantolatzea. Oraingo espazioak —aparkalekua lehen eta bigarren solairuetan— berrantolatuko dira, beheko solairuan erabilera tertziarioko espazioak —handiagoak eta oraingo beharretarako erakargarriagoak— utzita eta kaleak elkarren artean komunikatuta.

Banco Santanderren egoitza (Arka plaza) izandakoaren erabilera aldatzea. Gaur egun higiezin horren jabeekin hitz egiten ari da, hirigintza-plangintza aldatzearren. Erabilera tertziarioko sailkapena aldatzea proposatzen da, “bulegoetarako tertziarioa” kategoriatik “hoteletarako tertziarioa” kategoriara.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoitza berria. San Prudentzio kaleko 30.ean orain San Martinera aldatu diren udal bulegoetako batzuk zeuden. Irtenbide bat aurkitu da eraikina hutsik gera ez dadin, barrutik eraberrituz eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoak hartzeko egokituz.

Ertza eraikina bizitegi-erabilerara aldatzea. Fatxadak mantendu eta eraikina barrutik eraldatzea da asmoa, etxebizitzak jartzeko eta beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziarioa sortzeko. Hartara, erabilera berria emango litzaioke udalaren bulego berriak inauguratu ondoren hutsik geratutako beste higiezin bati.

 Alfarotarren etxea osorik birgaitzea. Gaur egun Udala higiezin babestu horren jabeekin hitz egiten ari da, eta osorik birgaitzeko proiektu bat gauzatzeko aukerak aztertzen, arkitektura sailkapena errespetatuz. Finantza-erakunde baten egoitza bihurtu daiteke.

Zulueta jauregiaren erabilera berria. Osorik babestutako eraikina da, beraz, barruko eta kanpoko itxura zein lorategiarena mantendu beharra dago. Promozio enologiko eta gastronomikoarekin lotutako erabilera eman nahi zaio, Arabako Errioxako turismoa promozionatzeko egiteko garrantzitsua egin dezan.

Turismo bulego berria jartzea Goya gasolindegia izandakoan. Eraikinaren egitura osorik gorde nahi da, erabilera ezberdinak emanez. Barrutik eraberritzea aurreikusi da, beheko solairuan turismo bulego berria eta elektrizitate karga-gune bat jartzeko. Lehen solairuan Alberto Schommer museoa jarriko litzateke, eta ostalaritzako jarduera osagarri bat.

“Bike station” jartzea Txoroleku izandakoan. Eraikinaren egungo egoera aztertzen ari da, eta  “bike station” bihurtzeko egin beharreko egokitzapenak. Bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema bat sortzeko aukera ere aztertzen ari da, handik metro gutxira dagoen turismo bulegoarekin lotuta.

Merkataritza espazio berria Dendaraban. Higiezin horren barrualdea birmoldatzea aurreikusi da, lehen solairuan areto txikiek osatzen duten merkataritza galeria espazio jarraitua bihurtzeko. Beheko solairuan ere aretoak berrantolatuko dira, denda galeriaren zati bat utzita eta gainerakoak batuz, merkataritza espazio jarraitua sortzeko. Dena dela, Independentzia, Posta eta Bake kaleak lotzen jarraituko du Dendarabak.

Gizarte Segurantzaren diruzaintza izandakoa berrerabiltzea. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren bulegoak lekuz aldatu ondoren, Posta kaleko 42.eko eraikina ere hutsik geratu zen. Udala azterlanak egiten ari da, eta jabeekin hitz egiten, higiezin hori berrerabiltzeari begira.

Florida kaleko 28.eko eraikina. Bizitegi-eraikina da, birgaitu beharrekoa, eta Udala da gehienaren jabea. Beheko solairuari erabilera tertziarioa emateko aukerak aztertzen ari dira, ostalaritza edo merkataritza negozioren bat jartzeko.

Jose Erbina kaleko 1.eko lursaila.  Trenbide azpiegituraren sailkapena du, eta leku estrategikoan dago, lurperatzekoa den trenbidearen ondoan; beraz, oso interesgarria litzateke bizitegi-erabilerarako edo enpresaren baten egoitzarako. Lursailaren erabilera aldatzeko egin beharko litzatekeen hirigintza-plangintzaren aldakuntza izapidetzeko aurretiazko azterlanak egiten ari dira.

Florida kaleko 53.eko lursaila. Zainpeko apartamentu batzuk egitea aurreikusi zen, baina azkenean ez zen asmoa gauzatu. Lursailari bizitegi-erabilera ematea aztertzen ari da, beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziarioa izateko aukerarekin.

Postetxea. Higiezinaren jabeekin hitz egiten ari da, enpresaren jardueraren erabilera osagarriak txertatzeko asmoz. Hartara, etekin handiagoa aterako litzaioke katalogatutako eraikin horri, Bost Enparantza proiektuari eta Espainiako Bankua izandakoaren eraberritzeari esker leku estrategikoan geratuko baita.

Bonilla. Ekimen pribatuko proiektua, eraikin horretan adinekoentzako egoitza (49 pertsonarentzat) jarrita; hartara, gaur egun hutsik dagoen eraikinaren zatia erabiliko litzateke.

Iradier Arena. Eraikinaren efizientzia akustikoa hobetzeko inbertsioa, ekitaldi, kontzertu eta abarretarako baliatu ahal izateko eta hartara benetan erabilera askotarakoa izan dadin. Aparkalekuan txandakatzeko leku ugari erreserbatuko dira, trenbidea lurperatzearekin lotutako geltokiari eta erabilera askotarako eraikinaren jarduerari lotuta. Gainera, 200 leku inguru inguruko auzokoei besterenduko litzaizkieke.

Zabalgunerako laguntzak. Udalak lehentasunezko zonatzat jo du hiriaren erdialdea birgaitzeko laguntzen deialdian, eta beste laguntza-ildo batzuen barruan, berariazko programak sortu ditu begiratokiak konpontzeko, hiriaren ezaugarria baitira.

Diagnostikoa

Erdigunerako Masterplanak erantzuna ematen dio diagnostiko bati. Krisi ekonomikoa, enpresak eta erakundeak beste leku batzuetara aldatzea, bizitegietarako gune berriak sortzea eta beste faktore batzuk direla eta, hiri sendotuak erritmoa galdu du lehen zuen jarduera ekonomikoaren eta okupazioaren aldean. Lursail hutsak, eta erabili gabeko eraikinak eta aretoak erdialdeko paisaiaren zati bihurtzen ari dira, eta inguruak beste garai batzuetako pultsua berreskuratu nahi du, eta behar du. “Honetarako moldatzen den hirigintzaren kontzeptua erabiliko dugu oinarritzat. Garai berri hauek behar berriak dituzte, eta gaurko beharrei erantzuna emateko aproposa da moldatu daiteken hirigintza hori, betiko hirigintza baino malguagoa izango baita. Erabilerarik gabeko eraikin eta lokalak bizirik dauden puntuetan bihurtu behar ditugu, gure hiriko bizitza kolektiboa ere berriztatzeko”.

Gaur egun, 8.154 pertsona bizi dira Gasteizko Zabalgunean. Hau da, duela 10 urte baino mila gutxiago ia. Gainera, populazio horren batez besteko adina gero eta handiagoa da, 47 urtetik gorakoa. Eta erdigunean bizi direnen laurden batek 65 urte edo gehiago ditu. Horri gehitu behar zaio Zabalguneko 4.615 etxebizitzen erdia ia duela mende erdi baino gehiago eraiki zela.

Ehun ekonomikoari dagokionez, azken bost urteetan irekitako establezimenduen kopurua nabarmen jaitsi da. Epe horretan 200 negozioa inguru itxi dira. Gaur egun  2.005 aretotan dago jarduera: erdia banku eta aseguru-etxeak dira, eta heren bat baino zertxobait gehiago merkataritza eta ostalaritzakoak dira. 2016ko hasieran, 8.048 pertsonak egiten zuten lan sektore horretan.

Gasteizko zona enblematiko horren gainbehera eragozteko sortu da Erdigunerako Masterplana, ekimen publikoak eta pribatuak batzeko gauza izan dadin eta epe motz eta ertainera neurri eraginkorrak hartzeko bide eman dezan.

Proiektu batzuk dagoeneko obra kontratatzeko fasean daude; beste batzuetan behar diren azterlanak egiten ari dira, eta gainerakoetan hirigintza-plangintzaren aldakuntzaren izapideak aurreratzen ari dira, eraikinak berraktibatu edo berrerabiltzeko.

Masterplana ez da agiri itxia. Erdigunea biziberritzeko filosofia partekatzen duten ekarpen, proiektu eta ekimen berriak egin dakizkioke.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 martxoa 2017 12:23

 

 

 

 

 

 

 

 

Udalak parterreak kenduko ditu, irisgarritasuna hobetuko, eta bertatik igarotzen den Posta kalearen zatia oinezkoentzat bihurtuko, merkataritza ardatz gisa sustatzearren

Urtaranen gobernuak irailean ekingo dio Santa Barbara plaza eta ingurua eraberritzeari. Agintaldi honetarako plan estrategikoaren barruko inbertsio garrantzitsuenetako bat da; udal gobernuak herritar orori irekitako espazio bat berreskuratu eta sustatu nahi du horren bidez, eta Arabako hiriburuaren erdigunean merkataritza eta dinamizazio ardatz berria sortu. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak inguru hori eraberritzeko lanak kontratatzeko dosierra; 9.659.843,55 euroko aurrekontua du, eta gauzatzeko epea 15 hilabetekoa izango da. Zenbateko horretatik, 255.115,30 euro AMVISAren hornikuntza sarea berritzeko izango dira, eta 429.838,15 euro saneamendurako. Aparkalekua berritzeko aurrekontua hiru milioi euro ingurukoa da.

Bost Enparantza planaren barruan aurreikusita zegoen Santa Barbara plaza eta ingurua eraberritzeko asmoa, eta behin betiko diseinua lantzeko prozesua luzea izan da. Aurreko martxoak 10ean aurkeztutako birgaitu, biziberritu eta berpizteko planaren parte da ere. Izan ere, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak eta Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorra sailak hainbat bilera egin dituzte inplikatutako talde eta eragileekin (auzokoak, merkatariak, Gasteiz On, ostegun eta larunbatetako azokako ekoizleak, Azoka plaza), proiektuaren berri emateko, eta alderdi guztiei entzuten eta denen interesak kontuan hartzen saiatu dira.

 

 

 

 

 

 

 

“Udal gobernuak hiria modernizatzeko lortu nahi duen eraldaketa fisikoaren beste erakusgarri bat da”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Aurrekontuen onartzeari esker martxan jarriko duguna”. Urtaranen gobernuaren helburu nagusia espazio publiko bat, Santa Barbara plaza, hiriarentzat berreskuratzea da, zati batean oinezkoentzat izango den super-etxadi moderno, funtzional eta atseginagoa sortuz. Gainera, inguruan trafikoa hobetzeko neurriak hartuko dira, eta alderdi osoa biziberrituko da, ekonomia eta merkataritza berpizteari bultzada ematearren. Santa Barbara plazaren irudi berriaren alderdi deigarrienetako bat Posta kaleko aldean jartzekoa den pergola da: 80 metro luze den egitura funtzionala, 48 saltoki jartzeko lekuarekin.

Lanak kontratatzeko administrazio-baldintzen agiriaren azalean El Corte Inglés saltokiaren zamalanak lurperatzea aurreikusi da; egingarria bada sartuko da lan hori, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuari gehitutako partidaren bidez (800.000 euro). Espazio Publikoaren Sailak lurperatzearen proiektua idatziko du orain, zeinak hiru baldintza bete beharko baititu: bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta administratiboa. Proiektua aurrera aterako bada saltoki handien inplikazioa beharko da.

Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, gaur egun plazak “labirinto itxura du, espazio txiki ugari eta oso zatikatuak baititu, parterreak direla eta. Horretaz gain, ingurunetik isolatuta dago eta irisgarritasun zailekoa da, diseinuaren eraginez”. Hori dela eta, “espazioa duintzea” bilatu da, “oinezkoen igarobidea errazteko, parterreak kenduz eta oraingoa baino espazio zabalagoa sortuz, eta aldi berean, landare gehienak utzita”.

 

Hiru berdegune

Zehazki, Udalak Posta kalea oinezkoentzat bihurtuko du Santa Barbara plazatik igarotzen den zatian, Urriaren Hamabia kalearen espaloia zabalduko, eta parterre gehienak kenduko. Posta eta Bake kaleen arteko bidegurutzean, pasabide goratua jarriko da, eta Bake kaletik Posta kaleraino doan zatia erdi oinezkoentzat izango da.

Azken diseinuan, plazak hiru berdegune handi izango ditu. Mendebaldean,  El Corte Inglésetik hurbilen dagoen aldean, landare mediterraneoen zerrendak landatuko dira (orain dauden parterretako bi batuz), eta eserleku luze bat ere jarriko da, ur-zurrustez hornitua. Atseden hartzeko gunea izango da.

Ekialdean ere eserleku luzea duen beste berdegune bat osatuko da, eta haurrentzako jolasak jarriko dira, kautxuzko zoru baten gainean. Berdegune horretan landare atlantikoak (mahastiak eta fruta-arbolak barne) aldatuko dira, eta landare tapizatzaileen zerrendak ere txertatuko dira; barrutik oinezkoentzako bidea utziko da, soropilez osatua. Bi alderdi horiek elkarren ondoan egongo dira. Hirugarren berdegunea Azoka plazaren ondoan sortuko da.

Lanen ondoren, Posta kaleko aldea oinezkoentzako ibilbidea bihurtuko da, kale horrek Bake kaletik Foru kalerainoko zatian duen zabalera berekoa. Leku horretan pergola handi bat instalatuko da, 10 metro zabal eta 80 luze izango dena. Metalezko zutoinez eta toldo gisako olan zuriz osatutako egitura horrek gutxi gorabehera lau metroko altuera izango du. Zutoietan faroak erantsiko dira.  Posta kalean jartzekoa den pergolak merkataritza ardatz hori dinamizatzeko xedea du, Azoka plazaren aldea orekatzeko. Jolastokian dabiltzan haurrak babesteko aukera ere eman dezake. Bestetik, funtsezkoa da aparkalekuaren eremutik kanpo jartzea, azpiegitura horren gainean jartzeak arazo teknikoak sortzen baititu, behar dituen ainguratzeak eta lasta direla kausa.

Azoka plazaren aldean, Santa Barbara plazara ematen duen irteera berria egokituko da, eskailerez eta arrapalaz osatua, eta horrek mahaitxoak jartzeko aukera emango die gastrotabernei. Orobat, plazaren aurreko hiru parterreak kenduko dira, eta horrela espazio zabal bat libre geratuko da. Plazaren hegoaldetik ekialderaino doan parterrea, ordea, bere horretan utziko da.

 

Aparkalekua, argiztapena eta saneamendua

Aparkalekuari dagokionez, Udalak osorik eraberritzeko asmoa du, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren betekizunei egokitzearren, eta airea kanporatzeko sistemak berritu eta suteen kontrako segurtasuna hobetuko dira. Aparkalekuaren irisgarritasuna ere hobetuko da. Ibilgailuak Bake kalera aterako dira, Posta kalean barrena. Erabiltzaileen sarbideei dagokienez, orain dauden bi sarbideen ordez (batek igogailua du), lau sarbide jarriko dira (eta bitan izango da igogailua). Aparkalekura sartu eta bertatik irteteko “etxola” horiek aireztatzeko eta airea kanporatzeko ere balioko dute. Bide batez, bizikletak aparkatzeko eremu bat sortuko da, baina oraindik ez da zehaztu kudeaketa-sistema.

Gasteizen egiten ari diren beste obra garrantzitsuetan bezala, Udalak inguruneko argiztapena hobetzeko baliatuko du aukera, oraingo argien ordez led teknologia instalatuz, eta AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea ere berrituko ditu.

Proiektua: DOSSIER REFORMA PLAZA SANTA BARBARA-2

 

DOSSIER REFORMA PLAZA SANTA BARBARA-2

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 martxoa 2017 12:28

 

 

 

 

 

 

DOSSIER MASTERPLAN CENTRO

Gorka Urtaran alkateak eraikinetan eta espazio publikoetan esku hartuko dela eta Udalaren, ekimen pribatuaren eta merkataritza eta ostalaritza agenteen artean politikak koordinatuko dituztela iragarri du.

Udala Gasteizko hirigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko plan integral bat azkentzen ari da, zeina datozen asteetan aurkeztuko baitie zabalguneko gizarte, merkataritza, ostalaritza eta ekonomia agenteei, “erdialdeari hiriburuak merezi duen indarra eta tokia itzuliko dion” estrategia bat zehazteko. “Lantzen ari garen plana ez da itxia, zerikusia duten eragile nagusien proposamenei irekia baizik. Indarrak batzea da asmoa, ekimen publiko eta pribatuak koordinatzea, eta Gasteizko erdialdeari distira eta jarduera itzultzea”,  iragarri du Gorka Urtaran alkateak.

Udalak zenbait hilabete daramatza hirigunea biziberritzeko estrategia lantzen. Izan ere, azken hamabost urteetan, Gasteizko hiri plangintzak gehien bat hedatzeko eredu bati lotu jarraitu dio, lurzorua kontsumitzean eta auzo berrietan espazioak eta bizitegi-eraikinak eraikitzean oinarritua. Horren ondorioz, hiri sendotuan aurretik zeuden azpiegitura eta espazio ugarik oso jarduera, okupazio eta erabilera txikia dute, edo bat ere ez.

Udal gobernuak agintaldi honetarako hartutako konpromisoetako bat  Gasteizko hirigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko plan bat aktibatzea da, pixkanaka hainbat lekutan hobekuntza proiektuak abiatuz, esaterako, berriki iragarri diren eraberritze-lanak: San Ignazio Loiolakoaren kalea, San Anton plaza, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Laudio plaza, eta beste.

Udal gobernuak argi du erdialdean esku hartu beharra dagoela, eta helburu horixe du gaur alkateak iragarri duen proiektuak.

Gasteizko zabalguneko biztanleria gero eta zaharragoa da, bizilagun gutxiago dira —10 urtetan 1.000 biztanle galdu ditu—, eta establezimenduen kopurua ere etengabe gutxitu da azken bost urteetan. Banka eta aseguruen sektoreak (establezimenduen % 45) eta merkataritza eta ostalaritzak (% 32) dute presentzia handiena.  2016ko abenduan 2.167 areto zeuden, eta 8.048 enplegu ematen zuten.

Gasteizko Udalak jarduera sortu nahi du orain erabiltzen ez diren edo gutxi erabiltzen diren leku eraiki edo sendotuetan, eta esku hartzeko premia nabaria duten hiri espazioak hobetu.

Planaren bidez, batetik, dagoeneko sendotuta dauden espazioak eta eraikinak hondatzea eragotzi nahi da eta, bestetik, udalerriarentzat emaitza positiboak lortzea, gizartearen eta ekonomiaren ikuspuntutik. Azken batean, hiriko espazio eta eraikuntza sendotuei ahalik eta etekin handiena atera, interes orokorra bilatuz eta hiriaren erdialdeko kale nagusietan jarduera ekonomikoa akuilatuz.

Udal gobernuaren agintaldirako plan estrategikoan jasotako “3 B-en” filosofian oinarritutako hiru ardatz horiek hainbat jardueratan gauzatuko dira, zeinak datozen hilabeteetan ezagutaraziko zaizkie inplikatutako alderdiei. Alkateak hauek gogorarazi ditu, besteak beste:

Espazio publikoak biziberritzeko ekintzak, Bost Enparantza plana, esaterako, erdiguneko kale nagusien itxura aldatu eta gizarte bizitzak —eta harekin batera, ostalaritza eta merkataritza jarduerak— leku gehiago izan dezan.

Eraikinak berrerabili eta birgaitzea: Udalak Dato kalean zituen bulegoak, Kutxabanken jabetzakoak; San Prudentzio kaleko 30.eko eraikina, non Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea kokatuko baita; Florida kalean Errioxa kaletik gertu dagoen orube batean aurreikusitako jarduera, edo garai bateko Goya gasolindegia turismo bulegoa bihurtzea. Udala erdialdeko zenbait eraikinen jabeekin batera zehazten ari den ekintzen adibideak dira horiek, hirigunea bizitzaz betetzeko asmoz.

Merkataritza eta ostalaritza berpiztea da Gasteizko erdialderako planaren hirugarren ardatza; hirigintza eragiketa hutsez gain —Arich-en egoitza izandakoa saltoki bihurtzea, kasu—, sektorearekin hitzartutako ekintzak eta politikak garatuko dira.

Estrategia horiek guztiek jarduera-eremu hori arautzen duen hirigintza ordenantzaren (OR-2) bokazioa lehenestera bideratuta daude, bizitegi eta merkataritza erabilerak sustatzea aurreikusten baitu.

Alkatearen ustez, plana “indarrak batzeko eta hainbat interes helburu komun batera bideratzeko aukera da, alegia, hiriaren erdialdea eraginkortasunez eta efizientziaz eraldatzea. Interes orokorra lehenesten duen eztabaida planteatuko dugu, hirigintza aldaketetatik etor daitezkeen diru-sarrerak espazio publikoak hobetzen erabiltzeko eta ekonomia, merkataritza eta ostalaritza agenteekin adostuta jarduera integrala egiteko”.

 

 

 

Share