Prentsa Oharren banner

Hasi da euskara ikastaroetan matrikulatzeko kanpaina

 

Udalak, Aldundiak eta Euskaltegiek batera lan egin dute hiritarren euskalduntzea sustatzeko ikasturte berezi honetan 

Aurten ere indarrak batu dituzte Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta lurraldeko euskaltegiek, helduen euskalduntzea sustatzeko. Gaur goizean aurkeztu dute Merezi du! Matrikulazio kanpaina Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik, Aldundiko Euskara zuzendari Lexuri Ugartek eta euskategien ordezkariek Hasi da ikastaro eta programetarako matrikulazio-epea. COVID19aren izurrietaren ondorioz, hainbat dira aurtengo berezitasunak. “Gehienbat, osasun prebentzioarekin zerikusia dutenak: distantziak, maskaren erabilera eta jarduerak modu telematikoz egiteko aukera (hala behar bada)”, azaldu du Iñaki Gurtubai euskara zinegotziak.

Gasteizko Udalak, bi lerrotan planteatu du bere laguntza. Gizarte etxeetako ikastaroak, alde batetik, eta diru laguntzak, bestetik.

Ikastaroei dagokionez, 61 talde eskeintzen ditu Euskara zerbitzuak, 931 ikasposturekin eta horrela banatuta:

Gurasoentzako ikastaroak: 43 talde eskaintzen dira guztira, A1 hastapen-mailaren eta C1 mailaren arteko maila guztiak, hiriko gizarte-etxe guztietan, kiroldegi batzuetan eta ikastetxe batean. Ikastaro hauen helburua da, euskara ikasteaz gain, familia-esparruan hizkuntza praktikatzea, seme-alabek eskolan ikasten dutena indartzeko.

55 urtetik gorakoentzako ikastaroak: lau urteko programa da, oinarrizko erabiltzaileari dagokion A2 maila lortzeko. Guztira 13 talde eskaintzen dira. Aurten, lehenengo aldiz, horietako hiru adinekoentzako zentro soziokulturaletan (san Kristobalen, Lakua-Arriagan eta Sansomendikoan, hain zuzen).

Atzerriko nazionalitatea duten pertsonentzako ikastaroak: hastapeneko hiru talde eskaintzen dira, atzerriko pertsonei hizkuntza-harrera egiteko eta euskarara lehen hurbilpena izateko, hau da, oinarrizko euskara ikasteko eta gizartea ere ezagutzeko.

Merkataritza edo ostalaritzako langileentzako ikastaroak: bi talde. Bata, hastapenekoa (A1); eta bestea, berriz, B1.2 mailakoa, B edo D ereduetan ikasi eta DBHko titulua dutenak zuzenean matrikulatu ahal izango dira ikastaro horretan.

Informazio guztia www.vitoria-gasteiz.eus/euskara webgunean topatu daiteke. Esteka honetan.

 

Diru laguntzen kasu, hau da eskaintza:

  1. Herritarrek euskara ikasteko dirulaguntza: uztailaren 31n bukatu zen 2019-2020 ikasturtean euskara ikasi dutenentzako dirulaguntza deialdia, eta ikasturte honetarako 237 herritarrek dirulaguntza eskatu dute; 237 horietatik 57 guraso dira, eta beste bi, berriz, begiraleak.
  1. Hainbat esparrutan euskara sustatzeko dirulaguntza deialdia indarrean dago, eta irailaren 15ean bukatuko da epea eskaerak aurkezteko. Dirulaguntza deialdi honek hainbat lerro ditu: (1) euskaltegiek antolatutako jarduerei laguntzekoa; (2) guraso-elkarteek euskara sustatzeko antolatutako jarduerei laguntzekoa; (3) aisialdian edo kirolean euskararen erabilera sustatzeko; (4) tokiko hedabideei laguntzekoa; (5) elkarteek Euskararen Astean barruan jarduerak antolatzekoa; (6) aisialdi- eta kirol-begiraleak prestatzeko eskolei laguntzekoa.
  1. Hurrengo astean ALHAOn argitaratuko da Udako Euskal Unibertsitatean ikasi dutenentzako dirulaguntza-deialdia.

Aldundiaren laguntzak

Gasteizko udalarekin batera, lurraldean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko esfortzuan laguntza lerroa argitaratu du Arabako Foru Aldundiak. Euskara eskoletan trinkotasun irizpidez jokatu nahi du, trinkotasunak gaitasunaren antzekotasuna handia duela sumatuz. Hori dela eta, laguntza deialdia argitaratu du trinkotasunaren arabera banatuta:

 

Aurrez aurre ikastaroetan:

  • 248-400 orduko moduluak: 75 euro.
  • 401-600 orduko moduluak: 120 euro.
  • 601 ordu baino gehiagoko moduluak: 240 euro.

 

Autoikaskuntzako ikastaroetan:

  • 190 ordu edo hori baino gehiagoko autoikaskuntza moduluak: 75 euro.

“Urte berezia da eta izaten ari da 2020 hau, COVID19a dela eta. Euskara ikasteko ikastaroei ere eragin die martxotik aurrera izandako ikastaroetan, baina garbi asko erakutsi dute Arabako euskaltegiek pandemiak sortutako egoera larriari aurre egiteko gai izan direla. Baliabideak eskainiz bide berriak jorratu dira aurrera egiteko”, esan du Lexuri Ugartek.

Batez beste 5.000 dira euskarazko ikastaroetan matrikulatuak direnak. Baina gehiago izan daitezke, askoz gehiago! Izan ere, badakigu, 35 eta 44 urte bitartean euskaraz ulertzen dutenak (%52,96) gehiago direla Araban elebakarrak baino (%47,04). Adin tartea oso emankorra da, bai lanean, bai seme-alaben etxeko hazkuntzan ere, kalean sozializazio bideak irekiz hizkuntzaren bidez.

Guztira, Aldundiak 85.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetara.

 

Share