Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 apirila 2019 11:48

18:15ean izango da eta hurbildu nahi duen ororentzat zabalik egongo da; helburua maiatzetik aurrera irekiko den aurrematrikula aldian matrikula berriak lortzea da

José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioak ate irekien eguna egingo du datorren ostegunean (apirilak 11) 18:15ean. Horren xedea ikastegiko jarduerak eta instalazioak ezagutzera ematea eta 2019-2020 ikasturterako ikasle berriak erakartzea da; izan ere aurki helduko dira aurrematrikula eta matrikula aldiak.

  • Hala, irakaskuntza ez arautuko ikasleentzat maiatzaren 6tik 31ra bitartekoa izango da aurre-matrikula egiteko epea, eta matrikula egitekoa, ekainaren 25etik uztailaren 5era artekoa. Ikasle horiek sarrera-probak egin beharko dituzte kontserbatorioan sartu ahal izateko.
  • Oinarrizko irakaskuntzei eta irakaskuntza profesionalei dagokienez, horietan sartzeko probaren aurrematrikula maiatzaren 20tik ekainaren 7ra bitartean egingo da –proba ekaineko bigarren hamabostaldian egin ohi da eta–, eta matrikula, berriz, uztailaren 1etik 5era bitartean.

“Jose Uruñuela” dantza kontserbatorioa ezaguna da 1987tik hona dantzaren irakaskuntzan egin duen lanagatik, betiere kalitatezko formazio profesionala eskaintzeko asmoz. Horrez gain, titulazioa eta ikasketen errekonozimendu ofiziala bermatzen dizkie gazte gasteiztarrei, dantzarekiko interesa sustatzen du, kulturaren ikuspegian Gasteiz Europako hirien parera eramaten laguntzen du eta, besteak beste, egiten duen lanaz gozatzeko aukera eskaintzen die herritarrei.

Dantza kontserbatorioan eskaintzen diren ikasgaiak desberdinak dira prestakuntza-mailaren arabera: irakaskuntza ez arautuaren kasuan dantzarekiko lehen harremana lantzen da, eta oinarrizko irakaskuntzetan eta irakaskuntza profesionaletan, aldiz, dantza klasikoa, izaerako dantza, dantza garaikidea, dantza tradizionala, musikaren lengoaia, errepertorioa, dantzaren historia, anatomia eta elikadura, arte dramatikoa eta puntak.

Informazio gehiago

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2019 12:08

Gasteizek herritarrei laguntzeko bulegoen sare osoa baliatuko du kanpainan informazioa eta aholkularitza emateko; urtarrilaren 28an (astelehena) hasiko da kanpaina, eta otsailaren 7ra arte iraungo du

 Gerora matrikulazioa udal bulegoetan bertan egin ahal izatea da asmoa

 

Alkate Gorka Urtaranek, Hezkuntzako zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Arabako Hezkuntzako ordezkari Blanca Guerrerok lankidetzarako ildo berri bat aurkeztu dute gaur, eskoletako matrikulazio-kanpainan familiei laguntzeko.

Horren bitartez, Gasteizek herritarrei laguntzeko bulegoen sare osoa eskainiko du matrikulazio-kanpainan informazio eta aholkularitza emateko; urtarrilaren 28an (astelehena) hasiko da kanpaina, eta otsailaren 7ra arte iraungo du. Hartara, informazioa eta aholkularitza guneen eskaintzari beste 12 leku gehituko zaizkio hirian barrena, hiru eskola-eremu bakoitzeko.

Familiei beharrezko informazioa eta orientabideak ematen laguntzea da helburua, eskolaratze orekatua lortze aldera. Lankidetza horri esker, arreta emateko ordutegia zabalagoa izango da, eta gertuko zerbitzua eskainiko, gizarte etxeetan kokatutako bulegoen bitartez.

Matrikulazio-epea bukatu ondoren, esperientzia pilotua ebaluatuko da, behar diren doikuntzak egin eta lankidetza egonkor bihurtu dadin; gerora matrikulazioa udal bulegoetan bertan egin ahal izatea da asmoa.

 “Hain zuzen ere, gizarteari eta hezkuntzari dagokionez Gasteiz modernizatzea zen agintaldirako gure konpromisoetako bat, azken helburutzat pertsona ororen berdintasuna bermatzea hartuta, giza eskubideak oinarri direla”, azaldu du alkateak.

Udalak eskumen mugatu eta partekatua du hezkuntzaren alorrean; alabaina, “ez da hori gertatzen berdintasunaren alorrarekin, giza eta funtsezko eskubideen markoan, eta konpromiso horretatik aurkezten dugu gaur hezkuntza-ekitatearen alorrean autonomia erkidegoko administrazio orokorrarekin lankidetzan aritzeko programa hau”, erantsi du Gorka Urtaranek.

Izan ere, gaur aurkeztu den ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekiko lankidetza-esparru zabalago baten barruan sartzen da, zeinak Gasteizko udalerrian hezkuntza-ekitatea sustatzeko interes komuneko jarduerak definitu eta koordinatzeko helburua baitu —laster aurkeztuko da hori—.

Hezkuntzako zinegotziak, berriz, “hezkuntza-politiketan beste batzuekin batera aritzeko konpromiso sendoa” berretsi du. “Gobernu honek berriro jarri zuen martxan Udaleko Eskola Kontseilua, eta kudeaketa-lan handia egin dugu: segregazioaren kontrako mahaia sortu genuen, zeina fruitu ematen ari baita pixkanaka eta zarata handirik egin gabe, eta ematen jarraituko baitu gerora ere. Gasteiz erreferentzia da estatuan hiri hezitzaileen alorrean, eta udalaren haur-eskolen kudeaketan ere ahalegina egin dugu —Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetzaren beste adibide bat—, hainbat programarekin, hala nola Haur Antzerkia, Artea  eta Jolasa, Gurasoen Eskola eta aiten erantzunkidetasunerako proiektuak”, nabarmendu du Estíbaliz Cantok.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share