Prentsa Oharren banner

Mazokak azaroaren 26an (ostirala) irekiko du bere azoka birtuala

Gasteizko Marrazki eta Ilustrazioaren Azoka Montehermoso kulturunean egingo da, abenduaren 17tik 19ra

 

Programa Mazoka 2021

Mazokak, Gasteizko Marrazki eta Ilustrazioaren Azokak, ostiral honetan irekiko du merkatu birtuala www.mazoka.org webgunean, VII. edizio honetan hautatutako 40 mazokalarien lan grafikoa ikusterik izan dadin.

Parte-hartzaileen artean izen ezagunak aurkituko ditugu, hala nola ilustrazioaren Euskadi sariaren irabazle Miren Asiain Lora eta haren “poesia grafikoa”, eta Nader Sharaf eta Mar Ferrero, argitalpenaren, haur eta gazte literaturaren eta publizitatearen alorretan ibilbide luze eta sendoa egin dutenak. Proposamen alternatiboak ere izango dira, Daniel Diaz fanzine-egilearena, esaterako.

Maite Gurrutxaga izango da artista gonbidatu nagusia;  Anuska Graphic diseinu-estudioak ikusizko identitate oso bat sortu du haren lanaren inguruan, omenaldi gisa, haren aparteko estilo grafikoa auzotasun, hurbiltasun, bizikidetza eta elkarlanaren balioekin konbinatuz.

On-line denda abenduaren 26ra arte egongo da zabalik.

Abenduaren 17tik 19ra, berriz, Mazokak aurrez aurreko azoka egingo du Montehermoso kulturunean; jarduera-programak lantegiak, bisita gidatuak, liburu eta komikien aurkezpenak, musika-emanaldi ilustratua, dantza-emanaldia eta “marrazkitzarrak”. barne hartzen ditu.

Aldez aurretik, “Hari batetik zintzilik” erakusketa jarriko da garai bateko ur-biltegian: “oihal ilustratuen baso” horretan VII. Mazokaren protagonista diren egileen lana ikusi ahalko dira. Abenduaren 3tik 26ra arte izango da.

Horretaz gain, abenduan bisita gidatuak egingo dira arte-batxilergoetako ikasleentzat eta arte-, diseinu- eta ilustrazio-eskoletako ikasleentzat. 

Informazio gehiago: https://www.mazoka.org

 

Share

MAZOKA marrazki eta ilustrazioaren bigarren edizioa egingo da Montehermoson, jarduera gehiagoz lagunduta

 

 

 

 

 

 

 

  • 40 artistak, bertakoak gehienak, beren lanak erakutsiko dituzte garai bateko ur-biltegian
  • Lantegiek, kontzertuek, zuzeneko erretratuek eta lanen zozketa batek osatzen dute azokaren programazioa, iazko publiko-arrakasta gainditzeko asmoz prestatua

 Abenduaren 16, 17 eta 18an, MAZOKA marrazki eta ilustrazioaren azokaren bigarren edizioa egingo da Montehermoso kulturunean, garai bateko ur-biltegian; jarduera-programa iazkoa baino zabalagoa izango da. Kontzertu eta familientzako lantegiez gain ekimen berriak sortu dira, esaterako, mazokalarien sorkuntzen zozketa, eta  Ilustrazioaren lehen Jardunaldi Profesionalak. Lehen edizioko publiko-arrakasta –ia 3.000 pertsona– gainditzea da asmoa.

IlustrApados en Araba elkarteak antolatzen duen jaialdi grafiko eta ikusizko horren ardatz nagusia erakustaldia da; sarbidea doakoa izango da, eta egileak berak arduratuko dira erakusteaz. Erakusketa bisitatzen duenak prezio onean aurkitu ahal izango ditu 40 ilustratzaile, marrazkilari eta ikusizko artisten lanak. Sortzaile hasi berriak zein egile ospetsuak daude tartean, bertakoak gehienak. Ilustrazioaren profesionalentzat zein zaleentzat Gasteiz estatu mailan erreferentzia bihurtzea da helburua, bai eta horretan interesa duten erakunde edo enpresentzat ere.

“MAZOKAk Gasteizko kultur programazioan duen balio zalantzaezinaz gain, honelako ekimen batek sorkuntzarekin lotutako industriak sustatzeko duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Marrazkigintzan eta ilustrazioan profesionalki ari direnek, edo horretarako ikasten ari direnek, sektore gaztea osatzen dute, hirian balioa sortzen eta talentua atxikitzen duena. Hori dela eta, azoka hau aukera paregabea da gure artista, marrazkilari eta ilustratzaileen aldeko apustua egiteko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak ilustrazioaren eta marrazkiaren azokaren bigarren edizioaren aurkezpenean; harekin batera izan dira IlustrApados en Araba elkarteko zenbait kide: Marta C. Dehesa, Mikel Escalera, Alex F. eta Ángel Remírez de Ganuza.

MAZOKAren barruan marrazketarekin eta ilustrazioarekin lotutako jarduera paraleloak egingo dira: familientzako lantegiak, zuzeneko erretratuak (“Ilustramatón”) eta musika emanaldiak. Umeentzako eremu bat ere egokituko da, txikiek (eta nagusiek) marraztu dezaten. Amaitzeko, mazokalarien ilustrazioak eta marrazkiak zozketatuko dira.

Azokaren aurretik, abenduaren 14 eta 15ean, bi ilustrazio erakusketa inauguratuko dira, eta  Ilustrazioaren lehen Jardunaldi Profesionalak.egingo dira, zeinetan Ilustrazioaren Sari Nazional baten irabazlea arituko baita.  Orobat, profesionalentzako lantegi bat izango da, bai eta sektorean ospetsuak direnen hitzaldiak eta maisu eskolak.

INFORMAZIO GEHIAGO: www.ilustrapados.org

ILUSTRAPADOS EN ARABA taldea Araban eta, bereziki, Gasteizen ilustrazioaren egungo panorama sustatu eta hobetzeko asmoz sortu zen. Ordudanik, 2015ean irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa eratu zirelarik, hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dituzte, zeinetan elkarrizketarako eta garapen eta ekoizpenerako espazioak sortu baitituzte, arkatzak kalera atereaz eta zarata eginez.

Share