Prentsa Oharren banner

Gasteizek Malizhaeza kalea eraberrituko du, Armentia eta Lasarte lotzen dituen kalea, auzokoek hala eskatuta

 

Udalak onetsi egin du oinezkoentzako eremua handitzeko, argiztapena hobetzeko eta saneamendu-sarea berritzeko lanen lizitazioa.

 

Malizhaeza kaleko oinezkoen eta txirrindularien irisgarritasuna hobetzeko lanen kontratazio-dosierra onetsi du gaur udal gobernuak. Kalea Armentiaren eta A-3102 errepidearen (Lasarte ondoan) artean dago. “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-programaren baitako proiektu hau Herritarren Partaidetzaren Sailak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustatu dute. Datozen egunetan deituko den lehiaketa honetarako aurrekontu osoa 374.246 eurokoa da, BEZa barne, eta Udalak (220.811 euro) eta Amvisak (153.435 euro) ordainduko dute. Lanek bi hilabete eta erdi iraungo dute, esleitzen direnetik.

Malizhaeza kalea eraberritzearen helburua bide hori berritzea da, ikastetxe bat eta mugikortasun murriztuko pertsonentzako egoitza bat gertu ditu eta. Era berean, herritarren paseorako eta aisialdirako ohiko ibilbideetako bat da, Armentiako parkean eta Lasarteko atearen inguruan, eta horregatik oinezko, korrikalari eta txirrindulari asko elkartzen da bertan. Egun eremua hondatuta dago, zuhaitzen sustraiek kaleko espaloi estua altxatu baitute, eta zenbait lekutan ez dago pasatzerik. Espaloiaren ondoan, bi noranzkoko bidegorria dago maila ezberdinetan (egoera txarrean) eta bi erraietako galtzada.

Kalea nabarmen aldatuko da eraberritu eta oinezkoentzako eremua handitzen denean. Espaloia zabaldu eta berritu egingo da, egungo bidegorria oinezkoentzat bakarrik izatera pasako delarik. Hori dela eta, bizikletak galtzadatik joan beharko dute eta trafiko-aldaketak egingo dira ibilgailu motordun gutxiago pasatzeko bertatik. Ildo horretan, Malizhaeza kaleko zirkulazioa itxi egingo da (larrialdietako ibilgailuentzat, nekazaritzako ibilgailuentzat eta bizikletentzat izan ezik) kalearen mendebaldeko muturrean (Armentiako administrazio-batzarreko bidearekiko bidegurutzean), eta Uleta eta Tarazona kaleak lotzen dituen bidearekiko bidegurutzean. Horretaz gain, hobetu egingo da argiteria, kalearen ipar aldera aldatuta, eta Amvisak saneamendu-sarea berrituko du.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodriguezek azaldu duenez, proiektu honek “oso hondatuta dagoen eta arrisku-egoerak ere eragiten dituen kale bat eraberritzeko balioko du, izan ere espaloiaren egoera txarra dela eta, oinezko batzuk bidegorria erabiltzen dute, eta horrek elkarbizitza arazoak eragiten ditu. Garrantzitsuena da herritarrek ikusi egiten dutela udalak bere eskariei erantzuten diela”. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok azpimarratu duenez, Malizhaeza kalerako aurreikusitako esku hartze honek “herritarrek aspalditik egindako eskari bati erantzuten dio, eta “Mejorando Vitoria Gasteiz Hobetuz” programaren bidetik hautatu da.

Sailetik mugikortasun iraunkorra, segurua eta osasungarria bultzatzeko ahaleginak egiten jarraitzen dugu. Batetik, eraberritu, duindu eta hobetu egingo dugu oinezkoek eta inguru horretako ikastetxera doazen haurrek asko erabiltzen duten oinezko bidea. Baina horretaz gain, leku gehiago emango diogu bizikletari, eta ibilgailu motordunen kopurua jaitsiko dugu bide horretan”.

MALIZHAEZA dosierra

 

Share

Etxauri plaza jolastoki moderno, naturalizatu eta berritzaile bihurtuko da Erdi Aroko hirigunearen erdi-erdian

Haurren Auzoa proiektua “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuaren emaitza da eta hirigune historikoko bizilagunekin batera diseinatu da; 573.512 euroko aurrekontua izango du

 

Esku-hartzeak inklinatutako berdegune bat jartzea proposatzen du, ipuin kontalarientzako espazio txiki batekin eta Gasteizko Mendietara begira dagoen balkoi batekin

 

Eskalada gune bat, txirristak eta zabuak, egurrezko oreka-jolasak, ping-pong mahai bat eta saski bat, eta zuhaitzak eta arrosa-landareak izango ditu

  

Haurren Auzoa proiektuak guztiz eraldatuko du Etxauri plaza, Erdi Aroko hirigunearen bihotzean. Udalak jolastoki moderno, naturalizatu eta berritzaile bihurtuko du gunea. Proiektua, “Haurren Auzoa” izenarekin ezaguna eta “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuaren barruan sortua, auzokoekin batera diseinatu da. Bihar, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak lizitaziora aterako du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinaturiko lanak burutzeko kontratua. Lanek 573.512 euroko aurrekontua izango dute eta zortzi hilabeteko gauzatze-epea.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek adierazi duenez, “proiektu honek argi uzten du Udalak kontuan hartzen dituela herritarrek Hobetuz programaren bidez egiten dituzten iradokizunak”. Zinegotziak azpimarratu duenez, Erdi Aroko hiriguneak “topagune berri bat izango du Etxaurin eta egungo plaza ordezkatuko du, premiazkoa baitzen hura eraberritzea”.

“Proiektu honekin Erdi Aroko hirigunea osorik biziberritzeari ekingo diogu”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. “Etxauri plaza berdeagoa, atseginagoa eta modernoagoa izango da. Hirigune historikoaren bihotzean egoteko gune bat, familiekin batera diseinatua izan dena”.

Espazio berria diseinatzean, Udalak Erdi Aroko hirigunean bizi diren haurren eta bere familien proposamenak integratu nahi izan ditu. Horregatik, guneak jolas-eskaintza zabala izango du: alde batetik, gaur egun dagoen ping-pong mahaia mantenduko da, eta, bestetik, proposamen berritzaileagoak ere jarriko dira, hala nola, eskalada gune bat eta ipuin kontalarientzako espazio bat. Azken hori inklinatutako landare-hegal batean sortuko da, eta Gasteizko Mendietara begira dagoen balkoi ere izango da.

Egun, esku hartuko den eremua zaharkituta dago. Oinezkoen joan-etorria oztopatzen duten parterreak ditu, egoera txarrean dagoen saskibaloi-kantxa bat, bai eta berritu beharreko haurrentzako jolasgunea eta bankuak ere. Aisialdirako espazio horren ondoan eta metalezko itxitura baten bidez bereizita, Erdi Aroko hiriguneko aparkalekua dago.

Gunea eraldatzeko burutuko den proiektuak hiru jolas-eremu izango ditu:

Inklinatutako gunea. Gasteizko Mendietara begiratuko duen landare-hegal bat proiektatu da eta balkoi horrek itsasontzi-branka forma izango du. Proiektuak Europako lur-gotorlekuak hartzen ditu erreferentziatzat (Kopenhageko Kastellet, Errenteriako San Markos gotorlekua). Naturalizatutako zerrenda hori egoteko eta erlaxatzeko eremua izango da, bankuak izango ditu eta ipuin kontalarientzako gune gisa ere funtzionatuko du. Alboetan arrosa-landare ederrez inguratuta egongo da.

Egurrezko horma. Oraingo metalezko hesiaren ordez egurrezko horma bat jarriko da parkea eta aparkalekua bereizteko. Hesi horren inguruan hainbat jolas jarriko dira: eskalada sokekin, hormaren kontra jarritako txirristak, oreka enborren eta harrien gainean, egokitutako zabu bat,… Zoruak, gainera, gomaren ordez azalezkoak izango dira, jasangarriagoak izateko.

Erdiko gunea. Antzokiaren eta hormaren arteko eremua partzialki zolatutako espazio bat izango da eta zulaturiko lorategi bat izango du erdian, arrapalez inguraturik. Naturalizatutako eremu horretan zumezko habi bat eta enborrekin egindako espiralak jarriko dira, oreka-jolasak egiteko. Induskatutako espazio horretako hegal txikietan sokak jarriko dira gora eta behera ibiltzeko. Zolatutako eremuan ping-pong mahai bat eta saski bat jarriko dira, azken hori zuhaitz moduan antolatutako hiru uztairekin.

Altzariak. Aulkiak eta bankuak Gasteiz modelokoak izango dira.

Zuhaitzak. Hamar lizar handi landatuko dira, itzala eman eta eremua berda dezaten. Gainera, bankuak jarriko dira zuhaitz horien inguruan.

Tirolina Etxanoben. Proiektuak Etxanobetarren lorategian tirolina bat jartzea ere aurreikusten du. Izan ere, Ramón Bajoko haurrak horren alde azaldu ziren eta Udalak instalatzeko konpromisoa hartu zuen.

HAURREN AUZOA DOSSIERRA

Share

Gasteizek beste baratze komunitario bat onetsi du Borinbizkarran, Zabalgana auzoak eskatzen zuen bezala

Udal Gobernuak obrak lizitatu ditu: 240.000 euroko aurrekontua dute, eta lau hilabeteko gauzatze-epea

 

Ostiral honetan, EAJ-PSEren Udal Gobernuak onetsi du Borinbizkarreko baratze komunitarioak urbanizatzeko obrak kontratatzeko dosierra. Hura “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” herritarrek planteatu zituzten eta boto gehien jaso zituzten proiektuetako bat da. Lizitazioak 239.878 euroko gehieneko lizitatze-aurrekontua du (BEZa barne), eta lau hilabete iraungo dute obrek. Zabalganeko bigarren baratze hori, 7.800 metro koadroko partzela batean egingo da, Henry Morton Stanley eta Hans Christian Andersen kaleen eta Oto hiribidearen artean.

Baratzeak 61 partzela izango ditu, eta bi eremutan banatuko da. Eremu nagusian, baratze komunitarioak berak jarriko dira, partzelaren parterik erregularrenean egongo, etxebizitzekiko paralelo. Bigarren eremuan, fruta-arbolen baratzea egongo da, eta partzelaren gainerakoa hartuko du, hiruki-formakoa ia. Ekipamenduari dagokionez, eremu komunitario bat izango du erdialdean, eta horretan komunen eta biltegiaren esparrua egongo da, baita topaleku bat, zuhaitzekin, askaldegiekin eta pergola batekin.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek nabarmendu duenez, “proiektu honek frogatzen du berriz ere kontuan hartzen ditugula eta gauzatzen ditugula herritarrek Hobetuz programaren bidez egiten dituzten proposamenak. Zabalgana auzoak inplikazio handia du hiri-baratzeak sortzearekin; baratzeek komunitateari onura ekartzen diote, autokontsumoan eta biodibertsitatearen hobekuntzan eta antzeko printzipioetan oinarritzen baitira”. Hiri-baratzeak “natura hirian bertakotzeko garrantzizko elementu dira, baita autoekoizpen-estrategiak eta iraunkortasunaren inguruko sentsibilizazioa garatzen joateko ere. Herritarrekin batera diseinatutako azpiegitura berri horrekin, aprobetxatu nahi dugu zenbait helburu lantzen jarraitzeko, hala nola, osasunerako hezkuntza, elikadura osasungarria, bertako produktuak eta elikadura-burujabetza sustatzea”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

 

 

 

 

Share

Abiatu dira Salburua eta Triana zubiaren artean oinezko eta txirrindularientzako bidea egokitzeko lanak

Oinezkoentzako bidea trenbideari paralelo doa, Triana zubiaren eta Oreitiasoloko industrialdearen artean, eta hasiak dira egokitzeko lanak. Oinezko eta txirrindularientzako zidor berritu batek lotuko ditu Salburua auzoa eta Triana ingurua laster, Udalak 102.813,03 euroko inbertsioa eginda.  “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programan hautatutako proiektuetako bat da ekimena.

Zidor berriak 250 metro inguru izango ditu, hiru metroko zabalera, eta landareak bi aldeetara; zoladura berria jarri eta ingurua txukunduko da. Izan ere, gaur egun erabiltzen den bidexka egoera txarrean dago: zatika hartxintxarra eta zoladura mota ezberdinak ditu, putzuak sortzen dira… Zabalera nahikoa emateko, zintarriak kendu beharko dira zenbait lekutan. Hain zuzen ere, enpresa esleipenduna horretan dihardu.

Esku-hartzearen ondoren, bestetik, bide osoa maila berean utziko da, eta horretarako kendu egingo dira bidea oztopatzen duten eskailera batzuk. Horien ordez aldapatxo bat geratuko da, bizikletaz eta gurpil-aulkiz igarotzeko modukoa. Zidorra eta Jacinto Benavente kalea lotzen dituzten eskailerak ere hobetuko dira.

Orobat, Udalak argiak instalatuko ditu inguru osoan. Zehazki, 14 farola jarriko dira, azken belaunaldiko led bonbillez (27,5 W-ekoak) hornituak, eraginkortasun eta argitasun handiagoa baitute. Oreitiasoloko industrialdean, Jose Maria Iparragirre kalearen eta aipatutako bidearen arteko bidegurutzean, oinezkoentzako pasabide bat margotuko da, baita ‘30eko eremua’ seinalea ere.

Esku-hartzearen bidez hainbat helburu lortuko ditugu: herritarrek dagoeneko erabiltzen zuten bide bat sendotzea; traba arkitektonikoak kentzea, irisgarritasuna bermatzeko, eta bide-segurtasuna hobetzea“, nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

 

Share

Zabalganak haurrentzako jolastoki berri naturalizatua du dagoeneko, umeen sormena, irudimena eta askatasuna sustatzeko xede duena

 

 

 

 

 

 

 

‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuaren barruan sartutako proiektua gauzatzeko 120.000 euro inbertitu dira.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Borinbizkarreko haurrentzako jolastoki berria bisitatu du gaur goizean, Zabalganean. Harekin batera izan dira Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla eta Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez. Zabalgana Batuz elkarteko kide Alain Larreinak lagundu die bisitan udal gobernuko ordezkariei. Izan ere, talde horrek proposatu zuen 120.000 euro inguruko inbertsioa, ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuaren barruan.

 

 

 

 

 

 

“Gaur parke berria dugu, Zabalganeko auzokoen proposamenari jarraituz egina. Guztion artean egiten dugu hiria, eta hori oso garrantzitsua da. Gainera, leku berritzaile honek badu gehigarri bat: umeen sormena, irudimena eta askatasuna handitzen lagunduko duen gune naturalizatua, Francesco Tonuccik aldarrikatzen duen “umeen hiria” filosofiarekin bat eginez. Azken batean, Udalak auzoetan inbertitzeko egiten duen ahalegin handiaren beste adibide bat dugu hau, auzokoen ekarpenak kontuan hartuz egin ere”, nabarmendu du alkateak.

“Partaidetza Sailean oso pozik gaude ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ programaren bi edizioek izan duten erantzunarekin, eta are gehiago pozten gara proiektu bat gauzatzen denean. Nabarmendu beharra dago lehen aldiz sei milioi euro bideratu direla guztira partaidetza-proiektuetara, eta gutxi gorabehera urtebeteko epean egiteko konpromisoa betetzen ari garela. Proiektuen hastapenetatik amaierara parte hartzeaz herritarrek duten poza eta emaitzak ikusirik, bide horretatik jarraitu behar dugu”, esan du Isabel Martínezek.

Ozeano Barearen kaleko 13.etik 19.era bitarteko etxeen atzeko aldean dagoen espazio bikoitza hartzen du haurrentzako jolasgune berriak, eta bi zona ditu: bata konbentzionala eta bestea naturalizatua. Borinbizkarra Zabalganarekin lotzen duen oinezkoentzako pasabiderako sarbideetako batek bereizten ditu bi sektore horiek. Aterpe gisa ere erabili ahal izango da hori euria egiten duen egunetan.

 

 

 

 

 

 

 

Izan ere, lehenengo zona, konbentzionalena, pasabideak estaltzen du, eguraldi txarra egiten duenean ere erabiltzerik izango dela bermatzeko. Duela zenbait hilabete ireki zen. Ohiko jolasak daude bertan: zabuak, txirrista, kulunkak…

Bigarren zonak, naturalizatuak, 825 metro koadro ditu, eta ume ugarik erabiltzen dute duela aste batzuetatik hona. Gasteizko hiri-azpiegitura berdearen estrategiaren ildotik —berdeguneak, parkeak eta jolas-lekuak birnaturalizatzea lortu nahi baita horren bitartez—, aire zabaleko espazioek eta naturak berak eskaintzen dituzten abantailak gozatzeko aukera dute haurrek. Inguru horretan ez da zoladurarik jarri, landare-lurra bakarrik. Jolaserako erabiltzen diren egitura, eraikuntza eta elementuei naturaren ahalik eta kutsurik handiena eman zaie eta hiri-baso batean integratuta daude. Enborrak, gabioiak, harria, lurra, hondarra, sokak, birziklatutako materialak eta beste erabili dira “suge” bat, “soka hormatxoa”, oreka jolasak eta mahaitxo eta aulki batzuk egiteko.  Gainera, banku eta aulkiak, paperontziak, iturri bat eta bizikletak aparkatzekoak jarri dira.  Horretaz gain, argiteria eta ureztatze-sarea hobetu dira. Jolasak 0 eta 12 bitarteko haurrentzat dira aproposak.

 

Share

Lantegiak eta espezialisten erakustaldiak Parkour gunea inauguratzeko jardunaldietan

 

 

 

 

 

 

 

Ostiral honetan, 17:00etan, inauguratuko da aurrekontu parte-hartzaileen emaitza den parkea.

Irailaren 14an eta 15ean parkour gunea inauguratzeko jardunaldiak izango dira, eta lantegiak eta nazio mailako espezialisten erakustaldiak egingo dira: Leo Urban, Iván Fabián eta Cosmin Marius, besteak beste.

Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martinezek eta proiektuaren sustatzaile den Arabatarren Parkour Elkarteko kide Andoni Elizondok eta Josu Martinezek.

Martinezek gogorarazi duenez, parkour gunea “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” aurrekontu parte hartzaileen programari esker gauzatu da. Programak ahalbidetu egin du “lehen aldiz 6 milioi euro herritarrek bozkatutako programetara ez ezik herritarren proposamenetara ere bideratzea”. 20 proposamen gauzatu dira, eta horien artean parkour gunea, zeinek 2016an botorik gehien lortu zituen, 257

Parkourra gutxi ezagutzen den jolas-kirola da, eta herritarrei eta, bereziki, gazteei ezagutzera ematea xede, Arabatarren Parkour Elkarteak jardunaldiak antolatu ditu ostiral eta larunbat honetarako, eta lantegiak eta erakustaldiak izango dira bertan.

Izena emateko Google formulario bat bete behar da. Hori lortzeko, mezu bat bidali helbide honetara: arabaparkour@gmail.com edo honi erantsitako karteleko QR kodea eskaneatu.

Share

Zabalgana eta Armentiako basoa lotzeko igarobidea egiteko lehiaketara deituko du Udalak

 

 

 

 

 

 

“Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuan boto gehien lortu zuen ekimena da

 

DOSSIER PASABIDEA  ZABALGANA-ARMENTIA

Zabalgana auzoa eta Armentiako parkea lotzeko N-102 errepidearen gainetik joango den oinezkoentzako pasabidea hornitu eta instalatzeko kontratazio-dosierra onetsi du Urtaranen gobernuak.

Ingurumen Sailak bideratuko duen ekimena Raúl izeneko herritar batek aurkeztu zuen 2018-2019ko “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuan, eta boto gehien lortu zuenetako bat izan zen.

Eraztun Berdearen alde horretan Mariturriko biribilgunetik Gometxako biribilgunera arteko errepide zatiaren alboetako ezpondak zurezko igarobide batez lotzea da proposamena. Alegia, Zabalgana auzoa eta Armentiako parkea lotzea, Mariturritik igaro beharrik gabe, orain bezala.Animaliak Babesteko Zentroaren paretik gurutzatuko du igarobideak N-102 errepidea, muino txiki bat baliatuz. Gaur onetsi den baldintza-agirian leku horretarako zurezko igarobidea hornitzeko eskatzen da. Besteak beste, igarobidearen diseinua eta Eraztun Berdearekiko integrazioa balioetsiko dira, prezioaz gain.

Kontratuaren aurrekontua 380.000 euro da, BEZa barne, eta gauzatzeko epea, 6 hilabete (26 aste), kontratua sinatzen denetik zurezko igarobidea guztiz instalatu, muntatu eta erabiltzeko prest izan arte.

Azalpenezko bideoa: https://youtu.be/JvEOtlN3Oo8

Share

Udalak Eraztun Berdeko irisgarritasuna hobetu du dagoeneko Atarian erabilgarri dauden ‘scooter’ motako lau ibilgailu elektriko erosita

 

 

 

 

 

 

 

‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ udal programaren barruan erosi dira ibilgailuak

Gasteizko Udalak ‘scooter’ motako lau ibilgailu elektriko erosi ditu, Eraztun Berdea gero eta irisgarriagoa izan dadin hiritar ororentzat. Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroan mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileei zerbitzu emateko balioko dute ibilgailu horiek, eta ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ udal programaren barruan erosi dira. Izan ere, programa horren bitartez, hiriko edozein pertsonak edo taldek aurkeztutako proposamenak martxan jartzeko erabili da aurrekontuaren zati bat. Partaidetza-prozesuaren aurreko edizioan, hain zuzen, Eraztun Berdean irisgarritasuna hobetzeko proiektua aukeratu zen bozketan.

Gasteiz inguratzen duten parkeetan dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat irisgarritasuna hobetzearren, beraz, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak lau ‘scooter’ monoplaza erosi ditu; aulkia eta lau gurpil dituzte, 140 kiloko pisua jasan dezakete, eta gehienez 15 kilometro orduko abiadura har dezakete. Bi bateria eta iraulketa kontrako gurpilak dituzte. Eserlekuak egokigarriak eta biragarriak dira, eta burua zein besoak bermatzekoak  dituzte, tolesgarriak. Ayudas Técnicas Álava enpresari esleitu zitzaion hornikuntza, 9.147,60 euroan, BEZa barne.

Horietaz baliatzeko nahikoa da Atariko harreran galdetzea. Laster, udal langileek bilera egingo dute Atarian Eginaren Eginez elkartearekin, ibilgailuak ikusi eta probatu ditzaten, eta nola funtzionatzen duten ikasi.

Eraztun Berdeko irisgarritasuna hobetzeko asmoz, Udalak 58 eserleku berri ere jarri ditu. Bestetik, joan den azaroaren 16an sei pertsonarentzako lekua duten bi ‘buggy’ elektriko erostea onetsi zuen Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Salburuko parkeko eta Olarizuko lorategi botanikoko bisita gidatuak errazteko.

Share

“Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” ezagutarazteko hiru ekintza egingo dira kalean

“Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programaren barruan 60 proiektu bozkatu ahalko dira urriaren 9tik 22ra bitartean, eta horiek ezagutarazteko kanpainak aurrera jarraitzen du. Bihartik aurrera, hiru ekintza egingo dira kalean proiektuak eta bozkatzeko prozesua zertan diren azaltzeko.

Lehenengoa Gorbeia kalean egingo da, “pintxopotea” dela eta. Zaramagan ere gauza bera egingo da ostiralean, urriak 6. Larunbatean, urriak 7, erdialdera iritsiko da kanpaina.

Bestetik, Europa jauregian irailaren 28tik urriaren 1era arte ikusgai egon den proiektuen erakusketa San Martineko udal bulegoetako sarrerara aldatu da, eta proiektuak proposatu dituztenen bideoak web-orrian eskegi dira.

Gizarte etxe orotan jaso daiteke informazioa, eta informazio-taulak kontsultatu.

Bozketa urriaren 9tik 22ra arte egingo da, bi bide baliatuz: online edo aurrez aurre, herritarrei laguntzeko bulegoen lan-ordutegian (09:30 – 20:00), horretarako propio prestatutako aplikazioa baten bidez.

Webgunean HUT (aktibatuta egon behar du) edo ziurtagiri digitala duen txartel bat baliatuz identifikatu beharra dago. Bulegoetan nahikoa izango da NANa, pasaportea edo identifikazio pertsonalerako beste agiri baten jatorrizkoa aurkeztea.

Bozketa-epea amaitu baino lehen 16 urte baino gehiago izan eta Gasteizen erroldatuta egon beharra dago bozkatu ahal izateko.

 

Share

“Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” proiektuen aurkezpena

Alkate Gorka Urtaran eta Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez, “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programaren barruan bozkatu daitezkeen 60 proiektuen arteko 34 aurkezteko egingo den hiru eguneko zikloaren aurkezpenean; urriaren 9tik 22ra bitartean eman ahalko da botoa, eta emaitzen arabera 2018 eta 2019ko aurrekontuetan hiru milioi eurorainoko gastua sartuko da.

 

Share