Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 ekaina 2018 13:28

 

 

 

 

 

  • 66 lokaletan jardungo da planaren bitartez, hobekuntz estetiko, egokitzeko lan eta esku-hartze artistikoen bitartez
  • 18 denda eta 31 ostalaritza establezimendu irabazi ditu Gasteizek 2018ko lehen erdian

Gasteizko alkateak Erdi Aroko hirigunean eta Zabalgunean lonja hutsen kopurua murriztu eta merkataritza berrindartzeko esku-hartze plan bat aurkeztu du. Ekimen horren lehen helburua zenbait merkataritza gune estrategikotan dauden lokal batzuen itxura narriatu eta hondatua ekiditea da, hartara berriro jarduerarik hartu ahal dezaten. Horretarako, 2018ko bigarren seihilekoan eta 2019ko lehenengoan 66 lokaletan jardungo dute. Zehazki, hobekuntza estetikoko ekimenak, lokala egokitzekoak, esku-hartze artistikoak eta erakusleihoak ekimen kulturaletan integratzekoak burutuko dira.

Planean aurreikusten da, besteak beste, hobekuntza estetikoa. Horren bitartez hiriaren erdigunean dauden udal jabetzako 28 lokaletan jardun nahi da. Lonja horietako erakusleihoak garbitu eta beraietan biniloak paratuko dira, hartara nabarmen hobetuko delarik lokalen kanpo-itxura. Binilo horiek irizpide artistikoekin diseinatuko dira.

Gainera, esku-hartze artistikoak egin nahi dira baita Erdi Aroko hirigunean eta Zabalgunean dauden jabego pribatuko 34 lokal hutsetan, horien irudia eguneratzen lagunduko dutenak. Kasu honetan, Gasteizko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolarekin lankidetzan aritzeko aukera planteatu da, lonjetako erakusleihoetara artea eramateko asmoz, hartara beren lanak erakusteko aukera emanez eskola horietako ikasleei, bai eta jarduera galdua zuten lekuak berriro aurkitzeko gonbitea eginez herritarrei.

Beste lan-ildo bat lokal hutsak kultur jarduerekin betetzea da. Lehen urrats gisa, argazkigintzaren alorrean erreferentziazkoa den ekimen baten baitan ibilbide bat sortu nahi da lonja hutsetako erakusleihoetan barrena. Erakusketa horretan tamaina handiko binilotan inprimatutako argazkiak erabiliko dira, eta berariaz hautatutako komisarioek arduratuko dira horien diseinuaz.

Laugarren lekuan, Enplegu plan baten bidez, Erdi Aroko hirigunean dauden udal jabegoko lau lokal konpondu eta txukunduko dira,erakargarriago izan daitezen jarduerak hartzeko. Igeltserotza- eta margotze-lanak izango dira, eta horien bitartez lokalak merkatuan jarri nahi dira.

Aldi berean, merkataritza-nahasturaren azterketa egingo da erdialdeko merkataritza guneetan. Orain arte azterlan hori Zabalgunean eta Erdi Aroko hirigunean egin izan da soilik, zeinetan kale kale zedarritu da lonja bakoitzaren egoera. hemendik aurrera, azterlana beste kale batzuetara zabaldu nahi da (Badaia, Lovaina plaza, Magdalena, Prado, Becerro Bengoa, Gorbeia, Gasteiz hiribidea, Ricardo Buesa, Bastiturri eta Antso Jakituna); hartara, Gasteizko erdialdeko merkataritzaren argazki osoagoa lortuko dugu.

Hain zuzen ere, datu positiboak eman ditu alkateak merkataritza eta ostalaritzako lonjen irekiera eta itxierari buruz. Urte honetan, Gasteizek 18 denda eta 31 ostalaritza-establezimendu irabazi ditu. Datu horiek merkataritza-jarduera –zeinean establezimendu ireki eta itxien artean negatiboa izan den– gorantz ari dela erakusten dute. Ostalaritzari dagokionez, 2018an bikoiztu egin da saldo positiboa, 15 enpresa berrirekin.

 

 

 

Share