Prentsa Oharren banner

Gasteizko lore-saltzaileek bost monumentu esanguratsu apaindu dituzte Udalarekin eta Aenkomer elkartearekin lankidetzan 

Enplegu eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek aurkeztu du gaur Gasteizko monumentu esanguratsuak loreekin apaintzeko ekimena, Aenkomer elkartearen zuzendari-kudeatzaile Edurne Parrorekin eta Arabako lore-saltzaileen ordezkariekin batera. Aurten bost eskultura apaintzea erabaki da: Ibiltaria, Toreatzailea, Begirada, Zeledon eta Iqbal Masih haurra. Apaingarriak egiteko 4.000 lore erabili dira guztira, eta, eguraldia lagun, ekainaren 10era arte egongo dira ikusgai.

“Ekimen hau udaberriari egindako omenaldia da, Arabako lore-saltzaileen lana agerian jartzen duelako, gure ondarearen edertasuna azpimarratzen duelako, eta Gasteizko erdiguneko tokiko merkataritza dinamizatzen duelako. Lankidetza honekin, gure hiriko hainbat monumentu apaindu dituzten profesionalen lan bikaina eskertu eta ezagutzera eman nahi dugu Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailetik”, azpimarratu du Enplegu eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek.

 

Share

Gasteiz On elkartearen udaberri-udako pasarela Arkupeetan egingo da

Ekitaldia maiatzaren 15ean izango da eta diseinatzaile berrien desfilea berreskuratuko du

Maiatzaren 15ean Gasteiz On elkartearen udaberri-udako XXXVIII. pasarela egingo da Arkupeetan. Pandemia-egoera dela eta, aurten ere egokitutako formatua izango du: egun bakarrean egingo da, bi emanalditan, 18:00etan eta 19:30ean.

Hitzordua gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan Gasteizko Udaleko Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek, Diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren diputatu Cristina Gonzálezek, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza sailburuorde Jesús Garcíak eta Gasteiz On elkarteko presidente Diego Martínez de San Vicentek.

Gasteiz On Pasarelak diseinatzaile berrien desfilea berreskuratuko du. Hortaz, Amaia Sánchez, Carla Ramacciotti, Iñigo Cordón, Marcos Villafruela eta Nunaren jantziak parte hartzen duten saltokietako arroparekin tartekatuko dira.

18:00etako desfilean Baskonia Alavés Experience Store, Zapatería Wow, Ciclos Sport, Elaia eta Moda María Jesús egongo dira, Amaia Sánchez, Nuna eta Marcos Villafruela diseinatzaileekin batera; 19:30eko pasean, aldiz, Cotton Artean, Barbour –Twinsisters, Galerías Xara, Ríos Moda–, Twinsisters, Atelier Vitoria eta Novias por siempre jamás, Carla Ramacciotti eta Iñigo Cordón sortzaileekin.

Maiatzaren 10etik aurrera Euskadiko I. Zikloturismo Foroa egingo denez hirian, Ciclos Sport dendak moda eta osagarrien joerak erakutsiko ditu bizikletaz bidaiatzen eta kirol hori egiten ondo pasatzen duten pertsonentzat.

Desfile bakoitzean 180 pertsonarentzako lekua egongo da eta joan nahi dutenek www.entradium.com webgunean eskuratu beharko dute sarrera, doan. Lehen egunetan saltokiei eta bere bezeroei emango zaie lehentasuna.

Plaza-kopurua mugatua izateaz gain, segurtasun-neurri guztiak hartuko dira: distantzia, derrigorrezko maskara, tenperatura hartzea, gel hidroalkoholikoa eta modeloek jantziko dituzten arropak garbitu eta desinfektatzea. Desfile bakoitza hasi baino 45 minutu lehenagotik sartu ahalko da esparru mugarrituan eta bertaratutako pertsona bakoitzari tenperatura hartu eta bost maskarako kit bat banatuko zaio, BSAFE enpresa gasteiztarraren eskaintza.

Pasarelak honako hauen laguntza du: Kutxabank, Di4, BSafe, Quintas Fotógrafos, Eternian eta Calzados Pasos. Gainera, desfilea amaitu ondoren ikusleek sustapen bereziak jasoko dituzte parte hartzen duten saltokien eskutik —% 10 eta % 15 bitarteko beherapenak izango dituzte 15 egunetan zehar—, eta Viva Gym, Abasedestilo, Altafit, Body Chronos eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak opariak zozketatuko dituzte.

Share

Gasteizek krisiaren aurkako borroka areagotuko du, 2 milioian balioetsitako laguntza-plan batekin

 

Etxebarriak gutxienez 600 euroko aparteko laguntzak iragarri ditu ehungintzarako eta bidaia agentzietarako 

Merkataritza eta ostalaritza modernizatzeko dirulaguntzek terrazak hornitzeko linea bat izango dute lehen aldiz

 

Gasteizko Udalak laguntza plan bat jarri du abian osasun krisiaren ondorioei aurre egiteko. Programa horren lehen faseak 2 milioi euroko aurrekontua du eta sostengu ekonomikoa eta pizgarri fiskalak barne hartzen ditu; urtean zehar neurri berriekin osatuko da plana. Planak indartu egiten ditu Arabako hiriburuak azken hilabeteetan ekonomia dinamizatzeko bideratu dituen politiken zutabeak, hainbat berritasunekin. Besteak beste, gutxienez 600 euroko aparteko laguntzak sortu dira bi sektore berezitarako: ehungintza (arropa-dendak eta zapata-dendak, besteren artean) eta turismoa (bidaia-agentziak, biltzarren antolaketa eta gidariak). Gainera, terrazen ekipamendurako dirulaguntzak emango ditu Udalak lehen aldiz, ostalaritza sektoreak hala eskatu baitu; enpresen arloan, berriz, ekonomia zirkularreko proiektuei laguntzeko lerro bat estreinatuko du.

Gaur, asteazkenarekin, aurkeztu dute plana alkateorde Maider Etxebarriak eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek; hain zuzen ere, “pandemiak kaltetutako sektoreen iradokizunetan oinarritzen da” plana. Ekonomia Sustapenaren zinegotziak adierazi duenez, programak hiru ardatz nagusi ditu, sailak agintaldi honetan bere estrategia politikoaren erdigunean jarri dituen arloei erantzuten dietenak: merkataritzari eta ostalaritzari, enpresa-ehunari eta turismo-sektoreari laguntzea. Zinegotziak azaldu duenaren arabera, laguntza horiek “beste erakunde batzuetakoekin osagarriak” izango dira, eta Udalak “laster” argitaratuko ditu betekizunak eta epeak zehazten dituzten deialdiak, teknikariek oinarriak amaitu bezain laster.

Laguntza-plan honen hiru ardatzetako lehena merkataritza eta ostalaritzari zuzentzen zaie, pandemiak gehien kaltetutakoen artean baitaude. Zehazki, urte hasiera honetan, Udalak 660.000 euro bideratuko ditu bi sektoreen defentsara, hau da, iazko aurrekontuan esleitutako zenbatekoa bikoiztuko du. Zenbateko hori hiru programatan banatuko da. Alde batetik, hirian merkataritza-enpresa txikiak eta ostalaritza-establezimenduak ezartzeko eta modernizatzeko laguntzak, 300.000 euro. Bigarrenik, murgiltze digitalarekin lotuta iaz sortutako dirulaguntzak mantenduko ditu Gasteizek. 60.000 euro jarriko dira digitalizazioan laguntzeko, alegia, sareko merkataritzarekin, telelanarekin edo web korporatiboen egokitzapen edo garapenarekin lotutako ekipamendu eta software informatikorako inbertsioak ordaintzeko.

Lehen ardatz horren berritasun nagusia ehungintzara bideratutako aparteko laguntzak dira. Ildo horrek 300.000 euro izango ditu eta arropa eta osagarrien denden eta zapata-denden gastu arruntera bideratuko da. Onuradunek zenbait betekizun bete beharko dituzte: besteren artean, lokalaren antzinatasuna eta plantillaren bolumena baloratuko dira. Laguntzak 600 eurokoak izango dira gutxienez, eta alokairu edo hipoteka gastuak zein autonomoen kuota ordaintzeko balioko dute, besteak beste. “Saldoa soberan badago, eskatzaileen artean banatzeko aukera aztertuko da, partida agortu arte”, adierazi du Salazarrek.

Era berean, zinegotziak adierazi du merkataritzari eta ostalaritzari dagokion kapituluak barne hartuko dituela hiriko taberna eta jatetxeen 2021. urte osoko terraza eta zaborren tasen salbuespenak; EAJ-PSE udal gobernuak berriki iragarri duen neurri horrek 820.000 euroko eragina izango du udal kontuetan. “Ostalaritzak salbuespena eskatu zigun, haien izenean defendatu genuen, eta Ogasun Sailak mahai gainean jarri du sektoreari laguntzeko, alkateak iragarri zuen bezala.

Sailen arteko lankidetzaren adibide garbia da “, azpimarratu du Salazarrek.

 

Ekonomia zirkularreko ildo berria

Laguntza-planaren bigarren ardatzak tokiko enpresa-ehuna izango du helburu, eta lau neurri barne hartuko ditu. Kapitulu honetan sartzen dira 50 langile baino gutxiagoko enpresak sortu eta finkatzeko laguntzak, 140.000 euro, zeinak 5 urte arteko antzinatasuna duten negozioengatik eskatu ahalko baitira; ekintzaileentzako bekak, 84.000 euro, Gasteizen enpresa-ekimen bat bultzatzen ari diren pertsonentzat; ikus-entzunezkoen sektorerako laguntzak, 100.000 euroko aurrekontuari eutsiko diotenak, zinema, telebista eta plataforma digitaletarako proiektuak, film laburren ekoizpena eta gidoien idazketa sustatzeko, eta 50.0000 euroko laguntza-ildo berria, ekonomia zirkularreko proiektuak finantzatzeko.

 

Turismoa

Hirugarren ardatzak iaz hasitako estrategia indartuko du, Gasteizen turismo-produktuak sustatzen eta sortzen lan egiten duten autonomoen eta enpresen jarduera babesteko. 2021eko laguntza-programan 100.000 euroko aparteko laguntza berriak jasoko dira sektore horretarako. Lerro horren helburua da bidaia-agentzien, gidarien, kongresuen antolaketari lotutako enpresen eta hotel-establezimendu txikien gastu arrunta ordaintzen laguntzea. Gutxieneko zenbatekoa 600 eurokoa izango da.

Laguntza-lerro bakoitzaren epeak irekitzeari dagokionez, Udalak deialdi bakoitzaren berri emango du jendaurrean. Deialdi horiek, gainera, udalaren webgunean eta Ekonomia Sustapenaren Sailaren buletinetan iragarriko dira.

AyudasPE2021

 

Share

Abenduaren 3tik 18ra arte azoka enogastronomikoa egingo da Santa Barbara plazan

Aenkomerrek sustatu du Arabako baserritarren, tokiko saltokien eta upeltegien arteko topagune hori

 

Abenduaren 3tik 18ra arte 2020ko AEnkomer elikadura azoka egingo da Gasteizko Santa Barbara plazan, Araba osoko eskaintza enogastronomikoa elkartzeko asmoz.

Arabako Merkataritza eta Zerbitzu Enpresaburuen Elkarteak sustatu du ekimena, lurraldeko eta leku mugakideetako baserritarren, tokiko saltokien, upeltegien eta beste proposamen gastronomiko batzuen arteko topagunea bihurtzeko asmoz. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Vital Fundazioak eta Azoka Plazak emandako laguntzari esker antolatu ahal izan da.

Eskaintza bereizgarria duten produktuak eta establezimenduak ezagutaraztea da helburua, eta beste leku batzuetako produktuak ere eskaintzea horien osagarri, azoka aberatsagoa eta dinamikoagoa izan dadin.

Hauek izan dira azoka aurkezteko prentsaurrekoan: Igor Salazar, Enplegu, Prestakuntza eta Merkataritza zinegotzia; Felipe García, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru zuzendaria; Arantxa Ibañez de Opacua, Vital Fundazioaren zuzendaria; Edurne Parro, AEnkomerren zuzendari-kudeatzailea, eta Eloy López de Foronda, Gasteizko Azoka Plazaren kudeatzailea.

“Bihartik aurrera azoka oso honetara etortzera animatzen ditugu gasteiztarrak, osasunaren arloko agintariek ezarritako neurri guztiak beteta leku segurua baita, eta bertan kalitate goreneko produktuak erosi ahalko baitituzte Eguberrietarako. Abenduaren 18ra arte egongo da zabalik”, azaldu du Igor Salazarrek.

Bigarrenez egingo da merkatua Gasteizko Azoka plazaren ondoan; egunero irekiko da, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:30era.

 

 

Share

Udalak Merkataritza Mahaiaren osoko bilkurara deitu du, eta hogeita hamar pertsona bertaratu dira

Alkateorde Maider Etxebarria eta Merkataritza, Prestakuntza eta Enplegu zinegotzi Igor Salazar izan dira buru Merkataritza Mahaiaren osoko bilkuran. Hiriko merkataritza eta ostalaritzako funtsezko eragileek parte hartzeko foroaren bileran hogeita hamar pertsona elkartu dira.

Etxebarriak eta Salazarrek Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren jarduera-ildo nagusiak azaldu dizkiete sektoreko elkarte garrantzitsuenetako zein enpresa handi eta txikietako ordezkariei, eta haiek beren iritziak eta hobekuntza-proposamenak jarri dituzte mahai gainean.

Share

Bildumagileen azoka igandean irekiko da berriro, Santa Barbara plazan

 

Bildumagileen azokak asteburu honetan ekingo dio berriro jardunari, baina beste leku batean, Santa Barbara plazan. Izan ere, Covid-19arekin lotutako prebentzio-arau berriak direla kausa beharrezkoa da edukiera kontrolatzea eta azoka egiten den lekua mugatzea. Ohiko lekuan —Espainia plaza—, ordea, jende ugari ibiltzen da batetik bestera, eta zaila gertatzen zen neurriak betetzea.

“Bildumagileen azokan hiriko pertsona asko elkartzen dira gauzak trukatzeko, eta horregatik mantendu nahi izan dugu, baina behar diren segurtasun-neurriak hartuta. Santa Barbara plazan duela aste batzuk hasi ginen beharrezko segurtasun-neurriak probatzen”, azaldu du Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek.

Azokako hogei saltokietan askotariko bilduma-gaiak erakusten eta saltzen dira: zigiluak, txanponak, billeteak, mineralak, oroi-dominak, postalak, argazkiak, liburuak, egutegiak, aldizkariak, loteria, binilozko diskoak, kartak edo kromoak.

Datozen hilabeteetan, beraz, Santa Barbara plazako pergolaren azpian egingo da azoka, ohiko ordutegian (10:00etatik 15:00etara) eta saltoki-kopuru berarekin. Pergolako zutabeen artean hesiak edo zintak jarriko dira, eta bi sarrera eta irteera bat egokituko. Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak kontratatutako langileek kontrolatuko dituzte sarrera-irteerak, saltzaile ibiltarien elkartearen laguntzarekin. Bezeroei gel hidroalkoholikoa eskainiko zaie, azokako erosleek berek erosia. Gainera, saltokien alboen artean 1,5 metrotik gorako distantzia utziko da.

Share