Prentsa Oharren banner

 

  • Gorka Urtaranek Gasteiz mugikortasun iraunkorraren europar erreferentea dela adierazi die Michelinen CEOari eta Montrealeko alkateari

 

Montrealen emandako lehen egunean, Michelinek sustatutako Movin’On mugikortasun iraunkorraren munduko gailurrean izan dira alkate Gorka Urtaran eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa. Gasteizko ordezkaritza topaketa irekitzeko ekitaldian izan da, zeinean Michelineko CEO Jean Dominique Senard eta Montrealeko alkate Valérie Plante-k hartu baitute parte. Urtaran etorkizuneko mugikortasunaren garrantzi estrategikoaz mintzatu da haiekin, gailurraren bi jardunaldietako gai nagusia baita, eta alor horretan Gasteiz europar erreferentea dela adierazi die.

“Hiriok egin behar dugun ahaleginaz mintzatu gara, klima aldaketaren kontrako borrokan zein espazio iraunkorragoak osatzen. Mugikortasunak funtsezko egitekoa du helburu hori lortzeko, hala mugikortasun aktiboak, oinez edo bizikletaz mugitzea sustatuz, nola garraio publiko moderno eta elektrifikatuak. Esan dezakegu Gasteiz etxeko lanak egiten ari dela, munduko hiri nagusiak benetan iraunkorrak izateko urratzen ari diren bidetik”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Ehun entitatetik gora (enpresak, udalak, gobernuak eta antolakundeak) bildu dira gailurrean; “Nahietatik ekintzara” lemaren pean, etorkizuneko mugikortasunerantz aurrerapauso zehatzak ematea da asmoa.  Horretarako, berrogeita hamar lan-saio antolatu dira, zeinetan 4.000 pertsonak baino gehiagok hartuko baitute parte. Besteak beste, erakustaldietarako eremu bat jarri da, eta mugikortasun iraunkorrari ekarpen berritzaileak egiten dieten 21 ibilgailu aurkeztuko dira bertan.

Arratsaldean, Gorka Urtaran Movin’On gailurrera joan diren hedabideekin bilduko da, Gasteiz promozionatu eta, besteak beste, Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Konferentzia aurkezteko, datorren urteko martxoan Euskadiko hiriburuan egingo baita.

Hain zuzen ere, Montrealeko biharko egitarauko ekitaldi nagusia Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen biltzarra da. Gasteizen egitekoa den Michelin hirien bigarren konferentziarekin lotutako zenbait alderdi zehaztuko dira bileran, baita sarearen antolakuntzarekin lotutakoak ere.

 

 

Share