Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 martxoa 2019 08:55

 

 

 

 

 

 

  • Oslo, Nijmegen (Herbehereak), Lisboa eta Gasteizek hiriburu berde izateko beren gakoak zein izan ziren azaldu diete Michelin hiriei, eta etorkizunera begira zer erronka dituzten azaldu.
  • Konferentziakideek Arabako Teknologia Parkea eta gizarte-etxeak bisitatu dituzte, eta Europa jauregiaren eta Zaramaga eta Koroatze auzoen birgaikuntza iraunkorraren nondik norakoak ezagutu dituzte. Horrez gain, Eraztun Berdera urreratu dira eta ibilbide bat egin dute hirigintza eta hiri-planifikazioari loturiko zenbait proiektu ikusteko.
  • Gaur arratsaldean sareko alkateek topaketa bat egingo dute 16:30ean, hirien artean beren aurrerapenak eta erronkak partekatzeko.

Gasteizen gertatzen ari den Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarraren bigarren egun honi hasierako emateko, Europar Batasunaren “Hiriburu berde” izendapena jaso duten 10 hirietako 4ren esperientziak entzun ahal izan dituzte parte-hartzaileek. Olso, Nijmegen (Herbehereak), Lisboa eta Gasteizek sareko gainerako hiriei erakutsi diete zein diren hiri iraunkorragoak eraikitzeko gakoak. Norvegiako hiriburuak –2019ko hiriburu berdea– lantzen ari den gaien zerrenda paregabea aurkeztu du, besteak beste, “klima-aurrekontua” –horren bidez hiriaren abantzamendua klima-aldaketaren eraginak arintzeko neurriekin lotzen dute– eta mugikortasun elektrikoaren aldeko apustu itzela –joan den urtean Oslon erosi ziren autoen % 40 elektrikoak ziren–. Horiez gain, hiri eskandinaviarreko udaleko teknikari den Kjersti Kanestrom-en ustez badira giltzarri izan diren beste zenbait alderdi, esaterako, “200dik gora partner publiko eta pribatu izatea, eskoletarako klima-aldaketari buruzko programa eta enpresen engaiamendua”.

Nijmegen-dik, Ultsje Van Gorkum Europa berdeago bat eraikitzeko berearen tanketako hiri ertainen paper garrantzitsuaz aritu da. Nijmegenek 177.000 biztanle ditu eta, hiru aldiz saiatu eta gero, Europako hiriburu berde izatea lortu zuen, besteak beste, honako lorpen hauei esker: eguzki-energiak hiriko kontsumoaren % 10 hartzea, 6 urtean ur-kontsumoa % 20 gutxitzea eta hondakinen birziklatze-tasa % 67an kokatzea.

Lisboak, 2020ko hiriburu berdea, bere prestakuntza-lanak eta etorkizuneko erronkak partekatu ditu. Erronka horien ardatza hiria goitik behera eraldatzea da, udalerri osora zabalduko den azpiegitura berdeen sarearen bidez; beti ere, hiritarrentzat onuragarriagoak izango den espazio publikoak lortzeko.  Portugalgo hiriburuan aholkulari lanetan ari den Duarte D´Araujo-k azaldu du proiektu horren garrantzia kanpoaldeko berdea baino askoz sakonagoa dela, “gizarteratzea, herritarren partaidetza eta klima-aldaketari egokitzeko neurriak ere sustatzen dituen ekimena da eta”. Lisboako ordezkariek hango hiri espazioetan gertatu den eraldaketa ikusgarria erakutsi dute, eta, horrez gain, ura berrabiltzeari loturiko proiektu batekiko egin duten konpromiso irmoa ere aipatu dute; iberiar penintsulan gero eta latzagoa den euri eskasiaren ondorio argia.

Azkenik, Gasteizen txanda izan da. Hasteko, 2012an Green Capital izatera eraman zuen bideoa erakutsi die parte-hartzaileei eta, gero, ordutik egin diren aurrerapenen berri eman die, mugikortasun iraunkorra eta eraztun berdea ardatz hartuta; izan ere, ibilgailu pribatuen erabileran gertatu den murrizketa nabarmena handienetarikoa da Europan, % 10 murriztu baititu garraioak sorturiko berotegi-efektuko gasak 2013az geroztik. Erantzun berdea, berriz, kanpoaldetik barnealdera ekarri da, hala, azpiegitura berde hori hirigunean ere sartzeko. IGIko Iraunkortasunerako Informazio eta Berrikuntza Arloko buru den Juan Carlos Escuderok azpimarratu du hiri berde bat eraikitzeko bidean berebiziko garrantzia duela hiritarrekiko kontsentsuak eta eraikuntza partekatuak, eta nabarmendu du Green Capitalen eta Michelin Hirien sareek egiten duten lana ezinbestekoa dela, etorkizun iraunkorrago bat sortze aldera, esperientziak partekatzeko eta elkarlanean aritzeko topaguneak sortzeko.

 Gaikako bisitak eta alkateen arteko topaketa

Hiri berdeen mahai-inguruaren ostean, konferentziakideek gure hiriko zenbait proiektu eta ekimen bisitatu dituzte: Arabako Teknologia Parkea, Eraztun Berdea, Mugikortasun Iraunkorrerako Plana, eta birgaikuntza energetikoaren eredu diren Europa jauregia, Koroatzearen auzoko SmartEnCity proiektua eta Zaramagako eraikin batzuk. Ibaiondo eta Zabalganeko gizarte-etxeetan zehar ere ibili dira.

Gaur arratsaldean, parte-hartzaileek gaika antolatutako lantegiak egiten dituzten bitartean, sarea osatzen duten hirietako alkateek lan-saio bat egingo dute Europa jauregian. Horren asmoa herrien artean lankidetza- eta eraikuntza-politika komunak bultzatzea da, gero eta iraunkorrago bihurtzeko. Gasteizko alkate Gorka Urtaran izango da bilera horren buru eta, besteak beste, Oviedo, Clermont-Ferrand, Pirot (Serbia), Cuneo (Italia) eta Anderson (AEB) hirietako udalburuak izango ditu mahaikide.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 martxoa 2019 14:25

 

 

 

 

 

 

 

  • Topaketak martxoaren 29ra arte (ostirala) iraungo du, eta 17 alkate eta 17 herrialdetako 150 parte-hartzaile baino gehiago bilduko dira bertan
  • Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Clermont-Ferrandeko alkate eta sareko lehendakari Oliver Bianchi eta Arabako diputatu nagusi Ramiro González ere izan dira hasierako ekitaldian
  • Gizarte Zientzietako Asturiasko Printzea sariaren irabazle Saskia Sassen soziologo holandarrak eta Guillermo Peñalosak ireki dute hitzaldien txanda, ahulenekin atseginagoa eta iraunkorragoa den hiri-eredua irmo defendatuz

 Lehendakari Iñigo Urkulluk, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek,  Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Clermont-Ferrandeko alkate Olivier Bianchik Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarra inauguratu dute; hain zuzen ere, Frantziako multinazionalak lantegiak dituen munduko hirien sarea da hori. Lau kontinentetako 17 herrialdetako 26 hirik eta 17 alkatek hiri jasangarriagoak eraikitzearen aldeko apustua partekatuko dute Euskadiko hiriburuan, martxoaren 29ra arte. Horixe da biltzarraren gai nagusia: nola eraiki ingurune naturalarekin errespetu handiagoa duten udalerriak, inklusiboagoak, osasungarriagoak eta bizi-kalitate hobekoak, NBEk 2015ean proposatutako garapen iraunkorreko helburuekin (GIH) bat datorren ekonomia molde berria sustatuz.

Lehendakariak euskal eredua nabarmendu nahi izan du, tradizioa eta industria berrikuntza ingurumenarekiko errespetuarekin batzen baititu, “ekosistema ekonomiko erakargarri eta iraunkor berria sortzeko“. Urkulluk ongi etorria eman die parte-hartzaileei, eta Gasteizek European Green Capital gisa duen egitekoa eta Eusko Jaurlaritzak giza eskalako garapenaren alde egindako apustua nabarmendu ditu. Horren haritik, Euskadi Basque Country 2030 ekimena azpimarratu du, GIHak euskal gizarte osoarekin batera sustatzeko xedea baitu.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere ongi etorria eman die hirira hainbat herrialdetatik etorritako pertsonei. Hasteko, Euskadiko hiriburuaren ezaugarri nagusiak azaldu ditu: kokapen estrategikoa, Lisboa-Madril-Paris ardatzean; industrian oinarritutako ekonomia, gure BPGd-aren % 30 baita; Green Capitalaren jasangarritasuna; bizi-kalitatearen eta zerbitzu publikoen maila handia, eta ekitaldi handiak erakartzen dituen eta harrotasuna sortzen duen hiria izatea.

Orobat, Gasteiz superhiria dela aipatu du Gorka Urtaranek; Europan tamaina ertaineko hiri ongi planifikatu eta kohesionatuak eta bizi-kalitate maila handia dutenak izendatzeko sortutako kontzeptua da hori. “Hirien zeregina gakoa da XXI. mendean, eta biltzar honetan elkarrekin aztertuko dugu zein erronkari egin behar diogun aurre planetaren garapenean laguntzeko“, adierazi du.

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, bestetik, lurraldea —Espainiako industrialena— topagunetzat aurkeztu du, non etorkizunerako erronka baita “hazten jarraitzeko eta gizarte eta lurralde kohesioari eusteko gauza izatea”. Ildo horretatik, hiriburuaren eta lurraldearen arteko konexio handiagoaren eta hobearen alde egin du.

Clermont-Ferrandeko alkate eta Michelin Hirien Nazioarteko Sareko lehendakari Olivier Bianchik, azkenik, sarea sortu zenetik eta ia duela bi urte bere hirian antolatutako lehen biltzarretik egindako lana laburtu du. Orobat nabarmendu du zein garrantzitsua den sarearentzat Gasteiz —Europako Hiriburu Berdea 2012an— eta Green Capital izendatutako beste hiri batzuen ereduak partekatzea eta haietatik ikastea; hain zuzen ere, bihar, martxoak 28, partekatuko dituzte hiri horiek beren esperientziak: Oslo (2019), Nijmegen (2018) eta Lisboa (2020).

Protokolozko hitzaldien ondoren, hiri iraunkorren eraikuntzaren alorreko nazioarteko aditu handienetako bi mintzatu dira: Saskia Sassen eta Guillermo Peñalosa. Sassen New York-eko Columbia Unibertsitateko Soziologia irakasle eta mundu osoan best-seller izandako “La Ciudad Global” lanaren egilea da, eta bere ustez hiriek klima aldaketaren aurkako borrokan duten berebiziko zeregina izan du hizpide, munduko biztanleriaren gehiengoa hirietan bizi baita. Zenbait fenomeno arriskutsuri aurre egiteko beharraz ere ohartarazi du, esaterako, etxebizitza multzo handiak gutxi batzuen eskuetan kontzentratzeari, ahulenak hiri handietatik egozten ari baitira.

8 80 Cities erakunde kanadarraren sortzaile eta lehendakari eta Hiri Parkeen Munduko Sarearen enbaxadore Guillermo Peñalosak, berriz, hiri atseginago eta irisgarriagoak aldeztu ditu: “hiriak jende guztiak 30 urte balitu eta atleta balitz bezala eraikitzeari utzi behar diogu”.

 Iraunkortasunaren izaera hirukoitza

Arratsaldean, hiru saio egingo dira, hiri iraunkor orok oinarrizko hiru alderdi hauetan kontuan hartu beharreko joera berriak eta jardunbide egokiak azaltzeko: ingurumena, gizartea eta ekonomia.

Sustainable Brands Madrid-eko zuzendari Sandra Pinak ingurumenaz eta hiriez duen ikuspegiaren berri emango du, eta mugikortasun zein hiri plangintza iraunkorrarekin eta airearen kalitatearekin lotutako bideoak proiektatuko dira. Besteak beste, hiri hauetako adibideak eskainiko dira: Gasteiz (Mugikortasun Iraunkorreko plana) Karlsruhe, Valladolid, Clermont-Ferrand, Rayong (Tailandia), Salford eta Shanghai.

Fernando López de Rego diplomatikoa arduratuko da gizartearekin lotutako ardatza gidatzeaz. Sarearen kide diren udalerri hauek egingo dituzte aurkezpenak: Guarulhos (Brasil), Querétaro (Mexiko) eta Anderson (AEB); Gasteizek, berriz, gizarte etxeen sarea aurkeztuko du.

Ecodes fundazioko zuzendari Victor Viñualesek, azkenik, ekonomiari buruzko ekarpenak egingo ditu, eta hiriek ekonomia berdeagoa nola eraiki dezaketen azalduko. Ardatz horretan, Braga (Portugal), Pirot (Serbia), Shanghai eta County of Kings (Kanada) hiriek aurkeztuko dituzte beren esperientziak. Gasteizko Udalak hiriko enpresen artean sustatutako Itun Berdea ere aipatuko da.

Amaitzeko, herritarrei irekitako topaketa egingo da Europa jauregiko Green Capital aretoan: Sandra Pina, Fernando López de Rego eta Victor Viñualesek publikoarekin hitz egingo dute herritarrek hiri iraunkorragoa eraikitzean duten zereginaz. Izena eman nahi duen oro joan daiteke.

Bitartean, biltzarkideei ongi etorria emateko koktela eskainiko zaie Goiuri jauregian, 20.30ean. Aurretik, ibilbide turistikoak egingo dituzte hirian barrena.

Informazio gehiago: Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarra

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 martxoa 2019 09:35
  • Martxoaren 27an, Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko du biltzarra, eta hiri jasangarriak eraikitzearen arloko munduko aditu nagusietako bik parte hartuko dute hasiera-egunean: Saskia Sassen eta Guillermo Peñalosa
  • Topaketak Europako hiru hiri berderi ere egingo die harrera (Oslo, Lisboa eta Nijmegen), eta parte-hartzaileek bisita tematikoak egingo dituzte hiriaren proiekturik jasangarrienetako batzuetara: Eraztun Berdea, Arabako Parke Teknologikoa, gizarte-etxeen sarea, eraikuntza jasangarriaren edo mugikortasunaren arloko proiektuak…
  • Besteak beste, honako hiri hauek hartuko dute parte: Shangai (Txina), Maebashi (Japonia), Clermont-Ferrand (Frantzia), Querétaro (Mexiko), Karlsruhe (Alemania), Salford (Erresuma Batua), Oyem (Gabon), Cuneo (Italia), Valladolid eta Oviedo

 

Martxoaren 27an, asteazkenean, jasangarritasunaren munduko hirietako bat bihurtuko da Gasteiz, Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Konferentzia Europa Jauregian egiteari esker. 150 parte-hartzaile, 26 hiri, 15 herrialde eta 17 alkate etorriko dira 2012ko Europako Hiriburu Berdera, helburu argi batekin: erantzun berriak bilatzea hiri jasangarriagoak eraikitzeko. Topaketa inauguratuko dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Oliver Bianchi Clermont-Ferrandeko alkate eta Sareko lehendakariak, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Hasiera-ekitaldi instituzionalaren ondoren, hiri jasangarriak eraikitzearen arloko aditu nagusietako bik, Saskia Sassenek eta Guillermo Peñalosak, beren ikuspegia partekatuko dute herritar guztiei irekita egongo den saio batean, Maria de Maeztu Entzunaretoan.

Saskia Sassen Soziologia irakaslea da New Yorkeko Columbia unibertsitatean, eta munduko 10 gizarte-zientzialari onenetako bat dela jotzen da. “The Global City” liburuaren egilea da, eta hiri-plangintzaren arloko aditua da; zenbait sari jaso ditu, besteak beste, Zientzietako Asturiasko Printzea saria, 2013an. Guillermo Peñalosa, berriz, 8 80 Cities Kanadako erakundearen sortzailea eta lehendakaria da; erakundearen helburua da kolektibo ahulenak (haurrak eta adinekoak, kasu) integratuko dituzten hiri jasangarri eta inklusiboak eraikitzea. Azpiegitura berdeetan aditua da, eta, izan ere, Hiri Parkeen Nazioarteko Erakundearen enbaxadorea da. Horretaz gain, itzal handiena duten munduko 100 hirigileetako bat dela jotzen da.

Inaugurazio-egunean, parte hartuko duten 26 hiriak ordezkatzen dituzten parte-hartzaileek jardungo dute nola eraikitzen den jasangarritasuna haren hiru alderdi nagusietatik (ingurumena, gizartea eta ekonomia), arlo horietako hiru adituren eskutik: Sandra Pina, Sustainable Brands Madrid-eko zuzendaria; Fernando López de Rego, bitartekaritzan aditua den diplomatikoa; eta Victor Viñuales, Ecodes fundazioaren zuzendaria. Hiru ardatz horietan sareko hiri batzuetako jardunbide egokien adibide jakin batzuk aurkeztuko dira: besteak beste, Gasteizko Itun Berdea, gizarte-etxeen sarea eta Mugikortasun Jasangarriaren Plana.

 Green Capitals eta bisita tematikoak

Martxoaren 28an (osteguna), konferentziaren bigarren egunean, hasteko mahai-inguru bat egingo da Europako 4 hiriburu berderekin: Gasteiz, Oslo, Lisboa eta Nijmegen (Herbehereak). Beren etorkizuna era jasangarrian eraikitzen ari diren 4 udalerriren erronkak eta konponbideak partekatzeko hitzordua izango da. Gero, parte-hartzaileek hiriko zenbait proiektu eta instalazio bisitatuko dituzte, besteak beste, Arabako Parke Teknologikoa, Eraztun Berdea, gizarte-etxeen sarea, hiri-mugikortasuna eta eraikuntza eta birgaitze jasangarriko adibideak.

Arratsaldean, sei lantegi egingo dira, arlo hauetako lankidetzarako aukerak lantzeko: herritarren parte-hartzea, ekonomia zirkularra, berrikuntza, unibertsitateak, hiri-plangintza eta mugikortasun jasangarria. Horretaz gain, bai ostegun arratsaldean, bai ostiral goizean, parte hartzen duten hirien 20 proiektu ezagutzeko aukera emango duten hitzaldi laburrak (pitchs) egingo dira.

Aldi berean, sarean parte hartzen duten alkate guztiek baterako bilera bat egingo dute, udalerrien arteko loturak eta elkarlana areagotzeko.

Martxoaren 29an, ostiralean, amaituko da konferentzia, Michelinen Gasteizko lantegiaren instalazioetarako bisitarekin eta amaiera-saio batekin, zeinean biltzarraren emaitzak aztertuko baitira. Bukatzeko, Samaniegoko haur-eskolaniak emanaldia emango du.

Informazio gehiago: Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarra

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 martxoa 2019 10:02

Herritarrentzako Programa

 

  • Inaugurazio-eguneko hitzaldi magistrala Saskia Sassen eta Guillermo Gil Peñalosa-k emango dute eta herritar guztiei irekita egongo da, lekuak bete arte
  • Gainera, martxoaren 27an topaketa hitzaldia ere antolatuko da, herritarrek hiri iraunkorrak eraikitzeko prozesuan zer eginkizun duten debatitzeko

 

Martxoaren 27tik 29ra bitartean Gasteizen egingo den Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarrak herritarrentzako egitarau zabal bat izango du, herritar guztiek topaketan parte hartzea bultzatzeko. Antolatzaileek “Topaketak, herritarrekin” deitu duten ekimen honen osagai nagusiak bi erakusketa, bi hitzaldi eta ingurumenari buruzko zinema dira.

Inaugurazio-egunean, agintarien parte-hartzeen ondoren, hitzaldi magistral batekin emango zaio hasiera programari. Hitzaldi hori Saskia Sassen eta Guillermo Gil Peñalosa adituek emango dute eta interesa duen orok bertan sartzeko aukera izango du, Europa jauregiko areto handiena bete arte: Maria de Maeztu entzunaretoa. Sassen Estatu Batuetan bizi den soziologo eta idazle holandarra da, eta egun New York-eko Columbia Unibertsitatean ari da irakasle lanetan. “Hiri globala” kontzeptua sortu eta horri buruz idatzitako saiakerari esker bihurtu zen ezagun mundu mailan. Espezialista da globalizazioak hirietan dituen eraginak aztertzen eta hainbat alderdi hartzen ditu kontuan azterketa horiek egitean: generoa, desparekotasunak, digitalizazioa… Gil Peñalosa, berriz, irabazi-asmorik gabeko 8 80 Cities erakundearen sortzailea eta lehendakaria da. Jaiotzez kolonbiarra den arren, hainbat urte daramatza Toronton (Kanada) eta guztiontzako hirien defendatzaile porrokatua da. Aholkularitza lanak egin ditu kontinente guztietako 300 hiri baino gehiagorentzat eta hiri-parkeen alorrean espezialista da.

Egun horretan bertan, 19:00etan topaketa esklusiboa egingo da herritarrekin, azken horiek hiri iraunkorrak eraikitzeko prozesuan zer paper duten debatitzeko. Lehenago hiri parte-hartzaileekin egongo diren hiru aditu mintzatuko dira: Sandra Pina, Sustainable Brands Madrid ekimenaren zuzendaria; Victor Viñuales, Ecodes Fundazioko zuzendaria eta Inditex eta Triodos Banken tamainako enpresen aholkularia; eta Fernando López de Rego, diplomatiko eta idazlea eta biltzarreko gizarte-ardatzaren arduraduna. Bertaratzen diren guztiek izango dute aukera adituekin mintzatzeko eta, hala, etorkizuneko hiriak iraunkorragoak izan daitezen herritarrek zer ekarpen egin dezaketen hausnartzeko.

Gainera, Europa jauregian bi erakusketa izango dira ikusgai. Bi horietan lehena Clermont-Ferrand Hiriko Film Laburren Jaialdiko Kartelen Erakusketa da. Jaialdi hori sektore horretan Frantzian egiten den hitzordu garrantzitsuenetako bat da, eta kartelak hiru egunez egongo dira ikusgai, Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen topaketak irauten duen bitartean, alegia. Bigarren erakusketa Clermont-Ferrand hiriko Goi Mailako Arkitektura Eskola eta EHU batera lantzen ari diren proiektu bat da. Gasteizek bere hiri-mugekin dituen arazoei nola egin dien aurre landu du proiektuak.

Zinema frantziarraren ingurumen-ikuspegia 

Hiritarrentzako programa Gasteizko gizarte-etxeetara ere ailegatuko da, Yann Arthus-Bertrand filmen bidez. Zinemagile frantziarrak ingurumenaren eta iraunkortasunaren inguruko hausnarketa egin du ospe handiko bere filmetan; adibidez, “Home”, “Terra”, Méditerrranée notre mer à tous” eta “Planet Ocean” lanetan. Emanaldiak Aldabe, Iparralde, Pilar, Salburu eta Zabalganako gizarte-etxeetan egingo dira martxoaren 27, 28 eta 29an eta guztiz irekiak izango dira.

Herritarrentzako programa osoa Udalaren webgunean kontsulta daiteke, eta Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarreko antolatzaileek herritar oso animatu nahi du ekintzetan parte hartzera.

+INFO: Michelin Hirien Nazioarteko II. Biltzarra

Share