Prentsa Oharren banner

Azaroaren 25aren karietara, Gasteizek emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko ‘tresna-sorta’ bat proposatu du

Objektuen bidez sinbolizatu dira Udalak antolatu dituen jarduerak, emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten edo jasan ditzaketen indarkeria-mota ezberdinak antzeman eta prebenitzeko eta horiei aurre egiteko

 

Azaroaren 25a Emakumeei zuzendutako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Berdintasun Zerbitzuak sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian ahalduntze feminista areagotzeko asmoz, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko tresna egokienak eskuratu ditzaten. Hainbat jarduera antolatu ditu horretarako, hala nola ikastaroak, hitzaldiak eta ikuskizunak: horiek “indarkeriari aurre egiteko tresnak dira, eta gure udalerriko emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten edo jasan ditzaketen indarkeria-mota ezberdinak antzeman eta prebenitzeko eta horiei aurre egiteko baliabideak eskura ditzaten da helburua“, nabarmendu du Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Hori dela eta, Udalak 2021eko azaroaren 25erako prestatu duen kanpainaren irudia erreminta-kutxa bat da, zeinak barne hartzen baititu emakumeen aurkako indarkeriari aurre egin ahal izateko eta desagerrarazteko bidean aurrera egiteko ezinbestekoak diren erremintetako batzuk. Lau dira erremintak: detekzioa, ahalduntzea, autodefentsa feminista eta erantzuna. Betaurrekoek naturalizatuak ditugulako askotan antzematen ez ditugun indarkerien detekzioa eta identifikazioa irudikatzen dute; ukabilak autodefentsa feministarako deia egiten du, banaka zein taldean, eta Jabetze Feministarako Eskolaren programazioa ere irudikatzen du. Tresna horiek guztiak adin eta premia ezberdinetako emakumeei zuzentzen zaizkie, haiek erabaki dezaten zein erreminta behar duten une bakoitzean. Horien artean emakumeen taldeek,  indarkeria matxista gainditu duten emakumeen elkarteek eta talde feministek egiten duten lana nabarmendu beharra dago“, zehaztu du zinegotziak.

Berdintasun Zerbitzuko buru Mireia Espiauk azaldu duenez, Udalak, “arazo sozial honen larritasunaz jakitun eta indarreko arau-markoak ematen dioten aginduei erantzunez, indarkeria matxistari modu koherentean aurre egiteko borondatea eta konpromisoa erakusten du, unean uneko ekintza soil eta isolatuak gainditu nahirik, Emakumeen Jabekuntzarako Eskolaren eta Emakumeen Etxearen bidez ekintzak eskainiz, baita indarkeria matxista prebenitzeko “Libre izan Nonahi” programa estrategikoaren bidez, zeina berariaz gazteei zuzenduta baitago. Genero Berdintasunerako IV. Planaren barruan sartutako programa estrategikoak dira; planak egiturazko aldaketa baten beharra azpimarratzen du, gizarteak erasotzaileei zilegitasuna kentzen jarrai dezan, eta emakumeen aurkako indarkeria eta horren eragin eta ondorioak desagerrarazteko bidean aurrera egin”.

 

Azaroaren 25a Emakumeei zuzendutako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako jarduerak:

1 – ‘Fabricando mujeres 2.0’ dokumentala, 2021/11/11, 18:30.

Al Borde Films-ek SETEM Hego Haizearentzat egindako dokumentalaren bigarren zatia da, eta kontsumo kapitalistan dauden indarkeria matxistak jorratzen ditu.

Fabrikak bere mekanismoak modernizatu eta hobetu ditu.  Orain, energiaren, aplikazio mugikorren eta fikziozko serieen bidez, gure etxeetan sartzea lortu du. Besteak beste Lolita Chávez, Bob Pop eta Itziar Ituñori egindako elkarrizketen bidez, gure etxeetan indarkeria zenbateraino kontsumitzen dugun aztertuko dugu.

Proiekzioaren ondoren, solasaldia izango da SETEM Hego Haizearekin. 

2 – Topaketa Libre Izan Nonahi: ‘ ¿Y tú como te lo montas? Por un ligoteo libre, respetuoso y responsable’, 2021/11/19.

Zenbait artista arabarren laguntzarekin, gazte gasteiztarrok helarazi dizkiguzuen ligatzeko modu aske eta begirunetsuez arituko gara. Lantegiak, musika emanaldiak, mahai-ingurua eta askoz gehiago. 12 eta 26 urte bitarteko pertsonentzat.

3 – AUTODEFENTSA FEMINISTA. (10 ETA 13 URTE ARTEKO NESKENTZAT), 2021eko azaroaren 20an eta 27an, euskaraz.

Lantegi horretan, neska izateagatik ezberdin tratatzen gaituztenean nola sentitzen garen partekatuko dugu. Sentimendu horiez arituko gara, eta geure burua babesteko, zaintzeko eta maitatzeko nola defenda gaitezkeen pentsatuko dugu. Honako hauek dira lantegiaren xedeak: ahalduntzea eta autoestimua lantzea, gure gorputzen inguruan hausnartzea, biktima-rola alboratzea eta egoera arriskutsuei gure kabuz aurre egiteko sentimendua lantzea. Erasoetatik defendatzeko, oinarrizko teknikak ikasi behar ditugu, eta praktikan jarri. Trebatzailea: Ester López Monge, Safo Eskolako kidea, emakumeei zuzendutako proiektu ugariren sustatzailea eta ohiko kolaboratzailea.

Trebatzailea: Ester López Monge, Safo Eskolako kidea.

4 – Hitzaldia: ‘Niñas mentirosas, mujeres incómodas. La violencia sexual en la infancia’

2021/11/23

Historiak, psikologiak eta poesiak elkarri eskua emango diote hausnarketa honetan, non bi emakumek, haien eskarmentutik abiatuta, haurtzaroko sexu-indarkeriaren mekanismoak azaleratuko dituzten. Halaber, neskato gezurtiaren prototipoa emakume deseroso bihur daitekeela erakutsiko dute; izan ere, neskato gezurtiek agerian jartzen dute familia barruko indarkeriarekiko tolerantzia.

Hizlariak: Norma Vázquez, psikologo feminista, eta Susanna Minguell, filosofo transfeminista.

Dinamizatzailea:  Miren Ortubay Fuentes, Maria de Maeztu Forum Feministako kidea.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/igualdad eta www.vitoria-gasteiz.org/berdintasuna web-orriak.

Share

‘Konektatzeko prest?’ kanpaina ibiltaria abiarazi du Gazteria Zerbitzuak Gasteizko auzoetako gazteengana hurbiltzeko

Informazio-stand ibiltaria (atoidun bizikletak eta DJ-ak) 14 urtetik 20 urtera bitarteko gazteak ibili ohi diren guneetan izango da urriko eta azaroko larunbatetan.

 Herritarrek proposamenak, eskariak, zalantzak eta beharrak adierazi ahalko dizkiote udalari.

 Informazio-stand mugikorra Gasteizko auzoetan zehar ibiliko da hiriko gazteengana zuzenean hurbiltzeko. Ostiral honetan bertan, urriak 22, abiaraziko du Gazteria Zerbitzuak “Konektatzeko prest?” kanpaina. Ekimen berritzailea da, eta “informazioa deszentralizatzeko eta gazteak izaten diren lekuetan bertan gazteengana hurbiltzeko sortu da”, Gazteria zinegotzi Miren Fernández de Landak adierazi duenez.

14 urtetik 20 urtera arteko gazteentzat da, zehazki. Bitartekari talde bat atoidun bizikletan joango da hiriko auzoetara. Bertan, gazteentzako informazio interesgarria banatuko du, DJ batek lagunduta. Horretaz gain, gazteen ekarpen, proposamen eta eskariak jasoko dituzte.

Gazteria Zerbitzuak informazio-pilula batzuk prestatu ditu bideo formatuan, adin-tarte horri zuzendutako baliabide eta programa batzuen berri emateko. Informazio hori Gazteria Zerbitzuaren webgunean egongo da eskuragarri (vitoria-gasteiz.org/konektatzekoprest), eta QR bidez emango da informazio-standean bertan

Hurbiltzen diren guztiei oparitxo bat emango zaie (mugikorrari eustekoa). Gainera, mugikor bat zozketatuko da ekarpenak egiten dituztenen artean.

Hemen egongo dira 18.00etatik 21.00etara:
URRIAK 22
Erdigunea (Andre Maria Zuriaren Plaza, Fernández de Piérola Apaizpikuaren lorategiak)
URRIAK 23
LAKUA BIZKARRA- eta Ibaiondo
URRIAK 30
SALBURUA
AZAROAK 6
ZABALGANA
AZAROAK 13
SAN MARTIN
AZAROAK 20
LAKUA BIZKARRA
AZAROAK 27
ALDE ZAHARRA
Share

Gasteizko kontzejuen lehendakari diren emakumeen lana aintzatetsi du udalak, Landa Eremuetako Emakumeen Nazioarteko Egunean

Landa Eremuko zinegotziak eskertu egin du emakumeek bizitza politikoan eta gizartean parte hartzea,  “ezinbestekoa baita landa eremuek, oro har, duten maskulinizazio-  eta zahartze-espirala hausteko“.

 

Gaur, urriak 15,  Landa Eremuetako Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Udalak aitorpena helarazi die Gasteizko udalerriko kontzejuetako emakumezko lehendakariei, azken agintaldian beren herrietako politikak eta estrategiak koordinatu eta zuzentzeko ardura hartu baitute. “Nazio Batuen Erakundeak berak ere uste du emakumeak ahalduntzea eta bizitza politikoan eta gizartea parte hartzea ezinbestekoa dela landa-eremuek oro har izan ohi duten maskulinizazio- eta zahartze-espirala hausteko. Emakumeak funtsezkoak dira landa-ekonomia dinamizatu eta dibertsifikatzeko. Gaur, lehen lerroan ari zareten emakumeen lana eskertu nahi dizuegu, premiak asetzen eta konponbideak proposatzen diharduzue, eta eredu zarete zuen lekukoa hartuko duten neskatila eta emakume gazteentzat. Emakumeen ahalduntzea positiboa da gure komunitateen garapen sozial eta ekonomikorako, eta funtsezkoa berdintasuna lortzeko, ikusarazteko eta lana duintzeko bidean” azpimarratu du Landa Eremuko zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Gasteizen, 61 kontzejuetako 12k dituzte emakumeak lehendakari, zehazki, Aberasturi, Arkauti, Betoñu, Gaztelu, Gardelegi, Mendiola, Estarroa, Otogoien, Gometxa, Otazu, Uribarri Dibiña eta Villafrancak.

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak urriaren 15a finkatu zuen Landa Eremuetako Emakumeen Nazioarteko Egun gisa, emakumeek arlo horretan egindako lana aitortzeko, eta nekazaritza eta landa-garatzeko, txirotasuna desagerrarazteko eta elikagaien segurtasuna hobetzeko egindako ekarpena eskertzeko. Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, landa-eremuko emakumeek nekazaritzako eskulanaren % 43 dira, eta lurra landu eta haziak landatzeko eguneroko lanean, beren komunitateen elikadura bermatzen eta nazio osoei elikagaiak ematen laguntzen dute.

 

Share

Alkatetza Sailak 40.000 euro bideratuko ditu komunitatearen balioa sustatzen duten proiektuetara

Giza eskubideak, berdintasuna, justizia, gizarte kohesioa eta bizikidetza lantzen dituzten proposamen berritzaileak hautatuko ditu deialdiak

 

 

Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Sailak Gasteizen komunitatearen balioa sustatzen duten proiektuak aurkezteko epea ireki du gaur.

Proiektu eta ekintza berritzaileak izango dira, animazio komunitarioan oinarrituz —prestakuntza-jarduerak, kultur zabalkundea, arte-adierazpena, jarduera ludikoak edo sozialak— hiriaren testuinguruan hainbat arlotan agertzen diren aldaketa eta erronkei erantzuteko helburua izango dutenak: giza eskubideak, berdintasuna, justizia, gizarte-kohesioa eta bizikidetza. Ez dira proiektuen poltsa osatzeko deialdi honen xede izango entitate eskatzailearen ohiko programazio jarraitua osatzen duten jarduerak edo ekintzak.  Gasteizko Udalak kontratatuko ditu hautatutako proiektuak; horretara 40.000 euroko partida bideratutako da, eta aurtengo urritik abendura bitartean gauzatuko dira.

2021eko uztailaren 16an amaituko da proiektuak aurkezteko epea; interesa duten pertsonek edo elkarteek egoitza elektronikoa baliatu dezakete horretarako, edo herritarrei laguntzeko bulegoetan aurkeztu.

“COVIDaren pandemiak sortutako larrialdiak gogorarazi digute zein garrantzitsuak diren komunitatea eta espazio komunitarioaren erabilera demokrazian sakontzeko, horrek ahalbidetuko baititu ongizatea eta herritartasun osoa ziurgabetasunak eta ahultasun-egoeren hazkundeak ezaugarritutako garaiotan . Zirkunstantzia hauen aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa da komunitatea indartzea, Gasteizko Udaleko Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Sailaren ustez ezinbestekoak diren ikuspegiak batuko dituzten ekimenak ahalbidetuz, inor atzean uzten ez dituen politika publikoa indartzeko eta gizarte-kohesioa eta pertsona guztien berdintasunezko bizikidetza bultzatzeko ezinbestekoak, hain zuzen“, nabarmendu du Miren Fernández de Landa zinegotziak.

Share

Aurtengo udan, igerilekuetara eta gazteen aisialdirako espazioetara eramango du Udalak berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako kanpaina

 

“Udan ere, Libre Izan Nonahi” kanpainaren bitartez, norbera askatasun osoz adierazi ahal izatea aldarrikatuko du Berdintasun Zerbitzuak, eta eraso sexista eta matxistei erantzutera animatuko

 

Aurtengo udan, igerilekuetara eta gazteen aisialdirako espazioetara eramango du Udalak indarkeria sexista eta matxistaren kontrako sentsibilizazio-kanpaina; pandemia ez zegoen garaian, udako jaietan egin ohi zen kanpaina.

Berdintasun Zerbitzuak Gamarra, Mendizorrotza eta Estadioko igerilekuetan egingo du “Udan ere, libre izan nonahi” kanpaina uztailaren erdialdetik aurrera, baita egun seinalatuetan ere, hala nola Santiago egunean eta Andre Maria Zuriaren egunean, hirian jaiak ospatzea aurreikusita ez dagoen arren. Gainera, eta esperientzia pilotu gisa, Zaramaga auzoan ere jarriko ditu informazio eta sentsibilizazio bitartekoak berez auzoko jaiak egingo liratekeen egunetan.

Horretarako, sentsibilizazio eta prebentzio talde ibiltariak baliatuko ditu, bai igerilekuetan, bai hiriko leku zehatzetan, egun seinalatuetan. Hezitzaile bikoteek programaren merchandising produktuak banatuko dituzte, talde naturalak hautatuz eta pandemiaren egoerak ahalbidetzen duen nerabe eta gazte kopurua errespetatuz. 12 eta 26 urte bitarteko pertsonekin arituko dira hezitzaile bikoteak. Gazteek kaleko hezitzaileekin partekatu nahi dituzten edukiak eta esperientziak izango dituzte hizpide, baina  indarkeria sexistari eta beste indarkeria matxista batzuei (LGTBIfobia, kasu) eusten dioten balio eta sinesmenen sistemari erreparatzea da helburu nagusia.

“Indarkeria matxistaren arloko prebentzioarekin eta jarduketarekin dugun konpromisoan aurrera egin nahi dugu, indarkeriari zero tolerantzia erakutsiz eta herritar gazteak berdintasunaren alde eta indarkeriaren kontra parte hartzera eta konprometitzera gonbidatuz. Hau bezalako kanpainekin, informazioa eta tresnak eman nahi dizkiegu gazteei, bereziki emakume gazteei eta LGTBI gazteei, indarkeria matxista identifikatu eta prebenitu eta haren aurka egiteko. Garrantzitsua da zero konplizitatea eta tolerantzia lantzea jarrera eta ekintza matxisten aurrean”, nabarmendu du Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Indarkeria matxista prebenitzeko udako kanpaina beste baliabide bat da hirian indarkeria matxista prebenitzeko estrategiaren esparru orokorraren barruan. 2021eko uztail eta abuztuan prebentzio-estrategia osatzeko zenbait jarduera egingo dira. Horiek guztiek, aurrekoetan bezala, HARA! Gasteizko Genero Berdintasunerako IV. Planari (2018-2021) jarraitzen diote, programa honen planteamenduen eta gainerako jardueren arteko koordinazioa eta koherentzia hobetzearren.

 

Askatasun eta ahalduntze leherketa

“Udan ere libre izan nonahi, ekin, erantzun” lemak, batetik, kanpaina udako girora hurbildu nahi du, eta bereziki, pertsona orok askatasun osoz agertu eta adierazteko duen eskubidea jarri nahi du agerian, eta jasaten edo ezagutzen dituen eraso sexista eta matxistei erantzuteko duen eskubidea/betebeharra.

Kanpaina honetan, estrategiaren barruan udazkenean eta neguan antolatu diren jardueretan bezala, alde batera utzi da lemaren barruan agertzen zen “ospatu” hitza, covid gaitzak eragin duen egoera ez dela ospakizunetarako egokia iritzita.

Udako kanpainaren logoa indarkeria matxista prebenitzeko udal estrategia irudikatzen duena oinarri hartuta diseinatu da. Azken horretan bezala, aniztasuna koloreen bidez irudikatu nahi da. Eguzkiak kanpaina ezartzekoa den urte-sasoian zentratu nahi du, eta irudia lemarekin lotu, aldi berean estrategiaren logo orokorretik bereiziz.

Tipografiari dagokionez, hizkiak eskuz eginak dira, esklusibotasuna ematearren, eta gazte, atsegin eta irakurterraza izatea bilatu da, gazteekin errazago konektatzearren, haiek baitira kanpainaren xede-publikoa. Eztanda bat ere gogorarazten du, askatze eta ahalduntze eztanda.

Harridura markak, berriz, programa abian jartzeko beharra eta horretarako indarra adierazten du, bai Udalaren aldetik bai “Libre Izan Nonahi” kanpainaren hartzaileen aldetik.

 

Share

Gasteizek LGTBIfobiari buruz hausnartzeko eta horren aurka borrokatzeko eskatu du M17a dela eta

Udalak eta Ikusgunek hainbat ekintza eskaintzen dituzte egun hauetan

 

Gasteizko Udalak eta Ikusgunek, LGTBIfobiaren aurkako Behatokiak, proposamen sorta bat antolatu dute egun hauetarako, “ikuspegi pertsonaletik eta kolektibotik gure inguruko lesbianek, bisexualek, gayek eta transek pairatzen duten bazterkeriari eta indarkeri buruz hausnartzeko eta horren aurka borrokatzeko. M17aren oroitzapena egiteko hirian antolatu diren jarduerek beste ekintza batzuen ildoa segitzen dute, hala nola, Ikusgune behatokia abian jartzea, eta Hara! Udalaren berdintasunerako politiketan sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko 2018-2021 Agenda” delakoaren testuinguruan sortzen dira. Agendak LGTBI pertsonek eta kolektiboek eskatutako jarduera sorta bati ematen dio lehentasuna, jarduerok Udalaren antolaketa-kulturan eta gizartean balio-aldaketa bat lortzea helburu dutelarik”, azpimarratu du Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landak.

M17a, Lesbo-Bi-Gay-Transfobiaren aurkako eguna dela eta, ondorengo egitarau hau egingo da bihartik aurrera:

 

 

 

Share

Berdintasunaren eta ahalduntze feministaren arloko politika eta estrategiak trukatuko dituzte Gasteizek eta Angulemak

Senidetutako bi hirietako berdintasun-zinegotziek lankidetza-ildo bat ireki dute berdintasunaren eta giza eskubideen defentsaren arloan.

 

Gasteizko eta Angulemako berdintasun-zinegotzi Miren Fernández de Landak eta Josiane Epaudek bilera bat izan dute gaur, online, bi hiriek berdintasunaren eta ahalduntze feministaren arloko politiketan dituzten ikuspegi eta estrategiak trukatzeko.

Topaketa horren bitartez, senidetutako bi hirien arteko lankidetza-ildo bat ireki da, ahalduntze feministaren, indarkeria matxistaren kontrako borrokaren eta elkarteekiko eta gizarte-eragileekiko harremanen arloko esperientziak aztertu eta partekatzeko, baita eredu eta pizgarri izango diren ibilbide positiboak ere.

Share

Udalak Gasteizko herrietako mugikortasun beharrez galdetuko du etxez etxe

 

Besteak beste, herrietatik hiriaren erdialdera dagoen distantzia, joan-etorriak eskatzen dituzten jarduera ekonomikoak, garraio publikoarekiko konexioak, autoaren eta bizikletaren erabilera eta populazioaren profila aztertuko dira

 

Landa Eremuaren Zerbitzuak atez ate galdetuko die Gasteizko herrietako bizilagunei zein ohitura eta premia duten mugikortasunari dagokionez.

Udalak mugikortasunari buruzko inkesta egingo du landa eremuan, bertako biztanleen ohiturak ezagutu eta mugitzeko dituzten aukerak hobetzeko neurriak hartu ahal izateko, baita garraiobide jasangarriagoak erabiltzeko prest dauden jakiteko ere, eta hartara klima-aldaketaren kontra borrokatzen eta ingurumena hobetzen laguntzeko“, azaldu du Landa Eremuaren zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Udalak gutun bana bidali die Gasteizko herrietako bizilagunei, inkestaren berri emateko. Gasteizko Kontzeju Elkarteak (ACOVI) ere lagundu du herritarrei prozesuari buruzko informazioa helarazten.

Menpeko toki erakunde populatuenak, oro har, hiritik hurbil daude, edo ondo komunikatuta daude errepidez eta garraio publikoz. Dena dela, herrietatik hiriaren erdialdera dagoen distantzia, joan-etorriak eskatzen dituzten jarduera ekonomikoak, garraio publikoarekiko konexioak, autoaren eta bizikletaren erabilera eta populazioaren profila aztertuko dira, besteak beste.

Horrelako inkestak aurrez aurre egin ohi dira, norberaren etxean. Osasun larrialdia dela eta, ordea, beste bide batzuk erabiliko dira datuak jasotzeko: telefonoa, bideokonferentzia, etab., inkestatuek nahiago dutena kontuan hartuz. Gasteizko Udalak EMAIKER enpresari agindu dio inkesta egitea. Informazio osagarria jaso nahi dutenek Gasteizko Udalaren 945 161762 telefonora dei egin dezakete, edo 010era.

Share

Radar pedagogiko berria Mendiolan

Gasteizko Udalak, Mendiolako administrazio batzarrarekin koordinatuta, radar pedagogikoa instalatu du aipatutako herrian. Ibilgailuek zein abiaduratan zirkulatzen duten adieraziko du neurgailuak, informaziorako baino ez. Horretarako, Trafiko Zerbitzuak zenbait hilabetez aztertu du egoera, zenbagailuak baliatuz. Ingurutik zenbat ibilgailu igarotzen diren eta zein abiaduratan kontrolatu dute neurgailuek.

“Neurri horren bidez, Mendiola herritik igarotzen diren ibilgailuen abiadura moteltzea espero dugu, gehienak ez baitira bertako biztanleak. Berriro ere, gidariei eskatu behar diegu abiadura txikiagoan igaro daitezen udalerriko herrietatik. Jendea, batzuetan, ez da jabetzen errepide lokal batetik zirkulatzen duela, eta animaliak edo pertsonak gurutzatu daitezkeela, edo umeak jolasean ibili… Zuhurtzia eta ardura eskatzen dugu“, azaldu du Landa Eremuaren zinegotzi Miren Fernández de Landak.

 

 

Share

Udalak zurrumurruen aurkako agente izateko prestakuntza eskaintzen du

 

Aurreko urteetan bezala, Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak Zurrumurruen aurkako oinarrizko prestakuntza antolatuko du, kasu honetan herritarrentzat irekia eta bereziki gazteei zuzendua.

“Zurrumurruekin amaitzea pertsona ororentzat onuragarria den konpromiso kolektiboa da. Pentsamolde kritikoa sustatzea eta estereotipo eta zurrumurru faltsuen ondorio negatiboei buruz sentsibilizatzea nahi dugu. Horretarako, aniztasunaren inguruko kontakizun negatiboak zalantzan jarriko dira eta ekintza berritzaileak eta parte-hartzaileak egingo dira”, azaldu du Bizikidetza zinegotziak, Miren Fernández de Landak.

Azaroaren 17, 19, 24 eta 26 izango da, Europa Biltzar Jauregian, eta azaroaren 13ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.

Info gehiago

 

Facebook |  Instagram

Share