Prentsa Oharren banner

Asteazkenean ekingo dio udal bandak denboraldi berriari, Principal antzokian

Luis González tronpeta-jotzailea izango da bakarlari gonbidatua, inaugurazio-kontzertuan

 

‘Berriro elkartzearen poza’ izenburupean, datorren asteazkenean, irailak 30, ekingo dio Gasteizko Udal Musika Bandak denboraldi berriari, Principal antzokian, arratsaldeko zortzietan.

Inaugurazio-kontzertuan joko duten errepertorioa azaldu du Luis Orduña zuzendariak, prentsaurrekoan: “Apirilaren 22an, bertan behera utzi behar izan genuen kontzertua, Covid19ak ekarri zuen alarma sanitarioaren ondorioz. Luis González bakarlari ospetsua zen gurekin jotzekoa. Ia sei hilabete geroago, Principal antzokian izango gara, eta ahalik eta ongien egiten ahalegindu beharra daukagula uste dugu. Eta berarekin arituko gara, egitaraua beste bat izango bada ere”, azkaldu du Orduñak.

Hain zuzen ere, obra hauek hautatu dira: David Maslankaren ‘Give us this day’ (2006), Arturo Márquezen ‘Danzón nº2’ (1994), Ginés Martínez Veraren ‘Concierto para trompeta’ (2019) eta Tania Leónen ‘Alegre’.

Denboraldi osoari izena emateko aukeratu den izenburuaren arrazoia azaldu du zuzendariak. “Izenburua argia da, ‘Berriro elkartzearen poza’. Izan ere, horixe sentitzen dugu, eta gaur aurkezten ditugun obretan islatzen dela uste dut. Alaiak dira, kitzikagarriak, hunkigarriak, bizitzaz beteak; David Maslanka estatubatuarrak proposatzen duen norberaren kontzientziaren bilaketatik hasi eta Ginés Martínez Vera murtziarraren musikan sumatzen den bizipozarekin bukatu; tartean, berriz, Arturo Márquezen musikak eskaintzen duen berotasuna”, nabarmendu du.

Kontzertuan parte hartuko duten artisten eta ikusleen segurtasuna bermatzeko beharrezko diren neurriak hartuko dira.

Salgai daude dagoeneko denboraldi osoko abonamenduak, 14 euroan, eta sarrera solteak, berriz, 3 euroan —Principal antzokiaren ohiko salmenta-bideak baliatu ahal izango dira—.

Uraren ezkutuko lorategia

Bestalde, beste bi emanaldi eskainiko ditu udal bandak hurrengo egunetan, Uraren Ezkutuko Lorategian —bandaren udako programazioa hartu duen lekuan—. Urriaren 2an eta 9an izango dira, ostiralez. Internet bidez nahiz 945 16 16 18 telefonoan eskura daitezke gonbidapenak.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/banda

Share

‘Berriro elkartzearen poza’ aurkeztu du udal bandak

Zazpi kontzertu izango dira abonamendu-denboraldi berrian, irailetik maiatzera bitartean, Principal antzokian.

 

‘Berriro elkartzearen poza’ izenburupean, abonamendu-denboraldi berria aurkeztuko du Gasteizko Udal Musika Bandak —irailetik maiatzera bitartean izango da, Principal antzokian—.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto eta Udal Bandaren zuzendari Luis Orduña izan dira zikloa aurkezteko prentsaurrekoan. “Berriro biltzeko unea iritsi da. Musika zoragarriz inguratuko gara, bakarlari bikainak entzungo, zuzendari gonbidatuak lanean ikusiko, zoriontasunez bete gaitzan musikak”, adierazi du Cantok.

Orduñak nabarmendu duenez, “baikortasunak markatzen du 2020-21 denboraldi hau, baita poesiak, historiak, umoreak eta aldarrikapenak ere. Izan ere, uste dut garaia dela emakumeek musikan duten papera agerian jartzeko, eta, beraz, emakumezko orkestra-zuzendari bat izango dugu lehenengo aldiz, gonbidatua”. Ildo beretik, emakumezko musikagileen lanak eskainiko dira kontzertuetan, eta emakumeei protagonismoa emango.

Irailaren 30ean hasiko da ziklo berri horren egitaraua, zikloari izena eman dion ‘Berriro elkartzearen poza’ kontzertuarekin. Luis Gonzálezek parte hartuko du bertan, tronpeta-bakarlari gisa. Gainera, azaroaren 25ean, asteazkenez, ‘Haizea alde’ entzun ahal izango dute ikusleek, Isabel Rubioren zuzendaritzapean. Eta ‘Beethovenen Gasteiz’ izango da protagonista abenduaren 16an, asteazkenez, bandaren 2020ko programazioa itxiko duen kontzertuan.

Otsailaren 10ean, Marcel Ortegak zuzenduko du banda, ‘XXI zerumuga’ musika-emanaldian. Martxoaren 10ean, ‘Bizia koloretan’ emanaldia izango da, Victor de Andrés tronboi-bakarlari dela.

Ensemble Rayuela saxofoi-laukotea, berriz, gonbidatu gisa arituko da, apirilaren 21ean, ‘Globaliz-acción!’ kontzertuan, eta, denboraldiari bukaera emateko, maiatzaren 12an, ‘Optimismorako bidean’ emanaldian.

Bihar, irailak 8, jarriko dira salgai abonamenduak, 14 euroan, eta sarrera solteak, berriz, irailaren 22tik aurrera erosi ahal izango dira, 3 euroan, Principal antzokiaren ohiko salmenta-bideak baliatuz.

“Behar diren neurriak hartuko dira segurtasuna bermatzeko, bai artistena, bai emanaldietara joaten diren ikusleena”, azpimarratu du zinegotziak, eta orobat animatu ditu gasteiztarrak Udal Bandaren denboraldi berriko abonamendua erostera. “Aire freskoa iritsi da bandara. Ez ezazue galdu”.

 

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/banda

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Musika Bandak girotuko du Urrezko Zeledonen gala, abuztuaren 4an

 

Luis Orduña zuzendari berriaren estreinaldia izango da, Principal antzokian

Urrezko Zeledonen kartela  (40×68)

Gasteizko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du Principal antzokian, abuztuaren 4an, ‘Urrezko Zeledon’ saria emateko egingo den galan. Arratsaldeko zortzi eta erdietan hasiko da ekitaldia.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Udal Musika Bandaren zuzendari Luis Orduña eta Urrezko Zeledonen lehendakari Josemari Velez de Mendizabal izan dira aurkezpen-prentsaurrekoan.

Cantok nabarmendu duenez, “irailean egin ohi da ekitaldi hori, baina abuztuaren 4ra aurreratu da oraingoan, Zeledonen irudiari omenaldia egiteko, aurten ez denez San Migeleko dorretik jaitsiko, krisi sanitarioaren ondorioz.”

Principal antzokian izango da 2019ko Urrezko Zeledon saria emateko ekitaldia. Oraingo honetan, antzerkiaren arloko bi pertsonari emango zaie saria: Teatro Paraisoko Pilar Lopezi eta Txema Blasco aktore gasteiztarrari. “Gure pertsonaiarik maiteenetako bi dira, eta, beraz, ez dago Principal antzokia baino agertoki hoberik beren ibilbide profesionalari gorazarre egiteko”, azpimarratu du zinegotziak. “Eskerrak eman nahi dizkiot Jose Mari Mendizabali, antzerkigileen lana goraipatzeagatik, gogor jo baititu koronabirusaren krisiak”, gaineratu du.

Udal bandak girotuko du ekitaldia, 2011az geroztik egin ohi duen bezala. Gainera, Luis Orduñak Udal Musika Bandaren zuzendari gisa Principal antzokian eskainiko duen lehen emanaldia izango da.

Udalaren Folklore Akademiarekin batera, errepertorio bizi eta dinamikoa interpretatuko du bandak. “Euskal geografiako hainbat lekutan barrena eramango gaituzte aukeratutako obrek, eta jaietako doinuak gogora ekarriko. Izan ere, aurten, bizi dugun egoera sanitario eta soziala dela eta, ez baita festarik izango”, adierazi du Luis Orduñak.

Pieza hauek entzun ahal izango dira: ‘Alkate Soñua’, Felix Sistiaga eta Jose Maria Altunarena; ‘Celedón’, Mariano San Miguelena; ‘Gaztelugatxeko Martxa’, Kepa Junkera eta Rafael Sanz Espertena; ‘Una tarde en Laguardia’, Eduardo Morenorena; ‘Poema Sanférmico’, Vicente Egearena, eta ‘Galtzaundi’, herrikoia. Azken hirurak estrainekoz joko ditu bandak.

Estibaliz Canok hitz batzuk eskaini dizkio bandaren zuzendari berriari. “Eskerrak eman nahi dizkiot Luis Orduñari, Udal Bandaren ardurapean daramatzan hilabeteetan erakutsitako proaktibitasunagatik. Luis, zure etorrerak haize freskoa ekarri dio gasteiztar guztiek hain maite duten musika bandari.”

Bukatzeko, Gasteizko Udal Bandaren hurrengo denboraldiko abonamenduen salmenta irailaren 8an hasiko dela jakinarazi du zinegotziak. “Azken urteetan uztailean hasten zen, baina irailerako uztea erabaki dugu, pandemia dela eta edukieren inguruan ematen diren arauen benetako egoerara albait gehien hurbiltzeko”, gaineratu du.

Informazio gehiago

 

 

 

 

Share