Prentsa Oharren banner

Divino Maestro ikastetxeko leihoak berrituko ditu udalak

Divino Maestro LHIko kanpoko aldeko zurajea aldatzeko lanen kontratazio-dosierra onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 277.267,68 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).

Eraikina eraiki zen garaiko (1972) leiho orijinal guztiak aldatzea aurreikusi du Obra Zerbitzuak. Zurajeak altzairuzkoak dira, beira soilekoak, eta burdineria egoera txarrean eta oso hondatuta dago eta horrenbestez zaildu egiten da leiho horiek ondo ixtea eta estankotasuna. Leiho horiek ikasle eta irakasleek erabili ohi dituzten guneetan daude.

Ikastetxeak instalazio hauek ditu: kiroldegia, L formako eraikina (behe solairua, lehen solairua eta bigarrena dituena) eta eraikin erantsi bat (behe solairua, lehena, bigarrena eta hirugarrena dituena). Hiru solairuko eraikina komentu bat zen lehen. Ikastetxea beheko solairua, lehena eta bigarrena hartuz joan da, eta garai bateko komentuko hirugarrena, eskola-jardunik gabe dago.

Lanak  90 egun naturaleko epean egingo dira.

Ángel Ganivet

Obra hori Angel Ganivet ikastetxekoari gehituko zaio, non kanpoko aldeko zurajea aldatzeko lanak egingo diren 337.630,00 euroan (BEZa barne).

Tokiko Gobernu Batzarrak ekainaren 4an onetsi zuen lan horietarako kontratazio dosierra.

1981ean eraikitako eskolako eraikin nagusiak orduan jarritako leihoak ditu oraindik (aluminiozkoak, beira sinplekoak, eta PVC–zko pertsianadunak). Horrek bero-galera handiak eragiten ditu, berotze-gastuak areagotuta, eta erabiltzaileei eragozpenak eragiten dizkie.

Obra Zerbitzuak kanpoko aldeko zurajea aldatzea proposatu du, eraikinaren eraginkortasun termikoa eta akustikoa hobetzea xede.

Lanak 60 egun naturaleko epean egingo dira.

 

Share

Udalak Angel Ganivet ikastetxeko leihoak zaharberrituko ditu

Tokiko Gobernu Batzarrak Angel Ganivet HLHIko kanpoaldeko zurajea aldatzeko lanen kontratazio-dosierra onetsi du, 337.630,00 euroan (BEZa barne).

Eraikina 1981ean egin da, eta oraindik ere jatorrizko leihoak ditu: aluminiozkoak, kristal bakarrekoak, eta pertsianak PVCzkoak. Horrenbestez, bero-galera handiak ditu eraikinak, igo egiten da berokuntzan egin beharreko gastua, eta enbarazuak eragiten zaizkie erabiltzaileei.

Obra Zerbitzuak kanpoko zurajea aldatzea proposatu du, hartara eraikinaren isolamendu termiko eta akustikoa hobetzeko.

Lanak 60 egun naturaleko epean egingo dira.

 

Share

Animaliak Babesteko Zentroa zabaltzeko eta hobetzeko proiektu berria aurkeztu dute

  • Txakurrentzako ostatu guneak ugaritu dituzte beste 32 txakurtegirekin
  • Aisialdiko guneetan 3.500 metro koadro gehituko dituzte
  • Administrazioko eraikineko instalazioak berriro banatu eta handituko dituzte

 

Animaliak Babesteko Zentroa erreformatzeko proiektua

Kirol eta Osasuneko zinegotziak, Livia Lópezek, Gasteizko Udalaren Animaliak Babesteko Zentroa erreformatzeko proiektua aurkeztu die Animalien Elkarbizitzarako, Defentsarako eta Babeserako elkargunean parte hartzen duten kolektiboei. Obrak 1.100.000 euroko lizitazio-aurrekontua du eta, horri esker, zentroak animaliei modu espezifikoan eskaintzen dien eremuan eta administrazioko eta albaitaritzako lanak egiten diren eraikinean zentroak instalazio berriak izango ditu. Bestalde, Animaliak Babesteko Zentroaren ondoko guneak egokitu egingo dira txakurrentzako aisialdi gune izan daitezen.

 

“Gasteizko Udalak animalien ongizatearekin lotuta bere gain hartu duen konpromisoak urrats berri bate ematea ahalbidetzen digu. Animaliak Babesteko Zentroaren erreforma bertako animalien arreta hobetzeko, lan-baldintzak hobetzeko eta instalazioetara joaten direnen arreta hobetzeko funtsezko proiektua da. Funtsezko erreforma egingo dugu Animaliak Babesteko Zentroa  behar berrietara egokitzeko. Horrek gainazala zabaltzea eta eremu ugarien banaketa hobetzea ahalbidetuko digu”, zehaztu du Livia Lópezek.

 

 

Esku-hartzeen bloke handia animalien eremuan

 

Zabalkuntza-lan nagusiaren bidez, txakurrei ostatu emateko 32 txakurtegi berri eraikiko dituzte. Nabe itxura duen eraikuntza da eta behar bezala garbitu eta desinfektatu ahal izateko uren kanalizazioko eta drainatzeko sistema eta material egokiak erabiliko dira horretarako. Txakurtegiek zoru bero-emaileko sistema izango dute beharrezkoa denean txakurrentzako guneak girotu ahal izateko. Eremu horretan itxituren bidez egokitu ahal izango da instalazioetan sartu berriak diren txakurrek koarentena egiteko gunea.

 

Txakurtegi bakoitzak elikagaiak hornitzeko eta sartzeko sistema modernoak izango ditu eta, horri esker, zaintzaileen segurtasuna erraztu eta animalien erosotasuna hobetuko dira garbiketa-prozesua egitean. “32 txakurtegi berri hauekin, batez ere, Animaliak Babesteko Zentroan dauden animalien egonaldiko baldintzak hobetuko ditugu; izan ere, bakoitzak bere gunea izango du.”, aipatu du Kirol eta Osasuneko zinegotziak.

 

Era berean, Animaliak Babesteko Zentroan sartu berriak diren katuentzako koarentenarako gune berria egokituko da haien osasun-egoera monitorizatu ahal izateko. Osasun-arazoren bat detektatuz gero, katu horiek bi gune berritara eramango lituzkete; haietako bat arnas-gaixotasunarekin lotutako kasu espezifikoetarako izango da, eta bestea gainerako patologietarako. Bestalde, koarentena behar bezala amaitu duten katuentzako eta infekziosoak ez diren gaixotasun edo prozesuak dituztenentzako hirugarren gune bat ere aurrez ikusi dute.

 

Amaitzeko, kanpoan ere gune bat izango dute katuek haien bizimodua erdi-askatasunean egin dezaten. Gune horretako animaliek adoptatu ahal izateko baldintzak beteko dituzte. Gune honek izan ezik, gainerako esparruek girotze-sistemak izango dituzte.

 

Animaliak Babesteko Zentroa berritzeko proiektuak animalientzako zonalde barruan beste gune osagarri batzuk ere jasotzen ditu.

 

  • Eriondo dauden, ebakuntza ondoren suspertzeko, txakurkumeen kumaldietarako edo zainketa berezietarako gune espezifikoa.
  • Txakurrak eta katuak ez diren beste espezie batzuetako animalientzako eremua (hegazti exotikoak, adibidez).
  • Hiru biltegi elikagaiak, laneko makina eta tresnak, garbiketa-produktuak, parasito-kontrakoak eta abarrak behar bezala kudeatzeko.
  • Garbigailu industriala duen gunea askak eta uraskak zein katuentzako hondar-erretiluak garbitu eta desinfektatzeko. Eremu honetan bertan egin ahal izango dituzte ile-apainketako lanak.

 

Zonalde ugariak lotzen dituzten korridoreak eta ibilbideak biosegurtasuna kontuan hartuta diseinatu dituzte. Hala, ahalik eta gehien mugatuko dira gune garbien eta zikinen arteko kutsadura gurutzatuak, instalazioetako erabiltzaileen eta langileen segurtasuna ere kontuan izanda.

 

 

Txakurrentzako aisialdirako gune berriak

 

Aldi berean, eraikinaren iparraldean txakurrak paseatzeko eta haien aisialdirako hiru gune berri egokituko dituzte. Haien gutxi gorabeherako azalera 3.500 metro koadrokoa da. Hesituta eta elkarri komunikatuta egongo dira.

 

Eremu horietan, kontrolatutako talde txikitan edo banaka paseoak egin ahal izango dituzte, eta “agility” eremua instalatu ahal izango da.

 

 

Administrazio-eraikina zabaltzea eta berriro banatzea

 

Gaur egungo eraikinaren azalera handitu eta banaketa hobetuko dute. Administraziorako eremu bat egongo da, bulegoekin eta arreta emateko guneekin. Hiritarrek instalazioetara sartzeko eta harrera jasotzeko gaur egun erabiltzen dutena da.

 

Gainera, Animaliak Babesteko Zentroak adopzio arduratsuarekin eta animalien ongizatearekin lotuta betetzen duen lana hedatzeko jarduerak egin ahal izateko, ikasleen taldeei harrera egin ahal izateko erabilera anitzeko areto bat ere gehitu dute. Horrez gain, Zentroko langileentzako eremua hobetuko da aldagela eta komun propioekin.

 

Bestalde, “albaitaritzako” eremua berrantolatu eta handitu egingo da sendaketen gela, ebakuntza-gela independente bat eta albaitaritzako langileentzako bulego bat sortuta.

 

Eraikineko sarbide ugariak diseinatzeko garaian, kontuan hartu da bertan egiten diren lanak modu bereizian egin behar direla, barneko langileen zein hiritarren joan-etorriak antolatuta. Eraikinerako sarbidea ere berritu egin da eta hemendik aurrera estalitako gunea izango du. Ibilgailuak aparkatzeko gunea berriro urbanizatuko da. Horren arabera, autobusek bertara sartzeko aukera izango dute eta edukiera handituko da.

 

Amaitzeko, animaliak jasotzeko ibilgailuentzako sarrera independente bat sortu da animalien estresa minimizatu eta biosegurtasuneko neurriak errespetatu ahal izateko.

 

Animaliak Babesteko Zentroko instalazioak 1983an ireki zituzten eta Udalak 1989an hartu zituen bere gain. Harrezkeroztik, orain arte, zentroa eraldatu eta garatu egin da, 30 urte pasatxo hauetan sortu diren beharrei erantzuteko, bai animaliak zaintzeko eta haiei arreta emateko moduagatik, bai zabalkunde- eta prestakuntza-jarduerengatik.

Share

Udalak modernizatuko du Astronomo kaleko futbol-zelaia

 

Soropil artifizialeko geruza, eserleku eta ate berriak eta LED argiztapena izango dira kirol-ekipamenduaren hobekuntzetako batzuk.

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Astronomo kaleko futbol-zelaiko soropil artifizialeko geruza ordezteko obrak kontratatzeko dosierra onetsi du ostiral honetan.

“Jarduketa honen bidez lagundu nahi dugu Astronomo kaleko futbol-zelaian entrenatzen duten gasteiztarrek ahalik eta baldintzarik onenetan egin dezaten. Obra hau Udalean egiten ari garen hiriko kirol-instalazioak egokitzeko planari gehitzen zaio”, azpimarratu du Udal Administrazioa eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodriguezek.

Instalazioa prestatuta dago eskualde mailako lehiaketak eta maila handiko entrenamenduak egiteko.

Kontratuaren bidez, soropil artifiziala aldatuko da. Izan ere, futbolean aritzeko, 1999an jarri zen soropil artifiziala, eta dagoeneko higatuta eta hondatuta dago, bere bizitza erabilgarriaren amaiera iritsi baita, eta, ondorioz, ezin da behar bezala egin kirol-jarduera. Horretaz gain, hobekuntzak egingo dira urbanizazio-arloan eta kirol-altxarietan eta -ekipamenduan.

“Astronomo kaleko futbol-zelaia eraberritzea izan zen gure konpromiso handietako bat 2021eko aurrekontuak aurkeztu genituenean, inbertsio hori lehentasunezkoa baita gobernuarentzat, federazioarentzat eta klubentzat, eta orain errealitate bilakatuko da. Aurrekontua abian jarri bezain laster, habian jarri da proiektua. Oso berri ona da, eta beste aurrerapauso bat, futbolarekin eta, oro har, kirol-instalazioen sarea hobetzearekin hartu ditugun konpromisoak betetzeko, adierazi du Kirol eta Osasun Saileko zinegotzi Livia Lópezek.

Jarduketak

Proiektuak honako lan hauek hartzen ditu barne belar artifizialeko sistema ordeztea eta dagozkion entseguak egitea, ureztapen-sistema osoa eraberritzea, ponpen eta etxola prefabrikatuaren instalazio elektrikoa eta zelaiaren argiztapen-sistema hobetzea, proiektore guztien ordez LED teknologiako beste batzuk jarrita.

Aurreikusten da, halaber, kirol-instalazioko instalazio elektrikoan hobekuntzak egitea (elektrizitate-kutxa orokorra eta zenbait kanalizazio ordeztea), instalazioaren barrualdeko urbanizazioa hobetzea (ipar espaloia zabaltzea), urak biltzea hobetzea, sastrakak kentzea atzeko lorategian, eta best.

Astronomo kaleko futbol-zelaiak baloiak gelditzeko sareak berrituko ditu, eta beste 4 eserleku gehiago (10 jokalarirentzat) eta futbol 11ko 2 ate berri, eta beste 4 futbol 7koak (barneragarriak).

Kontratuaren zenbatekoa 484.629,42 eurokoa da, BEZa barne.

Obrak gauzatzeko 120 egun naturaleko epea ezarri da, zuinketa-egiaztapenaren akta ezartzen den egunetik.

 

 

 

 

 

Share

Aurrera doaz Gasteizko Auzoen Planeko obrak

 

Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurunea, autobus elektriko adimentsua eta Olarizuko lorategi botanikoa dira proiektu nagusietako batzuk

 

Oinezkoentzako pasabide berria egin du Udalak Burgos kalean, auzotarrek eskatu bezala

 

Iraila hastearekin batera espazio publikoaren eremuko Auzoen Planeko hainbat proiekturi atzera ekin zaiela azaldu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean, uda garaian ere hainbat lan egin badira ere.

Normaltasunera itzultzearen erakusgarri da Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen inguruneko obra. Azken fasean sartua da, astelehenetik. Hurrengo asteetan, lan-kargarik handiena berdeguneetan izango da —erdiko parterrea, landaketak—, eta orobat Arkupeetako espaloian eta San Frantzisko kalearen hegoaldeko espaloian, eta aztarna arkeologikoak bistaratzeko lanetan.

Era berean, aurrera doaz autobus elektriko adimentsuaren sistema ezartzeko lanak. Hain zuzen ere, proiektuko 23 obra-lekuetatik 12tan lanean dihardute gaur egun. Esaterako, Esmaltazioetako biribilgunean —ia bukatua; lorezaintza- eta margotze-lanak eta markesina jartzea falta—, Zumakadi pasealekuan, Salbatierrabiden, Fontetxako Gazteluaren kalean, Arabako Unibertsitate Ospitalearen ondoko biribilgunean —Donostia kalearekiko bidegurutzeraino— edo Madril kalean.

Mugikortasunaren arloko beste inbertsio garrantzitsu bat Salburura tranbiarena da. Obrak Uda honetan hasi dira. Legealdiko inbertsio garrantzitsuenetakoa da hau eta Gasteizentzat oinarrizko proiektua.

Olarizuko lorategi botanikoaren proiektua ere ez dago geldirik. Izan ere, dagoeneko ikus daiteke antzoki begetalaren egitura —bukatua, ureztapen-sistema eta ereite-lanak izan ezik—, eta egunetik egunera forma hartzen ari da parkera sartzeko harrera-zentroa. Olarizuko hiribidearen muturrean dagoen ingurune horretan, oinarriaren urbanizazioa egina dago jada, eta bulegoaren egitura jartzen ari dira orain.

Gainera, bide-segurtasunaren arloko hainbat esku-hartzeri ekin dio Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Ariznabarra eta Aranzabaleko oinezkoentzako sei pasabide berritzeko lanak egiten ari dira. Zehazki, Luis Heintz eta Micaela Portilla kaleen arteko bidegurutzean, Micaela Portilla eta Bizenta Mogel kaleen artekoan, Micaela Portilla kalean —Gaztelako ateko 10.eko zerbitzugunearen ondoan—, Etxezarra kalearen eta Gaztelako Atearen arteko bidegurutzean eta Etxezarra kalearen eta Kexaako Gazteluaren kalearen artekoan —trenbidearen azpiko pasabidea—.

Horrez gain, Burgos kalean zebra-bide berria jarri da, Jose Pablo Ulibarri zidorreko 1. atariaren ondoan. Auzotarrek eskatua zuten pasabide hori, 600 sinadura baino gehiago bildu baitzituzten horretarako.

Gainera, azken aste hauetan, zorua sendotu eta hobetzeko kanpaina gauzatu du Udalak hiriko kale nagusietako batzuetan. Ekimen horren barruan, 180.000 euro inbertitu dira, Forondako atea, Arriagako atea, Olagibel kalea, Done Jakue hiribidea, Frantzia kalea eta Bake kalea hobetzeko, besteak beste.

“Funtsezkoa da auzoak berritu eta berriro aktibatzea, Gasteizek aurrera egin dezan. Inbertsioak egiten jarraituko du udal-gobernu honek, oinez ibiltzeko gero eta erosoagoa izan dadin hiria, iraunkorragoa, erakargarriagoa. Hobeto bizi ahal izateko eta gure kaleen dinamizazio komertziala ahalbidetzeko”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

LANAK dossierra

 

 

Share

Bremen kaleko bidegorri berriak Mariturri hiribideko eta Antonio Machado kaleko bizikleta-bideak lotuko ditu eta Udalak obra egiteko kontratua esleitu du

 

-Udalak 133.783,92 euro inbertituko ditu esku-hartzean, eta sarea 600 metro luzatzeko balioko du

 

Gasteizko Udalak 133.783,92 euro inbertituko ditu Bremen kalean barrena bidegorri berria sortzeko, zeinak Mariturri hiribideko eta Antonio Machado kaleko bizikleta-bideak lotuko baititu. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak proiektua egiteko kontratua esleitzeko; esleitzen denetik hiru hilabete emango dira gauzatzeko.

Bremen kalean iparralderako noranzkoan zirkulazio-erreietako bat kendu eta galtzadan bidegorri bereizi eta bi noranzkokoa jartzea aurreikusi da. Bizikleta-bidea espaloiaren eta aparkalekuen artetik joango da, eta kale osoko aparkalekuak utziko dira. Gainera hiribidea zeharkatuta Antonio Machado kaleraino joateko bizikleta-bidea ere egingo da, espaloian. Bi bidegurutzeetan, Oto hiribidean zein Antonio Machadon, txirrindularientzako pasabideak egokituko dira. Bizikleta-bide horiek oso oinezko gutxik erabiltzen dituzten espaloietan jarriko dira, beste aukera eroso eta zuzenago batzuk baitituzte ibiltzeko.

Horretaz gain, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak segurtasunaren alorreko zenbait lan egingo ditu, hala nola piboteak jartzea eta biribilguneetako sarrerak nahiz irteerak estutzea, txirrindulariak babesteko.

BIDEGORRI BREMEN KALEA dosierra

 

 

Share

Hidroaraba Obras Hidráulicas enpresak berrituko du San Prudentzio egoitzako sorospen-eremuko ur bero sanitarioa hornitzeko sarea

Hidroaraba Obras Hidráulicas enpreari esleitu dio Tokiko Gobernu Batzarrak San Prudentzio egoitzako sorospen-eremuan ur bero sanitarioa hornitzeko sarea ordezteko obra-kontratua, 104.397,31 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

“Etengabe gertatzen ziren ur-isuriak San Prudentzio egoitzako ura hornitzeko sarean. Izan ere, egoera txarrean daude hodiak, legionellaren kontrako tratamenduak direla eta karga eta talka handiak jasan behar izaten baitituzte”, azaldu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodriguezek.

Ur bero sanitarioa hornitzeko eta itzulerako sare osoa ordeztea da proiektuaren helburua, horiek baitira arazoak ematen ari diren bi sareak. Horretarako, altzairu herdoilgaitzezko hodiak jarriko dira, gaur egun daudenen diametro berekoak.

Hodiak ordeztu ahal izateko, sabai faltsuak eraitsi beharko dira, eta, ondoren, berregin. Armstrong motako sabai faltsu erregistragarriak izango dira berriak, aurrerantzean instalazioak eskurago egon daitezen.

“Bidez batez, korridoreetako argiteria ere aldatuko da, eta LED argi-panelak jarriko. Horrenbestez, erakinaren energia-gastua nabarmen murriztea lortuko dugu, eta gure lehentasunetako bat da hori, ingurumenaren aldeko konpromisoa dela eta”, nabarmendu du zinegotziak.

Proiektuan zehaztutako lanak gauzatzeko epea hilabetekoa izango da, obraren zuinketa egiaztatzen denetik kontatuta.

 

 

 

 

 

Share

Hiriko hamar kale erabilienetako batzuk konpontzeari ekingo dio gaur Udalak Done Jakue hiribidean

 

Datozen hiru asteetan, Forondako atea, Honduras kalea, Gorbeia kalea, Arriagako atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Becerro de Bengoa kalea, Olagibel kalea, Done Jakue hiribidea eta Astronomo kalea hobetzeko lanak egingo dira

 

Amaia Barredo audioa

Gaur hasiko dira hiriko kale nagusietako batzuk konpontzeko lanak  Done Jakue hiribidean. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak 182.274,12 euro inbertituko ditu hiriko kaleetako zoladura sendotzeko eta zuloak betetzeko ohiko kanpainan, zeina Firmes Alaveses y Sisca Señalizaciones enpresei esleitu baitzaizkie.

Oraingo honetan, gehien erabiltzen diren kaleetako batzuk konponduko dira, Forondako atea, Arriagako atea, Olagibel kalea, Done Jakue hiribidea, Frantzia kalea eta Bake kalea, batzuk aipatzearren. Kale horiek nahiko hondatuta daude, urteen eta erabilera handiaren poderioz.

Gure galtzadak hobetu nahi ditugu, erosoagoak izan daitezen bertatik zirkulatzen dutenentzat, bai ibilgailu motordunez bai bestelako garraiobidez. Aurten ahalegin berezia egin nahi dugu hiriko sarrera nagusietan eta gehien erabiltzen diren kaleetan. Aipatutako lanek eragin zuzena izango dute leku horiek egunero erabiltzen dituzten pertsonen ongizate eta bizi-kalitatean. Gasteiz gero eta erakargarriagoa, erosoagoa eta modernoagoa izan dadin ari gara lanean”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Proiektuak orotara 5.800 metro koadroko azaleran esku hartzea aurreikusten du, eta lanek hiru aste irautea. Zoladurak fresatuko dira, bigunguneak  eta beste akats batzuk konponduko eta, azkenik, asfaltozko aglomeratu beroa botako.

Kale hauek konponduko dira: Forondako atea, Honduras kalea, Gorbeia kalea, Arriagako atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Becerro de Bengoa kalea, Olagibel kalea, Done Jakue hiribidea eta Astronomo kalea.

Share

Esleitu dira udaletxeko estalkia berritzeko lanak

Tokiko Gobernu Batzarrak Esparza Obras y Proyectos SL enpresari esleitu dizkio udaletxeko teilatua eraberritzeko lanak, 282.479,15 euroan (BEZa barne), hau da, hasierako prezioa 88.000 euro baino zertxobait gehiago beheratu da.

“Estalkia oso hondatuta dago, eta horrek filtrazioak eta kondentsazio-hezetasuna sortzen ditu. Horregatik, teila guztiak berrituko ditugu, eta isolamendua instalatuko dugu, eraikinaren portaera termikoa hobetzeko eta kondentsazioak eragozteko“, azaldu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Bide batez, beste alderdi batzuk hobetuko dira, esaterako, segurtasun-neurriak ezarriko dira gerora mantentze-lanak egin behar direnerako.

Lanak gauzatzeko epea 190 egun naturalekoa da.

Udaletxea eraikin neoklasikoa da; Justo Antonio Olagibel arkitektoak diseinatu zuen, eta 1791ko abenduaren 24an inauguratu zen, egun hartan egin baitzuen Udalak lehen saio instalazio berrietan.

 Beste esku-hartze batzuk

Horretaz gain, Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak udal eraikinak mantendu eta hobetzeko beste lan batzuk egitea aurreikusi du: Ibaiondoko gizarte etxeko estalkiak konpontzea, 79.609,68 euroko aurrekontua (BEZa barne) eta gauzatzeko 45 eguneko epea aurreikusita, eta estalkiak berritzea San Ignacio ikastetxe publikoko haurren eraikinean zein Gurutzmendi haur-eskolan, 80.426,34 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

Orobat, aldagela bat egokituko da Oreitiasoloko lantegiko solairuartekoan, 163.714,04 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

 

 

Share