Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 azaroa 2018 12:20

 

  • Bederatzi udal zerga eta tasa ordaindu ahalko dira hileko kuota berdinetan, martxotik abendura bitartean

 

 

Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok zerga-tarifa lau berria abian jarri dela iragarri du; udal zerga eta tasa ohikoenak hilean-hilean ordaintzeko aukera ematen du horrek. Bihartik, azaroak 21, eskatu ahalko da zerga-tarifa lauan alta ematea, San Antonio kaleko herritarrei laguntzeko bulegoan eta San Martineko udal bulegoetan. Online ere egin ahalko da, udalaren web-orrian, ziurtagiri digitala baliatuz.

“Agintaldiko konpromiso estrategikoetako bat genuen, eta behar diren urratsak egin ditugu zerga eta tasak ordaintzeko formula berri hau ahalbidetzeko. Zerga-tarifa laua horiek ordaintzeko modu erosoagoa izango da, eta herritarrentzako zerbitzuaren hobekuntza nabarmena. Orain hasiko da modalitate horretan alta emateko epea, eta 2019ko martxotik aurrera izango da errealitatea hilean-hileko ordainketa”, zehaztu du Itziar Gonzalok.

Urteko martxoaren 1a baino lehen eskatu ahalko da zerga-tarifa lauan alta ematea. Gero, hilaren 20an kobratuko dira bederatzi zerga eta tasari dagozkion kuotak, kopuru berdinekoak. Martxoaren 1az geroztik aurkezten diren eskabideek hurrengo urtean izango dituzte ondorioak. Eskabideak mugarik gabeko izaera du, harik eta kontrakoa komunikatzen den arte, edo kuotaren bat ez ordaintzearen ondorioz bertan behera uzten. Edozein unetan eska daiteke zerga-tarifa lauan baja ematea.

Tarifa lauari dagozkion hamar kuoten kopurua berdina izango da martxotik abendura bitartean. Aldi horretan zergaren baten zenbatekoa aldatu bada, ordea, behar diren doikuntzak egingo dira abenduko kuotan.

Zerga-tarifa lauak tributu hauek barne hartzen ditu:

  • Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga.
  • Ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ)
  • Ekonomi jardueren gaineko zerga.
  • Zabor-tasa.
  • Urteko eta seihileko emakidak.
  • Ibilgailuen pasabideen tasa.
  • Mahaitxoen tasa.
  • Bide publikoko lurzorua eta lurpea okupatzeagatiko tasa.
  • Hilerrien tasa.

Zerga-tarifa lauaz baliatu ahal izateko bi betekizun eskatuko dira: batetik, banku-helbideratze bakarra izatea, hau da, zerga-tarifa lauaren ordainagiriaren titularrak izan behar du banku-kontuaren titularra; bestetik, erreferentziazko posta-helbide bakarra ematea jakinarazpenak bidaltzeko.

Zerga-tarifa laua Vitoria-Gasteiz Smart Green City planean zerbitzuak modernizatzeko jasotako 17 proiektuetako bat da, kudeaketaren bikaintasunarekin lotutako ekimenen barruan. Ogasuneko, Herritarrentzako Informazio eta Arretako zein Informazioaren Teknologien udal arloen arteko lankidetzaren emaitza da.  Abian jartzeko, 1.000 prestakuntza-ordutik gora eman zaizkie inplikatutako pertsona guztiei. Zerga prozesuen digitalizatzea hobetzeari esker egingo da, hartara herritarrei zerbitzu hobea emango baitzaie eta zerga-betebeharrak betetzea erraztuko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urria 2018 13:57

Ogasun Batzordeak ontzat eman du EAJ-PNV, PSE-EE eta EH-Bildu taldeek lortutako akordioa, Adurtza, Abetxuku eta Astronomoetako futbol-zelaiak zein Beti Jai pilotalekuak eraberritzeko. 2019ko aurrekontuan 2.500.000 euro sartzea ahalbidetuko duen zuzenketa adostu bat bozkatu dute, lan horiek konpromiso-kredituaren bidez gauzatu ahal izateko. Datorren urteko lehen hiruhilekoan idatziko dira lanak kontratatu ahal izateko proiektuak; kirol taldeek berek erabakiko dute horien garapena eta lehentasuna, horretarako sortu den jarraipen-batzordean, lehiaketei albait gutxien eragiteko moduan.

“Hiriak aurrera egin dezan akordioak lortzeko gauza garela erakutsi da berriro. Duela egun gutxi, zerga-ituna lotu genuen borondate horri esker, eta gaur beste akordio bat onetsi dugu, zeinak bultzada handia emango baitio kirol-instalazioetan egiten ari garen inbertsio-ahaleginari. Agintaldi honetan dagoeneko hiru milioi eurotik gora erabili dugu xede horretarako, aurreko gobernuak baino gehiago. Akordio honen bidez, abiadura handiagoa hartuko  dute Gasteizen ezaugarri behinenetakoa den ekipamendu-sarea eguneratzeko lanek”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok ere positibotzat jo du gaur Ogasun Batzordean emandako pausoa. “Gobernu honek akordioak lotzen ditu, eta lan egiten du halaber; izan ere, bultzada ekonomikoa ahalbidetzen duen itun hau bi urteko geldialdiaren ondoren instalazioetan egiten ari ginen inbertsioari gehitzen zaio, beraz, poztu besterik ez dugu. Lehen urratsa da kirol politikan urratu nahi dugun bidean, Gasteiz kirolaren hiriburua bihurtzeko”, azpimarratu du.

Udalak AMVISA udal sozietatearen bitartez handituko ditu hiru futbol-zelai eta Beti Jai pilotalekua eraberritzeko plana abian jarri ahal izateko behar diren diru-sarrerak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 iraila 2018 14:01

 

PNV – PSE/EE udal gobernua pozik dago akordioarekin, udalaren inbertsio-ahalmena mantentzea bermatzen duelako eta herritarrei ez dielako zerga ahalegin handiagoa eskatuko. 

Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok azaldu duenez Urtaranen gobernuak “familiak aintzat hartzen dituen eta martxan dauden hiri-proiektuak mantenduko direla bermatzen duen akordio” berria lortu du”. Pozik agertu da, Peio Lopez de Munainekin batera, akordio berri hau lortu izanagatik. “Beti esan dugu oposizioko talde batek hiriarentzat onuragarriak diren akordioak lortzeko benetako borondatea erakusten duenean akordioak lortzen ditugula” nabarmendu du Itziar Gonzalok.

PNV – PSE/EEko gobernuko ordezkariek adierazi dutenez, “PP taldearekin lortutako akordio honek udalaren inbertsio-ahalmena mantentzea bermatzen du, eta hori da gure kudeaketa ereduan defendatzen dugun baldintzetako bat. Akordioak lortzeko jarri genuen baldintzetako bat zen udalaren gihar ekonomikoa ez ahultzea, batez ere martxan dauden obra asko amaituko den urtean. Akordio honek ez die zerga ahalegin handiagoa ekarriko herritarrei. Izan ere, diru-bilketa globala iazkoa baino apur bat txikiagoa izango da” adierazi du Itziar Gonzalok.

Peio Lopez de Munain alkateordeak, bestalde, nabarmendu egin du “gobernu honek elkarrizketaren eta talkaren artean oso argi duela erakutsi du berriz ere: elkarrizketa aukeratzen du. Elkarrizketa nahiago du beti. Etengabeko helburua da akordioak lortzea, herritarrentzat eta erakundearentzat onak direlako. Horregatik, beti uzten dugu akordioetarako ate bat zabalik“.

Udal gobernuak eta PPk lortutako akordio honen bidez, onartu egiten da udal gobernuak zergei buruz aurkeztutako proposamena (zergak izoztea eta tasa eta prezio publikoak KPIren arabera eguneratzea) eta PP taldearen hiru proposamen gehitzen dira: ibilgailuen zerga % 2 jaistea, eta zabor tasa eta establezimendua irekitzeagatiko tasa izoztea.

“Akordio honetan familiak aintzat hartzen ditugu bai ordaintzeko orduan bai zerbitzu publikoei eustea bermatzeko orduan ere; izan ere udalaren diru-sarreretan murrizketa handiak dakarten proposamenak eginez gero, arriskutan jartzen genituen zerbitzu publiko horiek. Akordio hau oso berri ona da hiriarentzat, argi uzten du akordioetara iristeko benetako borondatea badago akordioa lortu egiten dela” nabarmendu du Ogasuneko zinegotziak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 uztaila 2018 14:06

 

Uztailaren 22an (igandea) baliogabetu zen autobus-geltokiko aparkalekua lehenengo bost orduetan doan erabiltzeko aukera; AUOko kanpoko kontsulten eraikinaren ondoan azaleko aparkalekua eraikitzen zen bitartean egon zen indarrean neurri hori, baina berriki ireki da. Doakoa izan den bitartean, aparkalekuko okupazio datuak nabarmen hobetu dira, ia bikoiztu egin baita.

Doakoa izan den bitartean, hau da, 2017ko apiriletik 2018ko apirilera arte, orotara 52.299 erabilera zenbatu dira aparkalekuan. 2016ko apiriletik 2017ko apirilera, aldiz, 27.335 izan ziren. 2017ko uztailean erabili zen gehien aparkalekua: orotara 6.926 egonaldi izan ziren, alegia, erabilgarri dauden lekuen % 74.

“Datu horiek erakusten dute doakotasuna neurri baliagarria izan dela, aukera eman baitu kokapenagatik zein garraio publikoaren erabilerekiko osagarritasunagatik potentzial handia duen aparkaleku bat ezagutzeko”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Gonzalok iragarri duenez, datorren urterako tarifetan txandakako erabileren prezioak mantentzeko asmoa dute, eta gaueko ordutegian doan uztekoa. Ordenantza fiskalei buruzko eztabaidari begira, hileko abonua 39,67 eurokoa izatea proposatuko da —orain 110 euro balio du— eta astelehenetik larunbatera arteko eguneko abonua 29,75 eurokoa izatea —orain 80 euro ordaindu behar da—. 60 minutuko bonua ere sortuko da, 0,99 euroan. Lehenengo bost orduetan doan izateko neurriak lortutako emaitza positiboari lotuta, proposamen horiekin zerbitzua lehiakorragoa bihurtzea nahi da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 maiatza 2018 13:32
  • Hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea ere hobetu da
  • “Gastuaren araua aipatzean, PPk bere gobernuak utzi zuen zulo ekonomikoa aitortu besterik ez du egiten”, adierazi du Ogasuneko zinegotziak

Kontu-hartzaile nagusiak aurrekontu-egonkortasunaz urtero egiten duen txostenak agerian jartzen du 2017ko aurrekontuaren likidazioan agintaldi honetako emaitzarik onena lortu zuela Udalak. Zehazki, aurrekontuaren 1.etik 7.era arteko kapituluetan diru-sarrerak gastuak baino % 6,84 izan ziren, hau da, 2016ko % 3,87aren bikoitza ia. Orobat, Udalaren eta udal sozietateen zorra nabarmen murriztu zen: agintaldiaren hasieran 123,2 milioi euro ziren; orain, berriz, 118 miloi, TUVISAk autobus berriak erosteko mailegua eskatu behar izan bazuen ere, eta 21 Zabalgunea sozietateak 20 milioi euro, aurreko agintaldiaren bukaerako egoerari aurre egiteko. Udala bakarrik kontuan hartzen badugu, zor kontsolidatua ia 7,5 milioi euro gutxitu da 2015etik, eta 2018rako aurreikuspena ere aldekoa da.

Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok gogorarazi du Urtaranen gobernuak plan ekonomiko bat jarri behar izan zuela martxan aurreko gobernuak utzitako 68 milioi euroko zulo ekonomikoa estaltzeko, eta horrek baldintzatu egin zuela ahalmen ekonomikoa agintaldiaren hasieran. “Hala ere, adierazle nagusiak betetzen ari gara une honetan, ez gara irabazten dugunaren gainetik gastatzen ari, eta zorra nabarmen murriztea lortu dugu. Neurriz kanpokoa izaten jarraitzen duela esatea ez dator bat inola ere gobernuak hiru urte hauetan egin duen kudeaketa ekonomikoaren eboluzioarekin”, azpimarratu du Gonzalok.

Kontu-hartzaile nagusiaren txostenaren arabera, iazko ekitaldi ekonomikoan superabita izan zuen Udalak. Horri dagokionez,  diruzaintzako geldikin likidoaren eboluzio positiboa nabarmentzen da, 2017an 969.773 eurokoa izan baitzen, hau da, 2016an izandakoa (201.987 euro) halako lau. Aipatzekoa da, halaber, aurrezpen garbia 14,9 milioi euro izan zela.

Egonkortasunari buruzko txostenean jasotako beste alderdi positibo bat hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea da, iaz 37,67 egunekoa izan baitzen —faktura onartzeko 30 eguneko epea ezartzen da—. Horrenbestez, 2016ko datua (38,97) egun batean baino gehiagoan hobetu da.

Azkenik, Ogasuneko zinegotziak gastu araua aipatu du, kontu-hartzaile nagusiak txostenean aztertzen duen beste datu bat baita: 2017an 12,6 milioi eurogatik ez zen bete, hau da, agintaldiaren hasieran baino hiru aldiz gutxiago. “Alderatzen dena benetako gastua balitz, 2017an beteko genukeen gastu araua. Gobernu honen kudeaketa ekonomikoa balioesteko adierazle hori erabiltzen tematzen denean, PPk bere gobernuak utzi zuen zulo ekonomikoa aitortu besterik ez du egiten, eta nola egin behar izan genion aurre egoerari. Hiru urte behar izan dute errealitatea aitortzeko”, amaitu du Itziar Gonzalok.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 urtarrila 2018 14:11

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Zuluetan jauregiaArabako Errioxako ardoaren zentro bihurtzeko proiektuaren azalpen-memoria tramitera onartzea. Araex Rioja Alavesa S.L. sozietateak aurkeztu du agiri hori, eta bertan argi uzten du Udalak jauregiaren erabilera funtsean Arabako Errioxako ardoen inguruko jarduerei buruzko proiektu bat abiarazi eta garatzearen alde duen interesa. Gaur Urtaranen gobernuak onetsi duen erabakiak proiektu honen –zein alkateak iragarri baitzuen, bai Erdialdeko Masterplanaren aurkezpenean, baita 2025 estrategiarenean– tramitazioaren hasiera dakar. Hurrengo urratsa espazioaren emakida lehiaketa publikora ateratzea izango da, nahi duen ekimen oro aurkeztu ahal izango da, baldintza berdinetan.

Arabako Errioxako ardoaren zentro bihurtzeko proiektuaren azalpen-memoria tramitera onartzearen atzean aldeko bi txosten daude: batetik, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak komenigarri jo du Gasteizen Ardoaren zentro bat garatzea, zabalkunde, promozio, prestakuntza eta gara daitezkeen bestelako jarduerak sustatzeko elementu gisa, betiere Arabako Errioxako ardoa ardatz eta protagonista izanik, balioko duena nazioartean onarpen handia duen bertoko produktu bat nabarmentzeko, aupategiak eta ostalaritza babesteko, eta –aldi berean– produktu horren eskutik hiria promozionatu eta Gasteizen sustapen turistiko eta ekonomikoan laguntzeko.

Bestalde, Hirigintza Sailak baieztatu du azalpen-memorian Zulueta jauregirako proposatzen dituen erabilerak zorrotz doitzen zaizkiola Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean definitutakoari, eta egokiak direla hirigintzaren ikuspuntutik. Halaber, Udal Eraikinetako Mantentze Sailak egiaztatu du eraikinaren egoera orokorra ona dela.

Lehen urrats hori egin ostean, Udaleko zerbitzu teknikoak lanean dihardute eraikinean garatu beharreko proiektua erredaktatzeko lanetan. Proiektu hori izango da espazioaren emakida lehiaketara ateratzeko oinarria, betiere gai horretan interesa izanik, adituak diren hirugarren interesdunen artean. Datozen asteetan bideratuko da lizitazioa.

“Proiektu honen atzean eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza dago, Gasteiz Arabako Errioxaren ate bihurtu dadin. Alor horretan, gastronomikoan, eta gure ardogintzarekin zerikusia duen guztiaren inguruan erreferente izango den ardoaren zentro bat izatea aukera aparta da hiria sustatzeko, nola garapen ekonomikoaren ikuspegitik, hala dinamizazio turistikoarenetik ere, betiere arlo horertan zuzenean lan egiten duten elkarte eta bestelako eragileen eskutik. Gaur ekingo diogu ofizialki Gasteizek gure ardoentzat eta gastronomiarentzako erreferentziazko leku bat izateko bidea, hartara gure konpromisoa beteaz, eta urrats bat gehiago emango dugularik hirigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko Erdialdeko Masterplanean”, esan du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Zulueta jauregia Europako hiriburutza berdearen egoitza nagusia izan zen 201an, baina erabilerarik gabe dago 2015etik hona. Osorik babestutako eraikina da, beraz, barruko eta kanpoko itxura zein lorategiarena mantendu beharra dago. Bi solairu, soto, estalkipeko gunea eta negutegia ditu, non Arabako Errioxako ardoaren zentroak garatuko dituen jarduerak burutu.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 urtarrila 2018 11:01
  • 2017rako ezarritako helburua baino % 32,7 handiagoa da kopuru hori

Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Planaren (2017-2019) lehen urtearen balantzea egin du. Planak dirua biltzeko sistemen eraginkortasuna kontrolatzeko eta hobetzeko 89 ekintza biltzen ditu orotara, eta horri esker 3.970.140 euro berreskuratu dira orain arte. Kopuru horren zati handi bat, 1.512.783 euro, ekonomia jardueren gaineko zerga ikuskatzeko berariazko planari dagokio, eta gainerakoa, zerga eta tasen kudeaketa eta ikuskaritza hobetzeko beste jarduera batzuekin lotuta dago.

Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Planaren emaitza 2017ko ekitaldirako aurreikusitako helburua baino % 32,7 handiagoa da, lehen urterako ezarri zen helburua 2.990.850 euro baitzen. Planak irauten duen hiru urteetan orotara 9.636.650 euro biltzea espero da.

“Duela urtebete Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Plana aurkeztean jarritako helburuak betetzen ari dira, baita 2017rako ezarritako aurreikuspena sobera gainditu ere, eta horrek hobetzen jarraitzera animatzen gaitu, bai zerga betebeharrak betetzen diren zaintzeari bai diru-bilketarako sistema eraginkorragoak bilatzeari dagokienez“, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

2016an ekin zitzaion ekonomia jardueren gaineko zergaren ordainketak berrikusteari, orduan jakinarazpenak bidali baitzitzaizkien tokiko 2000 enpresari baino gehiagori, beren zerga-aitorpenean izandako aldaketak aitortu zitzaten, eta horren bidez 1,51 milioi euro berreskuratu dira. Prozedura hortaz lortutako informazioa baliatuz, kanpaina berezia jarri zen abian, enpresek emandako datuak egiaztatu, behar ziren zuzenketak egin eta likidazioak egiteko. Ikuskaritza plan horren bidez 253 dosier itxi dira 2017ko amaieran. Beste 114 dosier dago irekita, eta horiek ordaindu gabeko kopuru gehiago berreskuratzeko bide emango dute.

Zerga-betebeharrak betetzen diren ikuskatu eta kontrolatzeko jarduerak beste zerga batzuetara ere zabaldu dira, hala nola ondasun higiezinen gaineko zerga eta eraikuntza eta obren zerga. Orobat berraztertu dira hainbat tasaren ordainketak: irekitzeko lizentziak, hirigintza-lizentziak, ibilgailuentzako pasabidea, zangak irekitzea eta hesiak eta aldamioak jartzea. Horrek guztiak 514.397 euro berreskuratzea ahalbidetu du. Iaz 588 ikuskaritza jarduera egin ziren guztira.

Zerga betebeharrak betetzen diren kontrolatzeko neurriez gain, Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Planaren bigarren jarduera-ildoak 36 neurri jasotzen ditu zerga- eta bilketa-prozeduren hobekuntza eta eraginkortasuna sustatzeko. Hirugarren ildoak beste administrazio eta erakunde batzuekiko lankidetza bultzatzeko 6 neurri aurreikusten ditu, eta laugarrenak, 11 neurri zergadunari arreta emateko zerbitzuak hobetzeko.

Kudeaketa hobetzeko neurri horien eraginez 1.942.860 euro berreskuratu dira 2017an, gehien bat Arabako Foru Aldundiarekiko koordinazioa hobetu izanari esker, bi erakundeek informazioa trukatu eta kobratze eskubideak gauzatzen elkar osatu baitute. Itzulitako ordainagiriak kobratzeke geratzea eragozteko mekanismoak ere doitu dira.

2018rako iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko ekimen berriak aurreikusi dira, eta bereziki kontuan hartuko da bitarteko elektronikoen erabilera, ordainagiriak bidaltzeko, zergak kudeatzeko, zergei buruzko informazioa bidaltzeko eta dirua biltzeko prozesuetarako.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 abendua 2017 07:39

 

 

  • Itziar Gonzalok adierazi du udal kontuei buruzko eztabaidak PP eta EH-Bilduren arteko “ezetzaren koalizioa” ofizialtzeko balio izan duela

Udal gobernuak adierazi du 2018rako aurrekontu-luzapenak ez diela eragingo agintaldiko proiektu estrategikoei. Datozen urteetarako inbertsioek, esaterako, mugikortasun-proiektu handiekin lotutakoek (tranbiaren luzapena, autobus elektriko adimentsua ezartzea, TUVISAren flota handitzea…) bermatuta dute udalaren ekarpena.  Gauza bera gertatuko da beste batzuekin: Koroatzearen auzoa biziberritzea; Bost Enparantza proiektua, zeinaren bidez Santa Barbara plazako obrak egiten ari baitira; industrialdeak hobetzea; “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programa, eta espazio publikoaren inbertsio guztiak koordinatzeko gida-plana (ia 20 lan daude abian, eta normaltasunez jarraituko da horiek gauzatzen). Orobat, Udalak ematen dituen zerbitzu eta programetako batek ere ez du murrizketarik izango.

Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok azpimarratu duenez, proiektu handien jarraipena bermatzeaz gain, gobernu taldeak ez du baztertzen 2018an zehar akordio puntualak egitea luzapenean aurreikusita ez dauden alderdiei erantzuteko, ezta kanpoko diru-sarrera edo finantzaketa apartekoen bitartez finantzatzeko aukera ere.

Udal gobernuarentzat, 2018ko aurrekontua eztabaidatzeko bilkurak PP eta EH-Bilduren arteko “ezetzaren koalizioa” ofizialtzeko balio izan du, interes alderdikoiak asetzeko baino balio ez duen aliantza.. “Elkar hartuta joatea erabaki dutelarik, bi alderdi horiek erakutsi dute edozer egiteko prest daudela gobernu-taldea ahultzekotan. Garbi geratu da Gasteizko PPn Alfonso Alonso jaunak erabaki duela, berak esan baitzuen ez zela akordiorik izango. Taldeari esandakoari men egitea beste aukerarik ez zaio geratu, kontraesanetan eroriz eta eledunari agintea kendu zaiolarik. Bilduk, berriz, bat egin du PPren ezetzarekin, hots, 155aren alderdiarekin, beste erakunde batzuetan planteatzen duenaren kontrakoa eginez, hiria galtzaile ateratzen den itun batean”, esan du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Gonzalok gogoratu du gobernu-taldeak negozioatzeko asmoa azaldu duela aurrekontu-proiektuaren tramitazioaren azken unera arte, eta ahalegin betean aritu dela akordio bat lortze aldera. Halaxe izan da negoziazio txanda guztietan; nabarmendu beharra dago EH-Bildu taldeari beren planteamendu zenbait aurrekontuan jasotzeko egin zitzaion eskaintza, hala nola, Gasteiz Antzokia martxan jartzea, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei harrera emateko zentro integrala sortzea, edo Latinoamerika biribilgunea lurperatzea, besteak beste. Akordioa lortzeko borondatearen erakusgarri, halaber, gobernu taldeak EH-Bilduk aurrekontukoari egindako zuzenketen alde bozkatu zuen Ogasun Batzordean eztabaidatu zirenean. “Alderdi horrek ez du argudio gehiagorik aurrekontu akordioaren kontra agertzeko. Besterik gabe, nahiago du PPren ezetzarekin bat egin”, amaitu du Itziar Gonzalok.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 azaroa 2017 11:15

Ogasuneko zinegotzia Itziar Gonzalok salaketa jarri du gaur goizean, udal-jabetzako etxebizitza baten inguruan gertaturiko iruzur kasu baten aurrean; izan ere, alokatu egin izan da etxebizitza hori, Udalari ezer jakinarazi gabe. Joan dena azaroaren 2an, Ogasun Sailean jakin izan zuten alokairu-kontratu bat egin dela Zuiako Taldearen kalean dagoen udal-jabetzako etxe baten gainean, non bere burua etxebizitzaren jabe gisa aurkeztu duen norbaitek alokairuan utzi duen delako etxebizitza familia bati. 1.600 euro jaso dituen pertsona horrek, bi kontzeptutan: bermea eta lehen hilabetekoa.

Behin ordainketa egin zutelarik jakin izan zen iruzurra, haren biktimek udal-bulegoetara jo zutenean, Gasteizko Erroldan izena emateko asmoz, etxebizitza horretan bertan, horretarako alokairu-kontratua aurkeztuta. Lehen ikerketen arabera, ustezko iruzurgileak udal-jabetzako etxebizitzaren sarraila aldatu bide zuen, biktimen aurrean egiazko jabea zela irudikatzeko asmoz.

Iruzurraren biktimek –adin txikiko hiru haur dituzten senar-emazteak– etxebizitza berrira aldatzea egun bererako pentsatua zutenez gero, azaroaren 2rako, eta ez zutenez beste ostatu alternatiborik nora jo, Udalak utzi egin die etxebizitza erabiltzean, harik eta organo eskudunak ebazpena eman dezan, non adieraziko den noiz arte egon daitezkeen bertan.

Udalak jakinarazi dio familia horri salaketa jarri behar dutela ustezko iruzur baten biktima direla egiaztatu nahi badute; aldi berean, eta alde kaltetu den aldetik, Udaltzaingoaren aurrean salatu ditu gertakariak.

Itziar Gonzalok esan duenez, “Udala garen aldetik, jazarri egingo dugu ustezko iruzurgile hori, zeinek familia bereziki babesgabe batengana jo duen, horretarako baliatuz, gainera, udal-ondarea. Gure esku dagoen oro egingo dugu justizia egin dadin kasu honetan, eta biktimentzako galera ahalik eta txikiena izan dadin”.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 iraila 2017 14:52

Hasierako onespena eman dio gaur Gasteizko Udalbatzak 2018ko zerga, tasa eta prezio publikoen inguruko itunari. Udalbatzako bi herenen aldeko botoari esker, udal zerga guztiak izoztuko dira, ibilgailuena izan ezik, baina % 2,5 jaitsiko da. Era berean, ez da igoerarik izango ohikoen diren bi zergetan, uraren eta zaborren gainekoetan. Gainera, jarduera ekonomikoa sustatzeko neurriak planteatzen dira, horretarako izoztuta bai Ekonomi Jardueren gaineko Zerga, Zabaltze eta jarduera lizentziengatiko eta biltzar ekipamenduak erabiltzeagatiko tasak. Horrez gain, familia ugarien aldeko zenbait neurrirekin osatzen da.

“Gaurko Udalbatzan onetsi dugun akordioak herritarren alde egiten du, ekonomia sustatzeko neurriak txertatzen ditu, eta gizarte-sentsibilitateaz jantzia da. Akordio ona da Gasteizentzat eta gasteiztarrentzat, bermatu egiten baitu Udalaren egonkortasun ekonomikoa, funtsezkoa egun daukagun zerbitzu publikoen maila onari eusteko”, jakinarazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Jarraian zehazten dira 2018rako ordenantza fiskalen ezaugarri nagusiak, behin Udalbatzaren oniritzia jaso eta gero.

 

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga

Izoztu egin da Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, eta familia ugarientzako hobariak aplikatzeko kontuan hartuko da. Gainera, % 50eko hobaria gehitu da, eguzkitik sortutako energiaren edo beste energia berriztagarriren baten ustiapen termiko eta elektrikorako sistemak instalatzen diren higiezinen titularrentzat.

 

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga

2018rako tarifak 2017rakoak baino % 2,5 baxuagoak izango dira.

 

Ekonomi Jardueren gaineko Zerga

Izoztu egingo da zerga. % 50eko hobaria aplikatuko zaie milioi bat eurotik bi milioira bitartean fakturatzen duten enpresa txiki eta ertainei Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren kuotan.

 

Gainerako zergak

Izoztu egingo da Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga. Gainbalioaren zerga ere ez da aldatuko.

 

Udal tasak

izoztu egingo dira Ur horniketa eta saneamendurako udal zerbitzuengatik eta Zaborrak bildu eta suntsitzeko zerbitzuagatik ordaindu beharreko tasak.

halaber, ez da igoko da Irekitze- eta jarduera-lizentziaren tasa, jarduera ekonomikoa sustatzeko. Xede berbera tarteko, ez dira igoko biltzar ekipamenduak erabiltzeagatiko tasak.

Gainerako tasak eguneratu egingo dira, KPIren % 2ko igoera aintzat harturik.

 

Haur eskolak prezio publikoa

Hileko tarifak murriztu egingo dira seme-alaben kopuruaren arabera (eta ez, orain arte bezala, haur eskolan matrikulatutako haurren kopuruaren arabera).

 

Udalaren kirol instalazioak erabiltzeagatiko prezio publikoa

Tarifak % 6 igoko dira.

 

Gainerako prezio publikoak

Gainerako tasa eta prezio publikoak eguneratu egingo dira, KPIren % 2ko igoera aintzat harturik. Musika eskolaren kasuan, hobaria eskainiko zaie familia ugariei, nola ohiko ikastaroetan, hala osagarrietan. Eskola horretako prezio publikoak ez dira igoko 2018an, bat etorrita bertako Kontseiluaren hiru urteko tarifen proposamena.

 

 

Share

Aurrekoak »