Prentsa Oharren banner

Olarizuko erromeria, berriro gurekin 2021ean

Udalak egingo du, hala ere, udalerriaren mugarrien bisita.

 

Gasteizko Udalak bertan behera utzi du irailaren 14an Olarizuko egunaren inguruan egitekoa zen jai-programa. Egun horretan Gasteizko Eraztun Berdeko leku kuttun horretan ohiko diren jende-pilaketak saihesteko asmoz hartu da erabakia.  

Olarizu mendiak eta haren azpiko larrek urtebete itxaron beharko dute, 2021era arte, ohiko erromeria berriz egin arte, bildutako uzta eskertzeko nekazarien erritua gogoratuz. Orduan, berriro izango dira Olarizuko zelaietan jai giroko jarduera guztiak, ohiko babarrun-jana eta igoera jendetsua Olarizuko gurutzera; jai-amaiera Plaza Berrira itzultzeko ibilbidearekin izango da, Udal Musika Bandak, txistulari, atabalari, trikitilari, gaita-jotzaile eta danborrariek zein Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak lagunduta.

Alabaina, 2020an ere udalerria mugatzen duten mugarrien urteko ibilbidea egiteko ohiturari eutsiko dio Udalbatzak, alkatea basozain nagusi eta talde buru dela, 500 urtetik gora duen usadio administratiboa berretsiz.

 

 

 

Share