Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 abendua 2018 14:01

 

Eraztun Berdearen 25. urteurrenaren amaiera gisa, alkateak proiektu bat iragarri du, Olarizuko lorategi botanikoa “Euskadiko lorategi botanikoa handia” bihur dadin, eta “gasteiztarrak elkartu eta gozatzeko gunea” 

IGIk datozen bi urteetan Eraztun Berdea “hobetu eta sendotzeko” egin dituen hamar proiektu aletu ditu

Proiektuaren aurkezpena esteka honetan jaitsi daiteke

 

Eraztun Berdearen 25. urteurrenaren amaiera gisa, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gerriko berde hori hobetu eta sendotzeko helburua duten hamar proiektu aurkeztu ditu. Horien artean, etorkizuneko Olarizuko parkea nabarmentzen da. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren planen arabera, jendeari arreta emateko leku berria jarriko da bertan, labirinto natural bat, tirolinak, jolas naturalizatuak eta landarez hornitutako harmailak, aire zabaleko kultur jarduerez gozatu ahal izateko. “Olarizu Eraztunaren harribitxia izatea espero dugu, gure asmoa baita edukiz eta erakargarriz hornitzea, bai aisialdirako bai zabalkunderako. Euskadiko lorategi botaniko handia izateaz gain, gasteiztarrak elkartu eta gozatzeko gunea izango da Olarizu, eta udalerriaren zinezko erreferentea. Azken batean, hirirako sustatzen ari garen 2025 Estrategiaren zutabe bat”, azaldu du Gasteizko alkateak.

2018an bete dira 25 urte Eraztun Berdearen proiektua abiatu zenetik. Denbora horretan, hiriaren periferia ingurumen eta gizarte aldetik berreskuratzeko jarduera ugari egin dira, eta horiei esker, oso hondatuta zegoen espazio bat balio ekologiko handiko parkeen multzoa bihurtu da (horietako batzuk Natura 2000 Europar Sarearen barruan sartuta daude), baita hiriko aisialdirako gune nagusia ere. Gaur egun, Eraztun Berdea  hiriaren ezaugarri behinenetako bat da, eta lehen mailako ingurumen, gizarte eta turismo baliabidea. “Hala ere, zabaldu, hobetu eta sendotu egin nahi dugu” laburtu du alkateak.

Olarizuko etxaldean egin den prentsaurrekoan, Gasteizko alkateak datozen urteetarako aurreikusi diren hamar jarduera aletu ditu, munta handikoak zein txikikoak. Udalak zein beste eragile batzuek sustatutako ekimenak dira, Eraztun Berdea hobetzeko balioko dutenak.

– Larragorri parke berriaren lehen fasea. 2019rako aurrekontu-proiektuan 450.000 euro sartu dira desjabetzeak aurrera eramateko, eta URArekin hitzarmena egin da, Batan eta Zapardiel ibaietan uholdeetatik babesteko proiektua gauzatzeko.  Parke berriak era guztietako erabilerak izango lituzke: uretako jarduerak, turismo aisialdirako gunea, kirol espazioak, nekazaritza parkea…

Hegoaldeko ibilbidea. Jundiz eta Estibaliz muinoen artean orain dagoen lotura hobetu nahi da, inguru hori hondatuta baitago. Vasco-Navarroaren bide berdean barrena joango litzateke ibilbidea,  Olarizu, Larragorri eta Armentiako parkeak lotuz, baita Donejakue bidea ere.

Armentiako basoa eta Zabalganekoa lotzea. N-102 errepidearen gainetik oinezkoentzako pasabidea jartzea planteatzen da, Mariturriko biribilgunetik Gometxako errepideraino. Proiektu hori “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” aurrekontu parte-hartzaileetan sartu zen.

-Vasco-Navarroaren bide berdea, Eraztun Berdea eta Krispiña lotzeko. Aldundiak sustatutako proiektua da.

-Áncora errota zaharberritzea, Abetxukuko nekazaritza ekologikoko parkeko interpretazio zentroa jartzeko.

-Zadorra ibaiaren egokitzapen hidraulikorako proiektua, Gamarra eta Abetxuku artean. 2. fasea. URAk egingo du.

-Salburuko parkea hedatzea, hezegunearen ondoko bi nekazaritza funts gehituz, zeinek orain kudeaketa pribatua baitute. Administrazio-batzarrekin negoziatzen ari da, IGIk bere gain hartzerik izan dezan horien kudeaketa naturalistikoa.

-Iragazki berde berria sortzea, Arkautiko nekazaritza eskolako hondakin-urak arazteko. Eskolak finantzatuko du proiektua.

– Egurrezko pasabidea trenbidearen gainetik, Eraztun Berdea Nebera gainetik Errekaleor ibairaino lotzeko. Proiektua lantzen ari da. Iliada ibilbidea eta Arkaiatik Gasteizerako bidea lotuko ditu.

 

 

 

 

 Olarizuko lorategi botanikoa

Gaur goizean aurkeztutako proiektuen arteko deigarriena da. Eraztun Berdearen hegoaldean sortu zen lorategi botanikoa, tokiko, eskualdeko, Europako eta munduko landare-biodibertsitatea kontserbatu, ezagutarazi eta agerian jartzeko asmoz. Arboretoak Europako baso mota nagusiak biltzen ditu, eta landare erabilgarrien espazioa ere nabarmentzekoa da. Ez da ahaztu behar Olarizu aisialdirako gunea eta herri-erromeriak ospatzeko tokia ere badela, baita Gasteizko Mendietara eta natur intereseko beste lekuetara sartzeko bidea ere. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Ingurumen Sailak irudikatutako parke berriak izaera hori areagotuko du, eta zenbait berrikuntza ere egingo dira:

-Sarbide berria. Adurtzako futbol-zelaien atzealdean, Jauregilanda kalean barrena, aparkaleku txiki bat proiektatu da, parkera sartzeko ere balioko duena.

– Pasabidea. Adurtzatik gertu dagoen aintzira gurutzatzeko egurrezko pasabidea jartzea aurreikusi da. “Hartara, parkearen sarrera ikusgarriagoa izango da”, azaldu du alkateak.

– Haztegia. Kotxetegi berriak eraiki ondoren, udal haztegia Olarizura aldatzea aurreikusi du Udalak. “Gainera, herritarrek bisitatu ahalko dute haztegia”, iragarri du Gasteizko alkateak.

-‘Hortus conclusus’ edo landare erabilgarrien lorategi berria. Olarizuko baratzeen zati bat dagoe lekuan jarriko da.

-Landarez hornitutako harmailak. Etxaldearen ondoan, “‘antzoki berdea’ jartzea proposatzen da, herritarrek aire zabaleko kultur jarduerez gozatu ahal izan dezaten, ingurune paregabe batean. Lurra mugituz eskailera-maila moduko batzuk egingo dira, eta esertzeko egurrezko elementuak ere izango ditu”, esan du Gorka Urtaranek.

– Informazio bulegoa. Parkeko interpretazio zentroa Olarizu hiribideko sarbidean jarriko da. Duela urte batzuk EEEren mugikortasun elektrikorako eraikina  izandako egitura jarriko da bertan, orain ez baita erabiltzen —Jose Mardones kalean dago—. EEEk duela bi urte laga zion espazio hori Udalari. 2019an Olarizura aldatuko da, lorategi botanikora doazen bisitariei ongietorria eta informazioa emateko gunea izan dadin. Parke berriko aisialdiko jarduerak kudeatzeko lekua ere izango da; horretaz gain, bizikletak alokatuko dira (orain etxaldean egiten da) eta erakusketetarako zona txiki bat egokituko da.

-Landarezko labirintoa. Europako lorategi eta parke botaniko askotan egon ohi den jolasa proiektatu da: 5.000 metro koadro inguruko labirintoa, bi sarrerarekin. Kanpoaldetik ikusi ahalko dira barruan dabiltzan pertsonak, gorago egongo baita.

– Tirolina eremua. Harrera zentroaren eta labirintoaren ondoan, tirolinak dituen jolas-eremua sortuko da, zuhaitzez zuhaitz “hegan” egiteko.  Jolas, kirol eta turismo jarduera izango da, haurrei zein helduei zuzendua.

-Jolas naturalizatuak. Natur osagai handiko umeentzako jolasgunea gehitzea da asmoa. “Txikienen artean sorkuntza, irudimena eta askatasuna sustatu nahi ditugu, baita naturaren  eta paisaiaren gozamena ere”, alkatearen hitzetan.

– Kafetegia. Etxaldean kafetegia handia jartzea ere aurreikusi da proiektuan.

Alkateak iragarri du proiektuak datorren urtean sustatzen hasiko direla, EEEren eraikina lekuz aldatzetik hasita. Proiektua fasetan egingo da.

Plan horiek guztiak “GASTEIZ BERDEAGOA, HIRIA – NATURA SARE BIZIA.  2018-2030 PLANA” agirian jaso dira, Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi  duena, Eraztun Berdea hobetu eta osatzeko bide-orri gisa.

Share