Prentsa Oharren banner

Udalak Judimendi, Adurtza eta Salburura zabalduko du superetxadien plana

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok azaldu duenez, Santa Luzia, Jose Uruñuela, Dultzaina eta Mariano San Miguel Musikariaren kaleak izango dira estrategiaren barruan sartzen hurrengoak, eta Salburuko sektore batean ere esku hartuko da, zeina Brusela hiribideak, Deba Arroaren kaleak eta Salburua bulebarrak mugatzen baitute.

 

Udalaren superetxadien plana Santa Luzia eta Mariano San Miguel Musikariaren kaleetan (Judimendi) eta Jose Uruñuela eta Dultzaina kaleetan (Adurtza) jarraituko da garatzen, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok arloko batzordean jakinarazi duenez. Horretaz gain, Salburuko sektore batean ere esku hartzea aztertzen ari da saila, zeina Brusela hiribideak, Deba Arroaren kaleak eta Salburua bulebarrak mugatzen baitute, eta Zabalganeko Ilustrazioaren hiribidean esku hartzea aurreikusi da halaber.

Amaia Barredok gogora ekarri duenez, auzoz auzo zehazten ari dira jarduketa horiek, espazioak baketzeko, trafiko masiboa moteltzeko eta soberako trafikoa kanpora ateratzeko, aparkalekuak kendu gabe: “espazio publikoa berriz diseinatzeko proposamena oinarrituko den funtsezko pieza dira. Horri esker, ingurumen-kalitatea areagotuko duten aldaketak egin ahal izango dira, hiriko berdeguneak eta kaleko aisialdiko erabilerak eta jarduerak areagotzeko aukera emanez, eta kaleen erosotasuna eta bizigarritasuna are gehiago hobetzera bideratutako kontzeptu berriak sartu ahalko dira, baita oinezko joan-etorriak eta herritarrek espazio publikoa erabili eta gozatu dezaten sustatu ere”.

Amaia Barredoren iritziz, superetxadiak “aukera paregabea dira merkataritza dinamizatzeko, oinezkoentzat egokitu diren guneetan egiaztatu ahal izan denez, esaterako, Antso Jakitunaren kalean, Santa Barbara plazan eta, berriki, Tornay Medikuaren kalean. Ildo horretatik, trafikoa moteltzeko esku-hartzeak egin dira, bidegorri berriak egokitu, eta oinezkoentzako lehentasuna ezarri zenbait kaletan”.

Jarduketa horietako bat San Antonio kalearen berregituratzea da, non hosto laranja eta gorrixkekiko bi eguzkilore handi margotu baitira Florida kalearekiko bidegurutzean eta Legebiltzarreko tranbia-geltokiaren ondoan. Sinbolo horrek sustrai sendoak ditu euskal folklorean, antzinatik paratu ohi baita baserrietako ateetan babesgarri gisa. Udalak oinezkoen lehentasuna irudikatzeko aukeratu du, eta beste kale batzuetara ere zabalduko du, superetxadiak hedatu ahala. “Espazio publikoa beste modu batean kudeatzeko ari gara lanean. Esku-hartze horrek irauteko asmoa du, hirian espazio publiko berria eratzeko xedez. Horrexegatik dago sinbolismoz betea, eta Udalak espazio publikoaz duen ikuspegia ongi islatzen duela uste dut. Herritarrek seguru mugitzeko duten eskubidea bermatu ahal duen espazio publikoa izateaz gain, urrunago joan nahi dugu.  Espazio publikoaz gozatzeko eta herritar orok hura bizi ahal izateko eskubidea bermatzen duen lekua izatea nahi dugu”, nabarmendu du zinegotziak.

 

Orain Gasteiz plana

San Antonio eta Miranda de Ebro kaleetako jarduketak Urtaranen gobernuak landutako Orain Gasteiz planean espazio publikorako iragarri ziren ekintzen barruan sartzen dira. Gasteizko ia auzo guztietan barrena hainbat jarduera martxan jartzea proposatzen zuen planak, hiria normaltasun berrira egokitzeko.

Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana oinarri hartuta, hiru eremutan diseinatu ziren neurriak: espaloiak zabaltzea oinezkoak ibiltzeko zenbait espaziotan, bizikleta-konexioak sortzea lantokietara eta industrialdeetara, eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planean —berrikusten ari da orain— identifikatutako superetxadietan jarduketak garatzea.

Plana betetzeko 400.000 eurotik gorako inbertsioa egingo da; zehazki, 8,5 kilometro espaloi handituko dira, 8 kilometro bizikleta-bide berri egingo, eta superetxadien barruan esku hartuko.

Plana mailaz maila garatzen ari da, fase bakoitzari emandako lehentasunaren arabera, eta 2020an zehar ezartzea da asmoa. Zegokionean esan zen bezala, jarduera horietako batzuk behin betikoak izango dira, eta beste batzuk behin-behinekoak, baina baliteke azken horiek denboran irautea.

Hasteko, jende ugari dabilen espazioetan oinezkoentzako espaloiak zabaltzeko esku-hartzeak egin ziren. Lan gehienak baliabide propioak erabiliz egin ziren, behin-behineko, piboteak, hesiak eta pintura baliatuz batez ere, deseskalatze prozesuaren 0 fasean.

Sei kaletako espaloiak zabaltzeko jarduera horiei esker, segurtasun-distantzia bermatu ahal izan zen hasierako faseetan, mugikortasuna oso mugatua baitzen, ordu-tarteetan banatuta. Maiatzaren hasieran ekin zitzaien lanei, hiriko kale jendetsuenetan: Manuel Iradier eta Florida kaleak; gero, Frantzia eta Ortiz de Zarate kaleetara zein San Antonio eta Frantzia kaleen arteko bidegurutzera zabaldu ziren; azkenik, Domingo Beltran de Otazu eta Ramiro Maeztu kaleen arteko bidegurutzean eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean, Done Jakue hiribideko zubian (Madril kalearen gainetik), Bake kalean eta Zadorra hiribidean jarraitu zuten.

Hiriko lantokietarako eta industrialdeetarako bizikleta-konexioak hobetzeko alternatibei dagokienez, aurreikusitako gehienak garatu dira, eta zenbait lan txiki baino ez da geratzen bidegorri berriak amaitzeko kale hauetan: Artapadura, Gamarrako atea, Ozeano Barea, Legutianoko Atea eta Oto hiribidea.

Abiarazteko geratzen zen azken konexioa Bremen kaleko bidegorria zen, eta Udalak joan den irailaren 4an esleitu zuen, 133.783,92 euroan. Bide  horrek Mariturri hiribideko eta Antonio Machado kaleko bizikleta-bideak lotuko ditu, eta laster hasiko dira egiten. Promociones y Pavimentaciones enpresari esleitu zaio kontratua, eta gauzatzeko epea hiru hilabetekoa da.

 

Share

Aurrera doaz Gasteizko Auzoen Planeko obrak

 

Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurunea, autobus elektriko adimentsua eta Olarizuko lorategi botanikoa dira proiektu nagusietako batzuk

 

Oinezkoentzako pasabide berria egin du Udalak Burgos kalean, auzotarrek eskatu bezala

 

Iraila hastearekin batera espazio publikoaren eremuko Auzoen Planeko hainbat proiekturi atzera ekin zaiela azaldu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean, uda garaian ere hainbat lan egin badira ere.

Normaltasunera itzultzearen erakusgarri da Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen inguruneko obra. Azken fasean sartua da, astelehenetik. Hurrengo asteetan, lan-kargarik handiena berdeguneetan izango da —erdiko parterrea, landaketak—, eta orobat Arkupeetako espaloian eta San Frantzisko kalearen hegoaldeko espaloian, eta aztarna arkeologikoak bistaratzeko lanetan.

Era berean, aurrera doaz autobus elektriko adimentsuaren sistema ezartzeko lanak. Hain zuzen ere, proiektuko 23 obra-lekuetatik 12tan lanean dihardute gaur egun. Esaterako, Esmaltazioetako biribilgunean —ia bukatua; lorezaintza- eta margotze-lanak eta markesina jartzea falta—, Zumakadi pasealekuan, Salbatierrabiden, Fontetxako Gazteluaren kalean, Arabako Unibertsitate Ospitalearen ondoko biribilgunean —Donostia kalearekiko bidegurutzeraino— edo Madril kalean.

Mugikortasunaren arloko beste inbertsio garrantzitsu bat Salburura tranbiarena da. Obrak Uda honetan hasi dira. Legealdiko inbertsio garrantzitsuenetakoa da hau eta Gasteizentzat oinarrizko proiektua.

Olarizuko lorategi botanikoaren proiektua ere ez dago geldirik. Izan ere, dagoeneko ikus daiteke antzoki begetalaren egitura —bukatua, ureztapen-sistema eta ereite-lanak izan ezik—, eta egunetik egunera forma hartzen ari da parkera sartzeko harrera-zentroa. Olarizuko hiribidearen muturrean dagoen ingurune horretan, oinarriaren urbanizazioa egina dago jada, eta bulegoaren egitura jartzen ari dira orain.

Gainera, bide-segurtasunaren arloko hainbat esku-hartzeri ekin dio Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Ariznabarra eta Aranzabaleko oinezkoentzako sei pasabide berritzeko lanak egiten ari dira. Zehazki, Luis Heintz eta Micaela Portilla kaleen arteko bidegurutzean, Micaela Portilla eta Bizenta Mogel kaleen artekoan, Micaela Portilla kalean —Gaztelako ateko 10.eko zerbitzugunearen ondoan—, Etxezarra kalearen eta Gaztelako Atearen arteko bidegurutzean eta Etxezarra kalearen eta Kexaako Gazteluaren kalearen artekoan —trenbidearen azpiko pasabidea—.

Horrez gain, Burgos kalean zebra-bide berria jarri da, Jose Pablo Ulibarri zidorreko 1. atariaren ondoan. Auzotarrek eskatua zuten pasabide hori, 600 sinadura baino gehiago bildu baitzituzten horretarako.

Gainera, azken aste hauetan, zorua sendotu eta hobetzeko kanpaina gauzatu du Udalak hiriko kale nagusietako batzuetan. Ekimen horren barruan, 180.000 euro inbertitu dira, Forondako atea, Arriagako atea, Olagibel kalea, Done Jakue hiribidea, Frantzia kalea eta Bake kalea hobetzeko, besteak beste.

“Funtsezkoa da auzoak berritu eta berriro aktibatzea, Gasteizek aurrera egin dezan. Inbertsioak egiten jarraituko du udal-gobernu honek, oinez ibiltzeko gero eta erosoagoa izan dadin hiria, iraunkorragoa, erakargarriagoa. Hobeto bizi ahal izateko eta gure kaleen dinamizazio komertziala ahalbidetzeko”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

LANAK dossierra

 

 

Share

Beste bi hitzarmenek sendotu egin dute udal gobernuak osasun-politiken alde egiten duten erronka

Tokiko Gobernu Batzarrak bi hitzarmen onetsi ditu gaur, azken asteetan eta gehitu egin zaizkie arlo sozio-sanitarioan zenbait programa garatzeko asmoz azken asteetan onetsitako beste batzuei. Hain zuzen ere, lankidetza-hitzarmenak sinatu dira ADELPRISErekin (Jatorrizko zein Bigarren Mailako Linfedemek eragindakoen Elkartea) eta Jeiki fundazioarekin.

ADELPRISErekiko hitzarmena 8.384 eurorekin hornituta dago, linfedema, lipedema eta fledebenen inguruan arreta integrala emateko, bai eta informazioa, dibulgazioa eta prestakuntza ere. Ekimen horri esker, jarduera-sorta zabal bat garatzen da, zeinen xedea osasun-sistemak oso ezezagun dituen gaitz batzuen (patologia linfatikoek) jotako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea den.

Jeiki fundazioarekiko hitzarmena, berriz, 48.038 eurokoa da, droga-mendekotasunak prebenitzeko Hazgarri programa garatzeko. Programa hori lau jardun-ildo nagusiz osatzen da: adikzioen prebentzioa, esku-hartzea jokabide- eta egokitze-arazoen aurrean, esku-hartzea familia barruko gatazka-egoeretan eta esku-hartzea nahasmen psikologikoen aurrean. COVID-19aren aurreko prebentzio neurriek programa birdiseinatu beharra eragin dute, arreta telematikoa lehenestera, baina, horrekin batera, kasu larrien aurrean erantzuteko aukera emango digun unitate mugikorra eskainiz.

Osasun alorreko gainerakoetan bezala, hitzarmen bietako zenbatekoak aurreko urteetakoen parekoak dira, hartara betetzen delarik Orain Gasteiz planak jasotzen duen konpromisoetako bat.

Share

Udalak 600.000 euroko laguntza emango die osasunaren arloko elkarteei

  • Iaz baino % 2 gehiago da, 34 hitzarmenetan banatuta

 

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek Udalak gizarte eta osasun arloko hainbat elkarte, talde eta entitaterekin dituen hitzarmenen kudeaketaren balantzea egin du gaur. Guztira 34 hitzarmen sustatuko dira aurten, eta orotara ia 600.000 euroko laguntza emango. Iazko aldean % 2 handitu da kopurua, Urtaranen gobernuak aurrekontu-proiektuan agindutakoa betez. Gastuari eusteko neurriek, beraz, ez diote osasunari eragingo, hiria biziberritzeko sustatu den “Orain Gasteiz” planaren lehentasunetako bat baita.

Urte osorako aurreikusitako 34 hitzarmenetatik, Tokiko Gobernu Batzarrak dagoeneko 13 onetsi ditu hilabete honetan. Datorren ostiralean beste lau onetsiko dira, baita uztailaren 4an ere, eta gainerakoak tramitatze edo berrikuste fase ezberdinetan daude.

Kontuan izan beharra dago koronabirusak elkarteen lanean izan duen eragina, alarma egoerako murrizketak direla eta. Kirol eta Osasun Saila taldeekin koordinatu da, garatzen ari ziren diruz lagundutako proiektuetan doikuntzarik edo aldaketarik egiten bazuten jakinaraz ziezaioten.

Elkarte gehienek atzeratu egin dituzte martxotik maiatzera arte antolatuta zituzten aurrez aurreko jarduerak, edo formatu birtualetara egokitu dituzte. Bertan behera utzitako jarduerei dagokienez, ordezkoak antolatzeko aukera aztertzen ari da.

Livia Lópezek eskerrak eta aitorpena adierazi die elkarteei, “osasun krisialdian beharra izan duten eta beharrean jarraitzen duten pertsonei arreta emateko egin duten ahaleginagatik, egoera zailean egonda ere“.

 

Share

Bremen kaleko bidegorri berriak Mariturri hiribideko eta Antonio Machado kaleko bizikleta-bideak lotuko ditu

 

-Udalak 160.000 euro inbertituko ditu esku-hartzean, eta sarea 600 metro luzatzeko balioko du

 -Orain Gasteiz planaren barruan bizikleta sustatzeko neurriak aurrera doaz, Gamarrako ateko eta Artapadurako bidegorriak datozen asteetan margotuko baitira

 

Gasteizko Udalak 160.000 euro inbertituko ditu Bremen kalean barrena bidegorri berria sortzeko, zeinak Mariturri hiribideko eta Antonio Machado kaleko bizikleta-bideak lotuko baititu. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak proiektuaren kontratazio-dosierra; esleitzen denetik hiru hilabete emango dira gauzatzeko.

Bremen kalean iparralderako noranzkoan zirkulazio-erreietako bat kendu eta galtzadan bidegorri bereizi eta bi noranzkokoa jartzea aurreikusi da. Bizikleta-bidea espaloiaren eta aparkalekuen artetik joango da, eta kale osoko aparkalekuak utziko dira. Gainera hiribidea zeharkatuta Antonio Machado kaleraino joateko bizikleta-bidea ere egingo da, espaloian. Bi bidegurutzeetan, Oto hiribidean zein Antonio Machadon, txirrindularientzako pasabideak egokituko dira. Bizikleta-bide horiek oso oinezko gutxik erabiltzen dituzten espaloietan jarriko dira, beste aukera eroso eta zuzenago batzuk baitituzte ibiltzeko.

Horretaz gain, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak segurtasunaren alorreko zenbait lan egingo ditu, hala nola piboteak jartzea eta biribilguneetako sarrerak nahiz irteerak estutzea, txirrindulariak babesteko.

Aurrera doa ‘Orain Gasteiz’ espazio publikorako plana

 Gorka Urtaran alkateak gaur goizean azaldu duenez, ‘Orain Gasteiz’ planaren barruan bizikleta mugikortasuna hobetzeko iragarri ziren esku-hartzeak aurrera doaz, atsedenik gabe; 8 kilometro bidegorri sortzea aurreikusi da planean. Hain zuzen ere, horietako bat da Bremen kalekoa. Düsseldorf eta Zurrupitieta kaleetan ere bidegorriak laster bukatuko dira.

Ildo beretik, datozen egunetan hasiko dira Artapadura kalean bidegorri bat egiteko lanak. Zirkulazio-errei bat kenduko da, galtzadan bi noranzkoko bizikleta-bidea jartzeko. Behin lan hori amaituta, Gamarrako atera joango da lantaldea. Leku horretan egingo da esku-hartze anbiziotsuenetako bat.

Izan ere, Kantabrikoaren hiribidea eta Zadorra hiribidea lotzea da asmoa. Hiru zatitan banatuko da esku-hartzea. Bi zatitan, Kantabrikoaren hiribidetik Santo Tomas Ibaiaren plazaraino eta Zadorra hiribidetik gertuen dagoen zatian, aparkalekuen zerrenda ordeztuko du bidegorriak. Erdiko zatian, Santo Tomas Ibaiaren plazatik erreiak banatzen diren lekuraino, zirkulazio-errei bat kenduko da bidegorria egiteko.

Legutianoko ateko eta Ozeano Barearen kaleko bidegorriak egiteko lanei ere laster ekingo die Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Uztailaren hasieran, berriz, Oto hiribideko bizikleta-konexioari heltzeko asmoa dago.

Bremen kaleko bidegorri dosierra

Share

Espazio Publikoaren Sailak hiriko 241 terrazaren azalera bikoizteko baimena eman du

Maiatzaren 12az geroztik handitzeko 389 eskabide jaso ditu Udalak, eta 128 ukatu ditu, baldintzak ez betetzeagatik

 

Lizentzia berriak eskatzeko edo baimenak berritu eta aldatzeko 358 dosier erregistratu dira

 

Orain Gasteiz planaren lehentasunetako bat Arabako hiriburuko ekonomia suspertzea da. Hain zuzen ere, Urtaranen gobernuak hainbat neurri sustatu ditu azken asteetan COVID-19aren pandemiak eragindako krisia gainditzeko xedez. Lehenengoetako bat izan zen ostalaritza establezimenduei aukera ematea terrazaren azalera bikoizteko, Euskadi deskonfinamenduaren 1. fasean sartu zenean. Geroztik, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak Gasteizko 241 negoziori eman die baimena; horrek esan nahi du Udalean erregistratutako 389 eskabideetatik 128 baino ez dituela ukatu. Onartu ez diren eskabideen % 65ek ez zuen lizentziarik, % 30ek ez zuen ordenantza betetzen, eta % 5ek ez zuen behar ziren agiriak aurkeztu. Beste 20 eskabide oraindik aztertzen ari dira.

Bestetik, ostalaritza-establezimendu askok lizentzia berriak eskatu dituzte, dituzten lizentziak aldatu nahi dituzte, edo iraungitako baimenak berritu. Zehazki, aipatutakoekin lotutako 358 dosier abiarazi dira udalaren bulegoetan; deskonfinamendura arte, egunean zeramaten prozedura hori. Eskabide uholdeari aurre egiteko, eta dosier horien tramitazioa nekezagoa dela kontuan izanik, Amaia Barredok zuzentzen duen sailak indartu egin du lizentzia horiek tramitatzen dituen taldea. Lehen teknikari batek eta administrari batek osatzen zuten; orain, hiru teknikarik eta administrari batek. 358 dosier horietatik, 106 alta berriei dagozkie, 57 berritzeei eta 150 aldaketei. Lizentzia berritzeko eskatu duten 57 establezimenduek badute jarduterik, Udalak behin-behineko baimena ematea erabaki baitzuen. Aldaketa eskatu duten 150 establezimenduetan, ordea, hasierako lizentzian adierazitako baldintzetan jarraitzen dute lanean. Dosier horietatik guztietatik 50 ebatzi dira.

“Prozedura guztiak batuz gero, hilabete eskasean 750 dosier tramitatu dira. Ekonomia suspertzen lagundu nahi dugu, eta gure hiriko ostalaritza sektoreari sostengu eman, COVID-19aren pandemiak eragindako krisia gainditzeko xedez. Eta, horretarako, sektorearen mesederako erabakiak hartu ditugu lehenengo egunetik”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

 

 

 

 

Share

Gasteizek Tornay Medikuaren plaza estreinatu du, oinezkoentzako gune guztiz berritu eta modernoa, zeinean ia milioi bat euro inbertitu baita

 

– “Espazio publikoaren berrantolaketa Orain Gasteiz planaren lehentasunetako bat da”, nabarmendu du Gorka Urtaranek

– 5.500 metro koadrotan esku hartu da, eta hiruki formako bi barne-plazatxo sortu dira, bizitzaz eta jardueraz beteak

– Miranda de Ebro, Cola y Goiti eta Trebiñoko Konderriaren kaleak oinezkoen lehentasunezko gunetzat identifikatuko ditu Udalak

 

 Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizek plaza berria estreinatu du, bukatu baitira Tornay Medikuaren kalea oinezkoentzako bihurtzeko lanak. Ia milioi bat euro inbertitu da lan horietan, zeinak iazko abuztuan hasi baitziren. “Gaur goizean egiaztatu dezakegu esku-hartzeak merezi izan duela benetan. Orain oinezkoentzako espazio atsegina, irisgarria eta berritua dugu. Lehen ibilgailu aparkatuak eta ibiltzeko leku gutxi zegoen leku batean egoteko leku kalitate handikoa dugu, non pertsonak bide publikoaren erdigunean baitaude, eta ostalaritza eta merkataritza jarduera, bizitza”, azaldu du alkate Gorka Urtaranek Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredorekin batera egin duen bisitan; inguruko auzokoen eta merkatarien ordezkariak ere izan dira bertan.

Orain Gasteiz plana aurkeztu genuenean esan genuen espazio publikoaren berrantolaketa funtsezkoa zela COVID-19aren pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko. Eta plaza berri honek ezin hobeto adierazten du zer ekar dezakeen oinezkoentzako espazioak zabaltzeak eta Gasteizko auzoetan super-etxadiaren eredua garatzeak“, erantsi du Gorka Urtaranek. 

Promociones y Pavimentaciones Balgorza SA enpresa arduratu da eraberritze-lanez, eta horiei esker, Olagibel kaleak, Judimendi hiribideak, Done Jakue hiribideak eta Jose Mardones kaleak mugatutako ‘super-etxadiaren’ erdigunea sortu da, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planari jarraituz.

Izan ere, alderdi horrek espaloi estuak eta ibilbide bihurgunetsuak zituen, eta ibilgailu pribatuek hartzen zuten leku gehiena. Esku-hartzeak 5.500 metro koadroko eremu batean izan du eragina: oinezkoentzako pasabide goratuak jarri dira Benito Ginea eta Cola y Goiti kaleekiko bidegurutzeetan, irisgarritasuna hobetzeko. Done Jakue hiribidean ere beste zebra-bide bat jarri da. Halaber, Olagibel kalearen amaieran Judimendiren sarreran dagoen oinezkoentzako pasabidea aldatu da, seguruagoa izan dadin, bihurgune batean baitago.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak hiruki formako bi barne-plazatxo diseinatu zituen Tornay Medikuaren kalerako, zeinek galtzada-harri zeramikozko zoladura baitute, gainerako lekuetan erabilitako zoladurarekin kontraste eginez. Miranda de Ebro kalea eta Trebiñoko Konderriaren kalea, berriz, ibilgailuentzat izango dira aurrerantzean ere, Done Jakue hiribidetik sartu eta irteten delarik. Tornay Medikuaren kaleko zatian, ordea, galtzada espaloien mailan utzi da, oinezkoei lehentasuna emanez; asfalto leunduzko zoladura jarri da hor. Orobat, Saez de Quejana kaleko parterreak kendu dira, eta Trebiñoko Konderriaren kaleko haurrentzako jolasgunea handitu da.

Hiri-altzariak, TUVISAren geltokia eta dirulaguntza

Bide batez, Udalak argiteria publikoaren sarea eta saneamendu-sarea egokitu eta modernizatu ditu, eta hiri-altzariak berritu, eserlekuak, paperontziak, bizikleta aparkatzekoak, piboteak eta bi iturri jarrita. Auzokoek estatutakoari jarraituz, zuhaitz batzuk kendu dira, gaixo zeudelako edo fatxadetatik oso hurbil. Horien truke beste zuhaitz batzuk landatu dira, datozen hilabeteetan haziko direnak. Zehazki, masustondoak landatu dira txorkoetan, eta tamaina handiko Celtis australis (almez) bat.

Horren guztiaren osagarri, TUVISAren Judimendi/San Juan geltokia lekuz aldatu da, oinezkoentzako pasabidetik urrunago dagoen leku batera, segurtasun-arrazoiak direla eta. Azkenik, desagertzen diren aparkaleku-plazak konpentsatzeko, Udalak beste leku batzuk egokitu ditu Jose Mardones kalean eta Judimendi hiribidean.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 120.000 euroko dirulaguntza eman dio Udalari lan horiek egiteko.

Share

Urtaranen gobernuak astelehenetik aurrera terrazen azalera bikoiztea onetsi du, eta tasak deseskalatzearen fase ezberdinetan ezarriko mugetara egokituko ditu

“Orain Gasteiz planaren zutabeetako bat gure hiriaren biziberritze ekonomikoa da”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

 

Urtaranen gobernuak gaur goizean onetsi duen ebazpen baten arabera, ostalaritza-establezimenduek bikoiztu egin ahalko dute terrazak eta mahaitxoak jartzeko azalera, baldin eta irisgarritasun-baldintzak eta herritarrekiko eta beste establezimenduekiko bizikidetza errespetatzen badituzte. Orain Gasteiz planaren zutabeetako bat gure hiriaren biziberritze ekonomikoa da. Eta testuinguru horretan, garrantzitsutzat jotzen dugu lehentasunezko sektoreei berpizten laguntzea, ostalaritzari, esaterako.  Erabaki honek sektoreko profesionalek egindako eskaerei erantzuten die, egoera honetan laguntzearren“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Azalera handitze horrek ez du ekarriko ordaindu beharreko tasa handitzea. Areago, Udalak iragarri du  ostalaritza jarduera etenda egon denez establezimendu horiek terraza eta kaleko mahaiengatik ordaintzen dituzten tasak deseskalatzearen fase ezberdinetan ezarriko mugetara egokituko dituela.

Alarma egoeraren deklarazioak jatetxeen jarduera etetea ere ekarri zuen, baina gobernu zentralak proposatutako deseskalatze planak zenbait muga kentzea proposatzen du. Astelehenean Euskadi 1. fasean sartuko balitz, ostalaritza-establezimenduetako eta jatetxeetako terrazak ireki ahalko lirateke.

Sektore horren biziberritze ekonomikoa sustatzearren, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak —Amaia Barredo buru— terrazen azalera ahal den kasuetan % 100 handitzeko baimena ematea erabaki du. Alegia, azalera bikoiztea. Nolanahi ere, jarduera garatzeko baldintzak Osasun Ministerioaren aginduz zehaztuko dira.

Gasteizko Udalak sinatu duen aginduak aukera emango die mahaitxoen lizentziaren titularrei kale, plaza, ibiltoki eta erabilera publikoko gainerako espazioetan terraza instalatzeko azalera handitzeko, orain okupatzen duten azalera bikoizteraino, eta mahitxoen kopurua handitzeko, ministerioaren aginduak ahalbidetzen duen kopuruan. Horretarako, mahaien eta erabilgarri dagoen azaleraren artean ezartzen duen proportzioa errespetatu beharko dute, baimenduta duen mahaien kopurua gainditu gabe. Lizentziaren titularrek aurretiko komunikazioa aurkeztu beharko diote Udalari, zenbateko azalera eta zenbat mahai gehitu nahi dituzten zehaztuz, eta plano bat ere erantsi beharko dute.

 

Orobat, ostalaritza establezimendu publikoetako terrazak arautzeko ordenantzaren 5.etik 7.era arteko artikuluetan ezarritako baldintza teknikoak bete beharko dituzte. Besteak beste, oinezkoentzako pasabideen muturretako espaloi-guneak, larrialdietako irteerak, garraio publikoaren geltokiak, lorategi-eremuak edo zuhaitzei edo beste edozein landareri kalte egiteko arriskua lekarkeen beste edozein espazio errespetatu beharko dituzte, eta eraikin edo establezimenduetara sartu ahal izatea bermatu. Horretaz gain, ezingo dituzte beste establezimendu edo lonjen fatxada okupatu, haien titularren baimena izan ezean.

 

Terrazen azalera irailaren 30era arte egongo da indarrean, edo COVID-19a dela eta ezarritako murrizketak amaitzen diren arte.

Share

Alkateak “Orain Gasteiz “plana aurkeztu du, hiria suspertzeko eta” inor atzean ez geratzeko” neurri sorta bat

 

  • Urtaranek osasuna babestea, gizarte-ongizatea bermatzea eta tokiko ekonomia babestea jarri ditu hiriaren berehalako estrategiaren ardatzean.
  • Gasteizko hondakin-uren analisiaren bidez covid-19a goiz detektatzeko metodo bat abian jarriko dela iragarri du.
  • Gasteizko alkateak iragarri duenez, Udalak terrazak eta mahaitxoak jartzeko azalera bikoiztea baimenduko du irailaren 30era arte edo pandemia dela kausa ezarritako edukiera-mugak kendu arte.
  • Udala kontingentzia plan bat definitzen ari da, pandemia berriz agertuko balitz hiria prest egon dadin.
  • Osasun-krisiaren ondorio sozial eta ekonomikoengatik zailtasunak dituzten Gasteizko familiek 10 milioi euroko laguntzak izango dituzte.
  • Hiriak espazio publikoa berrantolatzeari ekin dio, superetxadien planaren barruko herena berehala sortzeko asmoz.

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

DOSSIER ORAIN GASTEIZ euskera

 

Gorka Urtaran alkateak “Orain Gasteiz” plana aurkeztu du gaur goizean. Planak osasuna prebenitzeko, gizarte-laguntza indartzeko eta tokiko ekonomia sustatzeko neurri sorta bat jasotzen du, hiru arlo horietan izan baitu eragin handiena pandemiak. Planak udalaren esku-hartzea planifikatu eta ordenatu nahi du urte amaierara arte, orain garrantzitsuentzat jotzen diren arlo eta jarduerak lehenetsiz. 

“Hiriaren berehalako estrategiak helburu hauek ditu: osasuna babestea; gasteiztar guztien gizarte-ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzea, batez ere zailtasunei aurre egin behar dieten familiei begira; gure enpresak, gure saltokiak eta gure ostalaritza sustatzea, eta inbertsio publikoa ardatz estrategikoetan mantentzea, enpleguan, kontsumoan eta biziberritzean duen eragin biderkatzaileak Gasteizko gizartean eragin dezan. Orain, dena eman behar dugu Gasteizen alde, gure familien, gure ekonomiaren, gure bizi-kalitatearen alde. Udalak horretan jarriko ditu indarrak, baina bide hori konpromiso indibidual eta kolektibotik egin behar dugu, inor atzean gera ez dadin, nabarmendu du alkateak.  Gorka Urtaranek hiru ardatz nagusitan laburtu du udal gobernuaren plana: orain, gure osasuna; orain, gure ongizatea eta bizi-kalitatea; orain, gure ekonomia.

 

1.- Orain, gure osasuna

1.1.- Pandemiaren jarraipena eta alerta goiztiarreko sistema

Udal Gobernuak osasun-krisian izan duen lehentasun handienetako bat izan da, eta hala izaten jarraitzen du, pandemiak gasteiztarren artean izan duen bilakaeraren jarraipen zorrotza egitea, osasuna babesten laguntzen duten erabakiak hartu ahal izateko. Horretarako, Udalak lankidetza estua du Osakidetzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin, besteak beste.

Gainera, jarraipen eta prebentzio neurri berri bat iragarri du gaur alkateak: EHUko eta Osakidetzako ikertzaileek bultzatutako lankidetza proiektu bat, zeinean Arabako Aldundiak, Bioarabak eta AMVISAk hartzen baitute parte, Gasteizko Udaleko Alkatetzako koordinatzailearen gidaritzapean.

Hain zuzen ere, Gasteizen hondakin urak aztertzeko metodo bat jarriko dute martxan, COVID-19a garaiz detektatzeko, farmakoak kuantifikatzeko eta gai toxikoak aztertzeko.

“Egungo pandemiaren kezka nagusietako bat etorkizunean beste agerraldi batzuk gertatzea da, kontuan hartuta kasu asintomatikoak kutsatzeko iturri garrantzitsua izan daitezkeela eta kasu horiek modu fidagarri eta azkarrean detektatzea erronka handia dela. Gasteizko Krispiñako araztegira sartzen diren eta bertatik ateratzen diren gaien analisiak aukera emango luke neurketak egiteko eta arriskuak aztertzeko. Hondakin-uretan birusaren presentzia goiz detektatzeak gizarte-ikuspegi aurreratuagoa, zentratuagoa eta orekatuagoa hartzen lagun dezake. Gaur egun, mundu osoko dozenatik gora ikerketa talde ari dira metodo hori  ebaluatzen, etorkizunean koronabirus agerraldiak iragartzeko tresna izan baitaiteke“, azaldu du alkateak.

 

1.2. Kontingentzia Plana

Gorka Urtaranek gogorarazi du Udala kontingentzia plan bat lantzen ari dela, pandemiaren balizko agerraldi baten aurrean hiria prest egon dadin.

Plan horrek aurreikusten du bermatuta izatea norbera babesteko ekipamenduen hornidura, baita lanaren barne-antolamendurako protokolo bat eta udal zerbitzu eta baliabideen kanporako beste protokolo bat ere, herritarrei aparteko beharrizanetan erantzun ahal izateko, gaitza berriz agertuz gero.

Neurri horiez gain, test masiboak egingo zaizkie hainbat zerbitzutako langileei, hala nola Udaltzaingokoei, Suhiltzaileei eta Etxean Laguntzeko Zerbitzukoei. Udalen eskaera bat da, Eudeleko presidentea den aldetik alkateak Babes Zibileko Planaren aholku-batzordeari helarazi ziona, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aintzat hartu du.

 

1.3.- Espazio publiko seguruagoa eta osasungarriagoa

Gaur egungo osasun-krisian, Udalaren beste lehentasunetako bat espazio publikoa osasungarria izan dadin zaintzea da, eta kutsatzeko arrisku handiena duten eremuetan desinfektatze- eta garbiketa-lanak zorroztea. Horren harira, Gorka Urtaranek baieztatu du desinfektatze lan bereziei eutsiko dietela, eta iragarri du lan horiek hiriko gune jakinetara egokituko dituztela, orain kirola edo ibilaldiak egiterik dagoenez herritarrek gehiago erabiltzen baitituzte.

Horrenbestez, desinfekzioa areagotuko da jende gehien biltzen den guneetan. Alkateak jakinarazi du, halaber, Eraztun Berdeko parkeetan 40 azalpen-kartel jarriko direla, zeinetan argibideak ematen baitira horietaz gozatu ahal izateko osasun arloko neurriak betez , eta 340 baliza ere jarriko direla, ibilbide ezberdinen noranzkoa adierazteko. 

 

Ekitaldien kudeaketa ordenatua 

Udalak eskuartean duen beste erabaki bat hiriko ekitaldien kudeaketa ordenatua da, datorren udako kanpainarako. Aste honetan bertan, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ‘Uda Euskadin’ dokumentua aztertuko dute euskal erakundeek, tartean Gasteizko Udalak, zeinak udako ekitaldiak egin ahal izateko oinarrizko segurtasun irizpideak ezartzea baitu helburu. Bihar bertan, EUDELeko zuzendaritzak agiri hori aztertuko du, euskal udalek orientabide komunak izan ditzaten beren udalerrietan ekitaldiak egitea erabakitzeko orduan.

 

Pertsonentzako leku gehiago

Bestetik, Gorka Urtaranek iragarri du hiriko espazio publikoa berrantolatzeari ekingo zaiola, eta superetxadien planaren barruko herena berehala sortuko dela, besteak beste, pertsonei leku gehiago uzteko.

Espaloi zabalagoak eta bizikleta-konexio hobeak

Gasteizko Udala lanean ari da koronabirusaren pandemia dela eta ezarritako itxialdia arintzeko fase guztiak herritarren osasun- eta erosotasun-baldintza gorenetan garatu daitezen. Zentzu horretan, udal gobernua ekintza plan bat diseinatzen ari da Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saileko udal teknikariekin batera, hiriko espazio publikoa errealitate berrira egokitzearren.

Filosofia argia da: oinezkoek leku zabalagoa behar dute distantzia soziala betetzen dela bermatzeko eta desplazamendu aktiboak (oinez eta bizikletaz) lehenesteko. Ezin da ahaztu azken hamarkadan egindako lana eta Gasteizko diseinua gidatzen duen Mugikortasun Planaren filosofia. Etorkizuneko mugikortasuna jasangarria eta osasungarria izango da. Ibilgailu pribatuaren erabilera handitzea ere saihestu behar da, eta garraio publikoarekiko konfiantza berriz ezarri behar da.

Ahaztu gabe hiri berriak oso gogoan izan beharko dituela merkataritza eta ostalaritza. “Guztion artean egoera gainditzeko konponbideak aurkitu behar ditugu, baita Espazio Publikotik ere“, zehaztu du alkateak.

Plan horrek hiru estrategia mota barne hartzen ditu, betiere Mugikortasun Planean oinarrituta:

  • Leku gutxi duten eta jende ugari dabilen espazioetan espaloiak zabaltzeko esku-hartzeak. Batzuk etorkizunean oinezkoentzako kaleak izatea aurreikusten da Mugikortasun Planean.
  • Hiriko lantokietarako eta industrialdeetarako bizikleta-konexioak hobetzeko
  • Superetxadiak auzo guztietan sortzen Ildo horretan, datozen hilabeteetan gutxienez horietako % 30ean esku hartzeko asmoa agertu du alkateak, ekintza errazen bitartez. “Plan hori azkartzeko unea da“, azaldu du Gorka Urtaranek.

 

Ekintza horiek denbora-muga desberdinak dituzte. Lehenengo fasean, Udalak berehalako neurri arinak, kostu txikikoak eta behin-behinekoak proposatuko ditu. Neurriak bizkortzea eta herritarrei alternatibak ematea da helburua, piboteak, hesiak, pintura... baliatuz.

Lehen neurriak asteburu honetan bertan jarriko dira martxan, aipatutako lehen arloan: oinezkoen eremua handitzeko esku-hartzeak. Izan ere, lan batzuk gaur bertan hasiko dira.

Hauexek dira:

MANUEL IRADIER KALEKO ESPALOIAK HANDITZEA. Ezkerreko espaloia handitu egingo da, zirkulazio-errei bat hartuz. Konoekin, hesiekin eta pinturarekin seinaleztatuko da. 

SAN ANTONIO KALEA TRAFIKOARI IXTEA. Jarduera hori Andre Maria Zuriaren jaien ereduari jarraituz egingo da, ibilgailuei pasatzea eragotziko dien hesi baten bidez, ibilgailuen pasabideetarako eta zamalanetarako izan ezik. Floridako bidegurutzean jarriko dute hesia.

FLORIDA KALEKO ESPALOIAK HANDITZEA.  Dato kalearen eta Florida parkearen arteko zatian, aparkaleku lerroa ezkerrerantz mugituko da, eta zirkulaziorako eskuineko erreia hartuko du. Aparkatzeko zati hori oinezkoek erabiltzeko utziko da.Green Capital plazatik Ortiz de Zarate kalerainoko zatian, zirkulazio-errei bakarra dagoenez, aparkaleku-lerroa kenduko da, eta espazio hori oinezkoentzat utziko da. Hori da ibilgailuentzako aparkalekuak kentzera behartuko duen esku-hartze bakarra. Seinaleztatzeko konoak jarriko dira.

ORTIZ DE ZARATE KALEA. Kale horretan, eskuineko aparkalekuak poliki zirkulatzeko erreira aldatuko dira. Aparkaleku-eremu hori oinezkoentzako gune gisa geratuko da.

FRANTZIA KALEA. Asteburuan, autobus erreia oinezkoentzat izango da. Datozen asteetan, ezkerreko erreia oinezkoentzat izango da Guardien plazako bidegurutzeraino.

Bizikleta-konexioei dagokienez, leku hauetan bidegorri berriak sortzeko lanak egiten ari dira: Artapadura, Gamarrako atea, Ozeano Barea, Legutianoko Atea, Oto hiribidea, Bremen kalea.

 

Superetxadien Plana bizkortzeko unea

Esku-hartzeen hirugarren ildoa Superetxadien Plana garatzearekin lotuta dago. Gorka Urtaran alkateak gaur goizean iragarri duenez, datozen hilabeteetan Mugikortasun Planak jasotzen dituen etxadien % 30ean esku hartzeko asmoa du. Udala auzoz auzo zehazten ari da jarduketak, espazioak baketzeko, trafiko masiboa baretzeko eta supertxadien barruko eremuetarako sarbideak argi eta garbi seinaleztatzeko, aparkalekuak kendu gabe, baina soberako trafikoa kanpora ateraz.

Udalak erronka bat ezarri dio bere buruari: Gasteiz bere espazioa “superetxadien” ereduan oinarrituta eratzen duen lehen hiria izatea Estatuan.

Hiriko espazio publikoa berriz diseinatzeko proposamena oinarrituko den funtsezko pieza da “superetxadia”. Horri esker, ingurumen-kalitatea areagotuko duten aldaketak egin ahal izango dira, hiriko berdeguneak eta kaleko aisialdiko erabilerak eta jarduerak areagotzeko aukera emanez, eta kaleen erosotasuna eta bizigarritasuna are gehiago hobetzera bideratutako kontzeptu berriak sartu ahal izango dira, baita oinezko joan-etorriak eta herritarrek espazio publikoa erabili eta gozatu dezaten sustatu ere. Era berean, merkataritza dinamizatzeko aukera paregabea da, oinezkoentzat egokitu diren guneetan egiaztatu ahal izan denez, esaterako, Antso Jakitunaren kalean, Santa Barbara plazan eta, berriki, Tornay Medikuaren kalean.

 

Mahaitxoak: azalera bikoiztea 

Gorka Urtaranek beste neurri garrantzitsu bat iragarri du gaur goizean, mahaitxoen araudiari dagokiona. Gasteizko alkateak iragarri duenez, Udalak terrazak eta mahaitxoak jartzeko azalera bikoiztea ahalbidetuko du irailaren 30era arte, edo pandemiak ezarritako leku-mugak amaitu arte, ostalaritzaren sektorearentzat mesedegarriena denaren arabera.

Azalera handitze horrek ez du ekarriko ordaindu beharreko tasa handitzea. Establezimenduek bete egin beharko dituzte ordenantzan jasotako oinarrizko arauak irisgarritasunari eta gainerako lokalekiko zein pertsonekiko bizikidetzari dagokienez.

 

 

  1. Orain, gure ongizatea eta bizi-kalitatea

Osasun krisiaren ondorio sozial eta ekonomikoengatik zailtasunak dituzten familia gasteiztarrek Udalaren laguntza izango dute. Hain zuzen ere, alkateak 10 milioi euroko laguntzen funts bat gordeko dela aurreratu du, “familia bat bera ere atzean gera ez dadin. Herritar askorentzat une zailak eta zalantzazkoak dira, eta Udalak beharrizan bakoitzari erantzun egokia emango diola bermatuko du.

Gainera, alkateak nabarmendu nahi izan du udaleko Gizarte Zerbitzuetatik eta beste batzuetatik, Berdintasun Zerbitzutik, esaterako, babesa ematen ari direla bereziki ahuldade egoeran dauden adingabeei, indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeei eta bizitegi-bazterketari aurre egiten dioten pertsonei.

 

Egoitza-ereduaren berrikuspena

Adinekoei arreta ematea da Udal Gobernuaren beste ildo estrategiko bat, haien bizi-kalitatea zaintzeko eta bakardade-egoeretan laguntzeko. Atal horretan, alkateak beste iragapen bat egin du: Udalak egungo bizitegi-eredua berraztertuko du, San Prudentzio egoitzaren eredutik formatu txikiko etxebizitza komunitarioetara aldatzeko, egokiagoak izan daitezen egungo beharretarako eta bizimodurako.

  1. Orain, gure ekonomia

3.1. Orain, gureak

Herritarren konpromisoa

Alkateak herritarren konpromisoaren garrantzia azpimarratu du, administrazioen ahaleginarekin batera. “Orain dena eman beharra dugu Gasteizen alde. Orain inoiz baino gehiago lagundu behar diegu gure dendei, gure saltokiei, gure ostalaritzari. Tokikoa kontsumitu behar dugu, gure bizilagunengan inbertitu, osasun-krisiaren ondoren hiria suspertzeko.  Udalak horretan jarriko ditu indarrak, baina bide hori konpromiso indibidual eta kolektibotik egin behar dugu, inor atzean gera ez dadin “.

Gasteizko ekonomiaren babes eta laguntza hori funtsezko bi ildotan egituratuko da: batetik, hiriko enpresak, merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatzea, eta, bestetik, trantsizio energetikoranzko berrikuntza,  Gasteiz Green Deal erreferentziatzat hartuta.

 

Tokiko kontsumoa sustatzeko laguntzak

Jasotako neurrien arteko nabarmengarriena tasen eta zergen ordainketak atzeratzea dugu, beste erakunde batzuk, Arabako Aldundia edo Eusko Jaurlaritza kasu, ezartzen ari diren neurriak osatzearren. Horrez gain, alkateak gogorarazi du ostalaritzaren aktibitatea babesteko neurriak hartuko direla, terrazak handitzeko erraztasunak emanez, ahal den neurrian, eta mahaitxoei dagokienez eragin fiskala murrizteko neurriak hartuz, besteak beste; Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotziak laster aurkeztuko ditu beste  ekintza batzuk.

 

3.2. Ekonomia berdean oinarritutako berreraikuntza

 

Inbertsio publikoa mugikortasun elektrikoan 

Gorka Urtaranek inbertsio publikoari bultzada emateko konpromisoa berretsi du, “hiri eredu iraunkorrago bat garatzeko, gure nortasunaren ezaugarriei, Gasteizko Agendari eta gure Green Deal delakoari orpoz orpo jarraituko dion garapen bat. Inbertsio publikoa tokiko ekonomia bultzatzeko neurri bat ere bada. Vitoria-Gasteiz Green Deal itunean jasotako proiektuen bideragarritasuna lantzen jarraituko dugu, bizi-kalitatea hobetzen eta hiri jasangarriagoa izaten lagunduko baitigute. Ez dira proiektu berriak, baina hiriarentzat giltzarritzat jotzen ditugun eta jarduera ekonomikoari eusten lagunduko duten inbertsioei eusteko dugun konpromisoa erakusten dute “. Kapitulu horretan kokatzen dira mugikortasun elektrikoan egindako inbertsioak, esaterako, Salbururako tranbia egiteko 25 milioi euroak eta BEArako 46 milioi euroak.

Alkateak esan duenez, ekonomia suspertzeko Europatik diseinatzen ari diren laguntza planak aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan eta ekonomia berdearen garapenean oinarritutako eredua du ardatz. Izan ere, Udalerrien eta Eskualdeen Europako Kontseiluak ere —Urtaranek Eudeleko presidente gisa parte hartzen du— ildo horri jarraitzen dio.

 

Bizitegi-birgaitzea

Hainbat proiektu jarri dira abian ekonomia berderanzko aldaketa horrekin lotuta: Koroatzeko SmartENcity, Adurtzako AGREE, eraikuntzak birgaitzeko laguntzetarako arauaren berrikuspena eta Hirigune Historikoaren gizarte eta ekonomia eta hirigintza birgaikuntza egiteko azterlana, berriki esleitu dena.  Udal Gobernuarentzat, hiri-birgaitzea aukera bat da ingurunearen hobekuntza, pertsonen bizi-kalitatea eta  energia-eraginkortasuna uztartzeko eta, gainera, jarduera ekonomikori laguntzeko hiriko sektore garrantzitsu batean. Orobat, alkateak azpimarratu du mota horretako ekintzek eragin biderkatzailea dutela, eta gogora ekarri du, adibidez, aurreko legegintzaldian birgaitzeko laguntzetan egindako inbertsioek (9,4 milioi euro) 75 milioi euroko obrak sortu zituztela eta 7,5 milioi euroko BEZa sortu zutela.

 

Trantsizio energetikoranzko berrikuntza

Berrikuntzaren eta hainbat erakunderen eta sektore pribatuaren arteko lankidetzaren bidez, Udala jasangarritasun energetikoaren arloko proiektu berritzaileak definitzen eta abiatzen ari da, merkatu-hobi berriak garatzen lagun dezaketenak, jasangarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeaz gain. Esparru horretan, Alkatetzak koordinatutako zenbait proiektu nabarmendu ditu alkateak, hala nola, “komunitate energetikoen” garapena, hirian “eguzki eraztun” bat sortzea, Gardelegiko zabortegian eguzki baratze handi bat eraikitzeko proiektua eta Gardelegiko zabortegian sortzen den biogasa aprobetxatzea, besteak beste.

“Europak dagoeneko adierazi du suspertze ekonomikoak bide horretatik joan behar duela, eta ekonomia berdearen ildotik. Horrelako proiektuak lantzeak, gainera, leku hobean jartzen gaitu Europar Batasunaren laguntza ekonomikoa jaso ahal izateko garaian “, azaldu du alkateak.

 

 

Share