Prentsa Oharren banner

3.000 familia ingururi emango zaie arreta osasunaren arloko elkarteekin egingo diren bost hitzarmeni esker

Beste bost hitzarmen onetsi ditu gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak arlo soziosanitarioko hainbat elkarterekin, eta, horren ondorioz, guztira 23 dira dagoeneko 2021eko aurrekontua indarrean denez geroztik onetsitako horrelako akordioak. Hitzarmen horien hartzaile diren elkarteek 2.800 familia baino gehiago artatzen dituzte. Guztira 80.000 euro inguruko ekarpen ekonomikoa egingo die Udalak.

Alzheimerra eta bestelako buruko gaitzak dituztenen senitartekoen eta lagunen Arabako elkartearekiko  lankidetza-hitzarmenak aukera emango du halako gaixotasunak dituzten pertsonak zaintzen dituztenei hezkuntza eta psikologia arloetako aholkuak emateko programa gauzatzeko. 32.629 euroko ekarpena egingo du Udalak dementziak dituzten pertsonak zaintzen dituztenek familian, emozioetan eta gizartean duten zama handia arintzeko ekimen hori garatzeko.

Beste hitzarmen garrantzitsu bat, Fibromialgia eta neke kronikoaren Arabako elkartearekin (ASAFIMA) sinatuko da —aste honetan bertan izana da gaitz horren munduko eguna—. Kasu horretan, 24.235 euroko ekarpena egingo du Udalak, intzidentzia handiko —biztanleriaren % 2 eta % 3 artean— gaixotasun horrek eragindako pertsonei arreta, aholkularitza eta esku-hartzea eskaintzeko programa garatzeko —intzidentzia handiagoa da emakumeengan—.

Hirugarren hitzarmenak, Arabako Diabetesaren Elkartearekin (ADA) sinatuko denak, banakako eta taldekako arreta-programa bat garatzea ahalbidetuko du. 9.690 euroko dirulaguntza emango dio Udalak. Elkarte horri atxikitako 790 pertsonek prestakuntza- eta arreta-zerbitzu ugari jasoko dituzte horrenbestez.

Era berean, Jatorrizko zein Bigarren Mailako Linfedemek eragindakoen Elkartearekiko (ADELPRISE) lankidetza-hitzarmena ere onetsi da. 8.384 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du Udalak. Gaixotasun kronikoa denez gero, eragindako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da hitzarmen horretan aurreikusitako jardueren lehentasuna —arreta integrala, informazioa, zabalkundea eta prestakuntza—.

Azkenik, Arantza bifidoa eta hidrozefalia dutenen Arabako Elkartearekiko —ARESBI— lankidetza-hitzarmena onetsi da, arretarako, laguntza psikologikorako eta sentsibilizaziorako programak egiteko, baita sentiberazio- eta informazio-jarduerak ere. 3.825 euroko dirulaguntza jasoko du ekimen horrek.

 

Share