Prentsa Oharren banner

Gasteizko ostalaritzarako aparteko laguntzen bidez areto bakoitzak 600 euro jasoko du

Dirulaguntza-deialdia datorren astean argitaratuko da, eta eskabideak sarrera-hurrenkeraren arabera balioetsiko dira, 500.000 euroko partida agortu arte

 

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren Saila ostalaritzarako aparteko laguntzen programa azkentzen ari da: datorren astean argitaratuko da, eta areto bakoitzeko 600 euroko zuzkidura aurreikusiko du. Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuaren bidez ezarritako itxierak hirian eragindako ostalaritza-establezimendu oro baliatu ahalko da laguntza-ildo horretaz; eskabideak sarrera-hurrenkeraren arabera balioetsiko dira, 500.000 euroko partida agortu arte.

Ostalaritzarako laguntza horiek beste erakunde batzuek emandako dirulaguntzen osagarri izan ahalko dira, eta ez dira itzuli beharko. “Sektorearen behar urgenteenak betetzeko balioko dute, hau da, argia, ura, berokuntza, telefonoa, alokairua, hipoteka edo gestoria gastuak ordaintzeko”, azaldu du Maider Etxebarria alkateordeak. Ekonomia Sustapenaren zinegotziak gehitu du laguntzek atzerako eragina izango dutela, lokaletan urriaren 25az geroztik sortutako gastuak ordaintzerik izan dadin, orduan ezarri baitzen bigarren alarma-egoera.

Ekonomia Sustapenaren Sailak Ogasun Sailarekin elkarlanean sustatu duen laguntza-programa berria “datorren astean” argitaratuko da Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO). Deialdiaren xehetasunak eta eskabideak aurkezteko epea zehaztuko dira iragarkian. Interesdunek agiri bakarra bete beharko dute, aurrez aurre edo Udalaren erregistro elektronikoan.

Ostalaritzarako laguntza horiek Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak emandakoen osagarri izango dira (3.000 eta 4.000 euro artekoak areto bakoitzeko). Horretaz gain, Gasteizko Udalak beste ekintza batzuk bideratu ditu sektorera, hala nola Ekonomia Suspertzeko Plana, terrazak handitzeko baimena eta tasa eta zergen ordainketa etetea edo atzeratzea.

 

Share