Prentsa Oharren banner

Ostalaritzak Covid-19aren ondorioei aurre egin diezaien, neurri berriak proposatu ditu alkateak

  • Sektore hori, 2021. urte osoan, mahaitxoen tasa eta zabor-tasa ordaintzetik salbuestea proposatu du
  • Milioi bat euro inguruko eragin ekonomiko positiboa izango du neurri horrek ostalaritzan

Gorka Urtaran alkateak neurri berriak proposatu ditu ostalaritzari eta jatetxeei laguntza fiskala emateko, egoera sanitarioak eragindako krisiak gehien kaltetu duen sektoreetako bat izaki. Hain zuzen ere, 2021. urte osoan mahaitxoen tasa eta zabor-tasa ordaintzetik salbuestea proposatu du alkateak. 820.000 euro inguruko eragin ekonomiko positiboa izango du neurri horrek sektorean —300.000 euro ingurukoa, mahaitxoen kasuan, eta 520.000 euro ingurukoa, aldiz, zabor-tasaren kasuan—.

“Ostalaritzako profesionalek ez dute gertatzen denaren erantzukizun zuzena, baina herritarren osasuna bermatzeko hartzen diren erabakiak ordaintzen ari dira. Bizi dugun eta hilabeteetan luzatzen ari den salbuespen-egoera dela eta, neurriak hartu beharra dago, tasak bertan behera uzterik izan dadin 2021ean ere, iaz bi alditan egin genituen bezala”, azaldu du Gorka Urtaranek, zein neurri berriak prestatzen ari baita, Ogasun Sailarekin eta Ekonomia Sustapenaren Sailarekin elkarlanean, ostalaritza-enpresei laguntzeko. Aste honetan bertan hainbat bilera egin dituzte sektoreko eragileekin.

Alkateak azaldu duenez, beharrezkoa da udalbatzaren akordio bat tasetan salbuespena egiteko eta Batzar Nagusietan araudia aldatzeko, zerga horiek urtarrilaren 1ean sortzen baitira. Zentzu horretan, Gorka Urtaranek ontzat jo du PPk egindako proposamena, Ogasun batzordeak datorren astean eztabaidatuko duena. “Positiboa iruditzen zaigu, baina gobernu-talde honentzat ez da nahikoa. Guk proposatzen dugunarekin osa daiteke”, gaineratu du alkateak.

Urtaranen gobernuaren lehen ardatzak laguntza fiskalen arloko neurriek biltzen ditu. Bigarren ardatza pandemiak gehien kaltetu dituen sektore ekonomikoei laguntzeko plana da, zeinen xehetasunak laster aurkeztuko baitira. Hartara, neurri fiskalekin eta ezohiko laguntzekin, “Orain Gasteiz” planaren hiru ardatz nagusietako batean eragingo da, zein baita ekonomiari babesa ematea.

Ostalaritzarako 550.287 euroko aparteko laguntzak eman ziren 2020an “Orain Gasteiz” planaren barruan, premia nagusiei erantzuteko asmoz. Babesteko materiala erosteko eta beste gastu osagarri batzuei aurre egiteko laguntzak gehitu behar zaizkio horri. Guztira, 928.000 euroko laguntza ekonomikoa eman zitzaion ostalaritzari, hainbat ildotan.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako merkataritza-, turismo- eta ostalaritza-bonuen programan ere parte hartu du Udalak. Zergei dagokienez, bi alditan utzi ziren iaz bertan behera mahaitxoen tasa eta zabor-tasa, murrizpen sanitarioen ondorioz establezimenduak itxi behar izan zirelarik. Era berean, mahaitxoak errazago instalatzeko neurri gehigarriak bultzatu ziren: erraz desmunta daitezkeen terraza estaliak baimendu ziren, Eguzkilore kaleetako aparkalekuetan mahaiak jartzeko aukera eman zen eta arkupeetan mahaiak jartzeko nahiz gas-berogailuak instalatzeko aukera eman zen.

Share

Gasteizko ostalaritzarako aparteko laguntzak eskaera egin zuten guztiei iritsiko zaizkie

Udal gobernuak partidan 50.000 euro gehitzea onetsi du, baldintzak betetzen zituzten establezimendu guztiek 600 euro jaso ditzaten.

 

Ostalaritzarako aparteko laguntzak –areto bakoitzeko 600 euroko esleipena– eskaera egin zuten eta baldintzak betetzen dituzten Gasteizko establezimendu guztietara iritsiko dira. Gasteizko Udaleko Gobernu Batzarrak programa honetarako aurrekontua 50.287 euro gehitzea onetsi du gaur. Kopuru hori hasierako aurrekontuko 500.000 euroei gehituko zaie, eskari guztiei erantzuteko.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, “aurrekontu igoera honekin bete egiten dugu gure hitza, eta eskaria estaltzen. Dirulaguntza hauek beste erakunde batzuenen osagarriak dira, eta pandemiak gogor erasotako sektore bati laguntzeko balioko dute”.

Hilabete honetan argitaratu dira Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuaren bidez ezarritako itxierak hirian eragindako ostalaritza-establezimendu guztientzako laguntza-programa. Barne hartzen ditu behar urgenteenak betetzeko balio duten itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak, hau da argia, ura, berogailua, telefonoa, aretoaren alokairua, hipoteka edo gestoria gastuak ordaintzea. Laguntza-ildoa, eta ondorengo handitzea, Ekonomiaren Sustapenak sustatu du, Ogasun Sailarekin lankidetzan.

 

 

 

Share