Prentsa Oharren banner

‘Venancio del Val. Calles vitorianas’ erakusketa aurkeztu du Udal Artxiboak

Maiatzaren 21etik ekainaren 20ra bitartean egongo da ikusgai Ur-biltegian, Montehermoso kulturunean

 

Pilar Aróstegui Gasteizko Udal Artxiboak ‘Venancio del Val. Calles vitorianas’ erakusketa antolatu du; maiatzaren 21etik ekainaren 20ra bitartean egongo da ikusgai Montehermoso kulturuneko ur biltegian.

Kazetari eta Gasteizko Udaleko funtzionarioa izandako del Val eta beraren ‘Calles vitorianas’ lan handiari omenaldia egiten die erakusketak. “Bizitza luzeko gizona (93 urte), Gasteizko XX. mendearen zati handi baten lekuko eta kronista izan zen, eta 2003an Pilar Aróstegui Udal Artxiboari eman zion bere funts pertsonala, 75 urteko ahaleginaren eta ikerketaren emaitza”, nabarmendu du Hezkuntza eta Kulturako zuzendari Paco Galvek.

Venancio del Valen alabak erakusketa ikusten izan ziren

‘Calles vitorianas’ beraren liburua oraindik indarrean dago, eta erabilgarria da, 1979an idatzi bazuen ere. Erreferentziako lana bihurtu da, informazio interesgarri ugari baitu. “Zenbaitetan, lan handi horrek estaltzen du idazkera zaluko eta datu xeheak, pasadizoak eta tradizioak maite zituen idazle honen obra zabal eta emankorra. Prentsarako 8.000 artikulu baino gehiagoren egile izan zen, eta irratirako gidoiak, hitzaldiak, monografiak, himno eta abestien hitzak eta San Prudentzio jaietako (1978) eta Andre Maria Zuriaren jaietako pregoiak (1979) ere idatzi zituen”, zehaztu du Galvek.

Erakusketa

 Ur-biltegian, 1911tik 1998ra bitartean argazkilari hauek egindako 58 argazki egongo dira ikusgai: Santiago Arina Albizu, ARQUÉ (Federico Arocena Andrés-Gregorio Querejazu García de Madinaveitia), José Luis Barroso Ruiz de Trocóniz, Enrique Guinea Maquíbar, FOAT SL (Fotografía Aérea y Terrestre), José María Parra García, Edorta Sanz Otsoa de Retana, Balbino Sobrado Cobas eta Ceferino Yanguas Alfaro.

Venancio del Val-en Historia de Vitoria hace 50 años hitzaldia Casino Artista Vitoriano Elkartearen egoitzan. 1961eko apirilaren 25a. ARQUÉ

Erakusketaren lehenengo zatia biografikoa da, eta bertan ikusgai daude 1911ko Gasteizen planoa, urte hartan jaio baizen del Val, eta haren bizitza pertsonal zein profesionaleko hainbat alderdi jasotzen dituzten 32 argazki (1911tik 1998ra bitartekoak): jaio zeneko etxea, musika emanaldiak, bera biziko zen etxearen eraikuntza, lan egin zueneko egunkarietako batzuk, elkarrizketak, udal-irudiak, pregoilari izan zeneko jaiak eta eman zizkioten sari ugarietako bat ematearen ekitaldia.

Jostailuen banaketa Pensamiento Alavés egunkariaren egoitzan, Eduardo Dato kalean. Eskuinean, La Libertad egunkariaren egoitza. 1936ko urtarrilaren 6a. Yanguas

Bigarren zatian, 1978ko Gasteizko airetiko ikuspegi batekin hasten da, eta 26 argazkiren bidez hiriko zenbait alderditan zeharreko ibilaldia egiten du, ‘Calles Vitorianas’ liburuaren 1979ko argitalpena erreferentzia hartuta.

Nahi izanez gero, Interneten bidez ere gozatu ahal izango dira irudi horiek guztiak, Udalaren webgunean.

 

Share

Iradier Arena Kultura Bizi Gunea bihurtuko da, lurraldeko kulturarentzako eta herritarrentzako espazio bat

Erakundeek eta kultur eragileek 600 pertsonentzako ikuskizunak programatu dituzte, segurtasun neurri guztiekin, maiatzetik irailera bitartean

 

Gaur Ignacio Aldecoa Kultura Etxean “Kultura Bizia Gunea” aurkeztu da. Leku horretan, lurraldeko hainbat kultura eragilek, Kultura Bizia elkartearen pean antolaturik, mota guztietako kultura ekitaldiak antolatu ahal izango dituzte 600 pertsonarentzat, apiril honetatik irailaren bukaera arte, erakundeen eta Laboral Kutxaren babesarekin, besteak beste, une bakoitzean behar diren osasun neurri guztiak eta gizarte distantzia gordez.

Hauek parte hartu dute aurkezpenean: Ana del Val, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua; Paco Galve, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zurendaria; Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Daniel Solana, Basquetour-en zuzendaria; Kepa Koldo Ortiz de Urbina, Laboral Kutxako komunikazio arduraduna, eta Javier Sagastume, Kultura Biziaren presidentea.

Gasteizko Udalaren izenean, Paco Galvek adierazi du Iradier Arena oraingoz ez dela “denok nahiko genukeen erabilera anitzeko eraikina, baina etorkizunean hala izango da”. Onartzen du ekipamendu horrek hainbat gabezia dituela, eta gabezia horiek konpondu egin behar direla erabilera anitzeko izaera hori har dezan eta Principal antzokiaren alternatiba izan dadin eraberritze-lanek irauten duten bitartean.

Gune hori erakundeen arteko lankidetzari eta erakundeen eta kultura eragileen arteko entzute aktiboari esker sortu da, beharrezkoa zelarik segurtasun eta entzule kopuruaren aldetik lehendik zeuden beste areto batzuek testuinguru jakin horretan ahalbideratzen ez zituzten baldintzetan programatzeko modua ematen zuen eremu bat izatea.

Horrela, erakundeek azpiegitura eta azpiegiturarako laguntza jartzen dituzte, eta eragileek programatu eta ikuskizunak eskainiko dizkiete herritarrei.

Ekitaldi baieztatuak

San Prudentzioren eta Estibalizko Andra Mariaren omenez apirilaren 27rako eta maiatzaren 1erako erakundeek antolatu eta joan zen astean jada jakinarazitako ekitaldiei, eguna baieztaturik daukaten kontzertu hauek gehituko zaizkie, oraingoz:

  • maiatzaren 15a: La Excavadora + Crim
  • maiatzaren 22a: Talco + The Potes
  • maiatzaren 29a: Gatibu

Kultura Bizia Guneak programazio iraunkorra izango du. Izan ere, itunduta daude, nahiz eta oraindik eguna zehaztea falta izan, The Baboom Show, Mambo Jambo eta Lágrimas de Sangre taldeak, besteak beste, eta haren web orrian eta haren komunikazio zerbitzuaren bitartez, gainerako ekitaldien berri emango da.

Hemen eros daitezke sarrerak: www.kulturabizia.eus

 

 

 

 

 

 

Share

Gontzal Mendibilek Iparragirre gorpuztuko du Gasteizen urtarrilaren 9an emango duen kontzertuan

Jesus Guridi musika kontserbatorioan izango da kantautore bizkaitarraren emanaldia, 19:00etan, eta sarrerak salgai daude dagoeneko

Urtarrilaren 9an, Jose Maria Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko kontzertua emango da Jesus Guridi musika kontserbatorioko areto nagusian, 19:00etan. Gontzal Mendibil kantautoreak Urretxuko Bardoa zeritzonaren ibilera eta bizipenak kontatu eta kantatuko ditu, olerkari eta musikari ospetsuaren itxurapean.

Jose Maria Iparragirreren bizitza eta Gasteizekin izandako erlazioa musikaren bidez azaltzen du kontzertu-ikuskizunak, eta Udal Bandak eta Samaniego abesbatzak ere hartuko dute parte Mendibilekin batera. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Vital Fundazioak babesten dute ekimena.

“Guretzat harrotzeko modukoa da ekitaldi horretan parte hartzea Udal Bandarekin. Luis Orduñaren zuzendaritza kalitatearen bermea da, eta halaxe erakutsi du Gasteizko Bandaren buruan”, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zuzendari Paco Galvek.

Iparragirrek lehen karlistaldian bizi izandakoa eta Europa eta Amerikan egindako egonaldi luzea kontatzen du kontzertu-ikuskizunak, XIX. mendeko gertakari historiko esanguratsuek markatu baitzituzten haren bizitza zein lana.

Gontzal Mendibilekin batera Marife Nogales, Ainhoa Tabuyo (Easo abesbatza) eta Maitane Salvador abeslariak izango dira, eta Philippe Ezkurra eta  Alberto Rodríguez musikariak, bata akordeoia eta bandoneona jotzen eta bestea gitarra. Orobat, hiru aktore arituko dira: Benito Pacheco, Sánchez Silvaren paperean; Iñaki Garcia Uribe, erbesteratu zuen korrejidorearena egiten, eta Unai Leibar gaztea. Luis Orduña arduratu da musika-zuzendaritzaz.

2020an 200 urte bete dira Jose Mari Iparragirre Urretxun jaio zenetik; Euskal Herriko kantu ezagunenetako batzuen sortzailea izan zen, ‘Gernikako Arbola’, besteak beste. Bere lurreko jendea, paisaiak edo jai herrikoiak izan zituen hizpide abestietan. Kantuetan (limurtzaileak, zirtolariak, poetikoak, maltzurrak, sentimentalak…) inork baino hobeto islatu zuen bere garaiko eta lurreko arima, eta horrek euskal kultura aitortzen dutenen errespetua ekarri zion, ideologia eta sentsibilitateen gainetik. Erbesteratu eta bohemioa, askotariko eraginak xurgatu zituen, eta era moderno batean uztartu zituen estiloak, garaiko musika-joerei aurrea hartuz.

Kontzerturako sarrerek 12 euro balio dute, eta dagoneko salgai daude Kutxabanken web-orrian (www.kutxabank.es), sarrerak saltzeko zerbitzuan.

Iparragirre eta Gasteiz

Gasteizko kontzerturako aukeratutako errepertorioan Iparragirrek Mateo Benigno Morazari eskaini zizkion poemetako bat abestuko da, euskal foruen defendatzaile izandako Arabako diputatuaren laguna izan baitzen. Morazak eta beste pertsona batzuek borroka egin zuten Iparragirre erbestetik itzul zedin. Izan ere, musikaria 1832an Arabako hiriburura familiarekin etorri zenean, 12 urte zituela, irakasle bera izan zuten, Izaga, eta idealak ere partekatu zituzten.

Hiriko beste pertsona batzuekin ere hareman garrantzitsuak izan zituen: Fermín Herrán, Ricardo Becerro de Bengoa, Sotero Manteli, Daniel de Arrese, Eduardo de Velasco eta círculo vitorianoko lagunak. Pedro Egaña ere aipatu beharra dago, kazetari eta politiko foralista horrek Jose Marik Urkiolako zelaietan Gernikako Arbola abestu zuenean sortutako zirraren berri eman baitzuen Espainiako Senatuan, 1864an.

Taldea

  • Interpretea: Gontzal Mendibil
  • Gasteizko Udal Banda
  • Samaniego abesbatza
  • Ahotsak: Marife Nogales, Ainhoa Tabuyo (Easo abesbatza), Maitane Salvador.
  • Akordeoia-bandoneona: Philipe Ezkurra
  • Gitarra: Alberto Rodriguez
  • Antzezleak: Benito Pacheco, Iñaki García Uribe, Unai Leibar
  • Samaniego abesbatzaren zuzendaria: Nagore Alangua
  • Eszena-zuzendaria: Gontzal Mendibil
  • Musika-zuzendaria: Luis Orduña
  • Musika gaiak: Iparragirre, Gontzal Mendibil
  • Banda eta abesbatzarako moldaketak: Ruper Lekue, Iñaki Urkizu, Alberto Rodriguez
  • Karakterizazioa: Alicia Suárez
  • Diseinua: Margarita Artiles, Gabriel Artiles

 

 

Share

Gasteizek Cortada jaialdiaren 24. edizioa hartuko du abenduaren 14tik 19ra arte

 

Jaialdia zuzenean edo streaming bidez jarraitu ahalko da, eta orotara 56 film labur ikusteko aukera izango da

 Gaur aurkeztu da prentsaren aurrean Cortada Gasteizko film laburren jaialdiaren 24. edizioa, zeina abenduaren 14tik 19ra arte egingo baita. Jaialdia zuzenean jarraitu ahalko da  Vital Fundazioa Kulturunean (Dendaraba),  edo streaming bidez, eta orotara 56 film labur ikusteko aukera izango da. Udalak 10.000 euroko laguntza eman dio ekitaldiari.

Gasteizko Udaleko Kultura zuzendari Paco Galve joan da aurkezpenera. Orobat, hauek hartu dute parte: Arantxa Ibáñez de Opakua, Vital Fundazioaren zuzendaria; Iván Igartua, EHUren Arabako campuseko errektoreordea; Ivan Saldaña, Gasteizko hotelen ordezkaria; Blanca Foronda, Baskonia/Alavésen ordezkaria; Maite Ruiz de Austri, APIKAren lehendakaria; David Pedrosa, ECPV- Euskadiko Zinema Eskolaren zuzendaria, eta Kepa Sojo, Cortadaren zuzendarikidea.

Cortadan parte hartzen duten zuzendari arabarrek ere esku hartu dute: Olatz Alonso, Myriam Ballesteros, Aitor López de Aberasturi, Imanol Ortiz, Julen de la Serna, Paul Urkijo, Estibaliz Urresola eta Cortadaren zuzendarikide Sonia Pacios.

Informazio gehiago: www.festivalcortada.com

 

 

Share

Claudia Rebeca Lorenzoren ‘Achanta la mui’ erakusketa aurkeztu dute Montehermoson

 

 

 

 

 

 

Erakusketa abuztuaren 30era arte egongo da ikusgai lehen solairuko aretoan

 

Claudia Rebeca Lorenzoren “Achanta la mui” erakusketa aurkeztu dute Montehermoso kulturunean, eta abuztuaren 30era arte izango da ikusgai lehen solairuko aretoan. Prentsaurrekoan Kultura zuzendari Paco Galvek eta erakusketaren egile Claudia Rebeca Lorenzok hartu dute parte.

 2019ko deialdian aukeratutako lau proiektuetako hirugarrena da ‘Achanta la mui’   Montehermoso kulturuneak urtero egiten du programa hau eta sorkuntza artistikoko 3 proposamen eta ikus-entzunezko proiektu bat aukeratzea du xede, gero kulturunean bertan erakusteko.

“Ekimen honekin banakako lanak nahiz talde-lanak aurkezteko aukera ematen zaie bertako artistei, arte eta kultura garaikidea sustatzen duten eta horiek herritarrengana hurbiltzen dituzten ekintzen bitartez. Eta oraingoan, Claudia Rebeca Lorenzoren lana aurkezten dugu” adierazi du Kulturako zuzendariak.

 

‘Achanta la mui’ lanean, analogiaz lotu ditu haikua eta argota bere lanaren lengoaiarekin, lengoaiarekiko bere lanarekin. Argot edo jargoia interesatzen zaio, erabilitako adierazpenaren arabera paisaia jakin bat edo beste sortzen delako.  Argot edo jerga bat edo bestea entzun, entzulea munduko leku zehatz batera eramango du entzulea.

“Jargoiaren potentzia poetikoarekiko duen interesa honetan datza: zerbait izendatua izan behar izatean, subjektu jakin batek inguratzen duen eta behatzen duen munduarekiko lekua har dezan, gero harekin identifikatu ahal izateko. “Materialak ere protagonista dira bere lanean.  Zeloak, erretxinak… eta abarrek neurri, kolore eta forma desberdinetako piezek osatutako eskultura multzoa egiteko balio dute, eta horiek, marrazki eta pinturekin batera, egilearen sortze-prozesua guztia erakusten digute” gaineratu du.

Egilea

Claudia Rebeca Lorenzo Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan egin zuen Ikerkuntza eta Sorkuntza Masterra. Donostiako Arte esperimentaleko Kalostra Eskolan eta Bartzelonako MACBAko Estudios Independientes programan parte hartu du. 2019an, Donostiako Tabakalerako artista egoiliarra izan da.

Banakako zein taldeko erakusketa berrienen artean honakoak aipa daitezke: ‘Generaciones 2020’ (Madril), “BI, DOS, TWO’, Azkuna Zentroan ((Bilbo), ‘Perro dormido’ IRJ-n (Logroño), ‘Cabeza frente Cabeza’ Salón-en  (Madril), ‘Pliegue’, Okela (Bilbo), ‘All 2017’, Luis Adelantado -n (Valentzia) eta ‘Herlieve’,  Ziudadela (Iruña).

Share

Javier Ozcoidiren Walking The Line erakusketa, Montehermoson

Erakusketa uztailaren 26ra arte egongo da ikusgai Jovellanos aretoan

 

Montehermoso kulturunean izan da Javier Ozcoidiren Walking The Line erakusketaren aurkezpena, zein ikusgai izango baita bihartik (ekainak 26, ostirala) uztailaren 26ra arte. Prentsaurrekoan izan dira Gasteizko Udaleko Kulturako zuzendari Paco Galve, EHUko Arte Ederretako Fakultateko Dekano Arantza Lauzirika, erakusketaren komisario Cristina Arrázola-Oñate eta egilea bera, Javier Ozcoidi.

 “‘Walking The Line Hirugarren lana da, Montehermoson Arte Ederretako Fakultatearekin batera lankidetzan aurkezten ditugunen artean. Lankidetza-programa honi esker, komisariotza bidez hautatutako lanak Jovellanos aretoan bakarkako erakusketan aurkezteko aukera eskaintzen dugu, kasu honetan Cristina Arrázola-Oñateren zaintzapean. Hartara, profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileen lanak ikustarazten laguntzen du, eta lanerako plataforma eskaintzen die haiei mundu profesionalera hurbiltzeko, eta bide batez sortzaileek eta gizarteak lotura zuzena egiten dute elkarren artean”, azaldu du Galvek.

Javier Ozcoidik pasieran aurkitzen du beti ekoizpen-motorra, lengoaiaren kodifikazioa desberdinak ezartzen dituen ekoizpen-motorra. Lerrotik sortzen denak harrapatzen du Ozcoidiren interesa Walking The Line erakusketan, baita lengoaiak eta lerroak irudian eragiten duen tentsioak ere, eta, azkenik, ibilbideak, zein espazioa zeharkatzeko egintza gisa ulertzen baitu.  Proiektuaren ideia klasikoa kolokan jartzen duen proposamena da, egongaitzaren mugekin jolasean, azken batean bilaketa ariketa bikaina.

Artistak berak proiektu bereziaren ezaugarriak azalduko ditu erakusketaren inaugurazioan, bihar, ostiralez, arratsaldeko zortzietan.

Egilea

Javier Ozcoidi ikasle gaztea da, 2017an hasi zituen unibertsitateko ikasketak. Ozcoidiren lengoaia artistikoa bere sormen-proiektua garatzen doan heinean (askotan jakin ere ez dakiela nola amaituko den) bidera ateratzen zaizkion gatazken emaitza da

Artistarentzat funtsezko tresna da hori lanerako. Kasualitatea, akats egitetik ikastea eta abar lagungarri ditu, paradoxikoki, bere sorlanak ekoizten eta eraldatzen.

 

Share