Prentsa Oharren banner

Phy2SUDOE proiektuan parte hartuko du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, komunikazioaz arduratuz eta lursail berriak bertan sartuz, fitogestioaren eta paisaiaren zaharberritze ekologikoaren arloko esperientzia pilotuak testatzeko

Phy2SUDOE proiektu europarrean parte hartuko du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hurrengo urteetan; Ariniz herriaren iparraldeko lursailetan jardungo du —Mendebaldea parkea—, fitogestioaren eta paisaiaren zaharberritze ekologikoaren arloko esperientzia pilotuak testatzeko.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaz gain, Frantzia, Espainia eta Portugaleko 9 bazkidek osatzen dute proiektua. Euskaditik, orobat parte hartuko dute NEIKER Nekazaritza Ikerketen Euskal Erakundeak (proiektuaren liderra), Euskal Herriko Unibertsitateak eta Olarizuko lorategi botanikoko germoplasma-bankuak. 

Gasteizko Udalak urteak daramatza paisaia ekologikoki lehengoratzeko proiektuak egiten eta klima-aldaketaren aurrean naturan oinarritutako konponbideak aplikatzen. Berriki, egungo Phy2SUDOE proiektuaren aurreko PhytoSUDOE proiektuaren bidez, lurzoru publiko kutsatuen fitoerremediazioa erabiltzen aitzindaria izan da.

Oraingo honetan, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia arduratuko da proiektuaren komunikazioaz, baita fitogestio-teknikak ezarriko diren udal-lur kutsatuetan lurzati pilotuak ezartzeaz eta horien jarraipena egiteaz ere. Gainera, Olarizuko lorategi botanikoko germoplasma-bankuak kutsatutako lurzoruetara egokitutako landare-espezieak kontserbatzen lagunduko du, eta horien ahalmen fitoerremediatzailea ikertzen. Aurrerapenei sare sozialetan emango zaie zabalkundea, eta orobat proiektuaren webgunean, dibulgazio-materialen bitartez eta 2022an Gasteizen egingo den bukaerako konferentzian.

Proiektu berri horrekin, epe luzeko jarraipena izango duten lurzati pilotuak sartu ahal izango ditu Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Mendebaldeko proiektuaren hirugarren fasean, eta Jundiz industrialdearen eta A-1 autobiaren artean dauden Arinizen iparraldeko lurrak birgaitu.

28 hilabeteko iraupena izango du proiektuak, 2023ko otsailerako bukatzea aurreikusten baita. Europar Batasunaren 838.424,25 euroko finantzaketa jasoko du (orotara, 1,2 milioi euroko aurrekontua du) Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bitarte. Horietatik, 88.125 euroren kudeaketa dagokio Ingurugiro Gaietarako Ikastegiari.

Share