Prentsa Oharren banner

‘Venancio del Val. Calles vitorianas’ erakusketa aurkeztu du Udal Artxiboak

Maiatzaren 21etik ekainaren 20ra bitartean egongo da ikusgai Ur-biltegian, Montehermoso kulturunean

 

Pilar Aróstegui Gasteizko Udal Artxiboak ‘Venancio del Val. Calles vitorianas’ erakusketa antolatu du; maiatzaren 21etik ekainaren 20ra bitartean egongo da ikusgai Montehermoso kulturuneko ur biltegian.

Kazetari eta Gasteizko Udaleko funtzionarioa izandako del Val eta beraren ‘Calles vitorianas’ lan handiari omenaldia egiten die erakusketak. “Bizitza luzeko gizona (93 urte), Gasteizko XX. mendearen zati handi baten lekuko eta kronista izan zen, eta 2003an Pilar Aróstegui Udal Artxiboari eman zion bere funts pertsonala, 75 urteko ahaleginaren eta ikerketaren emaitza”, nabarmendu du Hezkuntza eta Kulturako zuzendari Paco Galvek.

Venancio del Valen alabak erakusketa ikusten izan ziren

‘Calles vitorianas’ beraren liburua oraindik indarrean dago, eta erabilgarria da, 1979an idatzi bazuen ere. Erreferentziako lana bihurtu da, informazio interesgarri ugari baitu. “Zenbaitetan, lan handi horrek estaltzen du idazkera zaluko eta datu xeheak, pasadizoak eta tradizioak maite zituen idazle honen obra zabal eta emankorra. Prentsarako 8.000 artikulu baino gehiagoren egile izan zen, eta irratirako gidoiak, hitzaldiak, monografiak, himno eta abestien hitzak eta San Prudentzio jaietako (1978) eta Andre Maria Zuriaren jaietako pregoiak (1979) ere idatzi zituen”, zehaztu du Galvek.

Erakusketa

 Ur-biltegian, 1911tik 1998ra bitartean argazkilari hauek egindako 58 argazki egongo dira ikusgai: Santiago Arina Albizu, ARQUÉ (Federico Arocena Andrés-Gregorio Querejazu García de Madinaveitia), José Luis Barroso Ruiz de Trocóniz, Enrique Guinea Maquíbar, FOAT SL (Fotografía Aérea y Terrestre), José María Parra García, Edorta Sanz Otsoa de Retana, Balbino Sobrado Cobas eta Ceferino Yanguas Alfaro.

Venancio del Val-en Historia de Vitoria hace 50 años hitzaldia Casino Artista Vitoriano Elkartearen egoitzan. 1961eko apirilaren 25a. ARQUÉ

Erakusketaren lehenengo zatia biografikoa da, eta bertan ikusgai daude 1911ko Gasteizen planoa, urte hartan jaio baizen del Val, eta haren bizitza pertsonal zein profesionaleko hainbat alderdi jasotzen dituzten 32 argazki (1911tik 1998ra bitartekoak): jaio zeneko etxea, musika emanaldiak, bera biziko zen etxearen eraikuntza, lan egin zueneko egunkarietako batzuk, elkarrizketak, udal-irudiak, pregoilari izan zeneko jaiak eta eman zizkioten sari ugarietako bat ematearen ekitaldia.

Jostailuen banaketa Pensamiento Alavés egunkariaren egoitzan, Eduardo Dato kalean. Eskuinean, La Libertad egunkariaren egoitza. 1936ko urtarrilaren 6a. Yanguas

Bigarren zatian, 1978ko Gasteizko airetiko ikuspegi batekin hasten da, eta 26 argazkiren bidez hiriko zenbait alderditan zeharreko ibilaldia egiten du, ‘Calles Vitorianas’ liburuaren 1979ko argitalpena erreferentzia hartuta.

Nahi izanez gero, Interneten bidez ere gozatu ahal izango dira irudi horiek guztiak, Udalaren webgunean.

 

Share

‘Florida 200 urte’ izeneko erakusketa aurkeztu du Udal Artxiboak

Erakusketa urtarrilaren 30era arte izango da ikusgai Ignacio Aldecoa kultura etxean

 

Florida parkearen bigarren mendeurrenaren harira, Florida 200 urte izeneko erakusketa antolatu du du Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboak, ikusgai egongo dena urtarrilaren 30era arte Ignacio Aldecoa kultura etxean. Proiektu berri hau Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren kultura sailen arteko lankidetzaren emaitza da.

 Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok esan duenez, “Erakusketa honen bidez omendu nahi ditugu: parkea egin eta gaur egundaino onik zaindu dutenak; egunez egun bizitzez bete dutenak, direla landare, animalia zein pertsonak; izaera eman dioten eraikin eta ekimenak; eta erretratutan hartzen jakin izan duten argazkilariak.”.

Hauxe gehitu du Ana del Val Kultura diputatuak: “Floridaren bi mendetako biziaren egunerokoan, Arabako Foru Aldundiak ere badu zerikusirik –behinik behin 1976tik aurrera–, parkearen sinboloetakoa den Ignacio Aldecoa kultura etxearen bitartez. Bertako liburutegia, liburu-aurkezpenak, Hirugarren Adinekoen Gelak, kultur jarduerak, irakurketa-klubak… Jarduera horiek guztiak leku magiko honen biziaren osagarri dira; horregatik, erakusketa eder honen proposamena egin zigutenean, data ipini besterik ez genuen behar izan. Horra gure apurra mendeurren esanguratsuari”.

Erakusketak Artxiboaren funtsetan hautatutako 20 argazkia erakusten ditu, argazkalari hauenak: Santiago Arina Albizu, ARQUÉ (Federico Arocena Andrés eta Gregorio Querejazu García de Madinaveitia), Fernando Ascacíbar Urrutia, José Luis Barroso Ruiz de Trocóniz FOAT (Fotografía Aérea y Terrestre), Enrique Guinea Maquíbar, Balbino Sobrado Cobas eta Ceferino Yanguas Alfaro. Horiez gain, Manuel Ángel Chávarrik diseinatutako bi plano ere erakusten dira.

Argazkigintzako profesionalek inspirazio-iturria aurkitu dute Floridan, betiere errepikatzen diren gaien iturri eta horrek irudi-sorta zabala izateko aukera eman digu. Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboak argazki horien arteko hautaketa-lana egin du, irudi esanguratsuenetakoak erakusteko. Benetako omenaldia hiriaren erdiko arnas-gune eder horri”, amaitu du Cantok.

Erakusketako argazki guztiak 3 €an erosi ahalko den katalogo batean bildu dira. Horrez gain, Internet bidez ere gozatu ahalko da erakusketa, bi webgune hauetan:   https://www.vitoria-gasteiz.org eta www.araba.eus.

Argazki-erakusketaren osagarri, Floridari buruzko beste 38 argazkiren sorta proiektatuko da Ignacio Aldecoa kultura etxean.

LA FLORIDA-katalogoa

 

 

Share