Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 martxoa 2019 12:14

Bihar, martxoak 30, Gasteizko Udalak bat egingo du mundu osoko milaka hiri eta milioika pertsonarekin, WWF erakundeak sustatutako Planetaren Ordua (https://www.horadelplaneta.es) ekimenaren barruan, 20.30etik 21.30era bitartean. Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren plazako eta San Migel elizako argiak itzaliko ditu ordubetez, klima-aldaketaren kontrako borrokarekin duen konpromisoa erakutsi eta arlo lokaletik ere planetaren alde jarduteko garrantzia nabarmentzeko.

 

 

“Naturarengatik itzali Planetaren Orduan” lemaren pean, kanpainaren 13. edizioan klima-aldaketaz eta isurketa kutsatzaileez sentsibilizatu nahi da, keinu erraz batez: argia itzaltzea. Iaz, milaka hiritan —baita Gasteizen ere— itzali ziren argiak munduko 188 herrialdetan eta 17.000 monumentu eta eraikin nabarmenetan.

Planetaren Orduak klima-aldaketaren kontrako jarduerak eta horretaz haratago doazen ekimenak sustatzen ditu: bizimodu jasangarriak, garapen iraunkorra, baso, itsaso eta baliabide naturalen kontserbazioa, eta biodibertsitatearen galeraren aurkako borroka.

Argibide gehiago nahi izanez gero, edo kanpainarekin bat egin, web-orri honetara jo daiteke: WWF eta https://www.horadelplaneta.es/.

 

Share