Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 uztaila 2019 14:32

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 2019ko bigarren seihilekorako landu duen prestakuntza-eskaintza aurkeztu du Udalak. Programazio berriak aurrez aurreko 25 ikastaro (375 leku), 250 ikastaro online (izena emateko mugarik gabe) eta ia 3.400 prestakuntza-ordu eskainiko ditu; “milaka pertsonari aukera emango diete ezagutza berriak eskuratzeko eta gaitasun berriak garatzeko, enplegagarritasuna lortu, berreskuratu edo mantentzearren“, azaldu du Enplegu zinegotzi Felipe Garcíak.

Aurrez aurreko modalitateaz esan du eskaintza berria “ezin hobeto doitzen zaio[la] gure hiri-filosofiari eta gure enpresetan antzeman ditugun garapen eta hazkunde aukerei“. Lau arlo handitan egituratzen da:

  • Eraikinak egin eta birgaitzea: Lanbideren profesionaltasun ziurtagiri ofiziala eskuratzeko ikastaroak (iturgintza, instalazio elektroteknikoak, arotzeria…); eraikuntza-jarduerei buruzko oinarrizko ikastaroak (pintura apaingarria, barrualdeko eraberritzeak), eta sektoreko alderdi teknikoei buruzko ikastaroak.
  • Industria: industria tradizionaleko 2 prestakuntza-ikastaro (biltegiko laguntzaileak eta soldadura eta metal-arotzeria) eta 4.0 industriaren alorreko 6 prestakuntza-ikastaro (robotika, segurtasun informatikoa…).
  • Enplegu berdea, iraunkortasuna eta energia berriztagarriak: bi ikastaro dira: batak eraikinen energia-ziurtapena du gaitzat, eta besteak, ahalduntze teknologikoa ekonomia zirkularreko ingurune batean.
  • Berrikuntza eta informazio- eta komunikazio-teknologiak: informazio eta komunikazio teknologiei, merkataritza elektronikoari eta diseinu grafikoari eta web diseinuari buruzko ezagutzak eskuratu ahalko dituzte parte-hartzaileek.

Horretaz gain, 250 ikastaro eskainiko dira online, leku mugarik gabe, hainbat alorretan: enpresa-kudeaketa eta administrazioa, programazioa, sistemak, diseinua eta komunikazioa, multimedia, ofimatika, giza baliabideak, etab. Urte osoan zehar dago irekita aukera hori, eta etengabe berritzen da: horren erakusgarri dira 2019an eskainitako 86 ikastaro berriak.

Ikastaroak irailean hasiko dira, baina dagoeneko kontsultatu daiteke zein betebehar eskatzen den, eta izena aldez aurretik eman.

Batzuetan gaiari buruzko gutxieneko ezagutzak eskatzen dira; bestetan, hautatze-proba eta elkarrizketa egitea, edo curriculuma aurkeztea, balioesteko. Edonola ere, Lanbiden izena emanda dauden langabeek izango dute lehentasuna.

Felipe Garcíak azaldu duenez, “gure helburua oso argia da: pertsona aktiboen gaitasuna eta enplegagarritasuna hobetzea, batez ere langabeena. Ildo horretatik, arreta berezia eman nahi izan diegu talde hauei: kalifikazio-maila txikia duten 16 eta 30 urte bitarteko langabeak; langabezian denbora luzea daramaten 45 urtetik gorakoak; emakumeak,  neurriz beherako ordezkaritza duten jarduera-sektoreetan, eta prestakuntza edo esperientzia izanik lan-merkatuaren benetako eskaerari egokitu beharra duten pertsonak”.

Ikastaroen matrikularen prezioa 0 eta 82 euro bitartekoa da, baina langabeek % 50eko murrizketa izango dute. Errenta sozialak jasotzen dituztenek, berriz, ikastaroaren % 50 ordainduko dute, eta arrakastaz gainditzen badute itzuli egingo zaie.

“Pertsonengan ari gara inbertitzen. Landu dugun prestakuntza-programari esker, pertsona askok ezagutza berriak eskuratu eta gaitasun berriak garatuko dituzte, eta lanpostu baten ateak irekiko dizkie horrek.  Eskaintza enpresen ezaugarri eta premia berriei egokitzen zaie, haiekin lankidetzan ari baikara gure produkzio ehuna garatzearren”, amaitu du Enplegu zinegotziak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 ekaina 2017 09:57

Datorren astelehenean, ekainak 5, hasiko da izena emateko epea 2017ko bigarren seihilekoko enplegurako prestakuntza-eskaintza osatzen duten aurrez aurreko 28 ikastaroetan. Horietako bederatzik profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko aukera emango dute; Lanbideren bermea duen agiri ofizial horrek dagokion lan-jardueran aritzeko behar den kualifikazioa egiaztatzen du. Aurreko edizioetan bezala, ikastaroetan sartzeko lehentasuna izango dute 30 urtetik beherako eta 45 urtetik gorako langabeek, eta horiei emakume langabeak gehituko zaizkie, emakumeek neurriz beherako ordezkaritza duten jarduera-sektoreetan.

Programatutako bost prestakuntza arloetan bi nabarmentzen dira bereziki: informazio eta komunikazio teknologiak eta eraikuntza eta birgaikuntza iraunkorra. Lehen multzoan orotara zazpi ikastaro eskainiko dira, eta horietako bi (diseinu grafikoa eta Java garapena) “Bide OneTIC” ibilbide formularen bitartez garatuko dira: laguntza teknikoarekin, ikasleek beren profil propioa malgutasunez diseinatu ahalko dute, aurretik duten prestakuntzaren eta esperientziaren arabera. Arlo horretako ikastaroetan gai berriak landuko dira: zibersegurtasuna, fabrikazio gehigarria, robot eta droneen muntaketa edo online saltokiak sortzeko plataformak. Bigarren multzoan, berriz, zazpi ikastaroetako lautan profesionaltasun ziurtagiria emango da; pintura, zurgintza, altzariak, iturgintza, zoladura, alikatatua eta instalazio elektrikoa landuko dira.

Aurrez aurreko prestakuntzako gainerako arloei dagokienez, bost ikastaro aurreikusi dira industrian eta automozioan, sei enplegu berdearen eta iraunkortasunaren arloan, eta hiru pertsonentzako eta komunitaterako zerbitzuen sektorean.

Horietaz gain, bada online ikasteko aukera zabala ere, e-learning bidezko 200 modulu baino gehiago, CETICen bertan edo internetez egin daitezkeenak.

2017ko bigarren seihilekoko enplegurako prestakuntza-eskaintzaren barruan zabalkunde jardunaldiak antolatu dira halaber: batetik, jardunaldi teknologikoak, IKTen arloko enplegurako aukera berriak ezagutarazteko; bestetik, eraikuntza eta birgaikuntza iraunkorrari buruzko jardunaldiak, Ingurubideren laguntzarekin.

Orobat, Gasteizko Udalak enplegu-bilaketa hobetzeko bi programa eskaintzen ditu: lan aktibazioko lantegia, eta 45 urtetik gorako nahiz 30 urtetik beherako pertsonentzako coachinga.

Azkenik, Ekintzaileei Laguntzeko Plan Integrala dugu, zeinaren barruan 140 ordurainoko prestakuntza, tutoretza saio praktikoak eta aholkularitza pertsonalizatuko 10 ordu eskaintzen baitira enpresa bat sortzen laguntzeko. Irailaren 4tik aurrera eman ahalko da izena planaren urteko bigarren ediziorako.

“Azken urtean bakarrik, Gasteizen 2.200 langabe gutxiago zenbatu dira, eta udalaren enplegurako prestakuntzaren bidez joera horri jarraitzeko asmoa dugu, hiru faktoreri esker: lanbide prestakuntzaren alorreko eragileekiko koordinazio gero eta handiagoa, prestakuntza behar handiena duten profilei bideratuagoak dauden ikastaroen diseinua, eta enplegagarritasuna handitzeko neurri multzo bat, prestakuntza gako dutelarik”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Esan bezala, aurrez aurreko prestakuntzarako izena emateko epea astelehenean hasiko da. Online egin daiteke, edo aurrez aurre, herritarrei laguntzeko bulegoetan, San Martineko bulego teknikoetan, OMIJ-Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan, CETIC-Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zentroan edo Ignacio Ellacuría ikastegian.

Informazio gehiago: 2017ko 2. seihilekoko enplegurako prestakuntza-eskaintza

 

 

Share