Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoak abiadura-kontrolak areagotu eta radar mugikorra adierazitako puntuetatik kanpo jarri du

Udaltzaingoak azken asteotan radar mugikorrarekin abiadura kontrolatzeko lana areagotu du; 2018-2023 Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoaren helburu den bideko segurtasuna zaintzeko beste urrats bat gehiago izango da hori.

Duela zenbait astetatik, Istripu eta Argiketen Ikerketa Taldeko Radar eta Zirkulazioaren Kontrol Unitatearen baitako agenteek radar mugikorra egokitutako eta seinaleztatutako puntuetan ez ezik, beste toki batzuetan ere jartzen dute. Horietan, aforatzaileen kontrolaren bidez, baimendutako abiadura-mugak gainditzen dituzten abiadurak detektatu dituzte. Hala ziurtatu du urtearen hasieratik Trafiko Zerbitzuarekin elkarlanean egin duten ikerketak.

Udaltzaingoak ikusi duenez, radar mugikorreko postuak mugatzea ez da eragingarria; izan ere, gidariek, kokapena zein den jakinda eta bertan egon daitezkeela ohartarazita, puntu horietatik igarotzeko garaian abiadura murrizteko eta puntuak igaro ondoren berriro areagotzeko joera izaten dute.

Gainera, radarra aldez aurretik non dagoen jakitea hiriko gainerako kaleetako bideko segurtasunaren kalterako da; izan ere, gidariek badakite toki horietan ez dela kontrolik egiten. Hori guztia dela eta, radar mugikorrak adierazi gabeko beste puntu batzuetara zabaldu du bere jarduera-esparrua eta, gainera, sendoago egingo du lan 30 eremuetan, muga hori ez dela errespetatzen hauteman baitute.

Abiaduren ikerketa

Erabaki horiek hartzeko oinarri gisa erabili duten Udaltzaingoak eta Trafikoak egindako ikerketak ehun ibilgailu baino zertxobait gehiago zenbatu dituzte aforatzaileek 50 eta 60 km/h arteko abiaduran kontrolatutako kaleetan zirkulatzen. Arau-hauste gehienak 60 eta 70 km/h arteko tartean daude (6.500 ibilgailu); aldiz, 1.900 pertsona ingururen abiadura 70 eta 80 km/h artekoa zen. 80 eta 90 km/h-ko tartean, kopurua gutxitu egiten da (ia 400 arau-hauste) eta ia ehun gidari harrapatu zituzten 90 km/h baino gehiagoko abiaduran zirkulatzen.

Hirigunean, baimendutako gehieneko abiadura 50 km/h-koa da, baina Arabako hiriburuan badaude 30eko kaleak ere eta horietan ezin daiteke muga hori gainditu. Arau-hauste hori egiten “harrapatzen” dituztenek 100 eta 600 euro arteko isuna duen administrazioko zigorra jaso dezakete. Bestalde, aurten, oraingoz, Udaltzaingoak 6 gidari ikertu ditu 110 km/h baino gehiagoko abiaduran zirkulatuta bideko segurtasunaren aurkako delitua egiteagatik.

 

Share