Prentsa Oharren banner

Gasteizek bat egin du Ecovidrioren ‘Recicla Vidrio por ellas’ kanpainarekin, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta

Edukiontzietan utzitako ontziengatik dohaintza egingo zaio Sandra Ibarra minbiziaren aurreko elkartasun fundazioari.

Gasteizek bat egin du Ecovidrioren “Recicla vidrio por ellas” elkartasun kanpainarekin, herritarrak beirazko ontziak birziklatzera animatu daitezen eta elkartasunezko kausa bati lagun diezaioten: bularreko minbiziaren prebentzioa.

Gaurtik aurrera eta datozen asteetan, arrosa koloreko bi iglu egongo dira Loma Jeneralaren plazan. Edukiontzietan utzitako ontziengatik Ecovidriok dohaintza egingo dio Sandra Ibarra minbiziaren aurreko elkartasun fundazioari.  

Kanpaina 140 hiritara baino gehiagotara zabaldu da – Madril, Valentzia, Sevilla, Valladolid, Logroño, Zaragoza, Las Palmas Kanaria Handikoa eta Santiago de Compostela, besteak beste–, ahalik eta herritar gehien sentsibilizatzeko. Horretarako, 370 edukiontzi arrosa baino gehiago instalatu ditu Ecovidriok. Sandra Ibarra —bere izena daraman fundazioaren lehendakaria— izan da proiektuaren enbaxadorea.

Bestetik, Agatha Ruiz de la Pradak miniglu berezi bat diseinatu du kanpainarako, bularreko minbiziarekiko kontzientziatze eta elkartasunaren sinbolo gisa, eta horietan Sandra Ibarra Fundazioaren lema nabarmentzen da: “llenos de vida”. Miniglua Miniglú.es web-orrian eros daiteke, eta irabaziak Sandra Ibarra fundazioarentzat izango dira, minbiziaren prebentzioan eta ikerketan laguntzeko.

 

Gasteizen birziklatutako beirari buruzko datuak

Ecovidriok, dituen 2019ko datuen arabera, gasteiztarrek 488 tona beira birziklatu zituzten, hau da, herritar bakoitzak 27 kilo, batez beste. Beirazko ontziak birziklatzeko 88 edukiontzi daude Gasteizen.

 

Share