Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 urtarrila 2019 10:07

Ataria guneak “Saguzarrak, gauaren aliatuak” erakusketa inauguratuko du astearte honetan, urtarrilaren 29an. Bilduma horrek Saguzarrak Kontserbatu eta Ikertzeko Espainiako Elkarteko kide diren Juan Tomás Alcalde, Iñaki Martínez eta José Manuel Castrilloren argazkiak biltzen ditu.

Martxoaren 3ra arte ikusgai egongo den bilduma hori baliabide didaktikoa da; izan ere, Saguzarrak zaintzeko garrantzitsua da haien biologia eta ekologiarekin lotutako alderdiak ezagutaraztea, baita natur ekosistemetan eta nekazaritzan izan dezaketen onuraren berri izatea ere.

Erakusketa honen bidez, autoreek hainbat erakusgai ekarri dizkigute Ataria 31 gunera, besteak beste, 31 argazki, batzuk formatu handikoak, eta metro bat garai den egurrezko saguzar formako tailu bat; kiropteroen onurak ezagutarazi eta mito faltsuak uxatzeko baliabide didaktiko berria eskaintzea da asmoa. Argazki, bideo eta soinuen bitartez, saguzarrak ikusi eta entzuteko aukera izango da, espezie desberdinak alderatu, aparteko moldaerak miretsi, eta kontserbatzeko beharraz ohartu.

Iberiar penintsulako kiropteroei buruzko erakusketa grafikoa da, haien biologia, dibertsitatea, babeslekuak eta zaintzeko neurriak bereziki azpimarratzen dituena. Irudi, bideo, soinu eta beste elementu batzuen bidez, ugaztun harrigarri horiek jendearengana hurbiltzea da helburua, ezezagunak baitira orokorrean, eta gaizki ulertuak askotan.

Saguzarrena oso animalia talde ugaria da, 1.000 espezie inguru daude mundu osoan zehar barreiatuta. Hala ere, badaude saguzar guztiek dituzten ezaugarri komunak, besteak beste, gautarrak dira, hegalariak, isilak, orientatzeko aukera eman dien ekolokazio sistema bat dute, babesleku helezinetan bizi dira, etab.

Gasteizko Udala ohartu da antzina-antzinatik ostrazismora kondenatuta egotearen ondorioz, espezie horiek kontserbazio-egoera kezkagarrian daudela eta, horregatik, hainbat proiektu lantzen hasi da ahanztura hori iraultzeko.

Hala, bi proiektu jorratu ditu, saguzarren populazioa handitzeko eta espezie horri loturiko balioak hedatzeko. Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalak, lehenik, Gasteizko Goi Mendietako kontserbazio-eremu bereziko mehatxatutako espezieak kontserbatzeko proiektua proposatu zuen eta, geroago, Lautadako harizti-irlen biodibertsitatea hobetzekoa jarri du martxan. Azken horren helburua udalerrian dauden lau harizti-irlen biodibertsitatea hobeto ezagutu eta sustatzea da.

Bien ala bien xedea hariztien eta saguzarren kontserbazio-egoera hobetzea da, eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa izan dute.

Kiroptero espezieen egoera hobetzeko egin diren ekintzen artean aipagarriak dira zuhaitz-guneetan saguzarrak finkatzeko babes-kutxak instalatzeko proiektua eta arriskupean dagoen ugaztun talde horren egoera hobeto ezagutzeko ikerketak. Guztira, 15 espezieren presentzia antzeman da, eta kopuru handia da hori, kontserbazio-eremu bereziak animalia horientzat duen garrantzia nabarmentzen duena. Gainera, antzemandako espezietatik lau arriskuan dauden espezieak dira, Mehatxatutako Espezieen EAEko Katalogoaren arabera, eta saguzar bibotedunaren ugalketaren berri izan da. Nabarmentzekoa da saguzar biboteduna ugaltzen den Euskal Herriko bigarren lekua dugula kontserbazio-eremu berezia.

 

Share