Prentsa Oharren banner

1,3 milioi euro baino gehiago Salbatzailearen hilerriko saneamenduaren eta euri-uren sarea berritzeko eta uholde-arazoari irtenbidea emateko  

Gasteizko Udalak 1,3 milioi euro baino gehiago inbertituko du Salbatzailearen hilerriko saneamenduaren eta euri-uren sarea berritzeko, eta, hala, zenbait urtetik hona hilerriak izan dituen uholde-arazoei irtenbidea emateko. Hilerria Kuaternarioko akuiferoaren gainean dago, eta sarea hondatu da urteak pasa ahala; hori dela eta, ur-kolapsoen arazoak egon dira eurite gogorrak egon direnetan.

Lanen aurrekontua 1.367.323,42 eurokoa da, guztira, eta 7 hilabeteko epean gauzatzekoak dira. Zenbateko horretatik, 900.000 euro jarriko ditu Uren udal-enpresa AMVISAk.

Gaur egungo saneamenduaren eta euri-uren sarea duela berrogei urte egin zen, eta oso hondatuta dago, gehienbat sustraien inbasioagatik eta hausturengatik. Kolektoreak andeatzen joan dira, eta, horren eraginez, drainatze-arazoak sortu dira hilobietan eta zolatutako gainazaletan. Udalak, halaber, kameraren bidezko ikuskapena egin zuen kolektoreetan, eta horretan egiaztatu zen horietako batzuk egoera txarrean zaudela.

Orain, Udalak birgaituko ditu ur-kolektoreak, eta egoera okerrenean daudenak berrituko ditu. 250, 300, 400 eta 600 mm-ko diametroa duten kolektoreak berritzeko lanen barruan, gaur egungo zoladura altxatuko da zangak egiteko; kanalizazio eta hodi berriak, putzuak, kutxatilak eta hustubideak jarriko dira; eta, horretaz gain, behar diren garbiketak egingo dira, presio handiko ekipoen bidez.

Lanak gauzatzen diren bitartean, ehorzketek jarraituko dute. Behar den guztietan, ehorzketak egitea eragozten dituzten lanak gelditu beharko ditu enpresa adjudikaziodunak, baita ehorzketetara bertaratzea dagoela bermatu ere.

Share

AMVISAk 900.000 euro emango dizkio Udalari Salbatzailearen hilerriko drainatze-arazoak konpontzeko

Udalaren ur enpresak dibidenduen banaketa onetsi du gaur

AMVISAren Administrazio Kontseiluak dibidenduen banaketa (900.000 euro) onetsi du gaur, eta Udalak jasoko du kopuru hori, Salbatzailearen hilerriak aspalditik dituen drainatze-arazoak konpontzeko.

Sozietateko lehendakari Marian Gutiérrezek aurkeztu du proposamena; gobernu-taldeko ordezkariek zein PPkoek alde bozkatu dute, eta gainerako kontseilukideak abstenitu egin dira.

Orobat, ontzat eman da Udalak AMVISArekin duen merkataritza-zorra (4,2 milioi euro baino zertxobait gehiago) ordaintzeko egutegi berria. Ordaintzeke dauden kuotak datozen zazpi urteetan ordaintzea onetsi du Kontseiluak.

Aurrekontu proiektua

Horretaz gain, AMVISAk 2021rako aurrekontua izapidetzen hastea onetsi du: 24.795.236 milioi euroko proposamena da, 7,8 milioi euroko inbertsioak barne, zeinen artean Txagorritxuko sareak berritzea nabarmentzen baita (2 milioi euro).

Udalaren ur-enpresak proposatzen du 428.000 euro erabiltzea kontagailuak erosi eta ordezteko, eta 938.000 euro sarea mantentzeko eta ur-isuriak detektatzeko, besteak beste.

Share