Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 abuztua 2019 14:40

Ana Oregik birpartzelatzeko behin betiko proiektua aurkeztu dio 21 Zabalgunearen kontseiluari, zeina laster onetsiko baitu udal gobernuak

Udal gobernuak behin betiko akordioa adostu du Salburuko eta Zabalganeko 13 sektoretako jabeekin bi eremu horien hirigintza berrantolakuntzarako, eta horrek eraikuntza biziberrituko du hiriko alderdi garrantzitsu horietan, irizpide argi batekin: “lurraren kontsumo  justifikatu gabea eragotzi, hiria barrurantz hazarazi, hiria trinkoago eta iraunkorrago bihurtu eta zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetu, populazioaren masa kritikoa handituko baita. Akordioak hiri bilbeari jarraitutasuna ematea ahalbidetuko du, giza eskalako hiria eginez“, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi eta 21 Zabalgunearen lehendakari Ana Oregik.

Ana Oregik  atxikipen eta birpartzelazio behin betiko proiektua —Salburuko eta Zabalganeko birdentsifikazioaren ondorio dena— aurkeztu dio sozietarearen kontseiluari, zeina laster onetsiko baitu udal gobernuak.

Akordioa mugarria izango da Salburuko eta Zabalganeko hirigintza garapenerako, 2 milioi metro koadrotik gora desblokeatzea baitakar; 170 lursail eta 200 jabe daude inplikatuta.

Lizentziak aktibatzeaz gain, 21 Zabalguneak ia 6 milioi euro berreskuratu ahalko ditu izapide urbanistiko horri esker, sektoreen likidazioei dagozkienak.

2016ko udan eman zitzaion hasierako onespena proiektuari. Ondoren, jakinarazpen eta alegazio prozesua etorri zen, eta onartutako alegazioak kontuan hartuz egokitu zen dokumentu konplexu hori. Azkenik, Udalak eta jabeek ontzat eman dute agiria, zeina Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi beharko baitu behin betiko.

Onetsi eta argitaratutakoan, eragindako sektoreen batzarrek bildu beharko dute likidazio ekonomikoak tramitatzeko eta 13 batzarrak eremu bakarrean eta batzar bakarrean eratzeko; horrek hartuko ditu bere gain etxebizitzak egiten hasi aurretik egin behar diren urbanizazio obrak.

Birpartzelatzeko proiektua onesten delarik, bestetik, Udal Idazkaritzak aprobetxamenduen ziurtagiriak sinatu ahalko ditu, jabeek erregistroan inskribatzerik izan ditzaten, eta horietaz baliatzerik izan dezaten.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 ekaina 2018 13:44

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Salburua eta Zabalgana auzoetarako tranbia sustatzeko akordioa eskaini dio Alderdi Popularraren udal taldeari, baita gainerako udal taldeei ere. “Tranbiari buruzko akordioa eskaintzen dizuet”, proposatu du Gasteizko alkateak udal politikari buruzko eztabaida orokorraren bigarren saioan.

“PPk berriki egindako proposamena aztertzeko modukoa dela uste dut. Gobernuari tranbia Salburura eramaten laguntzea proposatzen dizuet, eta guk sostengu emango diogu Zabalganerako egin duzuen proposamenari. Uste dut bateragarriak direla, eta behin betiko irtenbidea izan daitekeela edukiera handiko garraio publikoa Gasteizko bi alderdi horietara eramateko”, azaldu du.

Atzoko saioan, alkateak etorkizuneko Gasteizerako hamabi ekintza barne hartzen dituen ituna eskaini zuen. Gorka Urtaranek proposatutako ekimenen artean zegoen garraio publikoaren sistema moderno, eraginkor, elektriko eta edukiera handikoa osatzea, eta hiriko ekialdearen eta mendebaldearen arteko komunikazioak hobetzea.  2025eko Estrategiaren barruan jasotako proposamenak dira.

Gasteizko Udalaren azken datuen arabera, Salburuan 18.474 pertsona bizi dira, eta Zabalganean, 26.144. 45.000 pertsona horiek garraio publiko moderno, eraginkor eta edukiera handikoa izatea merezi dute.

 

 

Share