Prentsa Oharren banner

Astelehenean hasiko da epea San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturaleko lehen ikastaro eta lantegietarako izena emateko  

18 jarduera eta 179 leku eskaintzen ditu

 Astelehenean, otsailak 1, hasiko da epea San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturaleko lehen ikastaro eta lantegietan parte hartzeko izena emateko.

Adinekoentzako zentro berriak 18 jarduera eta 179 leku eskaintzen ditu. Besteak beste, ikastaro hauek proposatzen zaizkie erabiltzaileei: eskulanak, argazkigintza urbanoa, android mugikorren erabilera, emozioen kudeaketa, euskal dantzak, ibilketa nordikoa eta mindfulness. Erorketen prebentziorako lantegia eta 75 urtetik gorakoei erreserbatutako bi jarduera ere antolatu dira: suspertze psikosoziala eta mugimendua, eta ariketa leunak.

Pandemia egoerari dagokion osasun segurtasuna bermatzeko ezarri den protokoloa beteko da ikastaro guztietan. Iraupena 1-4 hilabete artekoa izango da, eta parte hartzeko izena eman beharko da, astelehenetik aurrera, bide hauetakoren bat baliatuz:

  • 010 edo 945 16 11 00 telefonoetara deituz, 8:30etik aurrera;
  • zuzenean, adinekoentzako zentro soziokulturaletan eta gizarte etxeetan, ohiko ordutegian.

“Garrantzitsua da San Martineko programa eta jarduerak martxan jartzen joatea, elkartzeko eta zahartze aktiborako zentroa izan dadin, auzoaren zerbitzura. Egoera zail honetan zentro soziokulturalek garrantzi handiagoa hartzen dute, pandemiaren aurrean zaurgarrien den populazio talde baten bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen laguntzen baitute, adinekoena”, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Abenduan ireki zenetik, zerbitzu eta programak pixkanaka gehituz joan da San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala. Zabaldu baino lehen ere osasun-parkea eta bakardadeari aurre egiteko “Piztu zure auzoa” programa jarri zituen abian. Abenduan bertan, informazio, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak ireki zituen. Urtarrilaren 18an, berriz, jantoki-zerbitzua ematen hasi zen, eta otsailaren 17an, azkenik, ikastaro eta lantegiak abiatuko dira; hain zuzen ere, horietan izena emateko epea irekiko da datorren astean.

Share

Datorren astelehenean irekiko ditu ateak San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturaleko jantokiak, zeinak 40 leku baititu

Zortzi erabiltzailerekin abiatuko da zerbitzua, osasunaren alorreko segurtasun-neurri zorrotzak hartuta

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala duela hilabete ireki zen, eta zerbitzuak eta programak martxan jartzen jarraitzen du, covid-19ak ezarritako mugek ahalbidetzen duten neurrian.

Orain arte informazio, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak ireki dira, eta osasun-parkea eta Piztu zure auzoa programak ere abiatu dira. Urtarrilaren 18tik (astelehena), berriz, jantoki-zerbitzua eskainiko da; orotara 40 pertsonarentzako lekua dago, baina hasieran zortzi erabiltzaile hartuko ditu.

San Martineko jantokiak oraingoz bazkari-txanda bakarra izango du, 13:30etik 15:30era, baina erabiltzaileen kopurua handitu ahala bigarren txanda egokituko da; erabiltzaile guztiek gizarte-balorazioa dute.

Erabiltzaileen osasuna zaindu eta bermatzeko, segurtasun-neurri zorrotzak ezarri dira:

  • Bi metroko tartea mahaien artean.
  • Pertsona bakarra mahai bakoitzeko, edo bi bikotekideak edo elkarrekin bizi diren senideak badira.
  • Sarreran tenperatura hartzea.
  • Eskuak nahitaez garbitzea.
  • Jantziak eta norberaren gauzak poltsa batean gordetzea, ezingo baitira esekitokiak erabili.
  • Jantokia, mahaiak etab. garbitu eta desinfektatzea.

 

600 lekutik gora

San Martinekoa irekita, hiriko adinekoentzako zentro soziokulturaletako 10 jantokiek 606 leku eskainiko dituzte guztira; oraingoz, ordea, 456 erabiltzaile daude, hau da, lekuen % 75. Gainera, Araneko jantokian aurten beste 20 leku berri sortzeko asmoa dago.

Adinekoentzako jantokiek ateak itxi behar izan zituzten pandemiaren hasieran, baina iazko ekainean ekin zioten berriro zerbitzu emateari. “Geroztik oso protokolo zorrotzari jarraituz funtzionatu dute, eta espazio horiek seguruak dira osasunaren ikuspuntutik. Oso garrantzitsua da hori, funtsezko zerbitzua baita. Pandemiak zerbait irakatsi badigu hauxe da: adinekoak direla talde ahulenetako bat eta, horrenbestez, jantokia bezalako programa eta zerbitzuak behar dituztela mendekotasun txikiagoa izateko eta osasun fisiko eta emozional hobeaz gozatzeko”, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Share

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturalak ateak ireki dizkie auzoko 3.600 adinekoei

Gorka Urtaran alkatea eta Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentia izan dira buru zentro berriaren inaugurazio-ekitaldian.

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala inauguratu dute, gaur goizean, Gorka Urtaran alkateak eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.  Beraiekin izan dira Maider Etxebarria eta Ana Oregi alkateordeak, Adinekoen Zerbitzuko arduradun José Antonio Jimeno eta udaleko taldeen eta auzoko adinekoen eta eragileen ordezkariak.

San Martinekoa da 2015etik hona ateak irekitzen dituen lehen zentroa. Udal sareko hamaseigarren zentroa da, eta sareak 35.000 erabiltzaile ditu, hau da 60 urtetik gorako gasteiztarren ia erdiek erabiltzen dute.

Pandemiak baldintzatu egiten du San Martineko zentroaren irekiera, eta pixkanaka irekiko da. Orain podologia, ile-apaindegi eta informazio zerbitzuak gehituko zaizkie osasun-parkeari (urritik martxan) eta bakardadearen aurkako Piztu zure auzoa programari (azaroaren amaieran abiarazia).

Datorren astean hasiko dira lehen lantegi eta jarduerak –egun batekoak, bikoak edo hirukoak –, eta urtarrilaren erdialdean jantokia jarriko da martxan. Honek, egora normaletan, 40 leku izango ditu.

Inaugurazio-ekitaldian, alkatea pozik agertu da auzoko eskaera historiko bati erantzun zaiolako. Hirian zerbitzu mota guztiak eskaintzen dituen sarea hazi egin da zentro berri honekin, eta adinekoak hiriko biztanleen % 21a dira “Hamarkadetan zehar, adinekoentzako zentro soziokulturaletako zerbitzu-eskaintzak eboluzionatuz joan dira, eta elkartzeko eta entretenitzeko guneak izateaz gain, prestakuntzarako aukera anitz eskaintzen dituzte, eta eragile bikainak dira adineko askok pairatzen duten bakardadearen kontra borrokatzeko” adierazi du Gorka Urtaranek. Orobat azpimarratu du sareak pandemia hasi zenetik egiten duen lan garrantzitsua, batez ere etxeetatik irten gabe egon behar izan genuen asteetan.

Bestalde, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak zentroak egiten duen lan garrantzitsua nabarmendu du. “Sozializatzeaz gain, osasun fisikoa eta mentala hobetzen lagunduko dieten zerbitzu eta programak erabili ahalko dituzte adinekoek. San Martinek ongizatea eta bizi-kalitatea eskainiko die zahartze aktiboaren bitartez, honek mendekotasuna prebenitu, zahartze egokia bermatu eta bizitza gogobetetzen laguntzen baitu. Mendekotasuna prebenitzeko eta autonomia bultzatzeko biderik onena izango da, eta bi alderdi horiek lehentasunekoak dira udalarentzat eta horretan lanean dihardugu.

Inaugurazio-ekitaldiari hasiera emateko ohorezko aurreskua dantzatu da, eta ondoren bertaratuek instalazioak bisitatu dituzte. Ostiralera bitartean bisita gidatuak izango dira zentroa barrutik ezagutu nahi duten pertsonentzat.  Aski izango da zentroaren kanpoaldean jarritako informazio-karpan izena ematea.

Udal sareko handiena

 San Marineko adinekoentzako zentro soziokulturalak hiru gune independente ditu eta 1.300 m2 azalera, guztira, eta horrenbestez, udal sareko handiena da.

Lehenengoak 68 m2 du, eta jarduera fisikoak egingo dira bertan. Bigarrena zabalena da, 740 m2, eta bertan egin da inaugurazioa. Zentroko programazio eta zerbitzuen zatirik handiena hartuko du: infoteka, hemeroteka, informazio zerbitzua, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak, baita kudeatzaile-talderako bulegoak ere.  Azkenik, hirugarren gunea 488 m2-koa da, eta bertan elkartze-aretoa, kafetegia, mediateka, hiri-laborategia eta jantokia daude, besteak beste.

 

Share

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala hornitzeko 7 kontratu esleitu dira

Tokiko Gobernu Batzarrak udazkenean irekiko den San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala hornitzeko 7 kontratu berri esleitu ditu gaur.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak egindako kontratu hauen bitartez honakoak hornituko dira, besteak beste: aulkiak, mahaiak, apalak, armairuak, kafetegirako eta ile-apaindegirako altzariak, material elektronikoa eta osasun-parkerako ariketa-aparatuak. Guztira, 130.607 euroko inbertsioa.

San Martineko adinekoentzako zentroa udal-sareko 16. zentroa izango da, eta guztietatik handiena. 1.300 metro koadroko azalera erabilgarria izango du, hiru espaziotan banatuta:

  • Lehena, 68 m2-koa, jarduera fisikoak hartzeko prestatuko da.
  • Bigarrena handiena izango da, 740 m2-rekin, eta zentroko zerbitzu eta jarduera nagusiak jarriko dira bertan: lantegiak, prestakuntza-gela, ikus-entzunezkoen gela, ile-apaindegia, podologia, kudeatzaileen bulegoa, komunak eta langileentzako aldagela irisgarriak.
  • Hirugarren gunea 488 m2-koa da, eta bertan elkartze-aretoa, kafetegia, mediateka, hemeroteka, lantegia eta jantoki-zerbitzua egongo dira.

Hitzarmena Gao Lacho Drom elkartearekin

 Halaber, Gao Lacho Drom elkartearekin lankidetza-hitzarmena izenpetzea ere onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, Gasteizko ijito komunitateko pertsona, familia eta taldeak gizarteratzeko prozesuetan lagundu eta jarraipena egiteko programa burutzeko.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 38.748 euro bideratuko ditu proiektu honetara, zeinen helburuetako bat “emakume ijitoei bere egoera normalizatzeko balioko dieten prestakuntza, trebetasun pertsonal eta sozialak eta laneratu aurrekoak lantzeko baliabideak ematea da. Horretaz gain, balio erantsi gisa, tratu txarren eta genero-indarkeriaren egoerei heltzen die” azaldu du gizarte arloaren zinegotzi arduradun Jon Armentiak.

 

Share