Prentsa Oharren banner

60.000 euro bideratuko ditu Udalak teknologia berrien inguruko prestakuntza gizarteratze-tresna gisa baliatzen duen Saregune proiektura

Sartu Arabarekiko hitzarmena berritu du Ekonomia Sustapenerako Sailak

Sartu Arabak garatzen duen Saregune prestakuntza-proiektuari laguntza ekonomikoa emateko hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, Erdi Aroko hirigunea biziberritzeko eta elkartasunez integratzeko lanarekin jarraitzerik izan dezan, teknologia berrien inguruko prestakuntza tarteko. 60.000 euro bideratuko ditu Ekonomia-sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak horretara.

Egungo testuinguruan, eta etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko, pandemiak sortutako egoerara egokitutako bertsio berri bat aurkeztu du Saregune proiektuak.

Oinarrizko trebetasun digitalak irakasteaz gain —nabigatzaileak, posta elektronikoa edo testu-prozesadorea—, banako laguntza eta tutoretza-zerbitzua eskainiko die hainbat programa eta aplikazioren inguruko prestakuntza behar dutenei. Ezagutza informatiko espezializatuen eskariari erantzuteaz gain, on-line prestakuntza-espazioen diseinuari eta mantentze-lanei ere erantzuten die, eta gizartea sentsibilizatu eta dinamizatzeko beste zenbait ekintza egingo.

Lankidetza-hitzarmenari esker, harreman eta partaidetza komunitariorako leku gisa bere balioa erakutsia duen espazio bat dinamizatzen jarraituko du 2002. urteaz geroztik integrazio-lanak egiten diharduen Sartu Alavaren ekimenak.

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi Maider Etxebarriaren ustez, “eten digitalaren haustura gainditzen laguntzen duten ekimenak babesten ari gara. Gainera, auzoko beste arrakala batzuk gainditzeko aukera ematen du oinarrizko gaitasun digitalei buruzko prestakuntzak, hala nola soziala edo ekonomikoa. Eta hori, zalantzarik gabe, balio handiko zeregina da”.

Hogeita hamahiruna ordenagailuz hornitutako bi gela ditu Saregune proiektuak, Bueno Monreal kalearen eta Santa Maria kantoiaren arteko lokalean.

Share