Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 azaroa 2018 20:16

2018ko Ingurumenaren Biltzar Nazionalak (CONAMA) aitorpena adierazi dio Gasteizko Udalari, Eraztun Berdearen 25 urteak direla eta. Gaur arratsaldean, alkate Gorka Urtaranek sari bat -“minilorategi” bertikal bat- jaso du CONAMA fundazioaren zuzendari Gonzalo Echagüenen eskuetatik, biltzarrak Gasteziko Udalari egindako omenaldiaren erakusgarri. Gorka Urtaran alkateak, hiri guztiaren izenean, saria eskertu du “hain garrantzitsu eta erreferente den proiektuagatik. Udalbatza guztiei esker egin da proiektua 25 urteetan zehar, eta batez ere talde tekniko ikaragarri honi esker”.

 

Ingurumenaren Biltzar Nazionalaren amaiera-ekitaldian eman diote saria alkateari; Gasteizko Udala ez ezik, beste hauek ere omendu dituzte: Empresa y Clima fundazioa (10 urte bete ditu), Ecovidrio, (20 urte) Biodiversidad fundazioa (20 urte), Joaquín Araujo kazetaria (50 urte), Espainiako WWF (50 urte) eta Parke Naturalen Sarea (100 urte).

 

Udalak protagonismo berezia izan du gaur CONAMAn. Eraztun Berdearen 25 urteengatik aitorpen hori jasotzeaz gain, Gasteizko Udalak hirigintza plangintza iraunkorraren aldeko apustua berretsi du. Izan ere, Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentzia sustatutako Hirigintza Ekosistemikoaren Gutuna sinatu du alkateak. Estatuan etorkizuneko hiriak eraldatzeko estrategia horrekin bat egiten duten lehen hirietako bat izan da Gasteiz. Arabako hiriburuak bere hirigintza plangintza aztertuko du, arlo hauetako 44 adierazleak egiaztatuz: lurzoruaren okupazioa, espazio publikoa, mugikortasuna, espazio berdeak, gizarte-kohesioa eta hiri konplexutasuna.

Orobat, areto baten protagonista izan da Udala arratsaldean: hamar udal teknikarik Eraztun Berdearen 25 urteak laburtu dituzte, eta Ingurumen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 2030ra arte landu duten estrategia azaldu.

Share