Prentsa Oharren banner

Ehun ekonomiko lokala bultzatuko du Gasteizko Udalak, Jundizko enpresariekin eta SECOT seniorren elkartearekin hitzarmen bana sinatuta

 

Gasteizko Udalaren eta ehun ekonomiko lokala bultzatzen duten bi elkarteren arteko lankidetza-hitzarmenak onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak. Zehazki, Asociación de Empresarios de Júndiz Arco Sur N-1 eta Asociación de Seniors SECOT elkarteekin sinatuko dira hitzarmenak. 9.000 euro baino gehiago bideratuko ditu Udalak bi programa horietara, beste laguntza-neurri batzuez gain, hala nola lokalak uztea.

Alde batetik, Arco Sur N-1 elkartearekin duen hitzarmena berrituko du Udalak, eta 6.440 euro emango, komunikazio-estrategia hobetzeko. Jundizko industrialdea sustatzeko ekimenak bultzatzeaz arduratzen den elkarte horrek, hartara, plan espezifiko bat egingo du, sare sozialetan duen presentzia handitzeko eta hilero albiste-buletin bat argitaratzeko.

Bestetik, profesional kualifikatu erretiratuak biltzen dituen SECOT elkartearekin ere sinatuko du hitzarmena Ekonomia Sustapenerako Sailak, beren esperientzia ekintzaileei aholkuak emateko baliatzen jarrai dezaten, hots, orientabide-zerbitzuak eskaintzen, eta, horretarako, bi bulego utziko zaizkio doan, Informazio eta Komunikazio Teknologien Udal Zentroan, egoitza bertan eduki dezan. Orobat utziko dio Udalak zentro horretako eta enpresa-zentroetako espazio komunak erabiltzen, kosturik gabe, baita ikus-entzunezko baliabideak ere. Iazko 3.000 euroko ekarpen ekonomiko bera egingo du Udalak aurtengo hitzarmenean.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Maider Etxebarriak nabarmendu duenez, “bi ekintza horiek direla medio, aurrera jarraitzen dugu Industriari Laguntzeko Planarekin, enpresa-azpiegiturak modernizatzen laguntzeko helburuarekin, jarduera ekonomikoaren sustapenean inplikatutako eragileekin elkarlanean”.

Share