Prentsa Oharren banner

Hasi dira Senda ibilbideko zuhaitzak onik zaintzeko lanak

Udaleko Hiri Paisaiaren Zerbitzuak Senda pasealekuko zuhaitzak onik zaintzeko lanak hasi ditu gaur. 140 urte inguruko 62 platanoz osatutako zuhaitz-multzoa da, zeinek 250 zentimetroko perimetroa baitute batez beste, eta 30 metrotik gorako altuera. Senda ibilbideko zuhaitzek balio historiko, kultural eta paisajistiko handiko multzoa osatzen dute, eta Udalak mantendu egin nahi du, beti ere herritarrentzako segurtasun baldintzak bermatuta.

 

Batetik onddoak eta zuloak agertu dira; bestetik, haize-ufada bortitzek botatako adarren erorketak zenbait azterketa egitera bultzatu zuen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila, adituen bitartez. Zenbait lan egin ziren (ikuskapen bisualak, erresistografiak, usteldurak antzemateko tomografiak…), eta, azkenik, diagnostiko oso bat, ale bakoitzerako proposamen jakin batekin batera.

 

 

Diagnostikoak ondorioztatu zuen multzoko zuhaitzak egoera fisiologiko eta sanitario onargarrian daudela, nahiz eta usteldurak eragin dituen onddo batek (inonotus hispidus) adaburu eta enborretan. Ikerketaren arabera, 39 zuhaitz daude ‘gaitz’ horien eraginpean. Neurketen arabera, egiturak egonkortasunari eusteko beharrezko erresistentzia emateko adina egur dauka. Beraz, ez da ale bakar bat ere kendu beharrik.

 

Txostenak hiru jarduketa mota proposatzen zituen: urteko kontrola eta mantentze-lanak (39 aletan), adaburua murriztea (10etan) eta adarrak laburtzea/kentzea (13tan). Gaur goizean bertan hasi dira inausketa-lan horiek. Lanen helburua, adar lehorrak kentzearekin batera, segurtasuna bermatzea eta haize bortitzeko aldietan adar-erorketak ekiditea da. Inausketa-lana ez da hasieran pentsatu bezain drastikoa izango, zuhaitzei ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

 

 

“Senda ibilbideko zuhaiztiak, zeinak 140 urte inguru baititu (1880an egin zen), Versaillesko zuhaitzen hornituriko ibilbide handien pareko benetako monumentu naturala da. Ibilbide ikusgarriko zuhaitzak oso ondo zaintzen dira,lan guzti-guztiak benetako kontuz egiten baitira. Lerrokaduraren egoera ebaluatzeko azterketa zehatza egin ondoren, orain hura behar bezala mantentzeko proposatutako lanei ekin behar zaie“, azaldu dute Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saileko Hiri Paisaiaren Zerbitzutik. “Inoiz ez da adaburuen goi aldean aritu“, gaineratu dute.

 

“Zuhaitz horiek balio handia daukate, modu naturalean garatu direlako, aurretik esku-hartzerik gabe, Hiri Paisaiaren Zerbitzuko langileek urtero adar hilak kentzea izan ezik, arriskua murrizteko; hartara berezko arkitektura naturala garatu dute. Izan ere, zuhaitzen forma tridimentsionala konplexua izan daiteke, baina inoiz ez ausazkoa. Zuhaitz bakoitzak bere hazkuntza programa espezifikoa du, geneen arabera. Arkitektura eredu deitzen zaie horiei. Gainera, zuhaitzen azken formak aldaketak izan ditzake kanpo-baldintzen menpe; gure kasuan, esaterako, landaketa-marko oso estuko lerrokadurak neurri handi batean baldintzatu dute hura“.

 

Kualifikazio handiko profesionalek aztertu eta egiaztatu dituzte proposatutako lan horiek. Profesionaltasuna eta ale horiek zaintzeko beharrezko ezagutza bermatzen duten ziurtagiri europarrak dituzte, hala nola ETT (European Tree Technician) eta ETW (European Tree Worker) direlakoak. “Oro har lan arinez ari gara, eta Inonotus hispidus izeneko onddo batek eragindako gaixotasun baten eragina izaten dute neurri handi batean; onddo hori arriskutsuegia ez bada ere, haren garapen-ezaugarrietara egokitu behar dugu, zabaltzeko arriskurik txikieneko uneetan zuhaitzetan esku hartuz. Nabarmentzekoa da, halaber, baldintza-agirian segurtasun-baldintza tekniko oso zehatzak behar dituztela, besteak beste esku-hartze bakoitzaren ostean tresnak desinfektatzea, hartara platanoaren minbizi deituriko (Ceratocystis platani) gaitz beldurgarria saihesteko, horrek zuhaiztia arriskuan jar bailezake eta lan-tresnen bidez transmititzen baita“, laburtu dute Zerbitzutik.

Share