Prentsa Oharren banner

Astelehenean hasiko da COVIDaren aurkako txertaketa udaltzaingoan eta suhiltzaileen zerbitzuan

Datorren astelehenetik aurrera, martxoak 1, Gasteizko Udaleko Laneko Osasunaren Atalak AstraZeneca txertoa jarriko die udaltzaingoko eta Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuko 55 urtetik beherako langileei. Eusko Jaurlaritzako eta beste bi euskal hiriburuetako Osasun Publikoaren Zerbitzuekin koordinatuta dago ekintza, eta Osakidetzak zehaztutako txertaketa-estrategiaren parametroei jarraitzen die.

8:30an hasiko da txertaketa –borondatezkoa da–, orduko 10 pertsonako taldetan. Erreserbako langileak ere izango dira hutsegiteak bete eta dosirik ez galtzeko, eta horretarako egun bakoitzerako zerrendak prestatu dira. Aste honetan bertan Laneko Osasunaren Atalak txertoak jartzeko prestakuntza egokia jaso dute  telematikoki. Azken sei hilabeteetan COVID probetan positibo izan diren pertsonei gerora jarriko zaie txertoa.

Agirrelandako instalazioetan bertan egingo da txertaketa. Baldintzak betetzen dituen gela bat egokituko da, joan-etorrien logistika errazteko. Guztira, 379 udaltzaini eta 113 suhiltzaileri emango zaie txertoa.

Udal langileak txertoak jartzen hastea Eudelen eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arteko akordioaren ondorioa da.

Share

Suhiltzaileen Zerbitzuak 30 metroko autoeskailera duen kamioi berria gehitu dio flotari

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak autoeskaileradun kamioi bat gehitu berri dio ibilgailuen flotari. Scania markako kamioia da, 30 metroko altuerara irits daitekeen eskailera artikulatua duena, eta Herritarren Segurtasunaren Sailak 750.079 euro jarri du erosteko.

Ibilgailu berria 10 metro pasatxo luze da, eta 360 CV-ko potentzia du. Marian Gutiérrez zinegotziaren hitzetan, horrek “zerbitzuaren gaitasun operatiboa handitzea ahalbidetuko digu, esku-hartzeetan erantzun hobea ematea eta gure profesionalei segurtasun handiagoa eskaintzea“.

Kamioi berriaren eskailera 75 graduraino artikulatu daiteke azken zatian, eta horri esker “lan egiteko gutxieneko distantziak askoz onuragarriagoak izan daitezke“; saskiak 500 kilogramorako edukiera du, eta lau pertsonarentzako lekua.

Autoeskaileradun kamioia gehituta, suhiltzaileen flota berritzen jarraitzen da, horixe baita Herritarren Segurtasunaren Sailaren helburuetako bat agintaldi honetarako. Ildo horretatik, duela hilabete baino gutxiago bi ibilgailu berri iritsi ziren Agirrelandako suhitzaileen etxera, prebentzio, ikuskapen, prestakuntza eta mantentze lanetarako zein esku-hartzeetan laguntzeko erabiliko direnak; 41.000 eurotik gora inbertitu dira horietan.

Share